Abenduaren 3ko Berrian argitaratu zen.
Altsasu eta La Manada Iruña-Veleian
Bitxia da nola gertaera batzuek egoera baten argazkirik garbiena eta onena emateko gaitasuna eduki dezaketen. Adibidez, Altsasukoak erakutsi digu estatuek belaunaldi bakoitzari nola erakusten dioten nork agintzen duen. Kasu honetan Espainiak, oraingo gazteei, gatazkaren une adierazgarrienak bizi ez zituztenei, zer den eta zer egiteko prest dagoen ezin hobeto erakutsi die.
Altsasuko ika-mikan egon zirenen bideoa ikusita dena muntaia hutsa dela argi dago, guardia zibilaren alkondara zapaldu barik dago, odol arrastorik ez du, ez ditu gero akusatu zituen pertsonak ezagutzen, baina berdin dio. Helburua bete dute: gazteengan beldurra sartzea, guardia zibilarekiko izua zabaltzea, haietako batek gazte baten bizitza izorra dezakeela jakinaraztea.
Altsasu, Estatua noraino joateko prest dagoen eta errugabeak zein erraz zigortu ditzakeen ereduetako bat bihurtu zaigu.
Iruña-Veleian gauza bera gertatu da, baina bertsio autonomikoan. Ezin hobeto erakutsi digu Estatua eta haien hemengo laguntzaileak noraino joateko prest dauden. Dena muntaia hutsa da. Gaur egun zientziak hiru bide dauzka gai arkeologiko bat argitzeko: grafitoen datazioak Europako ohiko laborategietan egitea (idatzitako zeramika eta adreilu pilo bat datatu daitezke), kata publikoak egitea (beste arkeologo talde batek denon aurrean indusketak egitea) edota auditoria bat egitea, lan arkeologikoak enpresen kontabilitatea bezala, erraz auditatzen direlako Harris Matrixen metodoa jarraitu badute. Noski, ez dute hauetako bat ere egin nahi izan baina bi errugabe, Eliseo Gilek eta Oskar Eskribanok, 7 urteko kartzela eta 300.000 euroko isunaren eskaerak dituzte eta laster epaituko dituzte, Altsasuko gazteen antzera.
Hemen ez da Guardia Zibila akusatzailea, Arabako Foru Aldundia, Arabako Fiskaltza eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila baizik, EHUko Letren Fakultatearen ezinbesteko laguntzarekin. Laurak ausartu dira egon ziren 10 arkeologo kanporatzera, indusketari prestigio osoa kentzera eta, batez ere, Eliseo eta Oskar epaitzera. Eta dena froga zientifikorik gabe egin dute, Eliseok berak eskatu zituen datazioei eta katei uko egin zietelako eta, haien bertsio ofiziala nagusitu dadin, hedabideak estuki kontrolatu dituztelako, erderazkoetan zentsura osoa ezarriz eta euskerazkoetan zalantzak edo txisteak zabalduz, gaia argitzeko dauden bide zientifikoak estaltzeko.
Altsasukoaren arrazoia kolonizatzaileekiko izua zabaltzea den bitartean, hemengo aferaren atzean dauden arrazoi nagusia, jakin nahi duenarentzat, azken 25 urteotan eta batez ere ETA desagertu ondoren, Estatua eta hemengo laguntzaileak egiten ari diren historiaren berridazketa zalantzan jarri izana izan da. Eta ez soilik historiaren berridazketa, baita euskeraren, emakumearen, genetikaren, mitologiaren eta hainbat esparruren berridazketa ere, non betidanik izan ditugun ikuspegi eta sinismenak aldarazi nahi dizkiguten.
Historiari dagokionez, berridazketa hau ezin hobeto ikusten da EITBren Baskoniako beste historia bat dokumental askotan. Bertan esaten da erromatarrak etorri arte euskaldunok itsasoari bizkar ematen bizi ginela, ia ezkurrak soilik jaten genituela, ia gerrarik gabe lurralde hau kontrolatu zutela, etab. Ondorio argia erakutsi nahi digute: okupatzaileei esker “aurrera” egin genuela nahiz eta gure burujabetasuna galdu, herritar erdia esklabu bihurtu, emakumeak prostituitu, zergak ordaindu eta Euskal Herriak lurralde erdia baino gehiago galdu. Erromatarrekin aurreratu? Eta, batez ere, gure buruetatik errotik kendu nahi digute ideia hau: erromatarrek ez gintuztela erabat garaitu.
Euskerari dagokionez hizkuntza zapaltzailea izan dela dioskute, lehen hemen zeltaz hitz egiten zelako, eta ondorioz latina (eta orain gaztelera) ez direla hizkuntza zapaltzaileak izan… eta horrelako “ideia” xelebreak zabaltzen ari dira. Genero kontuei dagokienez hemen beti patriarkatua egon dela herri inperialistetan bezala, etab.
Euskeraren Jatorrian hasieratik gai honen jarraipen zorrotza egin genuen eta datazioen alde egin genuen, gure lehenengo bi biltzarretan parte hartu zuten eta Unibertsitateak erabat debekatuta dituen J. Naberan, B. Kapanaga, F. Zubiaga, I. Mujika, J.Segurola… moduko ikerleek gai batean bat zetozelako: gure hizkuntza egonkorra izan da eta ondokoena baino nabarmen gutxiago aldatu da. Eta, zorionez, Iruña-Veleiak gauza asko frogatu digu: hemengo hizkuntza euskera zela eta ez zelta, euskera hizkuntza egonkorra dela, erromatarrak hiltzaile hutsak zirela (grafito hunkigarri baten testua: “nire ama Roman hilda cistiana”), eta beste kontu asko.
Eta izenburuan esan dugun bezala, La Manada ere Iruña-Veleian dagoela esan behar dugu inpunitatearen erakusgarria bihurtu zaigulako. Iruña-Veleia ere bost aldiz bortxatu dute eta errudunei ez zaie ezer gertatu, momentuz. Lehenengo bortxaketan EHUko Arkeologia Sailak bi hondeamakina sartu eta aste batean eremu oso bat suntsitu zuen 2010ean: hormak, zoruak, gaineko guztia… Bigarren bortxaketa 2016an izan zen eta euskal hitz eta giristino gai gehien agertu ziren etxea suntsitu zuten. Felix Zubiagak dioen moduan “gure lehenengo ikastola” izan zen birrindu omen zutena. Hirugarrena berriki izan da, 2018an, beste hondeamakina batek I-II. mendeko bide bat di-da batean erabat desegin duelako, oraingoan Jaurlaritzaren Kultura Sailak ordainduta.
Laugarren bortxaketa fisikoa baino jazarpena izan da, bullinga, Iruña-Veleiaren ohorea zikindu dutelako, Eliseoren aurka zaborra bota dutelako, argudiorik ezean. Eta bosgarren bortxaketa are sotilagoa da, euskeran, historian, zientzian, politikan eta hainbat arlotan ardurak dituztenek (arkeologoek, historialariek, euskal kulturako eragile gehiegik, unibertsitateek, alderdi politikoek, Euskaltzaindiak, Arantzadik, Eusko Ikaskuntzak, Kontseiluak…) gai honetan izan duten isilkeria. Izan ere, ez dago gauza tristeagorik bidegabekeria baten aurrean laguntza ukatzea eta ezikusiarena egitea baino. Azaroaren 19an 10 urte bete dituen afera honek herri honen aktore guztiak biluztu ditu, kotoi froga ezin hobea bihurtuta.
Baina zorionez, pertsona adierazgarri batzuk bustitzen hasi dira (baita isilik dirauten erakundeen barruan ere) eta benetan bihotz-bihotzez eskertu behar diegu gaia argitzearen alde jartzea. Orain da momentua denok bidegabekeriari hortzak erakusteko eta gaia zientifikoki argitu dadin gure laguntasuna eskaintzeko. Mesedez, izenpetu Iruña-Veleia argitzeko Manifestua eta parte hartu deituko diren ekintzetan.
Eta Dantek idatzi eta Martin Luther Kingek berretsi zuen moduan, hemen ere, “Infernuko leku beroenak krisi moral handiko garaietan haien neutraltasunean jarraitu dutenentzat gordeta daude”.