Otsailean, Argia digitalean Gontzal Fontaneda gasteiztarraren artikulu hau agertu zen.
Iruña-Veleia, lehen-lehenik pertsonak
Eliseo Gil izeneko pertsona bat lanean ari zen aztarnategi arkeologiko bat zuzentzen. Duela 12 urte erromatarren garaiko pieza batzuetan III mendean datatu zituzten idazkunak azaldu ziren. Zientziarentzat, kulturarentzat eta euskararentzat altxorrak ziren, bada. Eureka!
Baina orain dela 10 urte eureka amaitu zen. Euskal Herriko Unibertsitatearen aginte akademikoak idazkunak faltsutu zituela leporatu zion. Arabako Foru Aldundiaren aginte politikoak aztarnategitik egotzi (Unibertsitateari emateko) eta epaitegian salatu zuen. Hedabide-aginteak egi-erdikak eta gezurrak ere zabalduz jendaurrean belzten du. Eta badira 9 urte aginte judizialak akusatuen aulkian itxaroten zigortuta daukala. Bederatzi urtebete!
Zuzengabekeria honen historia osoa eta egiaztatzen duten agiriak hementxe daude: http://www.veleia.fontaneda.net.
Hasieratik, arazoa zientziarentzat, kulturarentzat eta euskararentzat garrantzitsua izan arren, zientzialariak isiltzen dira, intelektualak isiltzen dira eta euskaltzaleak isiltzen dira; agerikoa da arazoa aztertzea eta eztabaidatzea interesatzen ez zaizkiela, egia ezagutzeko gogorik ez dutela. Epaileak isiltzen dira; 9 urte joan dira eta batek daki azkenik noiz arituko diren. Politikariak isiltzen dira; herritarrak, zientzia, kultura eta euskara defendatzen dituztela adierazten dute, baina herritarrek, zientziak, kulturak eta euskarak itxaron beharko dute. Bost axola haiei; lehen-lehenik pertsonak direla aldarrikatzen jarraituko dute.
Eta Eliseo Gil izeneko pertsonak ezin itxaron dezake; denbora luzeegia darama –10 urtebete oraingoz– jendaurrean belztuta eta ohoreaz, lanaz eta etorkizunaz gabetuta. Faltsutzailea dela ezin froga dezaketenez gero, betoz pertsona ondradu eta langile bat goikoen interes ilunetatik jendaurrean aldeztera.
Asmo honetan, salaketa ken dezala eskatzeko, ostegunero arratsaldeko 8etan Aldundiaren jauregi aurrean elkarretaratzea egiten da, eta guztiok zaudete gonbidatuta.
2018, Eliseo Gilen birgainkuntzaren urtea.
Ez al dago mundu mailan organizazio edota erakunderik arkeologiaren inguruan erreferentzia prestigiodun eta errespetagarria denik auzi eta eztabada hauetan nahaste borraste, sufrimendu eta injustiziaren gainetik hitza, aholkua eta behin behineko ebazpena eman dezakeenik ?
Beste alor guztietan bezala beharrezkoa dela uste dut iparizar bat, bestela gure artean bakoitzak berea eta soluziorik bat ere ez, sufrimendua eta injustizia soilik, itxaropena ez da nahikoa gauza ain gauza mingarrien aurrean.
Astero eta hilabetero egin dituzuen eta egiten ari zareten elkarretaratzeez gainera espero dut 24ko asanbladan jende ugari biltzea eta denek dei egin eta parte hartu dezagun manifestazio haundi eta jendetsu batean salaketa eta soluzio eskaera ahalik eta sendoena bihurtu dadin gizarteak entzun eta aditu dezan gertatu dena eta gertatzen ari dena.