“Murgitik Apinaizera Duratik igaroz”, Euskaltzaindiaren herri-izendegiaz gogoetan

Maiatzaren 17an artikulu hau agertu zen Berrian.

2017-05-17 / Juan Martin Elexpuru – Idazlea

Igarriko zenuke nondik nora ibili garen, irakurle? Nahikoa lan. Ba horrelaxe idatzi beharko zenuke Euskaltzaindiaren «irizpen eta gomendioei» jarraitzera, ezen Murgiatik Apellanizera Duranatik igaroz jarriko bazenu, hainbat akats egingo zenuke, eta zuzentzaileak ekarri beharko luke esaldia bere onera.

Gauza jakina da izen bat baino gehiago izan ohi duela sarri leku batek. Batzuetan euskarazkoa/erdarazkoa (Iruña/Pamplona), beste batzuetan aldaera fonetikoa (Galdakao/Galdakano), eta abar. Kasuistika amaigabea da. Ez da beti erraza euskarazko izen «ofiziala» adostea. Batzuetan aukerak hainbat izaten dira, eta zenbat buru hainbat aburu. «Kriterio bat hartu eta beti aplikatu», esango du norbaitek, baina irizpide karratuek ez dute honetarako balio.

Euskaltzaindiak lan handia egin du leku-izenen normalizazioan, atzerriko zein etxeko. Etxekoak hartuko ditugu hizpide, Arabakoak gehienbat. Dena dela, aurrera jarraitu aurretik, garbi gera bedi akademiari diodan estimua, nahiz eta pentsatu guzti-guztia ere ez duela ondo egiten, eta noizean behin zirikatu egin behar dugula.

Goazen harira. 2016an argitaratu zuen «Euskal-Herriko leku-izenak» azken eguneraketa. Gauza jakina da bokal arteko [n] askotan galdu egiten dela leku-izenetan. Arabako –ana bukatuei begiratuko diegu lehenik. Zerrendaren arabera, ez dute [n] galdu: Erretana, Antoñana, Antezana, Zanbrana…, eta bai ostera Dura(na), Matura(na), Lopida(na), Subilla(na)… Erretana eta Dura(na) elkarren ondoan daude; zer pekatu egin ote du Dura(na)k azken silaba ken diezaioten, Erretana osorik geratu den bitartean? -ano: Abornikano, Aprikano, Bitoriano, Uzkiano…, baina Berrika(n)o, Miña(n)o, Zir(i)a(n)o, Zurba(n)o-niz: Dordoniz, Trokoniz… baina Albe(n)iz, Apinaiz (Apellaniz), Argoma(n)iz, Ariz (Ariñiz). Apinaiz entzunda, zenbatek lotuko dute Apellaniz-ekin? Eta Ariz entzunda Ariñiz-ekin? –ona: Letona baina Estarro(n)a. Eta Labiano euskaraz Lubiao da, eta Undiano Undio.

Oker ez banago, Patxi Salaberri euskaltzain nafarraren ikerketa-lan bikainean oinarritu da Euskaltzaindia erabakiok hartzeko orduan. Araba/Álava, los nombres de nuestros pueblos (Euskaltzaindia 2016). Eta kriterioa honako hau izan dela dirudi: [n] gabeko forma dokumentatzen bada idazki zaharretan (zeharka bada ere), hori bihurtuko da izan ofizial; ez bada dokumentatzen, [n]duna hobetsiko da.

Euskara gaur arte gorde den lekuetan agian badu bere logika ofizial bihurtzeak gaur ahoz erabiltzen den forma: Galdakao, Zestoa, Fruiz… nahiz eta ohiko irizpide baten aurka joan, hau da, hitzak ahalik eta kontrakzio gutxienez idatzi behar direla, eta zalantzazko kasuetan forma zaharrei erreparatu behar zaiela. Honen harira, azken eguneraketan Sopelana-ren ordez Sopela hobesteak harrotu du hauts apur bat. Kontua da Araba gehienean badirela berrehun bat urte euskara galdu zela eta ahoz transmititu diren bakarrak forma osoak direla, «erdarazkoak». Eta euskara gorde den leku apurretan ere Durana esaten dela. Ahotsak.com: «Duranan eskolia euen. Duranan los rojos giñen». (Juana Elorza, Legutio 1927). «Guztixok joan giñen Duranara ihesi gerriai». (Angel Elorza, Legutio 1937).

-a artikuluarena da bestea. Elge-a, Larre-a, Murgi-a, Sarri-a, Hermu-a, Urizaharr-a… Agian Elgeko, Murgitik, Larrera… izango litzateke erabilera «jatorra». Baina nork erabiltzen eta erabiliko ditu horrela? «Larrera noa bihar» esanda, zer ulertuko du entzuleak? Ahotsak: «Estraperlua, ardaua be bai, ekartera zeretik, Larreatik» (Pedro Urteaga, 1931 Goroeta, Aretxabaleta).

Zein da hor aurreko herria?, galdetzen digute bisitariek Arabako Iruñan. Trespuentes, erantzuten diegu. Hiru zubi daude ala?, ohiko galdera. Beti egoten da norbait dakiena Transponte(m) latin-izenaren desitxuraketa dela, eta «zubiaz bestaldekoa» esan nahi duela. Eta beste norbait Euskaltzaindiak Tresponde proposatzen duela entzun duena. Azaltzen dugu aldaera hori ere agertzen dela dokumentazio zaharrean eta badirudiela euskaraz forma hori erabiltzen zela garai batean. Baina hori nahikoa arrazoi da izen ofizial bihurtzeko? Eta epaia aho batekoa izaten da: edo forma zaharra, etimologikoa, Transponte, edo (eta hobe) gaur egungoa, Trespuentes, baina ez Tresponde, paper zahar batzuetan galdua dagoena eta inongo aukerarik ez duena jendearen ahotan sustraitzeko.

Nire ustez auzi hau ez da huskeria, filologoen arteko xestra. Ezin dugu nahasmena sortu edo areagotu leku-izenekin. Durana/Dura edo Argómaniz/Argomaiz bezalako bikoteek, bide-seinaleetan-eta ikus daitezkeenak, harridura eta nahasmena besterik ez dute sortzen. Zer ulertu behar da, bata gaztelerazkoa dela eta bestea euskarazkoa? Batzuetan ebitaezina izango da bikoiztasuna, baina ahalik eta gutxien izan daitezela. Duranako Ikastolari Durako Ikastola deitu behar ote zaio aurrerantzean? Zer iritzi dute guraso eta irakasleek? Gonzalez de Durana abizendunak ere aldatu beharrean izango ote dira?

Nire iritziz, zonalde erdaldunduetan bakean utzi behar dira bokal arteko n-ak: Durana, Zurbano, Argomaniz…; eta –a eta guzti deklinatu behar dira: Murgiatik, Larreara, Elgeako

Ondo ulertu badut, Nafarroako Gobernuak Euskaltzaindiaren izendegi ofiziala erabiliko omen du praktikan, nahiz eta «ofizial» bihurtzeko zenbait pauso eman beharko diren. Nafarroako izendegia Arabakoaren irizpide berdinaz eginda dago (Arróniz/Arroitz). Nire ustez, gobernuak hanka sartze handia egingo luke akademiaren izen-zerrenda hitzez hitz ezarriko balu. Beste buelta bat eman behar zaiolakoan nago, eta horretarako bada zentzunik eta toponimian aditurik Nafarroan.

Dokumentazioa, toponimia historikoa, fonetika… inportanteak dira, baina ez dira nahikoa horrelako erabakiak hartzeko orduan.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude