Eduardo Blasco Ferrer hil da. Heriotza urtarrilaren 12an gertatu zen arren, atzo jakin genuen berria, lagun batek esanda. Ezusteko eta kolpe latza izan da ezagutzen eta estimatzen genuenontzat.
Bartzelonan jaio zen 1956an. Alemanian egin zituen ikasketak. 1996tik orain arte sardiniera irakaslea izan da Cagliariko Unibertsitatean. Curriculum eta obra zabaleko gizona, Sardiniako erromantzearen aditu handienetarikoa. Sardiniera batua sortzeko egin diren ahaleginetan ere buru-buruan ibili da, gaur egun islako administrazioak erabiltzen duen LSC (“Limba Sarda Comuna”) delakoan batez ere.
Azken urteetan, euskeraren eta paleosardinieraren (erromatarrak isla okupatu aurreko hizkuntza) arteko kidetasunak aztertzen jardun du buru-belarri. Berea da paleosardiniera eta euskera senide hurbilak direneko hipotesia. Hamabost bat artikulu luze idatzi ditu honetaz aldizkari espezializatuetan. 2010ean argitaratu zuen De Gruyter argitaletxean Paleosardo, le radici linguistiche della Sardegna neolitica liburua, arlo honetako bere ikerketak laburbiltzen dituena. Mugarria, gure ustez, oinarrizko obra. Jean-Baptiste Orpustan euskaltzain emerituak iruzkin luzea argitaratu zuen Artxiker-en. Nik ere eman nuen liburuaren berri euskal prentsan, euskeraz eta erderaz.
Hainbat euskal filologorekin izan zuen harremana. 2011eko maiatzean, EHUko Letren Fakultatean hitzaldia eman zuen: Paleosardo y paleovasco: bide berriak. Ez zen hitzaldiaz ezer esan hedabideetan, eta ezer gutxi jakin genuen hartaz. 2012ko ekainean Biltzarra antolatu zuen Blascok Cagliarin. Titulua: Gorosti U5b3. Iberia e Sardegna. Legami linguistici, archeologici e genetici dal Mesolitico all’Età del Bronzo. Ponenteen artean, EHUko sei kide, lau filologo eta bi genetista.
Agur eta ohore Eduardo. Zuk ereindako haziak emango du frutua.
Pingback: Euskeraren jatorria » Blog Archive » Eduard Blasco Ferrer, paleosardoeraren ikerlea hil da urtarrilean
Pingback: Euskera – Ibero – Paleoeuropeo » Blog Archive » Ha muerto Eduard Blasco Ferrer, investigador del paleosardo