Gaurko Berriak nire Ostrakak eta ostrukak artikulua argitaratu du.
Ostrakak eta ostrukak
Kontatuko zeniguke zelan dauden gauzak?, eskatzen digute sarri. Zer esan, betikoak errepikatu gabe. Kontatzeko gogoa eta asperdura, euforia eta etsipena… laino klase guztiak pasatzen dira etengabe gure buru gainetik. Eta hain da zaila berba gutxirekin katramila hau esplikatzea…
Inozoak gu, urte bat edo biko gauza izango zela pentsatzen genuen gerra honetan sartu ginenean. Hamar urte igaro dira grafitoak aurkeztu zirenetik, zazpi urte eta erdi Eliseo Gil eta Lurmeneko beste kide batzuk auzipetu zituztenetik; oraindik epaileak ez du erabaki auzia artxibatu ala epaiketara eraman, beste urtebete luzatu du instrukzio fasea, Euskal Herrian irekita dagoen zaharrena. Ertzaintzak egina du bere polizia-txostena eta ez du ezer aurkitu Eliseoren aurka.
Eliseo Gil bota zuen tribunaleko kide izan zen Julio Nuñez. Gero aztarnategiko zuzendari izendatu zuten. Epaile eta onuradun aldi berean. Hondeamakina handi batez ia 10.000 m2 harrotu zituen. Haren aurkako kereilak artxibatu egin ditu epaitegiak. Zazpi urte darama aztarnategian eta oraindik ez du ia ezer publikatu. Bi milioi euro gastatu ditu; diru publikoa. Aurten EHUk kendu egin du Iruña-Veleiako zuzendaritzatik eta unibertsitateko irakaskuntzatik, publiko egin ez diren arrazoiengatik. Aurtengo udan aldundiak Qark enpresari adjudikatu dio indusketa, inolako lehiaketarik gabe. Ez dakigu nor izan den zuzendaria, eta ezta hamar urterako sinatutako Plan Zuzendariak indarrean jarraitzen duen, edota Nuñezek datorren urtean jarraituko duen. Ilunpea eta kaosa erabatekoa da.
«Bisita gidatu alternatiboak» egiten ditu SOS Iruña-Veleiak azken bi urte hauetan. 600 pertsona pasatu dira hogeita bost bisitetan; geu gara ia bisitari bakarrak Arabako lekurik bisitatuena izan zitekeen toki zoragarrian. Eta amaieran beti egiten zaigun galdera: baina zergatik gertatu da hau? Saiatzen gara geure usteak azaltzen, ezagutzen ez ditugun gauzak badirela onartuta: 1) Unibertsitateko hiru katedratikok bermatu zuten euskarazko ostraken ontasuna aurkezpen egunean, 2006an. 2) Handik lau egunera horietako batek, Gorrochategui jaunak, bere ustez faltsuak zirela deklaratu zuen idatzi baten bidez. 3) Lakarra eta Gorrochategui filologoak izan ziren faltsutasunaren lehen apostoluak eta sutsuenak. Arrazoia, ostraketan agertzen den zenbait elementu (-a «artikulua», adibidez) ez datorrela bat eurek irudikatzen duten antzinako euskararekin. 4) Unibertsitatearen gogoa aztarnategia bereganatzeko, eta Nuñezena zuzendari izateko. 5) Euskalduntze berantiarraren aldekoen presioa, batez ere Espainiako historiografia ultrarena (Martin Almagro eta Historiaren Errege Akademia), teoria hori betiko lurperatuta gera zitekeelako. 6) Vatikanoaren eta Opus Dei-ren ustezko esku-hartzea.
Denborak esango du isilpeko konspiraziorik egon den ala ez, edo «interesen konfluentzia» soilik. Nolanahi ere, koktel lehergarria prest zegoen, metxari su emango zion eskua falta bakarrik. Eta zein hobea horretarako gobernu abertzale bat baino. Lopez de Lacalle kultura diputatuak bere gain hartu zuen eginkizun hori, koalizioko alderdi guztien babesarekin. Batzordea sortu zuen ad hoc, kalera bota zuen Lurmen eta auzitara eraman, grafologoak kontratatu zituen Eliseo Gil inkriminatzeko.
Eta falta ezin den galdera: ulertzen dugu betikoak kontra agertzea, baina abertzaleak?, euskaltzaleak? Gure herria munduan metro karratuko protestante gehien duen lurraldea izaki, zergatik dago nagusiki bertsio ofizialaren alde edo mutu auzi honetan? Geuk ere galdera bera egiten diogu geure buruari eta kosta egiten zaigu taxuzko erantzuna bilatzea. Gutxienez auzia argitzearen alde ahotsa jasoko balitz, alde batera edo bestera lerratu gabe ere, baina hori ere ez. Kolore guztietako euskal zein espainiar abertzaleak ados jarri direla ematen du. Ez da sinestekoa ia hedabide guztiek gai honi ezarri dioten zentsura. Gero Ipar Korea kritikatuko da. Nazioarteko Biltzarra egin genuen maiatzean, baina hedabideek ezikusi egin zioten. Hamar urte bete dira aurkikuntzak aurkeztu zirela, baina BERRIA izan da horretaz mintzatu den bakarra. Astero enkartelada egiten da Arabako Aldundiaren aurrean, baina oraindik ez da notizia eta argazkia ia inon argitaratu. Gure bisita gidatuen iragarkia bidaltzen da leku guztietara, baina ez da inon agertzen. Egun lotsagarriaren 8. urteurrena igaro da, baina ez da kronika, elkarrizketa edo editorial bakarra ikusi. Zuzendariren batek esan digu «gaia ez dela interesatzen». Ez dakigu zertan oinarritzen den; urte hauetan 75 hitzaldi antolatu dira Euskal Herrian zehar, eta hiru mila pertsonatik gora erakarri dituzte. Ez du interesik gaiak?
Doilorra izaten ari da gure elite politiko eta kulturalaren jokabidea. Eta eliteez ari garela, jende ugari etortzen zaigu bisita gidatuetara, baina horien artean nekez ikusten dugu goi samarretik hegan egiten duen politikorik, kazetaririk, arkeologorik, historialaririk, hizkuntzalaririk, euskaltzainik, idazlerik, bertsolaririk… interes handiena izan beharko zuketenak, gure ustez, «beste bertsioa» ezagutzeko. Nahiago ostrukarena egin ostrakez jakin baino.
Aurkikuntzen garrantziaz asko mintzatzen zen, artean ontzat ematen zirenean. Benetako altxorra gure herriarentzat eta humanitatearentzat. Euskarazko lehen izen arruntak eta esaldiak, latinaren eta erromantzearen eboluzioa ezagutzeko datuak, erlijio paganoen eta kristautasunaren hedapenaz hainbat argibide. Eta abar. Eta hori oraindik aztarnategiaren % 10 ere aztertu ez denean. Euskaldunok lurpean dugun autoestimua apur bat jasotzeko ez zen gaizki etorriko. Agian horixe izan da desastrearen eragile nagusia, euskaldunok hezurretaraino sartuta dugun gutxitasun konplexua. Etxekalte gu.
Eta pentsa atzerriko laborategi espezializatu batek astebetean erabaki lezakeela auzia, eta agian etxeko batek ere bai, grafito asko hezurrean eginak baitaude, eta gauza ezaguna da gurean daudela hezur-irakurlerik onenak.
Nekatuak gaude, etsipenaren mugan; ez utzi gaia lehen lerroan gabiltzan lau kamikazeon bizkar. «Zer egin dezaket nik Iruña-Veleiako auzia argitzearen alde?». Geure esku dago.
http://www.historiayarqueologia.com/2016/12/aparecen-en-tricio-ostracones-similares.html
Guzti guzti hau da bertan aho zabalik eta sinistuezinik geratzeko bezalakoxea… LARRIENA ORDEA EPAILEAK DIARDUEN LANEAN DATZA… eman bezaio amaiera inuzentekeria honi eta hasi daitezen azterketa zientifikoak behingoz ! Kamikazeak… Kami-Jainko Kaze-Haize… Jarrai ezazue haizete batek iruzur guzti hau iraultzen duen arte… orduan izango dituzue medioak gainean… txanpan hona ez, ezin gorde baita ardo zuria urte berean zehar edan beharrekoa baita… baina gorde ezazue zerbait ona egun hori datorrenerako etorriko delako. Gora Zuek !
Kritika mamitsua eta latza egiten duk, Juan Martin. Zoritxarrez ez duk lehenengoa. Orain urtebete pasa Anjel Lertxundik Berrian idatzitako zutabetxora jo diat, “Gogoratzen?… Laster zazpi urte beteko dira eskandalua lehertu zela, eta auzia isiltasunaren izararekin bilduta dago, sarkofago bat bailitzan, epaitegiko kanposantuan…”. Nire aldetik eskerrak eta animoak eman nahi dizkizuet txingurrien pare lanean ari zaretenoi: pankarta aurrean duzuela tente zaudetenoi, blogarioi, “ama ata”ko sukaldera agertzen diren Miguel Thomson, Koen, Alicia Satue, Erkizia, Xaun, P. Eizagirre eta beste…, Patxi Zabaleta abokatuari (hura optimistago agertzen duk)…
Eta “gure elite politiko eta kulturalari”… Iruña-Veleiarekin garbi jokatzen has daitezela. Ea laster “JAN TA EDAN” egiteko moduan garen.
Eskerrikasko animoengatik eta gure sukaldera etortzeagatik; bitartean “jan ta edan” hura bertan egon dadila 🙂
Hauek ez dira ostrukak, eritzirik bai ?
youtu.be/sbgepIoA4LY
Barkatu, baina sistemak huts egin zuen eta nire erantzun batzuk ez ziren argitaratu:
20:58 2016/12/28: Torrontegui: gogoan izango duzu, ezta, gaur Inuzente Eguna dela? ‘Albisteak’ badu grazia, baina gutxi
9:58 2016/12/31: Milesker Tomas. Hi ere zerrenda horretakoa haiz. Ez gaituk asko baina bai adoretsuak. 2017a argiaren urtea izan dadila!
Bestalde, esan beharrik ez, Torrontegui delakoak bidali digun lotura, hau da, Tricion I-V-koak bezalakoak agertu direla, inuzentekeria inozo bat, gauzak nahasteko beste ahalegintxo bat.
Garat: bai, badut eritzia (zeuk ere bai ziur asko), eta Sarasolaren guztiz aurkakoa da, baina beste batzuei dagokie erantzutea, ez ditugu geuk zezen guztiak toriatuko.
Ni ere zurekin Juan Martin. Sarasolak asko daki eta oso tajante hitz egiten du, baina ez du esan nahi beti arrazoi daukanik. Euskalkien kasuan, erabat oker dabil. Ni, behintzat, iritzi horretakoa naiz.
Zezen hori beste norbaitek toreatu beharko du, bai. Zuek eutsi zeunari, lan bikaina egiten ari zarete. Bejondeizuela eta ia 2017ak argi pixka bat ematen duen.
ez dizut aurre egitea eskatzen, zure eritzia jakin nahi nuen soilik
Hauxe idatzi dut Ama Atan zure artikuluaren elkarrizketan:
“Agian horixe izan da desastrearen eragile nagusia, euskaldunok hezurretaraino sartuta dugun gutxitasun konplexua. Etxekalte gu”. Nire uste apalean, desastrearen eragile nagusia kultura eza da, gizakien desastre guztietan bezalaxe. Gutxitasun konplexua kultura ezaren ondorioetako bat da, eta ondorioa denez, ondoren dator. Egon diren bestelako ondorioak bezalaxe: politikarekin nahastea, aferan sartu nahi ez izatea, mesfidantza, isiltasuna, korrupzio zientifikoa, orgullo filologiko eta historizistak…; Nire uste apalean, eh. Biden abar, zorionak Elexpururi oso artikulu onagatik”.