Gaur Gara egunkarian eta Naiz agerkari digitalean agertu den artikulua. Gordina, baina errealitatea askoz gordinagoa, nire iritziz.
Eliseo Gil kondenatu nahi dute
Badut lagun bat kalean gelditu eta beti galdera bera egiten didana: «Nola doa hori?». Kafe bat hartzera gonbidatu nuen atzo. Jarri zaitez Eliseoren larruan -hasi nintzaion-, sekulako aur- kikuntza egin eta ikusi zelako saria jaso duen: lapidazio mediatikoa, desohorea, langabezia… Eta hori gutxi ez eta, arrisku bizian dago kartzelara joa- teko eta ikaragarrizko isuna bereganatzeko.
«Baina seguru zaudete benetakoak direla?». «Seguru-seguru, zeruan dagoen atsoa», esaten da gurean, baina bai, oso zalantza gutxi geratzen zaigu. Bost urte daroagu gaia alderdi ezberdinetatik aztertzen, eta begirada garbiarekin hurreratu garen guztiok ondorio berera heldu gara: ezin dira faltsuak izan. Esan behar, gainera, txostenak eginez busti diren aditu gehienak atzerritarrak direla; Euskal Herrikoek nahiago izan dute txistua jo eta beste leku batera begiratu.
«Baina zergatik dira zuen ustez benetakoak?». Batetik, grafitoen edukietan ez dagoelako anakronismorik edo ezinezkorik. Esku eta garai ugari ikusten delako; gaiak, hizkuntzak, grafiak, marrazkien estiloak eta abar oso anitzak direlako. Koherenteak direlako arkeologoek proposatzen duten testuinguruarekin. Gainera eurek atera dituzte lurretik. Bestetik, zein hasiko da horrelako gauza bat faltsifikatzen? Eta zertarako? Txostengile batek esan zuen bezala, hau iruzurra balitz arkeologiaren historiako arraroena, sofistikatuena eta garestiena litzateke. Absurdua da guztiz.
«Baina zer interes egon daiteke faltsutzat jotzeko?». Gai malapartatu honetan bat egin dute hainbaten interes, esan dezagun, ez oso jatorrek. 1) zenbaiten botere eta diru interesak (unibertsitateko Historia Saila, aztarnategiaren oraingo zuzendaria, bereziki). 2) beste zenbaiten interes «akademikoak» (Filologia Saila; hango irakasleren batek edo bestek arriskuan ikusi ditu, nonbait, «onartutako» teoriaren batzuk, grafitoetako euskara ez delako uste zuten modukoa zenbait gauzatan). Eta 3) historiografia espainiar antieuskaldunenak ere arriskuan ikusi du bere teoria kutuna: «Beranduko baskonizazioa»; grafitoak ontzat emanez gero, pikutara hainbeste nekerekin hondar gainean eraikitako gaztelua. Kontua da eskutik helduta ikusi ditugula denak, gure zenbait agintariren bedeinkapenarekin eta babesarekin.
«Bueno, baina hor egongo dira alderdi abertzaleak, honi aurre egiteko…». Hobe bai. Alderdi abertzaleak, salbuespen- txoren batekin, izan dira okerrenak. Eurak zeuden Aldundiaren Gobernuan, eta ezjakintasunagatik, konplexuengatik edo auskalo zergatik, itsu-itsuan sinetsi zuten euskal unibertsitateko irakasleen bertsioa, eta Eliseo Gilen kontra jo zuten auzitara eramanez eta faltsutzaile bezala seinalatuz.
«Nola dago orain egoera?». Momentu kritikoan. Madrileko Kultura Ministerioko laborategiaren analisiak iruzur hutsa izan dira, nire ustez. Ez dituzte hezurrezko eta adreiluzko piezak analizatu nahi izan, datatzen errazenak, benetakoak direla garbi geratuko zen beldurrez. Eta buztinezko piezei buruzko txostena aurreiritziz eta azpikeriaz josia dago; ad hoc egindakoa da, bezeroak eskatutako neurrira.
«Zeure onetik irtenda ikusten zaitut». Zeu ere egongo zinateke Ertzaintzak daraman instrukzioaren berri izango bazenu. Pentsatzen dut, ikerketa inpartziala egin beharrean, Diputazioaren kereilaren «gidoia» jarraitu dutela zintzo-zintzo, eta denok dakigu zeinen kondena bilatzen duen kereila horrek. Hori gutxi ez eta, uztailaren hasieran Batzar Nagusietan Kultura diputatuak egindako agerraldian, «geure» ordez- kari batek txalotu egin du Ertzaintzaren jokabidea.
«Ezta izango? Panorama beltza jartzen didazu». Beltza eta krudela. Oso litekeena da epaileak laster Eliseo Gil tribunaletara eramatea. Eta hasieran esan dizut nolako harria eror dakiokeen.
«Honek Altamirako kasuaren gero eta antz handiagoa du. Sautuola gizajoa ere antzera tratatu zuten. Bera hil eta gero onartu zuen munduak aurkikuntza handia egin zuela». Hau okerragoa dela esango nuke. Hura behintzat ez zuten auzitara eraman. Eta XIX. mendea zen, eta gu XXI.ean bizi gara, oker ez banago. Arkeometria laborategi espezializatu batek goiz batean erabakiko luke auzia. Eta horren beharrik gabe ere, aski litzateke arkeologo neutral batzuek indusketa kontrolatuak egitea grafitoak azaldu diren inguruetan.
«Eta zer egin dezakegu?». Ez dakit. Bakoitzak ikusiko du. Batzuek behintzat Eliseori elkartasuna eta berotasuna ematen jarraituko dugu. Bere egoera kafkiarra da. Egizu horrelako aurkintza bat honetarako… Eta materialak zakarrontzira joateko arriskuan. Jarraituko dugu auzia ezagutarazten eta bidegabekeria sinestezin hau salatzen. Eta jende bati enegarrenez esango diogu grafitoak benetakoak direla eta kontuak ateratzeko.
«Zuk uste duzu hau sekula argituko dela?». Egiak bere bidea egingo du lehentxeago edo geroxeago. Eta historiak epaituko gaitu denok, eta beharbada uste baino lehenago gainera.
Juan Martin Elexpuru
Ni ados nago zurekin, Juan Martin!
Oso artikulu interesgarria, Juan Martín.
Zurekin harremanetan jartzeko modurik bai?
Proposizio bat egin nahi genizuke.
Gure e-posta hau da: arkhitektoonbiltzarra@gmail.com
-“Zer egin?”: oso errexa.
1.-Eztabaidan dauden material guziak…GORDEARAZI, badaezpada. Galtzen badira, erremediorik ez (Iruñako Gaztelu Plazakoen antza). “Iruña” izen beltza ote?.
2.-“Crowfoundig”bidez (DIRUA) LABORATEGI INDEPENDIENTE eta on batean ANALITIKA OSOA egitea. Geroago, Arkeokuntza Nazioarteko Aldizkari ospetsu-serio batean ARGITARATU. Eta, horiekin, etxekoei damutarazi eta Eliseo Taldearen Hoorea (eta galdutako soldatak) berreskurarazi, bere kasuan. Eta, onak badira piezak…kriston Museoa Iruña-Beleian!.
-Egia da Spainia Inperialari komenitzen zaiola I.-Beleiaren PORROTA, Erromari bezala bere garaian: gainerantzekook…”BARBAROAK”, besterik ez ginen.”Zibilizazioa” haiena (eskrabotasuna, konkistak, genozidioak, etnien garbiketak-expulsioiak, Inkisizioa, diktadurak,…). Eta, egun, metroarekin dabiltza ea noraino “ailegatu” zen Euskera/Eskuara/ Uskara/…Oskara,…(“porque en La Ribera de Navarra NUNCA se ha hablado el Vascuence-sic-y no se les puede IMPONER…”-ETBko bazkalondoan, ATZO bertan, Arabako PPko andere buruzagiak esanda). Zorionez hor dugu bestelako argudioak eta lagunak: Von Humboldt, euskal historiaegile gazteak-Erlantz Urtasun Antzano barne eta bere Tutera-Kaparrotsu eta Pitillaseko euskaldunak-Soria, Zaragoza, Teruel aldeetako VASCOIBERISMOA (¿euskal Alfabetoa?, Iberoak?, Celtiberoak?), “AR-ER-IR-IZ-OR-UR” gehi “JARO-KA-GER” Euskal Toponimiari buruzko teoria modernoak, SEGIAko “Turma Saluitensis”eko zaldun EUSKALDUN sarituak “Ascoli.ko Bronzean” eta bere Iber /Ebroko KAIA: ZALDUA / Salduba-n (Zaragoza), Oskako 1627ko Erribagorzako EUSKALDUNAK eta bere arriak (gara gara gara), Oskako Udal Artxibategian: Bizkaiako Otxandiokoak izan arren…”NAVARROS” esaten zien (Euskaraz egiteagatik),…