“Iruña-Veleiako latina”, Alicia Satué-k idatzitako txosten bikaina Epaitegiaren esku

Alicia Satué Zamoran jaioa da. Filologia Klasikoan eta Hizkuntzalaritza Indoeuroparrean lizentziatu zen Salamancako Unibertsitatean. Euskaldun berria, greziera eta latina erakusten du Arabako institutu batean. 217 orriko txosten ikusgarria idatzi du grafitoetan agertzen den latinaz. “El latín de Iruña-Veleia” du izenburua. Gaurko DNA egunkarian dator albistea. Joan den udazkenean Gasteizen egin zen Nazioarteko Biltzarrean emandako hitzaldiaren bideoa ikus daiteke hemen.

****

Hau da Lurmen-ek bidali duen prentsa-oharra:

LURMENEK BESTE TXOSTEN BAT AURKEZTU DU EPAITEGIAN IRUÑA-VELEIAKO GRAFITOEZ.

“Iruña-Veleiako Latina”. Titulu hauxe du grafitoak erromatarren garaikoak izan daitezkeela ondorioztatzen duen azken txostenak. Lurmenen defentsak aditu-txosten gisa entregatu du Epaitegian, analitiken emaitzen zain gauden une honetan. Jakina denez, analitika horiek kasuaren instrukzioaren barruan egiten ari dira, akusatutako partearen eskariz.

Alicia Satué da azterketa berri honen egilea. Filologia Klasikoan eta Hizkuntzalaritza Indoeuroparrean Lizentziatua Salamancako Unibertsitatean, latina eta greziera irakasten du gaur egun Bigarren Hezkuntzako instituto publiko batean. Ponentzia bat irakurri zuen gai honetaz, joan den urtean Iruña-Veleiaz egin zen I. Nazioarteko Biltzarrean.

Txostenean, grafitoetako latina aztertzen da, arkeologoek izendatzen dieten kronologia eta testuinguru arkeologikoa kontuan hartuta. Horretarako, ikertzaile honek latin bulgarreko adituek eskaintzen dituzten datuak zein erromatarren garaiko iturri idatzietatik ateratakoak erabiltzen ditu. Eta, 200 orrialde baino gehiagoko azterketa sakona eginda gero, ondorioztatzen du ez dagoela inolako ezintasun linguistikorik grafitoetan; begi aurrean dugun hizkuntza III. mendean Hispaniako iparraldean egiten zen latin arruntaren benetako testigantza izan daitekeela. Iruña-Veleiako latina eta K.a. I. mendeko latin literario klasikoa ezberdinak dira, jakina, baina hiru mende geroago herri xeheak hitz egiten zuenarekin bat letorke hemen agertzen dena; Ponpeiako grafitoekin gertatzen den bezala, non herri-hizkera islatzen den.

Idazkunak ebaluatu zituen Batzordea, aldiz, grafitoetako latina idatzi literarioetako eta epigrafia ofizialeko latin klasikoarekin konparatzera mugatu zen. Akats larria abiapuntutik bertatik, beste hizkera mota bat erakusten baitute grafito hauek. Gainera, Lurmenen krontratxostenetan garbi geratu da batzordekideek ez zutela erromatarren garaiko dokumentazioa ondo ezagutzen, ezinezkotzat jotzen zituztenak posible zirela eta asko eta asko dokumentatuta zeudela. Azkenik, egileak gogoeta egiten du Batzordearen txostenek zientziarentzat izan ditzaketen ondorioez, eta zera galdetzen du: “¿eta hanka sartu badute”.

Gogora dezagun dagoeneko 20 direla Lurmenek Epaitegian entregatu dituen txostenak; denak grafitoen benetakotasunaren edo erabilitako arkeologia metodoaren alde mintzatzen dira. Izen handiko ikerlarienak tartean, Ulrike Fritz egiptologoarena edo Edward. C. Harris-ena, arkeologia modernoaren metodo-eredua sortu zuenarena, adibidez. Euskararen ikerlerik onenetakoa izandako Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi”k ere idatzita utzi zuen bere ustez euskarazko grafitoak benetakoak zirela. Duela gutxi, Hector Iglesiasek bere txosten eguneratua argitaratu du ARSE aldizkari zientifikoan: “Les inscriptions d’Iruña-Veleia: analyse linguistique des principales inscriptions basques découvertes”. Eta ez da denbora asko Antonio Rodríguez Colmenerok azterketa bat argitaratu duela jakinaraziz VELEIA hitzarekin berriki aurkitu den aldarea benetakotasunaren aldeko beste zantzu bat dela, grafitoetan ere usu agertzen delako izen hori.

Lan hauei guztiei Alicia Satuéren txostena gehitu zaie; grafitoek garai hartako latin bulgarraren analisiari eskain diezaioken informazio interesgarria aztertzen da bertan.

Idoia Filloy, Lurmenen izenean

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

2 erantzun “Iruña-Veleiako latina”, Alicia Satué-k idatzitako txosten bikaina Epaitegiaren esku-ri

  1. Pingback: Ostraka euskalduna » Blog Archive » El latin de Iruña Veleia. Alicia Satue txosten berria.

  2. egilea: manu

    Alicia Satué, euskalduna. Horrekin nahiko, ezta? Ea gainditzen dugun behingoz berria/zaharra kategorizazioa…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude