Duela pare bat aste argitaratu zuen TAk. Wikipedian ikus dezakegu taula hauen edukia eta historia bitxia. Inork ez daki ziur noiz eta non agertu ziren. Astorgakoak esaten zaie lau ibilbide azaltzen direlako idazkunetan (bakoitzean bat) eta horietako hiru Asturicatik abiatzen direlako. Beren lehen deskripzioa 1920an egin zen eta harrezkero ere hainbat gauza publikatu da. Aspaldikoa da benetakoak direla eta flatsuak direla diotenen arteko polemika. Buztin freskoan egindako inskripzioak dira, eta berriki gauzatutako frogek erakutsi dute benetakoak direla. Toponimia zaleontzat ere badute gauza interesgarririk, esaterako, Amaia eta Iria lekuizenak agertzen dira, lehena Burgosko lurretan eta bigarrena Galiziako kostan. Berriak jarraipen zabala izan du blogetan: Ama Ata, Euskararen Jatorria.
Adierazgarria izan da Alicia M. Canto anderearen erreakzioa: ez dira sinesgarriak froga horiek. Beretzat faltsuak izaten jarraitzen dute, M altu bat agertzen delako eta abar. Iruña-Veleian ere argudio bera eta antzekoak erabiltzen ditu (dituzte). Izan ere Astorgakoen eta Iruña-Veleiakoen arteko paralelismoak handiak dira. I-V-n Berrogeitaka dira buztin freskoan egindako inskripzioak eta, beraz, termoluminiszentzia bidez datatu daitezkeenak. Eta iribarrea eragiten duen gertakizun bat: Alicia Cantok lan egiten duen unibertsitateko laborategian egin dira termolumiszentzia frogak, Madrileko Unibertsitate Autonomoan.