Sos Iruña-Veleiaren prentsaurrekoa Gasteizen

Gaur Sos-Iruña Veleiak prentsaurrekoa eman du Gasteizko Aldabe Gizartetxean, kazetari pilaren aurrean. Hona hemen irakurritako agiria:

Analisiak noizko?

Gauza jakina denez, hiru urte baino gehiago dira Arabako Diputazioak Iruña-Veleiako
ezohiko aurkikuntzak ofizialki faltsutzat jo zituela eta Lurmeneko arkeologoen
aurka kereilatu zela, Zientifikoa eta Laguntzailea deituriko Batzordearen
txostenetan oinarrituta.

Denbora honetan gauzak zeharo aldatu dira. Izan ere Lurmenek
benetakotasunaren aldeko hamazazpi txosten aurkeztu ditu epaitegian. Izen
handiko ikerlariek eginak asko, eta horien artean atzerritarrak hainbat.
Gainera, berriki jakin da duela gutxi joan zaigun Jose Luis Alvarez Enparantza
‘Txillardegi’ hizkuntzalari handiak ere gauza bera pentsatzen zuela.

Bestalde, badira ia hiru urte gure plataformak agiria kaleratu zuela zera
eskatuz: auzitan dauden grafitoak arkeometria laborategi berezituetan analiza
zitezela, ikusirik humanitate zientziak ez direla gauza izan auzia
erabakitzeko. Harremanetan gaude arlo horretako zenbait laborategirekin, eta
esaten digute auzia erraz erabaki daitekeela.

2010eko irailean Gasteizko 1. Epaitegiak jakinarazi zuen Guardia
Zibileko kimika laborategiaren esku utzi behar zituela piezak. Urtebete igaro
ondoren jakin zen erakunde honek uko egin ziola eskaria betetzeari. Handik
gutxira, eskari bera egin zion Epaitegiak Ertzaintzari, ondorio berberarekin.

Sei hilabete baino gehiago igaro dira harrezkero. Pentsatzen dugu
egoera jasanezina dela alderdi humanotik zein juridikotik, eta egoera larri
honen aurrean ondorengo eskariak egiten ditugu:

1) Epaitegiari: bidal ditzala lehenbailehen auzitan dauden piezak
nazioartean ospea duen arkeometria laborategi batera. Hau ezinezkoa balitz,
inputatuen aurkako kereila artxiba dezala. Hortik aurrera, Arabako Diputazioaren
ardura izango litzateke analisiak eginaraztea, auzia betiko argituta gera
dadin.

2) Arabako Foru Aldundiari: bertan behera
utz ditzala duela bi urte zuzendari berriak, Nuñez jaunak, hasitako indusketak.
Izan ere, sinestezina da gaia sub júdice
eta grafitooen faltsutasuna frogatu gabe dagoenean berriro indusketei ekitea.
Eta, hau gutxi balitz, mundu guztiak badakienean Nuñez jaunak, hondeamakina
handi bat erabiliz, kalte handiak eragin dizkiola aztarnategiari.

3) Talde politikoei: analisien aldeko eta indusketak berriz hastearen
aurkako jarrera azaldu dezatela publikoki, eta helburu horiek lortzeko ekimenak
bultza ditzatela erakundeetan.

Aldi berean, dei egiten diogu gizarte zibilari gaiak duen garrantziaz
jabetu dadin eta auziari irtenbide justua ematen indarra egin dezan.
Aurkikuntzak onak direla frogatuko balitz, eta gu konbentzituta daude badirela,
Iruña-Veleia oso erreferentzia garrantzitsua bihurtuko litzateke ez bakarrik
euskararen historiarako, baita kristautasunaren zabalkundea, latin bulgarraren
garapena eta beste hainbat gaitarako ere, eta Europako parte honetako
aztarnategi inportanteenetarikoa bilaka daiteke.

Ezin dugu agiri hau amaitu Idoia Filloy eta Eliseo Gil zuzendari ohiek
bizi duten drama humanoa aipatu gabe. Oraindik frogatu gabe dagoen arren
grafito bakar baten faltsutasuna, eta oraindik  epaileek inolako akusaziorik egin ez duten arren
euren aurka, publikoki jipoitu eta kondenatu dituzte, eta beren karrera
profesionalak lurperatuta geratu dira, eta beren bizitza pertsonalak oso
kaltetuta. Azkeneko hau nahikoa motibo litzateke epaileek, luzapenetan ibili
gabe, auzia erabakitzeko urrats azkarrak eman ditzaten eta beste eragileek, eta
gizarte zibilak orokorrean, norabide horretan bultza egin dezaten.

SOS Iruña-Veleia Plataforma

Agiriaren gaztelerazko bertsioa, eta notizia Berrian eta DNAn

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

5 erantzun Sos Iruña-Veleiaren prentsaurrekoa Gasteizen-ri

  1. egilea: Antton

    Ados naiz.

    Baina hauxe bera eskatu izan da, behin eta berriz, hitzez hitz. Berriz errepikatzea ez da gaizki, baina ez da nahikoa (nire idurikoz).

    Dio oharrak: “…dei egiten diogu gizarte zibilari gaiak duen garrantziaz
    jabetu dadin eta auziari irtenbide justua ematen indarra egin dezan”.

    Gizarte zibilak…indarra egin dezan…Oso generikoa iduritzen zait. Barkatuko didazute kritikoa izatea, baina zerbait zehatzagoa nahiko nuke Plataforma horren eskutik. Indarra egin, bultza…non? nondik? zertan? nola? noruntz?

    Nire proposamena: bilera bat antolatu ezean, zer iduritzen Plataformak helbide bat irikiko balu, han ideia eta iniziatiba zehatzak jaso ahal izateko?

  2. egilea: Antton

    Adibidez, proposamen 1:
    SOS IRUÑA-VELEIAK diru-abala aurkeztea Epaitegian (12.000 eurorena, edo 15.000 eurorena…ez dakit zenbateko aurrekontua zuen azterketa horrek). Faltsuak ateratzen badira ostrakak, SOS-ek eskatzen dituen AZTERKETAK SOS-ek ordainduko lituzke (hara hor abala). Baldin eta benetakoak suertatzen badira ostrakak, orduan…Diputazioak edo ez-dakit-zeinek beharko lituzke ordaindu, eta abala SOS-i itzuli.
    Honi formulazio legala eman beharko litzaioke, noski (ez dakit nola egiten den, Gilen defentsaren abokuaren bidez edo).

    Zer bilatzen da proposamen honekin? “Ez da dirurik” eta antzeko AITZAKIRIK ez uztea Epaitegiari, ezta Diputazioari. “Ez da dirurik” edo “ezin dugu gastu hori onartu” edo antzekorik.

  3. egilea: Juan Martin Elexpuru

    Hori aspaldi planteatu zuen SOSek epaitegian. Erantzuna (aste honetan berriz berretsia): azterketak egiten badira, epaitegiak agindutakoak izango dira eta administrazioak ordaindu behar ditu, inolaz ere ez parte batek.

  4. egilea: Antton

    Hortaz, probatu duzue bide hori.

    Kuriosidadez, galdera bat: noren erantzuna jaso duzue -aste honetan berriz-, fiskalarena, epailearena?

  5. egilea: Juan Martin Elexpuru

    Fiskalarena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude