Gaur kaleratu den Goienkariak Iruña-Veleia: herri-lotsa tituluko iritzi-artikulua argitaratu du.
“Iruña-Veleia: herri-lotsa”
2011-11-04 00:00:00 Juan Martin Elexpuru
Korapilo batzuk hasi gara askatzen, beste batzuek gogor jarraitzen dute.
Azaroan betetzen dira hiru urte Iruña-Veleiako
auzia lehertu zenetik: Arabako Diputazioak izendatutako Batzordeak gure
herriarentzat eta hizkuntzarentzat oso inportanteak izan litezkeen
aurkikuntzak faltsuak zirela erabaki zuen. Diputazioak kalera bidali eta
epaitegietara eraman zituen arkeologoak berehala.
Hiru urtean ez da faltsutzailearen arrasto txikienik aurkitu eta ez
da argudio berri bakar bat ekarri; bitartean 17 txosten mardul ondu
dituzte 9 naziotako hainbat ikerlarik benetakoak izan daitezkeela
jakinaraziz. Izen handikoak dira horietako asko, eta inork ez du ezer
kobratu bere lanarengatik. Baina euren argudioak ez direla aski eta
laborategiko frogak egin behar direla diote denek, auzia betiko argitu
dadin.
Aldi berean, aztarnategiko zuzendari berria den EHUko irakasleak
sekulako txikizioa egin du hondeamakina handi bat erabiliz. EHUko
zenbait filologo eta arkeologo dira auzi negargarri honen arduradun
intelektualak. Errektoretzaren babesa izan dute eta beste irakasleen
onespena edo isiltasun konplizea. Alferrik saiatuko zara auzia barrutik
mugitzen edo eztabaida publikoa bultzatzen. Inork ez daki ezer, inork ez
du ezer jakin nahi jakintzaren tenpluan.
Eta arduradun politikoak ez dira PP edo españolistak. Gobernu
abertzale batek hartu zituen erabakiak, eta gaur egun ezkerrekoa eta
abertzalea den koalizio bateko batzarkidea zen garai hartan kulturako
diputatu andere. ANVko batzarkideen babesa ere izan zuen.
Aipatu genezake euskarazko egunkari bakarraren jarrera ere, eta
euskal argitaletxe indartsuenarena, honek atera baitzuen hango kazetari
ohi baten liburua, eta komikigile baten graziak, eta abar, baina gaurkoz
nahikoa lagun egingo genuen.
Azaroaren 14an hitzaldia Bergaran, Zer gertatzen da Iruña-Veleian titulua.