Larunbateko Berrian, historian lizentziatua eta Sos-Iruña Veleiako lehendakari-ordea den Xabi Otxoa de Aldaren “Ikerketa osoa Iruña-Veleian” artikulua irakur dezakegu.
Ikerketa osoa, Iruña-Veleian |
Xabi Otsoa de Alda |
Eusko Alkartasuna alderdiak Iruña-Veleia aztarnategiari buruzko prentsaurreko bat eman zuen uztailaren 31n. Beraz, SOS Iruña-Veleia plataformako partaide naizenez, haren izenean mintzatuko naiz, eta prentsaurreko hartan azaldu ziren zenbait konturi erantzungo diet, ezinbestean. Lau dira erantzunen bat merezi duten baieztapenak: kontuaren balizko politizazioa; ikertzaileei beren lana egiten uztea; aurreko arduradunek ere hondeamakinak erabili izana; eta inskripzioen inguruko proba analitiko berriak egitea zilegi ote den edo ez.
Lehenari dagokionez, berriro ere esan beharra daukat gu geu, elkarte gisa, ez garela inolako politika ideologiaren ordezkari, baina horietako edozein ere libre dela gai honen inguruan egoki deritzona uste izateko eta adierazteko; halaxe egin du EAk, hain zuzen, hizpide dugun prentsaurreko horretan. Ikertzaileei beren lana egiten uzteari dagokionez, gure elkartea horixe bera eskatzen ari da, elkarte gisa sortu zenez geroztik, batez ere grafitoek ageri dituzten ebidentzia fisikoen inguruan. Gaur egun, jakina, antzinako inskripzio batzuk diren edo ez frogatu diezagukete, munduko laborategirik ospetsuenetako batek -ebidentzien argazkiak ikusi eta gero- agiri batean adierazia duenez. Dagoeneko epailetzaren esku dago agiri hori. Hona hemen handik ateratako zati bat: «Ebidentzia fisikoak izan behar dituzte euskarri argudio intelektualek. Ebidentzia fisikoa, bere izaera propioz, edozein suposizio edo iritzi filologikotatik independentea da. Ebidentzia fisikoak gai dira behin betiko erakusteko, esaterako, zenbait inskripzio oraindik oraingo faltsutze batzuk diren edo ez diren, eta -gutxienez- ebidentzia garrantzitsuak gehitzeko argudio intelektualen inguruan. Tresnen jatorriari buruzko beste edozein erabakik -haien analisi oso, independente, artatsu eta xehatu batetik eratorritako ebidentzia fisikorik baliatu gabe hartutakok-, bada, zabalik utziko luke eztabaida, eta zalantzak argitu gabe geratuko lirateke». Gaur egun aztarnategian egiten ari diren ikerketa arkeologikoen kontra, berriz, ez genuke ezer: lehenik, epaitza judiziala emana baldin balute, eta erabat frogatua baldin balego inskripzioen faltsutasuna, baina oraindik erabakitzeke dago, orain arte egin dituzten ikerlanetan iritzi kontrajarriak ageri baitira, eta ez baitute ezer frogatzen argi; eta bigarrenik -lehen baldintza bete ondoren-, hondeatzeak behar bezala egiten ariko baldin balira, zeren eta ez baitira hala egiten ari -hainbat argazki eta grabazioren bidez erakutsi izan dugunez-, ez sakonerari eta ez kontrolari dagokienez -aitzitik, modu arduragabean eta suntsigarrian egiten ari dira, makineria astunaz baliatuta-. Eta behin hona iritsita, erantzun beharreko hirugarren kontuari helduko diot: alegia, lehengo taldeak erabilitako makineriaren ingurukoari, sekula ez baitzuen makineria astunik erabili, oraingo talde honek darabilen modu hondagarrian. Inguruabar bakan batzuetan baino ez da erabili ohi halakoa, hala nola ziur daudelarik arkeologia aldetik eremu bat antzua dela, frogatua dutelako dena delako lurrak oraindik orain jarritakoak edo iraulitakoak direla, edo halaxe erakusten dutelako aurrez egindako beste ikerlan batzuek; kasu honetan gertatzen denaz guztiz bestera, hain zuzen. Besteak beste, kamioi bat betetzen emandako denborak -5-7 minutu-, suntsitsutako lurren sakonerak -zenbait tokitan, metro eta erdi ere bai-, eta metro koadro askoko eremu kaltetuek -aurreko arduradunek egindako zundaketen arabera, ahalbide arkeologiko handiko eremuek- ezin saihestuzkoa bihurtzen dute, beraz, ondare komun bat suntsitu izana eta hainbat estratu historiko -agiri araubidezkorik gabekoak- deuseztu izana, bai eta hainbat material arkeologiko baliozko eta orain hizpide dugun kasua ebatzi ahal izateko hainbat balizko froga nahitaezko ere. Diputazioak salatu du badela prozesu hori eragotzi nahi duen jenderik; berez, baina, ondare historikoa suntsitzea baino ez da eragotzi nahi. Protokolo kontuak direla bitarteko, badirudi epaileak Guardia Zibileko kimika sailari agindu diola piezak aztertzeko, EHUko kimika saila ez baitzen gauza izan haien faltsutasuna frogatzeko. Gogora ekar dezagun suposizio horrek ikertzaile jakin batzuen interpretazio iritziak dituela euskarri, filologiarekin eta epigrafiarekin zerikusia dutenak, eta horien artean ahulgune eta hutsune handiegiak daudela argudio aldetik. Benetan auzi honen guztiaren inguruko egia jakin nahi bada, gure iritziz, zuzenena izango litzateke ez jartzea inolako eragozpenik laborategi horri bere ikerketa sakon egin dezan; jakin bai baitakigu, gainera, instituzio armatu horrek eskuarki egin ohi dituenak baino askoz ere zehatzagoa izango dela; eta, batez ere, prest gaude ikerketa diruz laguntzeko, jendaurrean lehen ere esana dugunez -10.000 euro inguru kostatuko da-. Zilegi izan beharko luke, halaber, notario baten begiradapean eta alde biak bertan direla berrikustea hondeatze lan berrien ondorioz agertutako aztarnak. Beste edozein argudiok areagotu egingo luke, batetik, politika edo itxura aldetik kalteren bat ekar lezakeen edozer ezkutatu nahi dutelako susmoa -erabilera politikoak, bada, hementxe hartuko luke bere benetako esanahia-; eta, bestetik, agerian utziko luke ez dutela benetako gaitasunik, guztiontzat berebiziko garrantzia duen auzi hau konpontzeko. Txalotzekoa izango litzateke, bada: beste bide batetik jotzea, dagozkion erabakiak hartu, eta auzia behin betiko eta zeharo argitu dadin, balizko prestigioei edo bestelako interesei atxiki gabe; zuzendu beharrekoak zuzentzea; eta azkeneko segundora arte uztea bere lana egiten edozein ikertzaileri, ikerlanetik ondoriozta daitekeen emaitzaren beldur izan gabe. |