Gasteizko Euskal Filologiagatik auzo lotsa

Gaurko Berriak gaiari buruzko gutun zorrotz bat dakar, Xabi Etxabek sinatuta. Horrela dio:

Gasteizko Euskal Filologiagatik auzo lotsa

Oraintsu hauteskundeak izan dira Erresuma Batuan. BBC
telebistak hautagaiak elkarrizketatu nahi izan zituen, bakoitzaren
proposamenak ezagutzeko, kontrastatzeko, haien arteko aldeak ikusteko,
besteak beste. Eskoziarren edo galestarren hautagai nazionalistak ez
zituen gonbidatu, zertarako? Nahikoa zuten Cameron, Clegg eta
Brownekin. Hiru horietako inork ez zion uko egin telebistako eztabaida
publikoan parte hartzeari. Izan ere, horietako batek ezetz esan izan
balu, zer irudi emango zukeen? Hautesleek zer pentsatuko zuketen?

Arabako Iruñako ostraken inguruan bi joera argi ikusten ari
gara. Batetik, Arabako Aldundiak izendatutako batzarkide gehienek
faltsuak direla diote, 2008. urte amaieran argitaratutako txostenen
bidez -500 orrialdetan jasota dagoena-. Bestetik, zientzia arlo
berberetatik, alegia, hizkuntzalaritzatik, geologiatik, historiatik eta
arkeologiatik, ostraka horiek egiazkoak izan daitezkeela adierazi dute
15 txostenek -1.500 orrialde dituztenak-.

Idazkunen datazioak egingo balira, gaia argituko litzateke.
Baina ez dituzte egin nahi. Horrez gainera, gaia eztabaida
zientifikoaren bidez ere ez dute argitu nahi. Herrietan hainbat
hitzaldi izan dira, baina, orain arte, ez dira hitzaldi berean bi
alderdiak aritu. Batzordekideak ziren eta Gasteizko Euskal Filologian
dauden Lakarrak eta Gorrotxategik uko egin diotelako. Baita beste
Aldundiko batzordekide batzuek ere.

Azkena Donostiako OHO Eskolan antolatutako hitzaldietan
gertatu da. Harritzekoa Deustuko edo Gasteizko Euskal Filologiakoek
antolatu ez izana. Nortzuk eta OHOkook? Zorionak antolatzaileei, baina
penagarria filologiakoek ezertxo ere egin ez izana. Harritzekoa da, era
berean, bi hitzaldi izan zirela, batean Elexpuru eta Iglesias, eta
bigarrenean Lakarra eta Gorrotxategi. Bigarren hitzaldikoek horrela
eskatu zutelako.
Ez ziren ausartu egiazkoak izan daitezkeela defendatzen duten bi hizkuntzalariekin aurrez aurrekoa egitera.

Ez hori bakarrik. Bigarren hitzaldian, lehenengoan ez bezala,
Lakarrak eta Gorrotxategik hitzaldiko bi orduak hartu zituzten
azalpenak emateko, galderak egiteko ia denborarik utzi gabe.

Zer irudi ematen ari dira? Hauxe da etorkizunean euskara
teknikari edo euskara irakasle formatzen ari diren irakasleen maila?
Hauxe da EHUk, unibertsitate moduan, gai garrantzitsu horretan duen
maila?

Xabi Etxabe

Gasteiz

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude