Putreak Belamendin?

Adiskide batek bere blogean “Sokratesen profezia” gisa kaleratu duen azken post laburra pasatu dio Belamendiko jendeari:

Ziur egon zaitezte, atenastarrok: behiala politikan sartu izan banintz, aspaldi nintzatekeen eraila. […] eta egia diot, zeren eta ez baita bizitza gorde dezakeen inor baldin zuen aurka edo beste edozein herriren aurka zintzoki jokatzen badu edota saiatu egiten bada bere herrian bidegabekeriak edo legez kontrakoak eragozten.

Ez diegu arreta larregirik jarri Sokratesek esan omen zituenei, adiskideak, belamenditarron egonarria frogatzeko edo, beti igortzen baitizkigu kaleratzen dituen apotegmarik ilunenak eta beldurgarrienak. Alabaina, oraingoan bereziki azpimarratu digu gaur egun ere gertatu ohi direla horrelakoak eta erne ibiltzeko, otoi.

Esajeratu hutsa dela erantzun diogu jarraian, eta bizitza beste modu batez eta dramatismorik gabe hartu beharko lukeela aholkatu. Baina badakigu ez digula kasurik egingo, oso gogokoa baitu esku beltzak, konfabulazioak eta konjura gorriak nonahi daudela sinestea.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Gaurkoan, horratik, zer pentsa eman digu guk kasualitate hutsari egotzi nahi geniokeen kontu batek. Izan ere, Belamendin kaleratutako azken mezuan arazo bat gertatu bide da bertan jarritako esteka bat dela medio. Honela dio a posteriori akastun suertatutako pasarteak:

[…] era berezian gogoratu behar da Gobernu espainiarrak –hemengo alderdi abertzaleen aldeko bozkekin– bertan behera utzi zuela duela bi hilabete (abenduaren 28aren bezperan, hain zuzen) ordura arte ezinbestekoa zen Ingurumenarekiko Inpaktuaren Ebaluazioa (20/2022 Errege Lege-Dekretua).

Inor gutxi ohartu bada ere, zeharo desagertu da nabarmendutako estekaren bitartez lortu ahal zen bozken inguruko informazioa. Edo bestela esanda, dagoeneko esteka haren bidez inork ezin ditu ikusi Espainiako Kongresuak zabalik eta guztiontzat eskuragarri utziak zituen bozketari buruzko zehaztapenak (nork zer bozkatu zuen esaten zutenak, alegia). Orain ondoko mezu hau baino ez zaio azaltzen kuxkuxean dabilenari: 

Not Found. The requested URL /webpublica/opendata/votaciones/Leg14/Sesion230/20230124/ Votacion001/VOT_20230124203528.pdf was not found on this server.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Eta horrekin nahikorik izango ez bagenu bezala, Belamendik eta beste hainbatek hondatuta izan dute bloga arrazoi misteriotsuren bategatik, konpontzeko ezer egin ezinik gainera. Gaur arte.

Bizitzan suertatzen diren kasualitateak, pentsatu dugu geure baitan.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Adiskideak esku beltza ikusi nahi izan du bertan halere, eta horrelaxe adierazi digu:

Inozo hutsek zarie! Datuen ezabatze horrek beste zerbait esan gure jok, holako estekak ez dittuk-eta kasualidadez borretan! Etxaukat bape zalantzaik: urduri jarri dozuen putreren bat edo beste jabik horren ostien. Ikusikozue!

Ondo dakigun arren gure adiskidearen hizkeran saiak eta putreak guztiz desberdinak direna –saiak eder eta miresgarri; putreak, aldiz, ustel eta kirats-urrindu–, ez diogu jaramonik egin nahi izan, eta kendutako informazioa berriro jarriko dugula Belamendin erantsi diogu segidan.

Zeren eta, datu horiek Espainiar Parlamentuak berak jarri zituenean sarean jendeak ikusi, ezagutu eta eskura izan zitzan, argi ematen ari zen aditzera ez zegoela –eta ez dagoela– inolako eragozpenik orduko bozketa-orria nahi bezainbat eta nahi bezala hedarazteko eta ezagutzera emateko. Eta horixe egitea pentsatu dugu.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Honatx, bada, ezabatuta geratu den helbidetik jasoa, aipatutako Lege Dekretua alde zein kontra bozkatu zutenen orrialdearen kopia: 20/2022 Errege Lege Dekretua

Esku beltzik ez dagoela sinetsita eta informazio guztia baliagarria izan dakigukeelakoan

Kategoriak Hizka-mizka | Utzi iruzkina

Aramaioko Parke Eolikoa: lizentziak eta baimenak aterpe

75 metroko pala (Aramaion jarriko omen direnak bezalakoxea)

Ganborraldeko Parke Eolikoa burutzeko lizentziek nekez emango diote buruhausterik Statkraft enpresa norvegiarrari.

Zalantzarik gabe, Aramaioko Udalak eman behar duen baimena da Parke Eolikoa eraikitzeari ekiteko azken giltza. Horrekin, teorian behintzat, jadanik herritarren gehiengo kualifikatua denaren nahia eta ahotsa islatu beharko lituzke Udalak, haien zerbitzurako osatua izan baita eta haiek guztiek jasan beharko dituzte obrak, azpiegiturak, garraioak eta bestelakoak… hogeita hamar urtez, gutxienik. Eta askoz urte gehiago baldin eta epe horren amaieran Parkea birpotentziatzen edota birgaitzen bada.

Gainerako lizentziak eta agiriak direla eta, ezaguna da une honetan ia automatikoki luzatzen direla administrazioetan energia berriztagarrien ekoizpenerako proiektu erraldoien aldeko baimen guztiak.

Energia eolikoaren kasuan, errazak eta azkarrak dira Ministerioei eta Eusko Jaurlaritzari dagozkien tramitazioak, Estatuko eta EAEko energia-planifikazioetako kume kuttunena baita aerosorgailuen bidezko ekoizpena. Ildo horretakoa da, esate baterako, Energia Berriztagarrirako Instalazio-ziurtagiria, besteren artean diru-sari publiko bereziak jasotzera iristeko balio duena, energia-produkzioa dela bide. 

Nabarmen azpimarratzekoa da, aldi berean, Parke Eoliko erraldoiak Onura Publikoko Proiektutzat izendatuak izateko eskaintzen den erraztasuna. Ez da ahaztu behar izendapen horrek, besteak beste, lurraldeen espropiazio eta desjabetzetarako bidea irekitzen diola enpresa eolikoari eta ohikoa dela aukera horretaz baliatzea lurren jabeek uko egiten dietenean enpresak planteatutako negoziazioetan parte hartzeari edota baldintzak eta diru-ordainketak –normalean ziztrin samarrak, bidenabar esanda– onartzeari.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Parke Eolikoak eraikitzeko tramitazio administratiboen erraztasunari buruz ari garela, era berezian gogoratu behar da Gobernu espainiarrak –hemengo alderdi abertzaleen aldeko bozkekin– bertan behera utzi zuela duela bi hilabete (abenduaren 28aren bezperan, hain zuzen) ordura arte ezinbestekoa zen Ingurumenarekiko Inpaktuaren Ebaluazioa (20/2022 Errege Lege-Dekretua). Zail bada ere ulertzen, aurrerantzean Erkidegoetan bertan aurkeztuko diren proiektuei bakarrik eskatuko zaie Ebaluazio hori; ingurumenean askoz ere inpaktu txikiago duten 50 MW baino gutxiagoko proiektuei, alegia.

Erabaki horrek, erantsi beharrik ez dago, baimentze lasterrak eta eragozpenik gabekoak ekarriko dizkie Aramaiokoa bezalako Parkeei, 50 MW baino gehiagokoak baitira. 

Ezkerreko alderdiek ere adostutako erabaki horrek, aldi berean, kendu egin die herritarrei bizimodua zeharo alda diezaieketen megaproiektuen azterketan, balorazioan eta onartze-prozesuetan parte hartzeko aukera oro. Demokraziaren paradoxak, nonbait (ikus Ingurumenarekiko Inpaktuaren Ebaluaziorako Elkarteak kaleratutako idazkia).

Hori dela eta, Aramaioko Parke Eolikoari (60,4 MW), bat-batean, bete-betean egokitu zaio –edo tokatu?– lege-dekretu horren ondoreaz gozatzea. 

Susmatzekoa da, horratik, Statkraftek eta gure alderdi politikoek lehendik zekitela Ingurumenarekiko Inpaktuaren Ebaluazio hori desagertzear zegoena. Norvegiarrek Aramaion azaroan eskainitako “gardentasun”-batzarra baino askoz lehenagotik. 

Kategoriak Aerosorgailuak | Etiketak | Utzi iruzkina

Ustezko zehaztapenak Aramaioko Parke Eolikoaz

Berezko ei duen gardentasun-politikari segituz, Statkraftek oraindik ez du Aramaioko Parke Eolikoaren berri zehatz gehiagorik argitaratu. Informazio eta balorazio gehienak, beraz, han-hemen azaldutako datuetan baino ezin dira oinarritu.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ezagutzen diren planoen arabera, Parke Eolikoa paralelogramo baten formarekin irudikatua dago (5.000 metroko luzera eta 1.800 metroko zabalera) eta 900 hektarea inguruko lur-hedadura “birtual” hartuko du. “Birtual” hitza esatean, argi izan behar da ez garela irudikoa bezalako lurralde lau batez ari, esparru menditsu batez baizik, eta planimetria-kontutan sartu gabe ere, Parkearen hedadura erreala –UTM Proiekzioak ezin erakutsi ditzakeen erliebe-azaleraren gorabeherak tarteko– askoz handiagoa izango dela, izatez.

Irudian agertzen denaren arabera, enpresa norvegiarrak Parkearen erdialdean kokatu nahi ditu zortzi aerosorgailuak (Eskoriatzakoa barne), ekialdetik mendebalderaino doan mendi-lerroan (haien arteko bideak berdez margotuta planoan). 

60,4 MWko potentziakoa (157,3 GWh/urteko), teorian 30 bat urte irauteko pentsatua dute Parkea, nahiz eta, epe horren amaieran, “birgaitu” eta egokitu ahal izango duten, beste hainbat urtez ekoizten jarrai dezan.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Agerikoa da bi lurralde-mota bereiziko direla Parke Eolikoaren erdigunean eta, ondorioz, ekonomikoki ere bi tratamendu desberdin egokituko zaizkiela: alde batetik, aerosorgailuak jasoko dituzten esparruak daude eta, bestetik, bideak, pistak, zangak eta bestelako obrak jasan beharko dituztenak. 

Espropiaziorik edo salmentarik gertatzen ez bada behintzat, aurreneko lurren jabeei alokatze-saria ordainduko die Statkraftek urtero, diru dexente normalean. 

Gainerako azpiegitura (pistak, zangak…) jasan beharko duten jabeek eta babes-eremutzat har daitezkeen lurren jabeek, berriz, konpentsazio ekonomiko bakarra jasoko dute sortutako kalteengatik eta igarotze-zortasunagatik. Horretaz gainera, gauza ziurra da Statkraftek jabe horien konpromisoa exijituko duela lur horietan bestelako enpresen aerosorgailurik, eraikuntzarik, dorrerik edota trabarik kokatzen utzi ez dezaten.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Parke Eolikotik kanpo egon arren, azken horien antzeko kasua izango da argindarra Abadiñoraino eraman ahal izateko dorreak jartzeko erabiliko diren lurraldeen jabeena. Gehienetan landa-lurra izaten da horretarako baliatzen dena eta jabeek behin bakarrik jasotzen dute konpentsazioa.

132 Kv-ko linea elektrikoa (Aramaio-Abadiño), urdinez

Hori bai, 132 Kv-ko hariteria elektrikoa izango denez, dorre garaiak egokituko zaizkie argindarraren ibilbidea ziurtatzeko (sei-zazpi pisuko etxea baino altuagoak, oro har), eta linea guztiaren azpian 20 metroko zabalera izango duen zortasun-eremu bat utzi beharko dute beti erabilgarri. Zabalera horretan ezin izaten da zuhaitzik landatu, jakina.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Energia eolikoaren historiak erakusten duenez, probabilitateen artean sartzen da Statkraft dagoeneko lur batzuen jabeekin negoziatzen ibiltzea, batez ere aerosorgailuen kokagune izango direnen jabeekin egindako akordioak asko erraztuko lukeelako gero administrazioen baimenik zailenak ere eskuratzea.

Kategoriak Aerosorgailuak | Etiketak | Utzi iruzkina

Ongi eTourri, Mister Marshall!

 

Gauza ezaguna da toki guztietan daudela tabu diren gaiak, ukitu ezinezko –edo arriskutsu, bederen– bihurtzen direnak jendearen sentiberatasuna medio. Horietako bat da gurean txirrindularitzarena, euskal munduan ez baitago kirol hori, praktikatzen duelako edo ikustea gustatzen zaiolako, maitatzen ez duenik, gu geu tarteko garelarik. Alor horretan, maiseaketa txikienak ere inoizko odol-berotze handienak ekarri ohi ditu zaleen artean. Zer esanik ez kirola eta politika nahasten badira solasaldian! Orduan dira zinak, minak, herrak eta buruhauste guztiak!

Ez dugu, baina, hemen horrelako surik hauspotzeko asmorik, nahiz eta pare bat gauza esan nahi genukeen “Bienvenue Monsieur le Tour kanpainari buruz. Beldur gara, halaz ere, ez ote diren kirola eta politika uste baino gehiago korapilatuko.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Kanpainaren izen ofiziala, Eusko Jaurlaritzak berak jarri bide diona, “Ongi eTOURri!” da eta, antza denez, 136 egun eta makina bat ordu, minutu eta segundo –zehatz-mehatz kalkulatuta ematen zaizkigu guztiak web-orrian– falta dira oraindik haren etorrerarako.

Izan ere, Frantziako Tourra dela eta, aurten Euskal Autonomia Erkidegoan antolatu dute lehen aldiz aurreneko hiru etapen ikuskizuna eta, ondorioz, hainbat hilabetez luzatuko den festaldia prestatu da hiru lurraldeotan barrena ospatzeko. Eta, aurrekontu publikoak aurrekontu, nolako festaldia! Informatu gabe datorrenak erraz asko pentsa dezake Euskal Jai Nazionala izango dela oraingo hau: “Bizitour jaiak” han-hemen, zikloturisten lasterketak eta martxak Gasteizen eta Donostian, “Tour Eguna”-k Basaurin, Getxon, Barakaldon, Gernikan, Bilbon eta auskalo non gehiago, Frantziako Tourraren Fan Park bat hor nonbait, zaleok Grand Départ Pays Basque 2023az gozatu ahal izan dezagun… 

Eta ikuskizuna behar den mailakoa izan dadin, Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren izango dira informazio bulegoa eta prentsa-gunea, eta Tourraren garaikurra hara eta hona ibiliko da hiru egunotan: Donostiako Kursaalean, Zornotzako kaleetan zehar, Bilboko Guggenheim Museoan… Ikaragarria!

Horixe Mr. Marshall frantsesak ekarriko omen duena. Oihuka eta errepika bedi, bada, web-orri ofizialean ezarritako aldarri zorionekoa: ¡Vive le Tour! 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Azpimarratu behar da, bestalde, gure agintariek inoiz egin ez dutena egin dezatela lortuko duela Monsieur le Tourrek: EAE osoa mobilizatzea. Hau da, komunitate autonomoa jai-giroan murgiltzea eta, zeharo harrigarria dena, baita Tourrak segituko duen ibilbidea ikurrinaz betetzea ere!

Alegia, Aberri Egunetan ere egin ez dutena egin dezatela lortuko da azkenean, haiei inoiz ez baitzaie bururatzen abagune aproposa izan daitekeela Aberriaren Egunaren aitzakia euskaldunon sinbolorik esanguratsuena etxe-balkoietan eta kaleetatik zehar ipintzeko. Bide batez: ba al daki inork noiz izango den aurtengo Aberri Eguna?

∞∞∞∞∞∞∞∞

Esan bezala, Tourra hemen izan bitartean ikurrina kalera ateratzea eskatuko zaie herritarrei, eta “Euskadiko txoko guztietara helaraztea”. Batik bat, erantsi liteke jarraian, frantses kamerak eta helikopteroak ibiliko diren lekuetara helarazi.

Errepideak eta kaleak, hortaz, zuri-gorri-berdez tindatuak.

Ikusgarria bezain hunkigarria, zinez, paisaia!

Hamaika koloreko suge biziak nonahi: odol gorrikoak beheko partaideen bihotzetan; odol hotzekoak goitik ikusita. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ondo pentsaka hasita, lasaitasun soziala hedatzeko eta bermatzeko moduko ekimena ere izan liteke Tourraldia, zeren eta nori burura ote lekioke horrelako ekimen koloretsu, alai eta internazional baten erdian inolako protesta erregionalistarik antolatzea edota bide-bazterretan iskanbilarik sortzea? Nola hasiko inor arazo nazionala, independentzia-erreferendumarena, euskararen normalkuntzarena, etxebizitzena, ingurugiroarena, alternatiba energetikoena, pobreziarena, hipotekena, bizitzaren garestitzearena eta beste aipatzen Unibertso unibertsal guztia honantz begira dagoenean?

Zalantzarik egon ez dadin, eta jadanik ohartu ez denik baldin bada gure artean, nabarmen azpimarratua utzi dute zein den hainbeste ahalegin eta ekimenen xedea: festaldiaren bitartez, Euskal Herriaren atal honen proiekzio internazionala lortu nahi da. Alegia, mundu guztiak mapan kokatzen ikas dezan Euskal Autonomia Erkidegoa.

Jakina, nabarmen argiturik egon ez arren, erraz ondoriozta daitezke barnerarazi eta, aldi berean, mundurarazi nahi dizkiguten beste hainbat mezu:

Lehendabizi, Herri lasai, baketsu eta erakargarria garela erakutsi nahi zaio talentuak eta inbertsioak ekar litzakeen mundu zibilizatuari. 

Bigarrenik, gure kultur ekarpen handiena, gasterobipedo zintzo gisara, hizkuntz langarik jartzen ez duten mihi, aho-sabai eta gilborrean oinarritzen dugula zabaldu nahi da Unibertsoan. 

Eta hirugarrenik, oso harrera-herri egokia garela erakutsi nahi zaio horretaz guztiaz baliatu nahi eta ahal duen orori.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Halabeharrez edo, hauteskunde garaiarekin ere kointziditzen du Tourraren etorrerarako prestakuntza-aldiak. Horrek, noski, bertakoago agertzeko aukera eskainiko die horrelatsu agertu nahi duten alderdi eta hautagaiei, eta baten bati, agian, abertzaleago azaltzekoa ere bai.

Kanpaina-zati bat behintzat eginda gera daiteke horrela, batez ere Tourreko argazkietan gehien ateratzeko bertutea dutenentzat.

Ordura arteko hilabeteetan zehar, txirrindularitza-proba herrikoien prestakuntzek, banderatxo-erakustaldi hunkigarrien antolamenduek, Euskaraldiaren antzik-edo izan nahiko luketen belarriluze eta muturmotzen antolatze-lanek eta bestek beteko dute politikak eta kirolak nahasterik onartzen ez dutela sinesten dutenen denbora eta gogo tolesgabea.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Eta hori guztia frantsesez baino ez dakien Monsieur le Tour adiskideari esker. 

Egia esan, ezin espero daiteke gehiagorik harengandik, ez behintzat hizkuntza propioa ei dugun gaztelania erabiltzetik harago joango denik. Gehienez ere, euskarazko esaldiren bat, apika, bozgorailuak erabiltzean eta propaganda kaleratzean.

Edo akaso euskaldun bilakatuko zaigu Monsieur le Tour?

Jainko-jainkosei nahi dakiela!

Kategoriak Hizka-mizka | Etiketak | Utzi iruzkina

Haize-errotak eta hegazkinak: beste arrisku bat Aramaion?

Gauza jakina da Aramaioko zeru aldea, hegazkinen ohiko ibilbidea izateaz gainera, Forondako aireportuaren funtsezko ziurtasun-luzapena ere badela. Hori dela eta, gure haranaren gain-gainetik igarotzen dira Forondatik abiatutako hegazkinak eta baita hara doazenak ere, batzuk gora egiten eta urruntzen eta beste batzuk, berriz, hurbiltze-maniobrak egiten eta poliki-poliki jaisten .  

Hartara, bereziki errespetatu beharrekoak diren esparru desberdinak –envolventeak– mugatzen zaizkie hegazkinei zeru aldean, hegaldien ziurtasuna albait ongien bermatua gera dadin.

Halabeharrez edo, horretarako aurreikusita dauden esparru edo ingurune guztiak egokitzen zaizkio Aramaiori. Hiru hauek, hain zuzen: Aireontzien Operazio-zortasunen Ingurunea deiturikoa, Precision approach path indicator (“PAPI”) izeneko Aireontzien Operazio-zortasunen Ingurunea eta, hirugarrenik, Aerodromoari eta sistema erradioelektrikoei dagozkien zortasunen Ingurunea.

Forondako aireportuak eragindako zortasun-inguruneak

Horrek, agerikoa da, ez dio inolako onurarik ekartzen herriari, alderantziz baizik, hegazkinak gora eta behera ibiltzean, handik datorkion guztia zarata eta ikusten ez den kutsadura baita. Eta arriskua, kristalezko autopista baten azpian bizitzearen pareko arriskua nonbait.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Litezkeen arrisku horien aurretikoa izan zen, adibidez, Iberdrolaren eta Eusko Jaurlaritzaren Aixeindar enpresak Jarindoko haizea neurtzeko jarri nahi izan zuen dorrearen kasua.

Duela zazpi bat hilabete, Espainiako Sustapen Ministerioak dorrea jartzeko baimena ukatu zion Aixeindar enpresa publiko-pribatuari, nonbait AESA eta AENA erakundeen iritziz arrisku latza ekar ziezaiekeelako dorrearen garaierak (86 metro luze zen) hegazkinei. AENAk zioenez, jarriz gero, dorre hori 970 metroko kotaraino iritsiko zen eta inguru hartan 895 metrorainokoa baino ezin zen onartu.

Badirudi, beraz, Statkraftek ere begiratu bat eman beharko diela zerualdeko Ingurune horiei aerosorgailuak eraikitzean, batez ere, “PAPI” izeneko Aireontzien Operazio-zortasunen Inguruneari, horrexek mugatzen baitu tramankulu eolikoek har dezaketen garaiera.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ezaguna da Statkraftek ez duela oraindik argitu bere weborrian zein koordenadatan kokatuko dituen aerosorgailuak (“en estos momentos nos encontramos estudiando muy cuidadosamente la ubicación exacta de cada uno de los ocho aerogeneradores del proyecto”). Alabaina, Aramaioko Udaletxean urte-amaiera baino lehen jakinarazi zuen zein izango ziren haize-erroten kokaleku zehatzak, haien arteko konexio-bideak, kontrolgune nagusia, hustutze-azpiestazioa, etab.: 

Ganborraldeko parke eolikoa (2022/08ko planoa)
Parkearen eta aerosorgailuen balizko koordenadak (2022/08ko planoa)

∞∞∞∞∞∞∞∞

Kontraesanak kontraesan, egia da Udaletxean aurkeztutako dokumentazioa erraz asko izan zitekeela tramitazio administratiboari ekiteko paper hutsal bat, aurrerago aldatu nahi izango zutena. Baina hala ez balitz, “PAPI” izeneko Operazio-zortasunen Ingurunearekin talkan suerta litezke hainbat haize-errota.

Izan ere, proiektuan azaldu bezala, haize-erroten kokapen-puntuak 680-730 metroko garaierako muinotan jarriko balituzte eta, publikoki iragarri zuten legez, aerosorgailuen garaiera 200 metrotik gorakoa baldin bada, “PAPI”-k hegazkinen ziurtasunerako ezarrita dituen kotak haustetik hurbilegi geratuko lirateke aerosorgailuak, horrek ekar lezakeen istripu-arrisku larriarekin. Esate baterako, Ilunpeko (710 m.) eta Otatzako (719 m.) aerosorgailuak (ITS-01 eta ITS-03, hurrenez hurren) ezin gaindituzko langa duten 990 metroko kotaraino iritsiko lirateke.

Hurbiltze-mugak (garaiera, metrotan emana, urdinez; malda: 1,50º)

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ez dirudi Statkrafti aerosorgailu txikiagoak jartzea bururatuko zaionik, baina beti izango du muinoak eta mendi-lerro osoa hamar bat metro beheratzeko aukera, edo, zer arraio!, baita Aireontzien Operazio-zortasunen Ingurunea bera aldarazteko eta behar bezala “doitzeko” ere, tamaina horretako inbertsio ekonomikoek –60 milioi eurotik gorakoa– zailtasun larregirik gabe irauli baititzakete edonongo Lurralde Planak, Parke Naturalen babeserako legeak eta behar den guztia.

Baina bai, Statkraftek begiraturen bat behintzat eman beharko dio “PAPI”-ri, gauzak aurrera aterako baditu.

Kategoriak Aerosorgailuak | Etiketak | Utzi iruzkina

Arrese Beitia poeta otxandioarra Aramaion (1899)

Poema-sorta bat eskuetan azaldu zen Felipe Arrese Beitia 1899an Aramaioko Euskal Jaietan, hogei urte lehenago jasoa zuen poeta-ospea ondo merezia zuela erakustera. Ordura arte –zurezko santu bat harako, landutako gurutze bat honako–, ia santugin modura baino ez zuten ezagutzen aramaioar askok gure otxandioarra.

Baina esan bezala, poeta-koroa –“erramu-boneta”, esango zukeen Oihenart zaharrak– 1879an jarri zitzaion buruan lehen aldiz Elizondon antolatutako Euskal Jaietan, irabazle gertatutako “Ama Euskeriari azken agurrak” izeneko poema zela bide. 

Koroa hark, halere, beste zerbait gehiago ere ekarri zion olerkariari, hilzorian zegoen euskara biziberritzeko erreferentzietako bat ikusi baitzuen euskal gizarteak harengan. Eta ardura horrekin jokatu behar izan zuen otxandioarrak hurrengo urteetan, besteak beste, Euskal Jaietan sistematikoki parte hartuz eta bizkarreratua zitzaion –eta onetsia zuen– eragile-konpromisoa poesiara eramanez.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Nabarmendu beharrekoa da Elizondoko Euskal Jai haiek bereziak bezain gogoangarriak izan zirela, eta ez bakarrik urte hartan hasi zirelako aurreneko aldiz Hegoaldean ospatzen. Izatez, hiru urte lehenago galdutako Karlistaldiak eta segidan etorritako ondorioek gaindiezinezkoa zirudien etsipena erein zuten Hegoalde guztian, eta Elizondoko Jai haiek itxaropenerako arnasbide bat suertatu ziren eskuarki. Eta Arrese Beitiaren poemak, esan bezala, eragin ezin handiagoa izan zuen berpizte, bizkortze eta adoretze gisako hartan.

Lore Joko edo Koplarien Gudu bezala ere deituak, Anton Abadia euskaltzalearen ekimenez –eta haren diruarekin– antolatutako poesia-lehiaketak ziren eta, Urruñan aurrenik (1851-1863) eta Saran gero (1864-1878) –eta Donapaleun behin (1877)–, Iparraldeko bertso-gileen erreferentzia bilakatu ziren berehalakoan. 

Hango arrakasta ikusirik, izen bertsuko jaiak antolatu ziren hurrengo urteetan Hegoaldeko hainbat tokitan, ez guztiak Abadiaren itzalpekoak, baina gehien-gehienak bertako kultur agerpen desberdinekin aberastuak: abere-feriak, dantzak, txistulari-lehiaketak, lasterketarienak, gorularienak, etab.

Erdigunea hartzen zuen ekitaldia, dena den, poesiari zegokiona ohi zen. Eta arlo horretan gailendu zen Felipe Arrese Beitia ere Aramaion 1899an. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

R. M. Azkue izan zen Aramaioko Euskal Jai haien antolatzailea, bi urte lehenago hil zen Abadiaren emazteak apaiz lekeitiarrari eman baitzion ardura hori. Hark, Jaiak bere jaioterrira eramateko aukera baztertu eta, Bizente Goikoetxea musikariarekin zuen adiskidetasun mina tarteko, Arabako herri euskaldun bakarrera ekartzea erabaki zuen, ondo baino hobeto zekien-eta zer-nolako esanahi politiko-linguistikoa zeukan ekimen hark.

Iritsi zaizkigun albisteen arabera, gutxienez pare bat poema aurkeztu zuen Arrese Beitiak sariketara: “Euskaldun bioletea” eta “Mari Antoni aramaioarra”. 

Ezaguna denez, Aramaiori eta aramaioarrei inoiz eskaini zaien gorazarrerik ederrena da “Euskaldun bioletea”, eta harexek jaso zuen lehen saria, R. I. Bazterrak aurkeztutako “Uxo zerutar bat” poemarekin batera.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Arrese Beitiak irakurgai bezala prestatu zuen “Mari Antoni aramaioarra” izeneko poema ez da, egia esan, bere lanik hoberena eta, dirudienez, 1899ko Jai haietan, hamabost lanen artean, zortzigarren tokian geratu zen. 

Esan daiteke binaka errimatzen duten hamahiru (7 + 6) silabako bertso-lerrotan ondutako piezatxo honek bi atal desberdin dituela: aurrenekoa, Aramaiori eta aramaioarrei buruzko atala; eta irakaspen morala eman nahi duen ipuintxo gisakoa bigarrena. Azken honek, izenburuan islatu legez, Mari Antoni izeneko neskatxa “tradizionala” du protagonista eta interesa duen irakurleak Armiarmako esteka honetan aurkituko du osorik transkribatua. 

Honen ondoren, beraz, lehen atalari dagozkion bertso-lerroak bakarrik erantsiko dira, Arrese Beitiak jarritako ortografia ukitu gabe. 

Irakurleak berak esan beza zenbaterainoko antza duten hona dakartzagun bertso hauek “Euskaldun bioletea” poeman isuritakoekin.

Mari Antoni aramaioarra

                                                                                 Zolia danari goixetan 
Jaungoikoak deutsa lagunketan   

Araba izan arren oraiñ Aramaio,

Bizkaia iruditzen onek dau geiago,

Daukalako guraso zarren berbetea,

Bizkaitarrena bardin Foruko legea,

Ta berau izan arren urte askoduna,

Oraindik ez dau galdu euskelduntasuna.





Zeruak nai izanik da leku polita,

Ainbeste baserriz ta eleixaz jantzita,

Jaungoikoak eginik oso da malatsa,

Iturriz, zugatzez ta mendiz aberatsa.

Neguan epeltxoa, udan ez beroa,

Eguzkiak lerregi erre bagakoa.





Bioleta bedartzan legez eskuetan

Erri auxe dalako mendi artietan,

Emon gura neuskio datorkan ondrea,

Dalako Euskalerri erdiko lorea,

Deiturik, erri bakar gaur Arabakoa,

Erdera naste baga euskaldun osoa.





Ta Euskera zainduten legetxe alegin

Bere oiturak gaitik dabelako egin,

Biotzetik agurtzen gaur dot Aramaio,

Erri aukeratutzat au zalako jaio.

Berau da, bada, ibar zintzo ta leiala,

Atxak solo biurtu egin dituana, 

Saritu eragiñik izerdi andiak,

Boteak bere ume zaillen bekokiak;

Eurenez naiz ta izan gorputzez txikiak,

Beargin zintzo beti dira txindurriak.





Baña aramaioar zarrak zein gazteak

Niri eresten jataz dirala erleak.

Ezpadauka lorarik erleak urrean,

Zelan ibilli oi dan billa urriñean!

Alan ikusi oi dot aramaioarra,

Etxean amaituten jakonean lana,

Dirudiala erle zintzo ta langiña, 

Doiala erbestera bearraren billa:

Bata badoa ezti geia ekartera,

Bestea pillatzeko dirua etxera.

Agaitik erlearen izena betean

Aramaioarrentzat dator nire ustean.





Ez dot nik esan gura txito ta osoro

Akats bagakoa dala Aramaio.

Alan bere bakigu oneitan ardiak

Esan leikela danak dirala zuriak.

Bat edo bat aurkitzen nozbait bada baltza,

Berak dauka librako barbantzuen antza.





Alan erleak bere dan-danak zintzoak

Eztira, zeren batzuk direan mamoak.

Bai, onak utsik dagoz an goian Zeruan,

Txarrak bere on baga beian Inpernuan,

Baña gitxi-gei emen lekuan-lekuan

Txar ta onak gabiltzaz nastean munduan.





Antxiña entzun neban: “nai dozun errira

Zoaz, baña txakurrak an bere badira”.

Augaitik, Aramaion bat edo bat alper

Izan arren, ez deutsa orregaitik ezer.

Alan ez dot bardindu nai paradisuaz

Lurrean non-nai oi da bat edo bat Judas.

[…]

∞∞∞∞∞∞∞∞

Oharkizun bi, azkenik, Arrese Beitiaren inguruan hedatu den pare bat albiste hutsal agertzeko. Izan ere, eta gezurra dirudien arren, inon diotenezjaio zen egunean bertan hil omen zen gure poeta gizagaixoa. Eta, hori gutxi izan balitz bezala edo, gay ere izan zen, jende guztiaren biblia bilakatu den Wikipediaren arabera. Horrek ez bide zion, halere, bi emazteren senar zintzoa eta dozena erdi bat seme-alabaren aita arduratsua izatea eragotzi.

Heriotzaren kontu sinestezin hori, noski, hamaiketako kafea hartu bitartean nahastu zen erredaktoreren baten akatsa baino ez da. Arrese Beitiaren ustezko homosexualitatearena, ordea, inongo idazki edo testigantzatan azaldu ez den eta egiazta ez daitekeen zerbait larriagoa da, larriagoa eta Wikipediak albait lasterren zuzendu beharko lukeena.

Kategoriak Historia eta istorioak | Etiketak | Utzi iruzkina

LEZETXIKI: haserrea, sumina, gaitzidura!

Hiztegiak nekez ekar dezake Abiadura Handiko Trenaren aitzakiarekin Lezetxiki haitzulo prehistorikoan egin den triskantzak euskaldunongan sortutako gogo-aldartea behar bezala islatzeko hitzik.

Zeren eta benetako mala-ostia eta gogo txarra dira horrelako hondamendiak ikusten direnean sentitzen direnak. Eta are handiagoak oraindik gure ondarerik preziatuenean erakundeen aldetik inolako kontrolik izan ez dela eta ez dagoela ohartzean.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Obra horiek ez dira planorik gabe egiten, eta are gutxiago azken orduan tunelatzaileak bide-erdian haitz gogor bat aurkitu duelako edota bat-batean kapatazen bati bururatu egiten zaiolako.

Zalantzarik gabe: Madrileko Sustapen Ministerioak eta Adifek lehendik zeuzkaten plano horiek zehaztuta eta onartuta, eta, tartean, Lezetxiki zeharkatzeko diseinua ere definituta. Eta Jaurlaritzak –berdin politikariek zein arkitekto eta teknikari zenbaitek– ezagunak eta aztertuak behar zituen, bai ala bai. Isilik mantendu duen arren.

Ez dugu, beraz, galdetuko zertan aritu diren zipitzik ere esan eta egin gabe Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza eta Kultura Politika Saileko arduradunak edota Kultura Ondarearen Zentrokoak. Baina non arraio ibili dira bitartean Gipuzkoako Kultura Zuzendaritza Nagusia eta ezin hurbilago diharduten Arrasateko udal-kargudunak?

∞∞∞∞∞∞∞∞

Argi da gure Kultur Ondarea zaindu behar duten erakundeak ez ikusiarena egiten ari direla AHTren demasia eta gehiegikerien aurrean. Ez da adibiderik falta. Lehenago, esaterako, ez zen eragozpenik izan Uraren Euskal Agentziaren aldetik trenbiderako morteroek eta porlanek Aramaioko erreka ia lehortzeraino eraman zutenean. Orain ez da arazorik izan Lezetxiki zulatzeko, tunelatzeko eta nahi izan dutena egiteko.

Eta hori guztia, noski, demokratikoki onetsia izan ez den obra erraldoi bat aurrera ateratzeko eta, azken batean, bertako inork ezin erabili ahal izango duen tren bat eraikitzeko.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Erantzukizunak eskatzeko ordua da. Eta munstrokeria hori bertan behera utz dezaten exijitzekoa ere bai.

Lezetxikiren lagunek ateratakoak dira argazkiak

Kategoriak Hizka-mizka | Etiketak | Utzi iruzkina