1953ko uholdeak Aramaion

Aramaiok azken uholdea jasan behar izan zuenetik hiru urte beteko dira hurrengo egunetan. Egoera latza ordukoa. Urak gora egiten ikusteak etenik gabeko larritasuna eta atsekabe gaindiezina ekarri zituen kaleko jende gehienaren gogora. Ez zuen, zorionez, kalte askorik sorrarazi, baina azken uriola hark beste larriago baten oroitzapena ernarazi zuen aramaioar askorengan: 1953ko urriaren 15ean gertatutakoa.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Betidanik izan dira uholdeak (urixolak) Euskal Herrian. Egia esan, handienak-edo ezagutzen ditugu hoberen. Bilbo aldean gertatutakoak, esaterako: XIV. mendekoak hiriko zubia ere hondatu zuen, 1593koak alde zaharreko eraikin mordoa suntsitu eta 1983koak, Laudio eta Aiara ere bete-betean hartu zituenak, 34 hildako eragin zituen eta ehunka mila milioiko galerak.

Kronikek gogorarazten duten izugarriena, dena den, Zangotzan 1787an izandakoa dugu: ia 600 hildako utzi zituen eta herriko eraikin gehienak suntsituta.

Ez hainbesterainokoak, baina Deba bailaran ere ezagunak dira uholde bortitzak. Gipuzkoa osoa astindu zuten 1834ko ekainaren 30eko uholdeetan, adibidez, berrogei bat pertsona hil ziren, gehienak Deba arroan.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Euskal Herrian azken bi mendeotan jasan izan diren gainerako uholdeak ahaztu gabe ere, guztiek uzten baitute agerian gizakiaren ezintasuna, aramaioarren gogoan ongien dirautenak 1953ko urixolak dira. Urriaren 15ekoak, hain zuzen.

Aurreko egunetan euri-jasa izugarriak izan ziren ordu gutxitan, eta Deba, Urola, Oria eta Urumea ibaiak urez estaltzen hasi ziren hainbat eta hainbat herri, besteak beste, Tolosa, Azkoitia, Azpeitia, Bergara, Arrasate, etab. Kale materialez gainera, urriaren 14an autobus bat eraman zuten urek Zestoan, 16 pertsona hilda utzita. Guztira 27 hildako utzi zuten uholde haiek.

Baina erreka txikiak ez ziren atzean geratu. Eta Aramaion, batik bat Etxaguen-dik behera zetorrena ere ez.

∞∞∞∞∞∞∞∞

1953ko urriaren 15 hartan errekek ezin izan zuten jausitako ur guztia bideratu eta gainezka egin zuten herriko hainbat etxe, denda eta erreka-horma aurretik eramanez.

Haitzetatik datorren errekak, gainera, oztopo izugarria aurkitu zuen udaletxearen atzealdeko zubia enborrez eta zuhamuxkez estalita geratzean. Zubiaren gainean –gaur egun erloju zaharraren mekanismoa jarrita dagoen tokian, hain zuzen– eraikita zegoen etxetxoak presa baten funtzioa egin zuen eta urak atzeraka metatzen joan ziren, eta antapara amaiezina izan balitz bezala, goraka egin zuten urek hango ortuak eta etxeak irentsiz, eta abere bat baino gehiago herrestan eramanez, tartean asto bat. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ez zen hildakorik edota ezbehar pertsonal larririk izan, baina kalte materialak handiak suertatu ziren, batez ere plazan eta haren inguruko etxe eta dendetan eta errekak beherago aurkitu zituen baserrietan.

Plazako denda eta etxe bati buruzko datuak eskain ditzakegu lekuko gisara. 

Luisa Salaberri Orbe-ren etxe hartan urak ia bi metroko garaiera hartu zuen denda jarrita zeukan behealdean. Horrekin batera, errekako horma ere erabat hautsita geratu zen eta sukaldea, oilategia eta korta urez gainezka. Kalteak oro har, uriola amaitzean egindako balorazioak erakusten duen moduan, kezkagarriak izan ziren: 36.000 pzta. guztira.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Gaur egun ez bezala, orduko aseguru-polizak suteetarako baino ez ziren egiten eta konpainiek, jakina, ez zuten erantzuten uholdeak bezalako fenomenoek sortutako kalteen aurrean.

Sociedad de Seguros Mutuos-ek 1922ko polizarekin batera bidalitako plaka

Laguntza bakarra, hortaz, Udalbatzak luzatutakoa: haren eskuzabaltasunak ontzat hartu zuen dendariaren eskabidea eta barkatu egin zion urte hartako laugarren hiruhilabeteko kontribuzioa, hartutako akordioa Foru Aldundiari ere luzatu ziolarik, “por si ésta tiene a bien hacer la oportuna rebaja en el cupo del año actual, pro los conceptos de cuota directa y recargo para la Cámara de Comercio”.

Uste izatekoa da berdintsu jokatu zuela Udalak gainerako denda eta tabernekin.

Nolanahi ere, kalte-ordainik gabe gehiegizko zama izan zitezkeen egin beharreko gastuak mintzagai dugun plazako denda hartako jabearentzat. Itxi egin behar izan zuen betiko.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Horrelakoen aurrean, Basilio Pujana zeanuritarrak “Euskal Herrian uriolak izan ziranean” idatzitako bertsoak datozkigu gogora:

Euskal Herria zapuztu dausku 

uriolak ezbeharrez, 

maiteak urak eroan eta 

famili asko negarrez. 

Hola jausita dagon herri bat 

jasotzen ez da hain errez, 

baina guztia burutuko da 

fede sendoen indarrez. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

1953ko uriolak izan bide zituen Pujanak buruan bertsook ehuntzean, baina ez dirudi oso bestela kantatuko zukeenik duela hilabete Mediterraneo aldean gertatutakoen aurrean. Bihoakie belabeltz guztion elkartasuna!

Kategoriak Historia eta istorioak, Sailkatu gabea | Iruzkinak desaktibatuta daude 1953ko uholdeak Aramaion sarreran

COP29: kaka zaharra!

Zantarrak iruditu arren izenburuko hitzak, ez da bestelakoa izan aurtengo COP29 delakoak eskaini diguna. Eta eufemismoak nahiago badira, esan dezagun erabaki zeharo etsigarriak gertatu direla Nazio Batuen Erakundeak klima-aldaketaz Azerbaijanen burutu duen Konferentzian adostutakoak.

Belamendiko belabeltzak oso ezkor abiatu ziren San Martin egunean Bakura. Itzulera, halere, ezkorragoa izan da, ia berrehun herrialdeko bilera horretan aldaketa klimatikoarekiko axola gutxi eta interes ekonomiko-industrial gehiegi azaldu delako, oro har. Horren ondorioz, jasotako hitzarmena ere ezer konpontzera ez datorren hitz-sorta bat baino ez da. Aldaketa klimatikoak bere ibilbide larria egiten jarraituko du, itxura duenez.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Lehen datu esanguratsua: ezin esan daiteke COP29ak oraingoan aintzat hartu duenik karbono-isurketen eta beroketaren arazoa. Parisko COP21ek munduko tenperatura mende amaierarako 1,5º-2º C-tik gora ez egiteko asmoa eta neurriak xedatu bazituen ere, Bakun ez zaie interesgarri egin beroketa globalak hartua duen abiadura, jadanik 1,5º gora egin duena eta hirurogei eta hamabost urte barru 3ºC-tik gora iritsi daitekeena. Nonbait, berez ekarriko dute finantzaketa-neurriek konponbidea.

Azpimarratu beharreko bigarren datua, lar zabaldu ez dena komunikabideetan: ia 200 estatu bildu ziren Bakun, baina finantzaketari buruzko negoziazioen norabidea ikusita eta Hegoalde globaleko herrialdeei bertan ematen zitzaien lekuko barregarrien rola baloratuta, haietako batzuk eta Alliance of Small Island States (AOSIS) izanekoak alde egin omen zuten negoziazio-bileratik. Gogoratu beharrekoa da munduko zaurgarrienetakoak izateaz gainera (bai inguruneari dagokionez eta bai sozialki eta geopolitikoki), itsasoak irentsiak izateko arrisku gehien dutenak direla Itun edo Aliantza hori osatzen duten 39 itsas estatu txiki horiek. Haietako ordezkari batek esan duenez, “literalki hondoratzen ari gara”.

Ideia egiteko, bada, hoberena begiratu azkar bat ematea klima-finantzaketaren konferentzia deituriko horretako akordio gaitzenei.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Aurrenekoa: urteko 100.000 milioi dolarretik 300.000 milioi dolarrera igotzeko konpromisoa hartu da aldaketa klimatikoei aurre egin ahal izateko funtsa. Horixe, hain zuzen, Estatu boteretsuenek garapen atzeratuko herrialdeetako trantsizio energetiko, prebentzio-lan, galera, kalte eta beste hainbat arazo larri gehiagori erantzuteko agindu duten diru-kopurua. Beharko litzatekeena baino askoz gutxiago, bilioi bat dolarretan kalkulatuta baitzuten garatze-bidean dauden herrialdeek ezinbesteko kopurua. India bezalako herrialde ahaltsu bezain klimatikoki zaurgarri batek “ezdeus”-tzat jo du kopurua. Sierra Leonako ordezkaria “herrialde aurreratuen borondate onaren falta” salatzeraino iritsi da. Ez da harritzekoa, beraz, “irain”-tzat hartu bada erabakia.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Erregai fosilen industria eta haren interesak defendatzen dituzten gobernuak —antolatzaile-lanetan aritu den Azerbaijan bera barne— izan dira akordio ekonomiko narras hori behartu dutenak. Ikusten denez, beste behin ere ahaztu zaie, antza, beraiei dagokiela lehenak eta eskuzabalenak izatea klima-aldaketan duten itzelezko erantzukizunari ekiteko orduan, petrolio eta gasaren bidez eskuratzen dituzten mozkin izugarrien zatitxo batekin bakarrik bada ere. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Agindutako finantzaketa-kopurua, bestalde, ez da subentzio huts gisara banatzeko bakarrik izango, atal batzuk mailegu modura emateko baizik. Izan ere, modu batean zein bestean, lehenago edo beranduago, interesekin itzuli beharreko kreditu eta finantzaketa pribatu gertatuko baitzaizkie “laguntza” horien jasotzaileei. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Baina bazuten industria kutsatzaileek eta herrialde aberatsenek beste jokaldi baterako kartutxoa ere prestatuta errekamaran. Eta COP29 honetan erabaki da kutsatu ahal izateko eskubideen merkatu bat antolatzea. Irakurtzen eta entzuten den bezain gordina: Greenwashing-erako autopista, alegia.

Horrekin areagotu egingo ei lukete herrialde behartsuenek jaso lezaketen diru-kopurua. Formula desberdinak leudeke horretarako, baina grafikoena, esate baterako, honako hau litzateke: garatu gabeko herrialdeetan burututako zuhaitz-landaketengatik, jarritako poligono eoliko-fotoboltaikoengatik edo bestelako proiektu klimatikoengatik nolabaiteko “garbitasun-eskubideak” sortuko lirateke, eta horiexek hain zuzen salduko lizkiekete herrialdevaurreratuei, aberats hauek —industriek zein gobernuek— proportzio horretan “kutsatzeko eskubidea” izaten segi lezaten. Horri, eufemismoak eufemismo (ingelesezkoa, politena: Voluntary Carbon Offset Mechanism), “karbono-kredituen trukaketa” deritzo.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Baditugu gure inguruan ere greenwashing moduko horien atzetik dabiltzan enpresa interesatuak, han-hemen proiektu berdeak sustatuz, parte-hartuz edota finantzatuz, eta garbi izanik erregai fosilak baliatzeko eta gehiago kutsatzeko planak mantenduko dituztela industria-jardueretan.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Itsasoaren beroketa, euri-jasak, uholdeak, suteak, lehorteak, zikloiak… ez dirudite, ez, aldaketa klimatikoaren ondorio. Eta izango balira ere… 

Datorren urteko Brasilgo COP30ean konponbide gehiago! Ordurako, gainera, sutsu ibiliko da lanean Estatu Batuetako lehendakari berria.

Esandakoa: kaka zaharra!

Kategoriak klima-aldaketa, Sailkatu gabea | Iruzkinak desaktibatuta daude COP29: kaka zaharra! sarreran

San Martin ere ezkor Azerbaijaneko COP29an

El Greco, San Martin eta behartsua, 1597/1599, Widener Bilduma

Badirudi, datak eta eginkizunak medio, Aramaioko san Martin patroia hartu nahi izan duela eredu COP29 delakoak azaroaren 11n hasita burutuko duen batzarrean. Lehen begiratuan behintzat, partaideek gure santuaren antzera jokatzen hasi nahi dutela pentsarazi lezake bertan tratatuko den gai nagusiak, hau da, nola partekatu kapak eta sosak aldaketa klimatikoaren aurrean txiro huts direnekin. 

Bigarren begiratuan, halere, eragozpentxo bat du kontuak: Nazio Batuen Erakundeak klima-aldaketari buruz jarduteko urtero antolatzen duen batzar hori Azerbaijan-go hiriburuan izango da oraingoan. Berriz ere, eta kasualitatez bezala, ekonomia energia kutsagarrietan –petrolioan eta gas naturalean– oinarritzen duen estatu batean

∞∞∞∞∞∞∞∞

Elezaharrak kontatzen duenez, Tours-eko santu aramaioartuak negu gorrian eramaten zuen kapa beroa erdibitu zuen ezpatarekin, zati bat erdi biluzik azaldu zitzaion behartsuari emateko. Oraingo COP29an bezalatsu, seguruenik.

Tamalez, ezin jakin daiteke aldez aurretik hain santu eskuzabalik hurreratuko ote den hamaika egunez luzatuko den Baku-ko biltzar horretara, baina itxuraz, adarretatik helduko zaio azkenean klimaren aldaketarekin lotutako programen finantzaketari, estatu aberatsek hamabost bat urte baitaramate zoroarena egiten, poltsikoa behar beste astindu gabe. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Kalkuluen arabera, 2,4 bilioi dolar jarri beharko lukete 2030erako, burua atera ezinean ari diren estatuetako trantsizio energetiko, galera, kalte eta beste hainbat arazo larri gehiagori erantzuten hasi ahal izateko. Kontua da –eta horretaz jardungo omen dute partaideek– nork ipiniko duen diru hori mahai gainean, batez ere zenbait estatu kutsatzaile erraldoik (Txinak berak) orain ere parte hartzen ez dutenean 100.000 milioi dolarreko funtsa osatzeko orduan. Eta kontua ere da zenbat eta zer irizpideren arabera jarri beharko lukeen estatu bakoitzak, zenbaterainokoak izan beharko liratekeen maileguak eta zenbaterainokoak subentzioak eta nola banatu, zenbat erreserbatu beharko litzatekeen ekaitz, haize-zurrunbilo eta uholdeen prebentzio neurrietarako, suteetarako, lehorteetarako, etab.

Horri guztiari beste kezka bat gehitzen zaio kasualki: estatu aberatsek gainerako estatuen parte-hartzea eta erantzukizun handiagoa nahi dute finantzaketa klimatiko horretan, herrialde kaltetuenak eta zaurgarrienak barne. 

Eztabaida garrantzizko bat ziurtatuta, beraz. Eta amaierarako geratuko da akordioren bat adostearena.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ez da berdin gertatzen garrantzi gutxiago ez duen beste puntu batean, COP29ko presidentziak kaleratutako Jardute-gutunean ez baita deskarbonizazioa eta erregai fosilen desagertze-premia aipatu ere egiten, eta aipatzen ez bada, nekez espero daiteke horri buruzko akordiorik ere, nahiz eta azaroaren 15eko gai-zerrendan honako txepelkeria hau iragarri “Energia / Bakea, Sorospena eta Susperraldia” atalean:

Negutegi-efektuko gasen isurketen eragilerik larriena da energia eta klimaren jarduera orokorrerako lehentasunik handiena du […] COP29 honek espazioa eta aukera eskainiko dizkie parte interesatuei bildu daitezen eta aurrerapen kolektiboak lor ditzaten.

Espazio-eskaintza horrezaz gainera, energia berriztagarrietarako duten potentziala medio (“irtenbide- eta aukera-iturria” ei dago Azerbaijanen), garrantzi handiko rola joka omen dezakete COP29an “emisio baxuko garapeneranzko trantsizioa sustatuz”.

Ondo irakurri duzu, irakurle: gauerditik 90 segundura egon, eta emisio baxuko garapeneranzko trantsizioa sustatu nahian ari dira. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Agenda adostua denez, argi dago guztiek dakitela zer planteatzen ari den egunotako egitarauan eta zergatik. Edonola ere, gogoratu beharrekoa 2015ean, munduko beroketa 1,5ºC-tik gora ez egiteko helburua jarri zela Parisen burututako COP21 delakoan. Muga hori ez gainditzeko, 2030erako negutegi-efektuko gasen isurketek 2019an izandakoak baino %43 baxuagoak izan beharko zutela aurreikusi zen. Eta beste hainbat kontu gehiago ere bai, baina ez dirudi aurreikuspen eta portzentaia horiek kontrastatzeko eta, hala behar izanez gero, egokitzeko asmorik dagoenik inon.

Profeta izan gabe eta aurretikoak ezagututa, samur iragar liteke zail samarra izango dela beroketa globalaren eta haren efektuen aurkako neurririk hartzea… ez eta, gorago ikusi bezala, finantzaketaren arazoa zeharo xedatzea ere.

Zalantza larregi, hortaz, batzarretik klima-aldaketari aurre egiteko erabaki bateratu eraginkorrik kaleratuko dela pentsatzeko.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ziur dakiguna da munduko potentzia handienetako presidenteak ez direla bertaratuko (Errusia, Estatu Batuak, Txina, India, Brasil, Australia, Kanada, Alemania, Frantzia…), ezta Europar Batzordeko von der Leyen presidentea ere. Hau da munduko biztanleriaren erdia baino gehiago biltzen duten herrialdeetako buruak ez dira Bakun azalduko. 

Bertan ez egoteko argudio zintzoena, dena den, Papua Ginea Berriko lehendakariarena: “denbora-galtzea besterik ez da”. Berak azpimarratzen duenez, estatu garatuek ez diete aldaketa klimatikoaren biktimei laguntza azkarrik eskaintzen. Eta eskaintzen dutena ere…

Lanera azalduko omen diren ehun estatuetako presidenteen artean, espainiarra bai, han izango da.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Eta anekdotikoa dela pentsa badaiteke ere, onartu behar da arras kezkagarria dela agintariek eta enpresa-buruek hara joateko baliatuko duten “ibilgailua”. Estimazioek argitu dutenez, Dubai-ko COP28ra iristeko 291 hegaldi pribatu erabili ziren –tartean, Espainiako presidentea bere Falcon 900ean–, guztira 3.800 tona CO2 jaurti zutelarik. Ez da desberdintasun handirik espero COP29ra iristeko moduez eta kutsaduraz.

Eta horretan ere datza bildotsaren amari buruzko buruhaustea, Bakun, nonbait, tratatuko ez dena.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Nature agerkariak egunotan kaleratu duen ikerketa sakon batek argitu duen bezala,

Klima-aldaketa globala murrizteko ahaleginak zeharo oztopatuta daude ekonomi-sektore indibidualen hazkuntzagatik eta populazio-talde aberatsen kontsumo energetikoaren intentsitateagatik […] Analisiek garbi erakusten dute CO2ko emisio globalek ugaritzen segitzen dutela eta areagotze hori sektore aberatsenek eragindakoa dela.

Eta ondoren, hegaldi pribatuen mugimenduei eta emisioei buruzko adibide nabarmenenak eskaintzen ditu artikuluak: 

FIFA, Doha (Qatar), 2022.11.20 – 12.18 1.846 heg. prib. 14.700 tona CO2

WEF (Munduko Ekonomia Foruma), Davos (Suitza), 2023.01.16-20 660 heg. prib. 7.500 tona CO2

Cannes Film Festival (Frantzia), 2023.05.16 – 27 644 heg. prib. 4.800 tona CO2

COP28, Dubai (Arabiar Emirerriak), 2023.11.30 – 12.12 291 heg. prib. 3.800 tona CO2

Super Bowl, Arizona (EEBB), 2023.02.12 200 heg. prib. 1.500 tona CO2

Horratx, bada, munduko aberatsenek puntualki kutsatzen dutenaren erakusgarritxo bat.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ondoko koadroan, aldiz, 2023an hegazkin pribatuekin gehien kutsatu zuten celebritien zerrenda, “My Climate Carbon Tracker” erakundeak osatua. Ikus daitekeenez, Travis Scott-ek 6.061 Tona CO2 “oparitu” zizkion munduari; Kim Kardashian-ek 5.857 Tona CO2, Elon Musk-ek 4.564 Tona CO2, etab.

Horiexek, beraz, munduan aldaketa klimatikoari aurre egiteko burutzen ari diren ahalegin ezagun eredugarrienak. Jakina, aberats askoren zerrenda falta da panorama osatuagoa egiteko.

Gu bitartean hemen, COP29an adostuko omen diren erabakien zain. Eta fotoboltaikoak eta haize-errotak nonahi ereiten, arazoa arinduko dugulakoan.

Bejondeigula!

Kategoriak klima-aldaketa, Sailkatu gabea | Utzi iruzkina

Ezagunik bai 1945eko argazki honetan?

Honatx 1945ean Donostian egindako argazkia. Badirudi Marin argazkilariak egina dela, baina ez da bestelako daturik tartean (zein lekutan? noiz?…).

Iritsitako albisteek diotenez, gizakume horietako batzuk batera aritu ziren 1936ko gerran Amaiur batailoian (akaso “Arrasate” konpainian). Ez da falta geroago kartzelan edo kontzentrazio-esparruetan ibilitakorik eta, zigorrak bete ondoren, militantzia politiko-sindikalak batu zituenik ere.

Baina hori jakin arren, Belamendin ezinezkoa izan da haiei guztiei izen-deiturarik jartzea.

Horretara dator, beraz, lerroburuko galdera, haien identifikazioa lortzeko nahitaezkoa izango baita irakurleen laguntza.

Zerbait jakinez gero, post honi erantzutea baino ez duzu, irakurle, identifikatutako pertsonari zein zenbaki dagokion azken irudi honetan esanez eta nahi beste datu eta albiste erantsiz. Edo errazago egiten bazaizu, honako helbide elektroniko hau erabil dezakezu berria emateko: belatxingar@gmail.com

Esan beharrik ez dago bihotz-bihotzez eskertzen dela zuen laguntza.

Kategoriak Historia eta istorioak | Utzi iruzkina

Tu quoque, GARA noster?

Harrigarria, zinez, abuztuaren 19an GARAko “edukien erredakzio buru” den Beñat Zalduaren artikuluan oinarritutako editoriala. Edo hobeto esanda, harrigarriak biak, artikulua eta editoriala. Ez dago hain argi, dena den, artikuluak ekarri duen editoriala ala, eufemismoak gorabehera, editorial hori egiteko asmoak eskatu duen panorama klimatikoaren irakurketa hau. Hoberena, bada, bi-biak irakurtzea.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Bagenekien, jakin, gure GARAk seriotasunez hartua zuela krisi klimatikoaren arazoa (ez bedi “gure” horretan inolako ironiarik ikus, Belamendiko belabeltzak GARAren irakurle eta sustatzaile zintzo baitira). Ez genekiena zen, ordea, CAV-EAE geneukanik harako “klase-borrokaren marko autonomo” haren pareko zerbait krisi klimatikoaren gatazka-esparruari dagokionez. 

Baina goazen pausoka. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Testuetan ezagutzera ematen ez den kausalitateren batengatik, GARA izan da, agidanez, EVEk CAV-EAEko energia-kontsumoaz kaleratu dituen azken datuak publikoki baloratzeari ekin dion egunkari bakarra. 

Horrezaz gainera, Zalduaren erdara hutsezko artikuluaren ondoan euskarazko sintesia izan zitekeela zirudiena, bat-batean, editorial mailara jasoa ikustea izan da harrigarriena. Harrigarria, benetan, laburpentxoa zirudiena, kazetaritzako behialako klaseetan zioten moduan, “esplikatzaile-apologetiko-oharrarazle-borrokatzaile” gisa sailka litekeen editorial kateketiko bilakatua ikustea eta, noski, egunkariaren ezaugarriengatik, batik bat aski ideologia markatua duten irakurleei zuzendua. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Mugimendu kezkagarria, hortaz, GARAren editorialgile(ar)ena horrelako txosten bati garrantzi hori eman izan dio(te)nean. Jakina, izenburua ere ildo horretakoa ezarri zaio: “Balantze energetiko sostengaezin bat”.

Kontua da, paradoxikoki beharbada, EVE bera ez dela hain aztoratuta azaldu, GARAk jasotzen duenaren arabera, “EAEko egoera energetikoak ez du[ela] aldaketa handirik izan” konstatatzea besterik ez baitu egin, bestelako alarmismorik gabe.

Gure egunkariak, halere, beste zerbait transmititu gogo zuen eta, ondorioz, albiste txarrak antzeman omen ditu EVEren txosten horretan, oso txarrak. Eta horiexek nabarmendu ditu segidan, mix edo nahas-mahas bat eskainiz, eta betiere berri onen bati ere tartea utzirik.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Alegia, albiste txartzat jo ditu EAEko berriztagarrien ekarpenaren murriztea eta kontsumitutako argindarraren %6,6 baino ez izatea bertan berriztagarrien bidez ekoitzitakoa. Bejondeiola! Alabaina, arrazoia ez dakigula, editoriala idatzi duenak ez bide du aintzat hartu nahi izan ikuspegi “nazional” batek ez lukeela agian EAE ez den Nafarroa –eta besteren bat gehiago?– “atzerri”-tzat hartu beharko eta bai, ordea, “klima-gatazkaren marko autonomoa”-ren partaide gisara. Horrek panorama baikorragoa eskain liezaioke erredaktoreari ziurrenik, jasan dituen eta jasaten ari den triskantzak eta hondamendiak saihestu gabe ere, ez baitirudi hain “sostengaezina” Nafarroak egun erakusten duen egoera energetikoak. Eszenatoki klimatikoaren ikuspegi zabalago batek, gainera, Hego Euskal Herri osoa zeharo ez hondatzeko planifikazio-aukera hobea ekar lezake ziur asko. Baina ez; EVE eta EAE hautatu ditugu-eta erreferentzia-irizpide.

Euskal Autonomia Erkidegoa

∞∞∞∞∞∞∞∞

EVEk emandako datuetan oinarrituta, kanpo-dependentziaren areagotzeaz mintzo da editoriala. Nonbait autohornikuntza tasa %8,7koa omen denez, gainerakoa “atzerritik dator, eta gehiena krisi klimatikoa larritzen duen energia fosila da”. Tamalez, segitzen dugu jakin gabe non hasten diren menperatuta gauzkaten “atzerri” eta “kanpo” direlako horiek. Aranon, Ziordian eta Bianan menturaz? 

Seguru GARAk baduela ondoko txutxu-mutxu honen berri, baina irakurleak akaso ez, eta interesgarria izan liteke muga-marren malgutasun-jolasaz ohartaraztea. Honatx esamesa: EVEk “Energia sistema jasangarrirantz” (erdaraz, “Hacia un sistema energético sostenible”) lerroburua daraman Urteko txostena 2023 delakoan (oso argitalpen triunfalista, didaktikoa eta ikusgarria, bide batez esanda), argi adierazten du non daukan EAEk ofizialki “zero kilometroa”, zeri deritzon “toki-hornidura” (“suministro local”) eta zeri inportazioa gas naturalaz diharduenean:

Viura proiektuak zero kilometroko gas naturaleko toki-hornidura edukitzea ahalbidetu du, eta horri esker, karbono-aztarna inportatutako gasarenabaino txikiagoa da eta deskarbonizazio-efektu positiboa lortzen da; hain zuzen ere, 214.492 tona CO2 saihestu dira abian jarri zenetik.

Interesgarria, halaber, bertako gas-ekoizpena ezagutzea: 

2023an, Viura eremuko produkzioa 21 milioi Nm3 gas izan zen, gutxi gorabehera […] Gaur egun, gas naturaleko produkzioa putzu bakar batetik dator.

“Viura Proiektua” izeneko gas-ustiategia Logroño ondoan dago kokatua (Sotés herrian, hain zuzen) eta ofizialki, momentuz behintzat, ez dago Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldeen barnean. Halaz ere, EVE-EEEk EAEkotzat jotzen du hango gas-ekoizpena eta halaxe azaltzen du gero bere txostenetan. “0 kilometro”-kotzat proiektatuta zituen beste egitasmo zapuztuekin egin nahi zuen bezala (Cameros-2 eta Ebro-A, B, C, D eta E…). 

Bide batez esanda, “Viura Proiektuak” ekoizpena areagotzen segitzeko asmoa du, gas natural gehiegi dago-eta aprobetxatu gabe uzteko, xedea berriztagarriena bezalakoxea delarik: “cubrir el consumo energético equivalente a 330.000 hogares durante 15 años”. 2040. urtera arte, gutxienez.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Albiste txarra bezain zaharra da, bestalde, deskarbonizaziorako erronkak erraldoia izaten jarraitzen duela, berdin penintsulan, Europan zein Kontxintxinan. Eta horrekin ez dugu gutxietsi nahi baieztapenaren garrantzia eta bai, berriz, gure “marko autonomoa”-ren ideia ezbaian jarri. 

Nafarroa berriztagarria, esan bezala, alboan dauka EAE delako honek eta ez dirudi “0 kilometro”-ko La Rioja gasistikoa baino “atzerriago” litekeenik deskarbonizaziorako erronkari aurre egiteko orduan.

∞∞∞∞∞∞∞∞

“Elektrifikazioan ez d[el]a aldaketarik egon, gutxienez azken bi hamarkadatan” esatean, ahaztu egin zaio editorialaren idazleari elektrifikazioaren arazoa, egokitzapena guztiz premiazkoa duen arren, nekez sar daitekeela gure “marko autonomoa”-ren balantzean, sare elektrikoaren kudeaketa REDEIA S.A. multinazionalari baitagokio. Harena da, besteak beste, Red Eléctrica –de España, of course!– delakoa ere.

∞∞∞∞∞∞∞∞

GARAko editorial-idazleak alde onik ere ikusten omen du egoera honetan, eta energia-kontsumoaren murrizketa da horietako bat. Zeren eta Europatik etorritako kontingentzia-planek aginduta izan bada ere, horrek garbi erakusten omen du “planifikazio baten bidez energia-kontsumoa modu nabarmenean murriztu [daitekeela eta] posiblea d[el]a desazkunde-eszenatokiak ezartzea”. 

Eta segidan, jauzi bitxi bat eginez, adostasunak eta kontsentsuak aipatzera iristen da editorialaren amaieran nor-nori-nork aditza jokatu gabe eta adostasunetarako halabeharrezkoa ohi den eztabaida-prozesu baten premiarik mahairatu gabe.

Egia da, horratik, editorialaren iturburuan dagoen artikuluan berriztagarriei buruzko “debate pendiente” bat aipatzen dela, baina ez dago argi zertara datorren, abian baita berriztagarrien hedapena, hedapen zeharo inposatua, arras sistematikoa, jendarte–kontsentsurik gabekoa eta, okerrago dena, bueltarik gabekoa dirudiena. Eta, oinezkook dakigula, arlo horretan ezagutzen diren adostasun bakarrak instituzioetako goi-maila politiko hutsetan burutu dira, oligopolio interesatuen txaloen estalkiarekin eta, tartean ontzi-garbitzailerik falta ez dela, komunikabide gehienen bozgorailuekin. Hori besterik ez da ezartzen ari diren industria-poligono –ez dira “parke”– horien guztien oinarrian dagoen eztabaida- eta adostasun-dinamika.

“Debate pendiente” horretarako dei berantiar hori, beraz, nekez uler daiteke protesta-mugimenduak desaktibatzeko eta jendea lasaitzeko dei bezala ez bada, eta ez, inolaz ere, jadanik lapurtua zaigun eztabaida sakon baterako ahalegin bat bezala. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Erantsi behar da, edonola ere, dena delako adostasunerako abiapuntua proposatzean, amarru txiki batez baliatzen dela editoriala. Izan ere, kontsentsua “atzerritik datorren energia fosilean oinarritutako” ekonomiaren bideragarritasunik ezaren inguruko diagnostikoan lor litekeela esaten duenean, bi kezkabide pizten dizkio irakurle gaixoari jarraian. Lehena: egingarria litzateke proposatutakoa, baldin eta berriztagarriak “HONELA” inposatzen ari direnei kontsentsurik interesatuko balitzaie. Baina haien jokamoldeetan ageri dena da proiektuak burutzeko “bakea”, istilurik eza eta jendartearen erabateko onespena nahi dituztela, ez besterik. Eta salbuespen gutxi, oso gutxi, nabari da, esan bezala, erakunde, enpresa, alderdi eta komunikabideen artean, zinezko debatea eta adostasuna, tamalez, tokian tokiko ekonomiaren, ingurunearen eta biodibertsitatearen orainaz eta etorkizunaz kezkatuta dagoen herri xeheak baino ez baitu aldarrikatzen.

Bigarren kezkabidea kontsentsurako premisa horretatik ezabatu den beste aukera batean legoke, hain zuzen ere, ezin baita ahaztu ekonomia guztiz bideragarria izan litekeela kanpotik edota atzerritik ekar litekeen energia berriztagarrian(argindarra, hidrogeno berdea…) oinarritutakoa. Munduko estatuak, negozioak negozio, horretan ari dira egun. 

Eta, noski, komenigarria litzateke horren kontra jaurtikitzen diren “ez da justua” eta “no suena muy solidario” horiek darabiltzatenek gogoan har lezaten neokolonialismotan erortzen ez diren ekonomia desberdinak bezain solidarioak artikula daitezkeela oraindik berdin munduko estatu aberatsenekin zein gure mendebalde honek historikoki esplotatu, ondasunez desjabetu eta hil hurran utzi dituen herrialdeekin.

Kategoriak Aerosorgailuak, klima-aldaketa | Utzi iruzkina

Hidrogeno berdeaz eta subiranotasun energetikoaz

Gaurko egunean, uztailak 30, Ministro-kontseilu espainiarrak H2Med izeneko sarearen eraikitze-lanei ekiteko baimena eman dio estatuko gas-sistemaren kudeatzailea den Enagas enpresari. H2Med delakoa hidrogeno berdea garraiatzeko sare europarra izango da azkar baino azkarrago (2030erako, antza) eta gaurko Ministro-kontseiluak emandako baimena estatu espainolari dagokion hoditeria-zatia eta konexioak (Portugalekin eta Frantziarekin) eraikitzen hasteko da. 

Argi da, beraz, ez diotela jaramonik egin nahi izan iaz (2023ko martxoan) Greenpeace eta Fundación Renovables erakundeek kaleratu zuten Desmontando el hidrógeno: H2MED, coartada para una falsa transición energética txosten serio eta sakonari. Ondorio berdina izan du, halaber, urrian Europako hamaika erakundek eta politikarik High Level Decision-Making Meeting delakoan bilduta zeuden Europar Batasuneko 27 gobernuen ordezkari eta goi-karguei zuzendu zieten gutun larriak (gutunaren gaztelaniazko laburpena hemen).

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ministro-kontseiluaren baimenak hidrogeno berdea biltegiratzeko, kanalizazioaren mantentze-lanez arduratzeko eta hidrogenoaren garraio-zerbitzua abian jartzeko atea ere ireki dio Enagas-i (honatx Enagasek hidrogeno berdeaz inbertsore eta akziodunei eskainitako espainiar ikuspegi zoriontsua).

Gauzak horrela, nabarmentzekoa da guri, euskal herritarroi, hurbilegi geratuko zaigula hidrogenoaren biltegiratzea, jadanik aurreikusita dituzten bi biltegi erraldoietatik lehena Kantabrian eraikiko baita (H2 storage North-1) eta bigarrena Euskadi izaneko erkidegoan (H2 storage North-2). Biltegiak, antza denez, Añana Gesaltzan edota Leintz Gatzagan dauden egitura geologikoak bezalakoetan atondu behar dira, izan ere, hidrogenoa unibertsoko molekula diatomiko txikiena izatean, oso emana baita edozein poro edo zirrikitutatik ihes egitera eta, bestela, metalak hondatzera. Biltegiratzeko egokienak, hortaz, lur azpiko gatz-barrunbeak eta haitzuloak. 

Ezaguna da iragan azaroan esleitu zitzaiela hainbat enpresari H2Salt proiektuaren burutzapenerako diru publikoa(milioi eta erdi euro), xedetzat honako hau jarri zutelarik:

Desarrollar un sistema de gestión integral para el almacenamiento de hidrógeno en una caverna salina y determinar su viabilidad técnico-económica para proyectos industriales.

Eta zitezkeen mesfidantzak uxatzeko, oso gutxi garatua baita hidrogenoaren lurpeko biltegiratze-teknologia, honako eginkizun hau jarri zioten proiektuari:

El proyecto H2Salt va a enfocarse en investigar, entender y generar conocimiento de los diferentes ámbitos críticos identificados en el almacenamiento subterráneo de hidrógeno en cavernas de sal: características de las formaciones salinas, la evolución del gas almacenado en el subsuelo, fenómeno de fragilización, agrietamiento y fugas, parámetros como caudal, presión o pureza del H2, o requerimientos mecánicos y de diseño de los sistemas tubulares y elementos auxiliares de la caverna. Así, el consorcio podrá anticiparse a sus necesidades en lo referente a componentes y equipos. Además, también desarrollará sistemas de inyección y extracción de hidrógeno y elementos auxiliares, planteando nuevas soluciones tecnológicas para el almacenamiento de hidrógeno en estas cavernas.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Inori ez zaio ezkutatzen, bestalde, aipatutako bi biltegi erraldoi horietako hoditeria Bartzelonara iritsi ahal izateko euskal lurraldeak iragan beharko dituela ezinbestean. Baina kontuak kontu, une honetan inork ez du, grosso modo bada ere, “Cornisa Cantábrica” eta “Valle del Ebro” direlakoen arteko bidea. Susma daitekeen gauza bakarra da, zeharka edo zuzenago, Hegoaldeko eta Iparraldeko lurralde guztiak gera daitezkeela “ukituta” hamabost urteren buruan.

Hona 2030erako aurreikusia duten hidrogeno berdearen esportaziorako azpiegituraren irudia:

2040rako, aldiz, beste interkonexio bi burutuko dira Euskal Herriko lurraldeetan. Lehena, Cornisa Cantábrica izenekotik Valle del Ebro-ra doan adarrera lotua, Larrainerantz abiatuko da Irun zeharkatu ondoren, gero Bordele ondoko Cubnezais herrira iristeko.

Pirinioetan barna eraiki asmo dituzten interkonexioetatik batek –“Travesía pirenaica 1” izenekoak– Nafarroa osoa zeharkatuko luke, hegoaldetik iparreraino, Iparraldean satu aurretik:

∞∞∞∞∞∞∞∞

Badirudi, edonola ere, sare horrek Alemaniara eta Ipar Europako estatuetara garraiatuko duela Penintsulan ekoitzitako hidrogeno berde gehiena (bi milioi tona ekoiztea aurreikusia dute iberiarrek, hau da, Europan 2030ean kontsumituko omen denaren %10). 

Alegia, energia-menpekotasunak gutxitzeko eta subiranotasunak eskuratzeko omen genituenak… Aturri ibaiaz harago bidaiatzeko prestatzen ari bide dira, askoz harago bidaiatzeko.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Harritzekoena da Alemaniak ez izatea gainerakooi hain larria iruditzen zaigun energia-menpekotasunaren eta -subiranotasunaren kezka, hidrogeno-kontsumoaren %70 inportazioen bidez lortzea espero baitute germaniarrek. Agian, Danimarkatik, Norvegiatik, Penintsulatik eta Kanadatik inportatua hasieran, eta aurrerago…. Zeren eta herrialde industrializatu zenbaitek (Suedia bide da salbuespena) argi dute askoz merkeagoa gertatuko zaiela hidrogenoa inportatzea ekoizten hastea baino, eta behin merkatura joz gero, komeni zaienetara joko dutela premien arabera. Alemaniarrek aspaldi kalkulatua dute, adibidez, Mendebaldeko Afrikan eros dezaketen hidrogenoaren prezioa (2,50 euro baino gutxiago kiloko) etxean ekoiztea baino errentagarriagoa izango dela (3,80 euro kiloko). Are gehiago, Alemaniak Kolonbia eta Aljeria ditu orain inportazioaren ikusmiran eta, hori gutxi bailitzan, Marokorekin ere sinatu berri du urteko 10.000 tona hidrogeno berde ekoitziko dion planta bat jasotzeko akordioa.

Bestela esanda, kostuak direla eta, ez dute dirurik xahutuko elektrizitatea beren herrialdeetara eramaten eta hidrogenoa bertan ekoizten, nahiago baitute prezio “egokiak” aurkitzea eta han urrun fotoboltaikoz eta aerosorgailuz josiko diren herrialdeetan erostea. Eta argi da arras “lehiakor” izateko prest egongo direla, esaterako, eredu neokolonial hau onetsi beharko duen Afrika (Egipto, Kenya, Mauritania, Maroko, Namibia eta Hegoafrikaren artean 2.000 kilotona hidrogeno berde ekoitzi asmo dute 2030erako), Txile, Kanada, Australia eta beste hainbat herrialde.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Bitartean ez da ez dakienik Europaren menpe ez egotea erabaki zuen Erresuma Batu menderakaitzak ere ez diola inolako beldurrik “energia-subiranotasun” delako hori galtzeari eta 2027an kanpotik hasiko dela kontsumorako energia elektrikoa etxeratzen. Alegia, ia lau mila kilometroko luzera izango duen itsaspeko kableatua egiten ari da (20.000 milioi eurokoa) Marokoren menpeko Saharan fotoboltaikoen eta eolikoen bidez sortutako 10,5 GW eraman ahal izateko. Xlinks Morocco-UK Power Project izenekoa 2030ean izango da guztiz burutua eta espero da Erresuma Batuko elektrizitate-kontsumo guztiaren % 8 asetzea, tartean 7 milioi etxebizitzen kontsumoa

EuroAsia Interconnector izeneko proiektua dela eta, Israelek, Txiprek eta Greziak ere datorren urtean bukatuko dute energia berriztagarria bideratzeko itsaspeko kableatua (1.500 km-ko luzera).

Italiak, bestalde, gasaz gainera (30.000 milioi m3), 9 GW-ko energia berriztagarria jasoko du Aljeriatik, itsaspean jarritako 270 km-ko kable baten bidez.

Guzti-guztiak energia-menpekotasunaren mehatxuaz ahaztuta, agidanez.

Eta gu, ile hauekin!

Kategoriak Hidrogeno berdea | Utzi iruzkina

Euskara batuaren arerioen argudioak

Gaurko egunez (2024.07.18), euskararen mundura urrats esanguratsua ekar dezakeen kulturgunea inauguratu da Gasteizen, Ruiz Bergarakoa izeneko jauregian. Gasteiz Antzokia da, hain zuzen, nahiz eta ofizialki Izazkun Arrue Kulturgunea izendatua azaltzen den. 

Berri pozgarria, zinez, batez ere Gasteizko euskaldunen aspaldiko ilusioa azkenean errealitate bilakatzen hasia dela ikus daitekeelako. 

Gogoratu behar da, halere, ez dela lorpen erraza izan, urtetako borroka latzak eta jende askoren ahalegin eskergak eskatu dituen egitasmoa izan baita. Zeren eta, gezurra badirudi ere, gasteiztarren hizkuntz eta kultur garapenerako tresna izan zitekeen kulturgune honek ezin pentsa daitezkeen mamuak eta arerioak sorrarazi ditu hasieratik hainbat eta hainbat urtetan barrena. Eta ez dira guztiak horrelakoetara ohituak gauzkaten esparruetako jendeak bakarrik izan. 

Guztiarekin ere, lortutakoaren ilusioarekin eta etorkizunerako suposa dezakeenaren alderdi pozgarrienarekin eta itxaropentsuenarekin geratu dira Gasteizko euskaldunak eta euskaltzaleak gaurkoan.

Horren karietara, duela bi urte adiskide batek kaleratu zuen artikulua berreskuratu nahi luke Belamendik oraingoan, batik bat, argi islatzen duelako nolakoak izan diren duela gutxira arte euskara batuaren kontra zeuden euskaldunen iritziak eta jarrerak, betiere itsu-itsuak eta herraz eta amorruz beteak. Horrelakoekin, noski, ez zuen bestelako etsaien premiarik hizkuntza nazionaltzat dugun euskara estandarizatuak.

Horratx artikulua:

GASTEIZKO ANTZOKIA ETA EUSKARA BATUA

Ezer ez dakiena bezala, ni neu ere zeharo harrituta geratu naiz Gasteizko Antzokiari bertako alkateak jarri dion izenarekin eta are gehiago izena jartzeko baliatu duen era pertsonalista zurituezinarekin. 

Bigarren jokabide-erak sakontze-premiarik ez duela esango nuke, gure agintariak, guztiak, faraoien piramide-gosea gogoan sartuta jaiotzen baitira.

Gasteizko Antzokiaren izen berriaz argitaratu diren artikuluetan (a, b, c…), ordea, ez da behar beste argitu jarri izan zaion izenaren aurkako lehen argudioaren sustraietan dagoen karga eta herra sakona, gure artean Euskara Batuaren aurka agertzea ez baita inoiz izan, nola esan, etxean katuak izatearen kontra egotea bezalako hautua.  

Are gehiago, une haietan sortu zen ikusmen laburreko “intelektualitate” batek arras kaltegarri jo zituen euskararen normatibizaziorako –biziraupenerako, azken batean– burutzen ari ziren ahaleginak eta ekarpenak, eta euskara normatibizatuaren –batuaren– aldekoak eta aldezleak benetako etsaiak balira bezala hartuz, zentzurik gabeko borroka itsu eta amorratu bati ekin zion jarraian.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Hori dela eta, komenigarria da azaltzea zertan zen 1960ko hamarkadan eta ondoko urteetan Euskara Batuaren aurka paratzea eta zein ziren Izaskun Arrue andreak eta beste hainbatek hain modu itsuan kontrajarritako borrokaren ustezko oinarri teorikoak.

Hemen asmakeriatan ez ibiltzeko, bando hartako ideologo batek esandakoak ekartzeari ekingo diogu. Izatez, dagokigun Antzokitik hurbil bizi zen Andoni Urrestarazu “Umandi”-k 1981ean Gasteizen bertan kaleratutako Euzkera. El problema del euzkera, su valor decisivo para la vida de Euzkadi, su relación con la historia de nuestro Pueblo, su situación actual, su futuro bilakatu zen kontrairaultza haren pentsamendu-ontzi.

Haren jatorrizko bertsioa omen zena (1977ko Euzkal-Betekizunak izeneko lana, hain zuzen) har nezakeen, egia esan, haien argudioak hemen erakusteko, baina, gizarte kapitalista heteropatriarkal honek barnerarazitako nagiak nagi, nahiago izan dut Umandik dialekto popularrik gabeko “erdara batu” ezin hobean idatzitakoak hobetsi, eta ez, alajaina, korapilatsu samarrak zaizkidan “erriketa dala-ta, euzkal-erazko erri-jaurgoa jarri-erazi” bezalako esaldiak dakartzan lana (kontuan izan, gainera, hor jarritako “rr” bikoitz horiek hemen ezin transkriba daitezkeen “r” bakan azentudunak direna).

Harira nadin, beraz, presaka nabil eta.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Euskara batuaren aurka egoteko arrazoiak, Araiako euskaltzale zintzoaren hitzek laburbiltzen dituzte hobekien. Alegia, irabazi beharreko gerra bat bezala planteatu zuen –eta zuten– hasieratik eta hori besterik ez da haren hitzei dariena, hartarako fikzio-zertzelada gordinegiak batu behar izan bazituzten ere:

Hoy, está desarrollándose por todo el País (Euskal Herriaz ari da) una corriente que aspira a ser de tipo pro euzkera, y que a mi juicio es, acaso, el error más grande que se puede cometer en ese terreno, ya que no solo se acepta, en la práctica, la perniciosa influencia erdérica sobre el euzkera, sino que se le presta la ayuda más eficaz que pueda caber y que nunca ha tenido lugar hasta ahora con tanta fuerza y eficacia. Nos referimos, claro está, al llamado tan impropiamente “euskera batua” simplemente porque en él no se une nada y, al contrario, lo que hace es eliminar (18-19).

Eta nola definitu euskara batua?

La definición probablemente más exacta que se pudiera dar del “euskera batua” tiene que ser la de que está produciento la […] erderización del euzkera; eso es evidente. Y sólo con esta innegable evidencia basta para calificar a ese movimiento como erróneo (26)

Baina zein ziren “euskara batua” delakoari leporatzen zizkioten bekatuak? Honatx:

Son dos los aspectos que caracterizan principalmente al “euskera batua”; el primero, de poca importancia […] se refiere al empleo de la letra H que solamente ha sido utilizado hasta ahora en nuestros dialectos norteños, como una influencia más […] del o de los erderas, y que el “euskera batua” trata de generalizarlo como presunto medio de unificación (20)

Eta hori irakurtzean gogoratu naiz Koldo Mitxelenak Euskara Batuaren hautuez oraindik konbentzituegi ez zegoen Martin Ugalderi erantzun zion hartaz:

Zure galderak, beti edo gehienetan, xede batera doaz: h kontura. Ez dut nik ukatuko auzi hori larria denik. Batasuna, ordea, ez dago horretan, ezta urrik eman ere. Askozaz ere gehiago da batasuna eta batasunera bidean ba ditugu, pilaka, hori baiño kontu larriagoak. Hori ez da, gehienez ere alde nahiz kontra jokatzeko ederki datorren bandera ikusgarria besterik.

Non aurkituko, horrenbestez, Umandik Euskara Batuaren benetako bekatu larria handik zazpi urtera? Bada, zehaztu ezinezko “proliferación exagerada de la erderakada” kontzeptuan:

El segundo aspecto […] que es el que tiene verdadera y mucha importancia en relación con nuestro idioma y en lo que al “euskera batua” se refiere consiste en la proliferación exagerada y lamentable del erderismo, de la erderakada, que llega a unos extremos verdaderamente ridículos (21).

Sakonak, argiak eta zehatzak, ikusten denez, Euskara Batuaren aurkako hizkuntz gudari ekiteko arrazoiak, guztiak lexikografiaren, hizkuntzalaritzaren eta soziolinguistikaren ezagutza eta jakituria sakonean oinarrituak.

Etsaiak identifikatzea, hortaz, hurrengo urratsa: “quienes se tiene por euzkaltzales”

tenemos que pensar que se trata de […] una enorme y absurda obcecación colectiva, pues, de otro modo, tendríamos que concluir en que han venido a convertirse en los mayores enemigos de nuestro idioma (25)

Eta etsai horien buruzagiak? 

¿Cuál es y cómo es la dirección que lo rige? ¿Es realmente la actual Euskaltzaindi quien da esa dirección?

Erantzuna:

A pesar de que desde 1968 a partir de la asamblea de Arantzazu se declaró en ese sentido y de que […] en la otra asamblea de Eibar se ratificó en aquella posición adoptada, nos repugna pensar que los actuales dirigentes de la organización [Euskaltzaindiaz ari zaigu, ez erakunde armatuaz], entre los que hay personas de mucha valía y donde contamos con buenos amigos, acepten plenamente ese proceder del “euskara batua” (26)

Nola izango, beraz, Euskaltzaindia bide okertu horren buruzagia? Hobe bestelako konfabulazioren bat dagoela pentsatzea, hots,

¿Podría haber, tal vez, otra dirección distinta [beherago Txillardegi aipatuko duenez, akaso…] que no se manifiesta?; es de temer que sí, pero no lo podemos saber con certeza. Y hemos de juzgar por lo que aparece a la vista de todos (26)

Izan ere, gertatzen dena benetan ikusi nahi duenak aztarnak omen ditu begien aurrean, haietako bat, euskara batuaren hedatzearekin batera, euskalkiak desagerrarazteko asmoa nonbait:

vienen apareciendo en distintas publicaciones del País, criterios que tienden a la sustitución de los dialectos en que vive popularmente el euzkera por el artificial “euskera batua”, so pretexto de la necesidad de contar con un lenguaje en que podemos entendernos todos (26).

Kezka horrek eramaten du gure ideologoa honako hau baieztatzera

no cabe la menor duda de que […] vayan a ser ahora los mismos vascos que se tienen por euskaltzales los que hayan de terminar con el euzkera, destruyéndolo; pues a eso tienden ciegamente, en su intento de imponer el “euskera batua” por encima de los dialectos populares (27-28)

Zorionez ez dute itxaropenik galtzen Urrestarazu jaunak eta haren inguruko aldrak:

Quisiéramos creer que esa idea de sustitución de los dialectos no fuese compartida, realmente, por todos los partidarios del “euskera batua”, pues siendo así habría que catalogar al movimientos “batua” como el enemigo mayor que ha tenido nunca nuestro idioma. Y desde luego, ese criterio tan cerrado que se demuestra entre los “batuas”, hace pensar en la existencia de un verdadero sectarismo constituído alrededor y a causa de lo que preconizan (29)

Dado ese empeño pertinaz que se demuestran tan insistentemente en todas la publicaciones “batuistas” y que se destaca además con la actuación general de sus partidarios, […] resulta obligado pensar en ese sectarismo; y hay en ese proceder motivo más que suficiente para reputar como una verdadera secta al conjunto de todos los que propugnan por el “euskera batua”. Y esa secta que da la impresión de existir, de prevalecer en nuestro País, no llegaría a ser, a nuestro entender, sino el enterrador definitivo del euzkera (29)

Sekta, etsai, euskararen lurperatzaile… nor izango eta Euskal Historiak eman dituen Euskara Batuaren sustatzailerik adoretsuenak, emankorrenak eta eraginkorrenak.

Edozelan ere,

No podemos pensar que todos los partidarios del “euskera batua” compartan ese mismo sentimiento de odio, a pesar de todo su sectarismo; sería horrible si así aconteciera; pero no hay duda de que todos, pocos o muchos, los que han llegado a albergar en su corazón ese desgraciado sentimiento, sí, se comprenden dentro de la secta (32)

Horren guztiaren aurrean, noski, borroka zen bidea:

En consecuencia no nos queda más remedio que luchar contra los propósitos de esa tendencia, de influencia nefasta para la vida de nuestro idioma y para la misma vida de nuestro Pueblo (30)

Paradoxiko samarra, dena dela, Euskara Batuaren aurka buru-belarri ziharduten borrokalari hauen sustrai ideologiko nagusia, aski garbi omen baitzuten ezen

[…] se encuentra nuestro Pueblo, tan necesitado de unificaciones de criterios en tantos aspectos, principalmente en lo que a nuestro idioma nacional se refiere (24)

Alegia, euskararen batasuna iruditzen zitzaien “el estado actual del problema del euzkera” delakoaren inguruan identifikatutako lehen arazoa, eta bigarrena, eta hirugarrena, eta…:

∞∞∞∞∞∞∞∞

Gorka Urtaran alkatea gazteegia da eta inuzente dago oraindik, eta ez bide daki ezer ez huntaz, ez hortaz eta ez hartaz. Eta halaxe erabaki du Gasteizko Antzokirako izena.

Kategoriak Euskarari erasoka | Utzi iruzkina