Aramaio-Eskoriatzak eta Azpeitia-Errezil-Zestoak industria-poligono eolikoen aurka aurkeztutako alegazioei buruzko ebazpenak oraindik kaleratzeke badaude ere, Statkraft-ek urrats eraginkorrak ematen segitzen du han eta hemen, besteak beste, bere prepotentziak ziurtzat jotzen duelako ez diola inork aerosorgailuak eraikitzeko bidea itxiko.
Ildo horretan, orain ozenki mintzatu da –gaztelaniaz, noski– Arrasateko “la vasca KREAN” taldearekin egindako akordioei buruz, agerian utzi nahi baitu, izan ere, haien arteko hitzarmen horiekin proiektu berriztagarrien garapenerako eredu berri bat finkatzen ari direla Euskal Autonomia Erkidegoan.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Egia esan, aspaldixko ezagutu zen noraino iritsi zitezkeen KREANen eta Statkraften arteko loturak eta ibilaldiak. Duela urtebete pasatxo azaldu zuen hori, esaterako, Fagor taldeko arduradun batek norvegiarren proiektua komentatzerakoan: “hasierako harremanak izan ditugu Statkraftekin parke eolikoaren proiektuaren inguruan”. Eta aratzago utzi zuen segidan Iberiar Penintsulan Statkrafteko Jose Miguel Ferrer izeneko zuzendari nagusiak zein hurbileko zeukaten norvegiarrek KREAN taldea: “son verdaderamente nuestros ojos y nuestras manos sobre el terreno”.
Ezaguna zen hori guztia, bai, baina orain arte ez da jakin izan nolako aletxoa ipiniko zuen Arrasateko KREANek norvegiarren kolonizazio-lana errazteko. Eta hori argitzera etorri dira Statkraften adierazpenak.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Komunikatuak kaleratu duen berririk interesgarriena, beraz, honako hau izan da: hainbat akordio direla medio, Arrasateko KREAN konpainia buru-belarri sartu da Aramaioko eta Azpeitiko proiektu eolikoetan.
Con la entrada de KREAN en los proyectos, ambas partes plantean una solución innovadora para la transición energética en Euskadi, que aspira a convertirse en referencia del proceso de socialización de la energía en la CAV.
Eta sartu da eta inplikatu, baina ez edonola, poligono eolikoen inguruko ardura eta erantzukizunak hartzen dituen bazkide gisa baizik:
Ambas empresas […] posibilitarán el protagonismo de la sociedad en ellos [proiektuetan], y asegurarán el correcto desarrollo, construcción y operación de las infraestructuras.
Hortaz, akordioak tarteko,
Las dos compañías promoverán unidas Itsaraz y Piaspe, trabajando conjuntamente en la definición de una estructura jurídica y económica que permita la combinación de los parques eólicos con industrias, entidades públicas locales y ciudadanos.
Horraino komunikatuak eskainitako albiste ohargarriena eta ulergarriena. Ez da maila berekoa, tamalez, gainerako pasarteetan eskaintzen den informazioa.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Larregi despistatu gabe dezifratu nahi bada aldarrikapena, arreta gehiagorekin irakurri beharko da, betiere laharrak garbituz, gandua kenduz eta azpian datzana-edo interpretatzen saiatuz. Zergatik? Bada, horrelako adierazpen interesatuetan hizkera anbiguoarekin eta bitariko hitzen erabilera tranpatiarekin jokatzen delako sarritan, eta honetan ere hasieratik susmatzen delako ez dela falta fake mailako kontzeptu bilakatutakorik, besteak beste, “convivencia”hitza –harrigarriro, testuak sinonimotzat jotzen ditu “convivencia” eta “combinación” berbak ia hitzez hitz errepikatzen dituen esaldietan: “combi…/convi… de los futuros parques con industrias, entidades públicas locales y ciudadanos”–,“socialización” –“de la energía”, “ciudadana”–, “local” –hitzak ez du gauza bera adierazten ”sensibilización local” eta “consumo local” sintagmentan–, “propiedad”, “ciudadano”, “consumidor”, etab. Hitz horiek berdin adierazi dezakete gauza bat zein kontrakoa, betiere mintzo denaren interesen arabera.
∞∞∞∞∞∞∞∞
“Dialogo” hitza da komunikatuan agertzen den beste totem bat.
Birritan aipatua, zinez pentsa daiteke Statkraften balore, jarrera eta jokamoldeen ezaugarritzat zabaldu nahi dutela dialogo-aren ideia euskal gizartean, zeren eta honela mintzo baitira idazkian:
Statkraft y KREAN proponen un nuevo modelo […] con el diálogo en el centro de sus proyectos.
[Akordioarekin] se inicia así una nueva etapa para los proyectos eólicos en Euskadi. Con la iniciativa de Statkraft y KREAN, los proyectos buscan dialogar e integrar a la sociedad para que los impactos sean los adecuados, la propiedad sea compartida, y el consumo sea local.
Zoritxarrez, serial honetako kapituluren bat galdu ez bada behintzat, Aramaioko herriak ez du orain arte “dialogo” delako hori inon ere ikusi eta bai, aldiz –eta hasiera-hasieratik, gainera–, prepotentzia ikaragarria eta proiektu eolikoen inposaketa itsua Statkraften aldetik. Aramaioarrak, lekuko.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Aurrerantzean, baina, konpainia elkartu berriek “inpaktu positiboa sorrarazi nahi dute pertsonen artean” eta, diotenez, “era berezian ahaleginduko dira proiektu eolikoak ulertuak eta gizartean integratuak izan daitezen”. Hemendik aurrera, bada, dialogoaz baliatuko dira hori lortzeko eta aerosorgailuak lasaitasunez eraikitzeko.
Edo bestela esanda, Statkraft-KREAN bikotea oso kezkatuta dago proiektu eolikoek sorrarazi duten eta sorrarazi dezaketen oposizioagatik eta ezinbesteko iritzi diote azpiegitura horiekin kalteturik gertatuko diren udalerrien eta jendearen onespena lortzeari. Hortik, hain zuzen, “ulertuak” eta “gizartean integratuak” izateko duten premia eta dialogatzeko grina, ez dute-eta eolikoen eraikitze-lanetan hasi nahi gehiegizko kontrakarra izanik.
Premia horretatik etorriko dira gero propaganda-kanpainetan eskainiko diren mezuak eta argudioak, nonbait ez beti zintzoki informatzaileak eta desinteresatuak.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Guztiarekin ere, bi ideia nagusi azpimarra litezke komunikatuan:
– Statkraft-KREAN-ek Poligono eolikoen garapenerako eskainiko omen duten eredu “berrian”, EAE osoan diharduten energia-kontsumo handiko industriak eta enpresak izango dira protagonistak, bai kontsumitzaile pribilegiatu gisa eta bai negozio eolikoaren partaide edo jabekide modura. Administrazio publikoarentzat ere izango omen da tokirik.
–Proiektu eolikoen agente mehatxatzaile diren heinean, inguruetako “hiritarrei” ere honelako goxoki atsegingarriren bat luzatuko zaie larregi desmadratu ez daitezen: proiektu eolikoen onuraz konbentzituak izateko kanpainak jasoko dituzte, komunitate energetikoei buruzko informazioa erraztuko zaie, etab. Hori bai: ez dute proiektu eolikoetan jabegorik edota kudeaketa-partaidetzarik izango, ez eta energia kontsumitzeko tratu pribilegiaturik ere ezagutuko. Beraz, azpiegitura eolikoen lan, zamalan eta ustiaketa guztien jasaile huts izango dira eta, aldi berean, argindarra Abadiñotik bueltan ekarriko dien konpainiaren bezero pairakor. Horixe izango dira industria-poligono eolikoa eraikitzen bada. Hori guztia (!) eta hori baino ez.