Ustezko zehaztapenak Aramaioko Parke Eolikoaz

Berezko ei duen gardentasun-politikari segituz, Statkraftek oraindik ez du Aramaioko Parke Eolikoaren berri zehatz gehiagorik argitaratu. Informazio eta balorazio gehienak, beraz, han-hemen azaldutako datuetan baino ezin dira oinarritu.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ezagutzen diren planoen arabera, Parke Eolikoa paralelogramo baten formarekin irudikatua dago (5.000 metroko luzera eta 1.800 metroko zabalera) eta 900 hektarea inguruko lur-hedadura “birtual” hartuko du. “Birtual” hitza esatean, argi izan behar da ez garela irudikoa bezalako lurralde lau batez ari, esparru menditsu batez baizik, eta planimetria-kontutan sartu gabe ere, Parkearen hedadura erreala –UTM Proiekzioak ezin erakutsi ditzakeen erliebe-azaleraren gorabeherak tarteko– askoz handiagoa izango dela, izatez.

Irudian agertzen denaren arabera, enpresa norvegiarrak Parkearen erdialdean kokatu nahi ditu zortzi aerosorgailuak (Eskoriatzakoa barne), ekialdetik mendebalderaino doan mendi-lerroan (haien arteko bideak berdez margotuta planoan). 

60,4 MWko potentziakoa (157,3 GWh/urteko), teorian 30 bat urte irauteko pentsatua dute Parkea, nahiz eta, epe horren amaieran, “birgaitu” eta egokitu ahal izango duten, beste hainbat urtez ekoizten jarrai dezan.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Agerikoa da bi lurralde-mota bereiziko direla Parke Eolikoaren erdigunean eta, ondorioz, ekonomikoki ere bi tratamendu desberdin egokituko zaizkiela: alde batetik, aerosorgailuak jasoko dituzten esparruak daude eta, bestetik, bideak, pistak, zangak eta bestelako obrak jasan beharko dituztenak. 

Espropiaziorik edo salmentarik gertatzen ez bada behintzat, aurreneko lurren jabeei alokatze-saria ordainduko die Statkraftek urtero, diru dexente normalean. 

Gainerako azpiegitura (pistak, zangak…) jasan beharko duten jabeek eta babes-eremutzat har daitezkeen lurren jabeek, berriz, konpentsazio ekonomiko bakarra jasoko dute sortutako kalteengatik eta igarotze-zortasunagatik. Horretaz gainera, gauza ziurra da Statkraftek jabe horien konpromisoa exijituko duela lur horietan bestelako enpresen aerosorgailurik, eraikuntzarik, dorrerik edota trabarik kokatzen utzi ez dezaten.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Parke Eolikotik kanpo egon arren, azken horien antzeko kasua izango da argindarra Abadiñoraino eraman ahal izateko dorreak jartzeko erabiliko diren lurraldeen jabeena. Gehienetan landa-lurra izaten da horretarako baliatzen dena eta jabeek behin bakarrik jasotzen dute konpentsazioa.

132 Kv-ko linea elektrikoa (Aramaio-Abadiño), urdinez

Hori bai, 132 Kv-ko hariteria elektrikoa izango denez, dorre garaiak egokituko zaizkie argindarraren ibilbidea ziurtatzeko (sei-zazpi pisuko etxea baino altuagoak, oro har), eta linea guztiaren azpian 20 metroko zabalera izango duen zortasun-eremu bat utzi beharko dute beti erabilgarri. Zabalera horretan ezin izaten da zuhaitzik landatu, jakina.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Energia eolikoaren historiak erakusten duenez, probabilitateen artean sartzen da Statkraft dagoeneko lur batzuen jabeekin negoziatzen ibiltzea, batez ere aerosorgailuen kokagune izango direnen jabeekin egindako akordioak asko erraztuko lukeelako gero administrazioen baimenik zailenak ere eskuratzea.

Kategoria: Aerosorgailuak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude