
0.- Martxelo Otamendik besterik uste duen arren, analisi berriak nekez egon daitezke sobran euskararen egoerak kezkatuta bizi-edo garen askoren iritziz, orain arte ehundutako diagnostiko gehienek “itxaropena ez galtzera”, “hamar urtetan 300.000 euskaldun gehiagoz” erdituko garela amestera eta “ez dakienak ikasi behar du” mezuaren ildoko jokamolde indibidualistetara bideratzen baikaituzte.
1.- Momentuz, eta diagnostiko berriak etorri bitartean, “oldarraldiak” gora eta “oldarraldiak” behera ari gara hemen, horrela jokatuz euskalgintzaren lema behar adina zuzendu ahal izango bagenu bezala, eta azken boladako zartako judizialek aldikako gertakariekin zerikusi gutxi dutela ohartu gabe. Horiek ez dira, izan ere, lehenago suertatu ohi ziren zorizko txingor-erauntsi bakanak bezalakoak, azpian norabide ongi markatuarekin mugitzen den magma batetik azaleratutako sugar-jario bortitzak baizik. Euskaldungoaren biziraupenerako ezinbesteko diren hizkuntz eskubideak pausuz suntsitzen dituen magmaz ari gara, eskubideen urraketa sistemikoa eta sistematikoa pausatu gaberik elikatzen duena. Egoera definitzeko orduan, zalantza bakarra da ea euskaldunok zeharo asimilatuak izateko azken bortxaketa-txanpan ote garen jada, epe ez oso luze batean geure buruak arras frantses eta espainol bilakarazita uzteko.
Diotena diotela, gizatalde bat nortzen duen aterpe nagusia zeharo erauztea da haren hizkuntza propioaren erabilera oztopatzea, hizkuntza ezabatze-bidean jartzea, hura ostea…, eta hein berean, hizkuntza aloktono batez ordezten jardutea. Horrela burutu ohi da hizkuntz komunitate gutxiarazi ororen asimilazio-prozesua. Eta ikusi nahi ez badugu ere, euskararen termometroak ez du besterik islatzen.
2.- Gure harrokerian, wikipedian aurkitu bide dugu euskaldunok euskararen lurralde “hegemonikoa”, beste hizkuntza askoren aurretik jarri eta lasaitu egiten gaituen milioi erdi testu baitugu euskaraz bertan. Gainerako esparruetan (berdin dio zein edo nola aipa: hiri, herri, auzo, eskualde, komunikabide, administrazio, erakunde, osasun-arlo, zerbitzu, industria, merkatalgo, finantza, banka, kultura, kirol…) deus ez gara hizkuntzaren ikuspuntutik. Ezta, tamalez, gure(ago) generitzen familian eta hezkuntzan ere. Elebidun eta, are, elebidun ulerkor bilakatu gaituztelako nonbait, esparru guztiak laga dizkiegu erdarei. Espazio oro irribarre goxoz eta bihotz zabaltasun leloz laga, eta orain ezin inon arnasa hartu ahal izateko oxigenorik geureganatu.
Hori horrela, oker genbiltzake judikaturetatik datorrena ere alboetako Estatuen estrategia asimilatzailearen beste pausu bat dela ikusiko ez bagenu, ez oldar koiunturala edo “aldi” batekoa.
3.- Jon Urruxulegik berriki gogorarazi moduan, euskalduna ur irakitan egosi nahi den igela bezala tratatzea da estrategia “demokratiko”-aren gakoa. Metafora psiko-sozial horren arabera, igelak berehala egingo luke alde eltzetik ura azkar berotuko balitzaio. Ura astiro-astiro berotzea litzateke, hortaz, igela egostera iristeko bidea, odol hotza urarekin batera epelduz lihoakiokeenez, ezer nabaritu gabe iritsiko bailitzateke irakite-puntura.
Zientifikoki egia ez bada ere, baliagarria da metafora gisa gizakiok aldaketa larriak nola onartu ohi ditugun azaltzeko.
Ildo horretan, itxuraz epelak (hots, ikusezinak edo igarrigaitzak) diren aldaketak jasan behar izan ditu euskaldunak urtetan barrena bere igelontzi mugatuan, betiere gizarte-normaltasunaren aitzakiapean, ezin saihets daitezkeen mass-media arrotzen bitartez, mugarik onartzen ez dituen kapitalismo neoliberalaren eta globalizazioaren eraginez, etab. Orain, ustezko “oldar-aldiak” medio, igelontziko uraren tenperatura irakite-punturantz hurbiltzeko berotzeari ekin zaio, Estatu-estrategiaren adarrek argi baitute egoera berrietarako espero izaten den ohitze-prozesua jadanik aktibatua dugula euskaldunok geure baitan. Erreakziorik eza edo eskasa eta pasibotasuna sorrarazi ohi dituen ohitze-prozesu klasikoa, hain zuzen bestelako esparruetan ere atzematen dena (aldaketa klimatikoa dugu egun hurbilena eta larriena).
Agerikoa da azken boladako erabaki judizialen berrien errutina nolabaiteko inpotentzia, asperdura eta indarren ahultzea ekartzen ari zaizkiola euskaldungoari. Eta, ondorioz, aipatutako “ohitze”-az batera, gainezartzen ari zaion eszenatoki berrira egokitzeko premia ere eragiten diola pizkanaka. Litekeena da, aldaketa klimatikoarekin gertatu legetxe, “hizkuntz aldakuntza” ere azken muturrera iritsi arte jasatera egokitzen joatea…, erreparatu gabe igelontziaren berotze geldo hori amaitu artean beste hizkuntza batek/batzuk dizkiotela burmuinak higatuko eta mihia marruskatuko.
4.- Estatuek badakite ongi ereinda dutela estres (edo areago, etsipen) psikologikoa eta soziala euskal alorrean. Eta horretaz baliatzen segitu asmo dute, noski. Okerragoa da, ordea, euskal jenderik hautuenek, abdukzioren bat medio seguruenik, tentelkeria tipiko-topikoak jaurtitzen eta esparru militanteenetan zabaltzen dihardutela ikustea. Nork ez du entzun/irakurri, esaterako, “elebitasunaren aberastasuna” izanik, inolako hizkuntz mehatxurik ez dela hemen? Edota, ezer egotekotan, urruti dugula euskararen ordezkapen-arriskua eta denboraz gabiltzala oraindik —bidegurutzean gaudela, diote batzuk— arazoari aurre egiteko? Nor ez da eklipseari miraz begiratzen geratu hainbatek, alboetako Estatu-konstituzioen aurrean ez ikusiarena-edo eginez, gure mintzairaren ofizialtasunaren estatus juridikoa blindatu egingo dutela diotenean?
5.- Duela zenbait urte amildegiaren ertzean geundela esatera ausartu zen hark orain beldur gabe erantsi liezaioke esaldiari ordudanik hamaika pausu egin dugula aurrera.
Harira dator “klimaren mehatxu apokaliptiko”-az mintzatzean erabili izan den marrazki bizidunetako katu edo koioteen irudia, amildegiaren hegia atzean utzita airean korrika segitzen dutenena. Haien antzera, une honetan euskaldunok ere erroitz-muturretik aurrera segitzen dugu ariniketan, konturatu gabe oinen azpian jadanik zorurik ez dugula, airean ari garela. Marrazkietan, egoeraz ohartzean hasten da katuen erorketa, ez lehenago. Gurean bezalatsu, ziur aski: orain arte ez gara ohartu bukatua zaigula “bide-gurutze” irmoaren gaineko plazer masokistaz gozatzeko zoria eta, besterik desiatuko genukeen arren, amildegitik behera erortzen hastean aurkitu dugun heriozko gurutze-bidean jardutera kondenatuta gaudela gure behialako nahi eta borondatearen kontra.
6.- Horrela egonda, egoerak, hitzak, kontzeptuak eta diagnostikoak nahasteak eta mozorratzeak ez digute ezer konpontzen. Halere, eta nola ez dakigula, hemen gaude amildegiaren hondoa ezkutatzen diguten milioi bat euskal (erdi-)hiztun zenbakaitzekin kontsolatzen, artikulatu ezinezko hizkuntz komunitate fiktizioaz jarduten eta gure hizkuntz Doomsday Clock delakoan oraindik gauerdirako pare bat ordu faltako balitzaigu bezala jolasten.
Onartu nahi ez badugu ere, gure hizkuntzaren amildegi-hondo horretan asimilazio-prozesu zabal baten amaiera besterik ez bide dugu aurkituko, inora itzultzen uzten ez duten zoru trinkoa eta aterpe itsaskorra, nonbait ditugunak baino bizitza, baliabide eta perspektiba errazagoak, erosoagoak eta emankorragoak eskainiko omen dizkigutenak. Eta gure lurralde, hizkuntza eta kulturarekiko atxikimendu probintzianoa gaindieraziz, unibertsaltasuna ezagutzera eta dastatzera eramango ei gaituztenak.

7.- Amildegiaren hondora bitartean, dena den, sakon eta azkar pentsatzeko, baloratzeko eta neurri erabakiorrak hartzeko balia genezake bidai denbora laburra, guk praktikan lortzen ez duguna munduko bestek erreferentziatzat izan dezaketen diagnostikoen maila teorikoa aberasteko balio baitezake apika.
Etorkizuneko kongresuetarako ekarpen preziatu hori zehazterik ez bada ere, inori ez lioke gaizki egingo haietako hainbat gairi buruz hausnartzeko ausardia erakutsiko bagenu. Honako zazpi-zortzi hauetaz, besteak beste:
-ea zenbateraino bereizten ditugun bestek egindako ekarpenak eta inork abian jarritako akulturazio-prozesuak.
-ea noraino gure egungo egoera hau hizkuntz gatazka larri baten bilakaeraren amaiera-muturtzat uler daitekeen eta, baldin hil-ala-bizikoa bada, noraino ireki litzakeen horrek hiztun-komunitate desberdinen bizikidetza zoriontsurako ateak.
-ea noraino den onesgarria Konstituzioek euskarari ematen dioten estatusa, baldin aldi berean bere Herrian hutsaren hurrengoa izatera kondenatzen badute.
-ea zergatik gatazka- eta normalizazio-estrategiak irudikatzean ezin diren aintzat hartu eskuarki xake-jokotik at utzarazten zaizkigun garrantzi gaitzeko faktoreak.
-ea noraino bizkarrera dakizkiekeen zirkulu mugatuetan bizi diren norbanako xumeei egiturazko behar luketen ardurak, erantzukizunak eta konponbideak.
-ea zenbateraino euskararen normalizazioaz kezkatzen omen diren erakunde eta bitartekari politikoek, interes partikularrei muzin eginez, ezer funtsezko eta erabakigarri burutu lezaketen inoiz.
-ea hiztun aloktono izateko erabakia hartua duten biztanleek noraino lagun dezaketen bolondreski hizkuntza autoktonoaren normalizazioan.
-ea historikoki non irabazi den hizkuntz gatazka bat irribarre batez, enpatiaz eta sinpatikoak izaten.
Zeinahi ere den amiltze-bidaian burutu hausnarketen emaitza, gogoan hartu beharko genuke guk ez dugula katuek omen duten zazpi aldiz bizitzeko aukerarik.
