
Jakin berri da Suitzak biztanleria-kopurua hamar milioira mugatzeko proposamena erabakitzeko erreferenduma burutu asmo duela ekainean. Arrazoia? Eskuinekoa den Volkspartei suitzarra beldur omen da eztanda demografiko batek zerbitzu publiko eta sozialetan, etxebizitzen eta alokairuen mugimendu eta prezioetan eta beste hainbat esparrutan izan lezakeen eraginaz. Begien aurrean izan dute, halaber, azken hamar urteotan Suitzako populazioa %10 inguru hazi dela Europar Batasunekoa %2 baino gutxiago areagotu bitartean, eta gaur egun populazioaren laurdena osatzen duen immigrazioa izan dela hazkundearen faktorerik garrantzizkoena.
Espero izatekoa zenez, ideologiakide diren enpresariak eta finantza-sektoreak ere agertu dira eskuineko ekimenaren aurka, immigraziorentzako hesia litzatekeen mugatze horrek ekonomiaren geldialdia ekarriko luke/lieke-elako atzetik. Eta ongi asko dakite zertaz ari diren inpaktu latz horretaz dihardutenean, ez baita sekretua sektore horiek direla hurrengo urteetako panorama ekonomikoa sakonen aztertua eta zorrotzen kalkulatua dutenak.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Zail da jakiten, noski, zer-nolako bidea segituko duen Euskal Herriak etorkizun labur-luzean, baina badira gurean, hala-holako futurologorik ments ez dugun arren, horrelako aurreikuspen demografikoez diharduten ikerketa serioak. Horietako bat aurki daiteke Siadekok 2025ean, UEMAren enkarguz, Hego Euskal Herriaz burututako proiekzio demolinguistikoan (“Norantz doa Euskara?”). Haren arabera, biztanle-kopuru bertsua izango da 2026an (2.908.545 biztanle Hegoalde osoan, haietako 684.881 Nafarroan eta 2.223.664 beste hiru lurraldeetan) eta 2036an (2.981.776 biztanle). Desberdintasun kualitatibo-kantitatibo esanguratsuena ziurrenik honako hau: 2036an 65 urtetik gorako ehun eta berrogei mila biztanle gehiago izango direla 2026an baino. 834.023, guztira.
Hamar urteko epe horretan, bestalde, penintsulatik kanpoko 200.000 etorkin (haur zein nagusi) gehiago jasoko omen dituzte lau lurraldeok, etorkintzat hartutako horiek guztira biztanleriaren %23,2 osatuko dutelarik. Badirudi, aldi berean, estatu espainoletik etorritako “atzerritarren” kopuruak beherantz egingo duela (2026an baino 125.000 inguru gutxiago), biztanleriaren %10,4an geldituz. Orotara, edonola ere, milioi bat izango bide dira 2036an Hego Euskal Herrian jaioak ez diren “atzeak” (%33,6).
Ia proiekzio hori bezain sotilak agertzen dira CONFEBASK-ek 2022an Euskadi delakorako aurkeztu zituen aurreikuspenak. Haien arabera, hurrengo 20-30 urteetan milioi erdi etorkin besterik ez litzateke beharko hiru lurraldeotan: belaunaldi-erreleburako 237.000, hazkunde ekonomikoa sustatzeko 177.000 eta, “hemengo ekonomiak Estatuan zeukan tamaina errelatiboa berreskuratu” nahi izango balitz, beste 140.000 gehiago.
Horraino langile-premiaren inguruko aurreikuspenak. Kontua da enpresa-mundua, esan bezala, langilez ari zela hori zioenean, hots, lan-mundurako 554.000 etorkin/langileren beharraz. Ez zuen aipatzen langile horiek, logikoa-edo den bezala, harrera herriaren biztanleria areagotzen duen familia eraman ohi dutela lehenago edo beranduxeago. Alegia, kalkulu xumeak erakutsi legez, milioi eta erditik gorakoa izan liteke begiratu beharreko etorkin-kopurua, etorkin langile bakoitza, batez beste, hiru ahaideko familia-unitatea osatuta iritsi ohi dela aintzat hartuko balitz (aita-ama-haurra, adibidez).
∞∞∞∞∞∞∞∞
Erantsi beharrik ez da enpresa-munduak eginda dituela bere kalkuluak eta horretan saiatzen eta xedeak betetzen segituko duela aurrerantzean ere buru-belarri. Ezin jakin, atizitik, gauza publikoaz arduratzen lehena izan beharko litzatekeen Administrazioak begiradaren bat emateari ekingo dion populazio-hazkunde itzel horrek hezkuntzan, osasun-arloan, zerbitzu sozialetan, bizitzeko azpiegituretan eta bestelakoetan izango duen eraginari. Ahaztu gabe, noski, etorritakoen integrazio-eskaintzan sortuko diren premia berriak eta euskaldunon hizkuntzaren normalizazio-bidean azalduko diren oztopo gaitzak.
Lan larria begien aurrean, beraz.
