Haize-hipotesien artean hegan

Agur esan berri die Statkraftek Erkidego honetan burutu asmo zituen bi poligono eolikoei. Urtarrilean, Trantzizio Ekologikorako Ministeritzaren ukoa jaso zuen Aramaio-Eskoriatzan eraiki nahi zuen “Itsaraz” poligonoak, eta zazpi hilabete beranduago Eusko Jaurlaritza izan da Azpeiti-Zestoa-Errezil-eko “Piaspe” izenekoari debekua luzatu diona.

Berriak jasotakoaren arabera, “Piaspe” proiektuaren kontrako arrazoi nagusiak hauexek izan dira: “mendialde horrek ingurumen sentiberatasuna duelako eta hegaztien ugalketarako funtsezko gunea delako”.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Fauna eta Flora Zerbitzua izan da sai zuri, sai arre eta miru gorriak bezalako hegaztien ugalketari eta babes handiko beste hegazti eta saguzar batzuei aerosorgailuek eragin ziezaieketen afekzioaren azterketa —azterketa, finean, erabakigarria— burutu duena.

Harrigarriro, Ministeritzak arrazoi bertsuengatik debekatutako Aramaio-Eskoriatzako “Itsaraz” poligono eolikoari buruz informatzean Gipuzkoako Foru Aldundiak ez zuen inolako afekziorik aurreikusi, ez eta kalte-arriskurik ere berari zuzenean zegokion Aizkorri-Aratz parke naturalean.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Erabakiak erabaki, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren debekatze-jokabide horrek beste hipotesi maltzurragoren bat ehuntzera ere gonbidatzen du tamalez, ezin baita ahaztu Statkraften bi poligono-proiektuak Urkullu lehendakari ohiaren exekutibaren apostu izan zirela estrategia energetikoaren esparruan, apostu larria eta betiere Erkidegoko bi partidu nagusien babesa eta hainbat enpresa handiren ametsak erakarri zituena.

Politika-arloko konspirazioez gozatzen duen edonork susma lezake, beraz, irteera “duina” baino ez zaiola eskaini nahi izan Statkrafti azken debeku-erabaki horren bitartez. Statkrafti eta, bidenabar, nola ez, Eusko Jaurlaritzak bere buruari. 

Pentsatzekoa da, izan ere, “Itsaraz”-ek erreka jotzean jadanik negozio erraldoia murriztuegia geratzen zitzaion konpainia norbegiarrak (60 milioi euroko 60 MW-ko proiektuaren porrota!) ez zuela “Piaspe”-rekin bakarrik segitzeko interes larregirik. 

Bestalde, politikoki ere gogorra zitzaion Jaurlaritzari liluratua zeukan proiektua hiru hegazti madarikaturengatik bertan behera geratzen zela ikustea. 

Zer guztiontzat hoberik, bada, “Piaspe”-ren kontrako inpaktu-adierazpen tekniko-ekologista bat luzatzea baino? Duintasunez alde egiteko alfonbra gorria jartzen zaio Statkrafti eta, aldi berean, ingurunearekiko sentiberatasun berezia duen erakunde gisa geratzen zaigu Jaurlaritza.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Hipotesiak horrela, Aramaioko saiek eta belatzek ez dute jakin nahi orain zer-nolako inpaktu-txostena luzatuko ote zaion leku berera hurbiltzen hasi den ALERION SPAIN S. L. enpresaren proiektu eolikoari!

Proiektaturiko poligono berriaren erpinak adierazten dituzte uztai zuriek

Hasieran, diotenez, bosna MWeko bi aerosorgailu txiki besterik ez dute eraikiko. Inoren gogoa asetzeko gutxitxo, seguruenik. Akaso aurrerago aerosorgailu gehiago. Eta agian, gero eta handiago eta birpotentziatuago…, zeren eta proiektu berriak duen izenak («Clúster de parques eólicos Subero y Durakogain») nekez ezkutatu baititzake aeorosorgailu-gose eta desira aseezinak.

Baina nork jakin hori?

∞∞∞∞∞∞∞∞

Bitartean hiru lurraldeotako hegaztiak Anbototik Aizkorrirantz hegan, etorriko ei zaizkien aerosorgailu-palak saihesten ikasi guran!

Kategoria: Aerosorgailuak, Hausnarrean. Gorde lotura.