Gaurko egunean, uztailak 30, Ministro-kontseilu espainiarrak H2Med izeneko sarearen eraikitze-lanei ekiteko baimena eman dio estatuko gas-sistemaren kudeatzailea den Enagas enpresari. H2Med delakoa hidrogeno berdea garraiatzeko sare europarra izango da azkar baino azkarrago (2030erako, antza) eta gaurko Ministro-kontseiluak emandako baimena estatu espainolari dagokion hoditeria-zatia eta konexioak (Portugalekin eta Frantziarekin) eraikitzen hasteko da.
Argi da, beraz, ez diotela jaramonik egin nahi izan iaz (2023ko martxoan) Greenpeace eta Fundación Renovables erakundeek kaleratu zuten Desmontando el hidrógeno: H2MED, coartada para una falsa transición energética txosten serio eta sakonari. Ondorio berdina izan du, halaber, urrian Europako hamaika erakundek eta politikarik High Level Decision-Making Meeting delakoan bilduta zeuden Europar Batasuneko 27 gobernuen ordezkari eta goi-karguei zuzendu zieten gutun larriak (gutunaren gaztelaniazko laburpena hemen).
∞∞∞∞∞∞∞∞
Ministro-kontseiluaren baimenak hidrogeno berdea biltegiratzeko, kanalizazioaren mantentze-lanez arduratzeko eta hidrogenoaren garraio-zerbitzua abian jartzeko atea ere ireki dio Enagas-i (honatx Enagasek hidrogeno berdeaz inbertsore eta akziodunei eskainitako espainiar ikuspegi zoriontsua).
Gauzak horrela, nabarmentzekoa da guri, euskal herritarroi, hurbilegi geratuko zaigula hidrogenoaren biltegiratzea, jadanik aurreikusita dituzten bi biltegi erraldoietatik lehena Kantabrian eraikiko baita (H2 storage North-1) eta bigarrena Euskadi izaneko erkidegoan (H2 storage North-2). Biltegiak, antza denez, Añana Gesaltzan edota Leintz Gatzagan dauden egitura geologikoak bezalakoetan atondu behar dira, izan ere, hidrogenoa unibertsoko molekula diatomiko txikiena izatean, oso emana baita edozein poro edo zirrikitutatik ihes egitera eta, bestela, metalak hondatzera. Biltegiratzeko egokienak, hortaz, lur azpiko gatz-barrunbeak eta haitzuloak.
Ezaguna da iragan azaroan esleitu zitzaiela hainbat enpresari H2Salt proiektuaren burutzapenerako diru publikoa(milioi eta erdi euro), xedetzat honako hau jarri zutelarik:
Desarrollar un sistema de gestión integral para el almacenamiento de hidrógeno en una caverna salina y determinar su viabilidad técnico-económica para proyectos industriales.
Eta zitezkeen mesfidantzak uxatzeko, oso gutxi garatua baita hidrogenoaren lurpeko biltegiratze-teknologia, honako eginkizun hau jarri zioten proiektuari:
El proyecto H2Salt va a enfocarse en investigar, entender y generar conocimiento de los diferentes ámbitos críticos identificados en el almacenamiento subterráneo de hidrógeno en cavernas de sal: características de las formaciones salinas, la evolución del gas almacenado en el subsuelo, fenómeno de fragilización, agrietamiento y fugas, parámetros como caudal, presión o pureza del H2, o requerimientos mecánicos y de diseño de los sistemas tubulares y elementos auxiliares de la caverna. Así, el consorcio podrá anticiparse a sus necesidades en lo referente a componentes y equipos. Además, también desarrollará sistemas de inyección y extracción de hidrógeno y elementos auxiliares, planteando nuevas soluciones tecnológicas para el almacenamiento de hidrógeno en estas cavernas.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Inori ez zaio ezkutatzen, bestalde, aipatutako bi biltegi erraldoi horietako hoditeria Bartzelonara iritsi ahal izateko euskal lurraldeak iragan beharko dituela ezinbestean. Baina kontuak kontu, une honetan inork ez du, grosso modo bada ere, “Cornisa Cantábrica” eta “Valle del Ebro” direlakoen arteko bidea. Susma daitekeen gauza bakarra da, zeharka edo zuzenago, Hegoaldeko eta Iparraldeko lurralde guztiak gera daitezkeela “ukituta” hamabost urteren buruan.
Hona 2030erako aurreikusia duten hidrogeno berdearen esportaziorako azpiegituraren irudia:
2040rako, aldiz, beste interkonexio bi burutuko dira Euskal Herriko lurraldeetan. Lehena, Cornisa Cantábrica izenekotik Valle del Ebro-ra doan adarrera lotua, Larrainerantz abiatuko da Irun zeharkatu ondoren, gero Bordele ondoko Cubnezais herrira iristeko.
Pirinioetan barna eraiki asmo dituzten interkonexioetatik batek –“Travesía pirenaica 1” izenekoak– Nafarroa osoa zeharkatuko luke, hegoaldetik iparreraino, Iparraldean satu aurretik:
∞∞∞∞∞∞∞∞
Badirudi, edonola ere, sare horrek Alemaniara eta Ipar Europako estatuetara garraiatuko duela Penintsulan ekoitzitako hidrogeno berde gehiena (bi milioi tona ekoiztea aurreikusia dute iberiarrek, hau da, Europan 2030ean kontsumituko omen denaren %10).
Alegia, energia-menpekotasunak gutxitzeko eta subiranotasunak eskuratzeko omen genituenak… Aturri ibaiaz harago bidaiatzeko prestatzen ari bide dira, askoz harago bidaiatzeko.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Harritzekoena da Alemaniak ez izatea gainerakooi hain larria iruditzen zaigun energia-menpekotasunaren eta -subiranotasunaren kezka, hidrogeno-kontsumoaren %70 inportazioen bidez lortzea espero baitute germaniarrek. Agian, Danimarkatik, Norvegiatik, Penintsulatik eta Kanadatik inportatua hasieran, eta aurrerago…. Zeren eta herrialde industrializatu zenbaitek (Suedia bide da salbuespena) argi dute askoz merkeagoa gertatuko zaiela hidrogenoa inportatzea ekoizten hastea baino, eta behin merkatura joz gero, komeni zaienetara joko dutela premien arabera. Alemaniarrek aspaldi kalkulatua dute, adibidez, Mendebaldeko Afrikan eros dezaketen hidrogenoaren prezioa (2,50 euro baino gutxiago kiloko) etxean ekoiztea baino errentagarriagoa izango dela (3,80 euro kiloko). Are gehiago, Alemaniak Kolonbia eta Aljeria ditu orain inportazioaren ikusmiran eta, hori gutxi bailitzan, Marokorekin ere sinatu berri du urteko 10.000 tona hidrogeno berde ekoitziko dion planta bat jasotzeko akordioa.
Bestela esanda, kostuak direla eta, ez dute dirurik xahutuko elektrizitatea beren herrialdeetara eramaten eta hidrogenoa bertan ekoizten, nahiago baitute prezio “egokiak” aurkitzea eta han urrun fotoboltaikoz eta aerosorgailuz josiko diren herrialdeetan erostea. Eta argi da arras “lehiakor” izateko prest egongo direla, esaterako, eredu neokolonial hau onetsi beharko duen Afrika (Egipto, Kenya, Mauritania, Maroko, Namibia eta Hegoafrikaren artean 2.000 kilotona hidrogeno berde ekoitzi asmo dute 2030erako), Txile, Kanada, Australia eta beste hainbat herrialde.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Bitartean ez da ez dakienik Europaren menpe ez egotea erabaki zuen Erresuma Batu menderakaitzak ere ez diola inolako beldurrik “energia-subiranotasun” delako hori galtzeari eta 2027an kanpotik hasiko dela kontsumorako energia elektrikoa etxeratzen. Alegia, ia lau mila kilometroko luzera izango duen itsaspeko kableatua egiten ari da (20.000 milioi eurokoa) Marokoren menpeko Saharan fotoboltaikoen eta eolikoen bidez sortutako 10,5 GW eraman ahal izateko. Xlinks Morocco-UK Power Project izenekoa 2030ean izango da guztiz burutua eta espero da Erresuma Batuko elektrizitate-kontsumo guztiaren % 8 asetzea, tartean 7 milioi etxebizitzen kontsumoa
EuroAsia Interconnector izeneko proiektua dela eta, Israelek, Txiprek eta Greziak ere datorren urtean bukatuko dute energia berriztagarria bideratzeko itsaspeko kableatua (1.500 km-ko luzera).
Italiak, bestalde, gasaz gainera (30.000 milioi m3), 9 GW-ko energia berriztagarria jasoko du Aljeriatik, itsaspean jarritako 270 km-ko kable baten bidez.
Guzti-guztiak energia-menpekotasunaren mehatxuaz ahaztuta, agidanez.
Eta gu, ile hauekin!