Dubaitik etorri diren albisteek argi utzi dute zein diren klima-aldaketari “aurre” egiteko estrategia-lerroak erabakitzeko guneak, protagonistak eta erritmo… bareak. Eta itxura duenez, ezer gutxi geratu zaie erabakitzeko gizabanako arruntei. Dubaiko akordioen arabera, izan ere, tarte gutxi eta maila txikikoak besterik ez zaie uzten oinezko xumeei jokatzeko, ez bada, esaterako, plastikozko poltsak ez erabiltzea…, plastikoaren industria petrokimiko amaiezinak itsasoak eta kostak plastikozko pinportekin kutsatzen dituen bitartean; nork bere teilatutxorako pare bat plaka fotoboltaiko jartzea, kotxe elektriko partikularra erostea, etab.
Diskurtsoetan, halere, jende guztia kontzientziatu eta konbentzitu nahi da funtsezko erabakien uhalak eskuetan ditugula pentsa dezagun. Egia da, orobat, aparteko deia ere egiten zaigula energia berriztagarrien aldeko ahaleginak eta jarrerak erakutsi ditzagun eta, berezi-bereziki, gure eskumenetik guztiz kanpo geratzen diren proiektu eta makroproiektuei inolako oztoporik jarri ez diezaiegun.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Klima-aldaketaren inguruko arazoek guztiok ukitzen gaituzte eta, oro har, ez da bide eta irtenbide txiki horietan ere saiatzen ez denik.
Desberdina da jendeak gobernuen eta enpresa erraldoien interesekoak diren makroproiektuekiko izan ditzakeen jarreren kontua: energia berriztagarrien esparruko ekimenak izan arren, erabaki autokratikoak, biodibertsitateari letozkiokeen kalteak, paisai hondamendiak eta beste tarteko, ez da hain erraza izaten jende xehearen atxikimenduak eskuratzea.
Baina horretarako daude, sari batekin edo besterekin konpentsatuta, bitartekaritza-lana egiten duten sektoreak, enpresak eta pertsonak. Gugandik hurbil sortu berri da, adibidez, horietako bat, Haizean izenekoa, Statkraft-ek Aramaioko mendietan eraiki nahi duen industria-poligono eolikoaren proiektua diskurtso ulerterraz baten bitartez zabaltzeko, sustatzeko eta, azken buruan, saltzeko diseinatua. Eta hain zuzen ere, poligonoaren jasaile izan daitezkeen biztanleak konbentzitzea dute eginkizun premiakoena, haiekin ezertarako kontatu gabe leihoen aurrean jarri nahi dizkieten aerosorgailu erraldoiei, ongietorririk ez bada, gutxienez harrera txarrik egin ez diezaieten.
Eta hor-han ari dira jo-eta-ke eta etenik gabe proiektuaren onurak goresten.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Tamalez, eta gogo txarrez bada ere –inork ez baitu inoren eta inongo aspaldiko harremanik ozpindu nahi–, komenigarria da mahaigainera ateratzea industria-poligono eolikoaren aldeko diskurtso horietan ezkutatzen den garrantzizko ñabarduraren bat edo beste.
Esate baterako, oso interes handia dago orain Aramaio Debagoienaren barruan dagoela nabarmentzeko, nahiz eta hori, stricto sensu, ez den horrela. Izan ere Debagoiena, indarrean dauden estatutuek adierazten dutenez, zerbitzu desberdinen kudeaketarako sortu den mankomunitatea da, zortzi udalerri gipuzkoarrek (Arrasate, Bergara, Oñati, Aretxabaleta, Eskoriatza, Antzuola, Elgeta eta Leintz-Gatzaga) osatua. Ezin uka daiteke ekonomiaren atal esanguratsu bat eta zerbitzu eta harreman asko datozkiola handik Aramaiori ere, baina, berez, zerbitzuez baliatzeko atxikia den herria baino ez da, ez osaeran parterik eta ez gobernu-juntan eskurik ere ez duena.
Are gehiago, aipatu diskurtsoetan gero eta maizago ikusten da “lurralde” hitza ere tartekatua Debagoiena formalak eta Aramaiok osatzen duten esparru geografiko zabala izendatzeko orduan, nonbait termino berri horrek, modu lauso samarrean izan arren, balio soziopolitiko handiagoa eta trinkotasun gehiago emango dizkiolakoan mankomunitatearen irudiari. Baina Aramaioren “lurraldetze” horrek izan ditzakeen konnotazioak ikusita, interesatuegia ematen du hitzaren erabilerak.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Hobeto ulertuko da esandakoa diskurtso horietatik hartutako adibideren batekin.
Tecnaliak Debagoienaz egindako ikerketa batean oinarrituta, Aramaioko poligono eolikoaren egarri diren artikulugile horietako batek ez du eragozpenik izan Debagoieneko dioxido-kutsadura osoa biztanleen artean ekitatiboki banatzeko, aramaioarrak ere barnean hartuta.
Ez dago zalantzarik Debagoiena formalaz aritu dela Tecnalia enpresa bere ikerlanean partaide ofizial diren zortzi udalerrien premiez eta erantzukizunez jardutean. Gure artikulugileak, ordea, Aramaio barne-hartzeraino zabaldu nahi izan du planteamendua, horrela, ustez, errazago iritsi zitekeelakoan asmo eolikoak asetzera.
Kontua da horrela jokatuta, 8,53 tCO2-ko isurketa egotzi diola aramaioar bakoitzari ere. Alegia, bat-batean ahaztu egin zaio zein izan den ikerketaren esparru formala eta non kokatzen diren Debagoieneko CO2 gehienaren iturburu nagusiak (industria: %43; garraioa: %37), eta, ondorioz, erregai fosilen dioxidoa kontzentratzen duten herrien kutsadura-aztarna berbera bizkarreratu nahi izan dio mankomunitatean eranskin hutsa baino ez den udalerri industrializatu gabeko bati (1.409 biztanle, 74 km2), zeina kasualitatez Debagoieneko karbono-dioxidoa ere garbitzen duten basoz eta larrez beteta dagoen.
Berdin esan liteke, eta aipatutako arrazoi berberengatik, energia-kontsumoak dakarren dioxidoaren isuriaz ere: nekez lepora diezazkieke inork aramaioarrei debagoiendarrei bizkarreratzen zaizkien batez besteko kontsumoak (35 Mwh) eta ondoko dioxido-isurketak (industriak guztiaren %50 eta garraioak %33). Eta, noski, ez dirudi oso gisako eta erazko denik isurketa horien erantzukizuna aramaioarrei bizkarreratzea, besteak beste, bazterreko biztanle horiek ez dutelako nola eta zertan xahutu horrenbeste energia, eta etxeak berotzen gastatzen duten apurra ere jadanik karbonoa amortizatua duen egurretik ateratzen dutelako.
∞∞∞∞∞∞∞∞
Baztertuxe dagoen Aramaioz ere pentsatuz “klima aldaketari lotutako helburuak lortu ahal izateko ezinbestekoa dela lurralde guztien inplikazioa” esaten duenak arrazoia eraman lezake planteamenduan, baldin eta aurrenik helburu, lurralde eta inplikazio horiek zer diren eta zertan dautzan zehaztuta balekar eta, segidan, arazo horrek zuzen ukitutakoek demokratikoki onetsiak izan direla ziurtatuko balu.
Horrexegatik, hain zuzen, erantsi beharko luke beste zerbait gehiago eta argiago hizpide dugun kasu konkretu honetan, espiritu maltzurrek oso gogoko baitute pentsatzea horrelako hitzen azpian, eta batez ere atze-aurrean bestelako interesak gurutzatzen direnean, gutxien kontsumitzen eta kutsatzen duen herriari pasatu nahi zaiola, naturala eta logikoa balitz bezala, erantzukizunik larriena, hots, industria-poligono eolikoa onartzearena eta denbora luzez jasan behar izatearena.
Nabarmena da, bai, Aramaio “lurralde” horretan “naturaltasun”-ez sartzeko dagoen interesa, nahiz eta, esan bezala, aramaioarren bataz besteko CO2 isuriak urrun baino urrunago eta baxuago egon Europakoen, Espainiakoen, EAEkoen eta Gipuzkoakoenetatik.
Eta berriro diogu: oso adierazgarria da “lurralde” kontzeptuaren intromisioa, gaineratzen ari zaizkigun praktika diskurtsiboetan definitu gabea eta lausoa izan arren, erabilgarritasun handikoa gerta dakieke-eta Aramaioko haize-poligonoaren aldezleei. Esan gabe doa “lurralde”-aren ideia horrek esparru bat, bakarra, “naturala” eta amankomuna eraikitzea duela xede, horrela errazago hedatu eta babestuko direlako barnean egosten uste diren bestelako interesak ere.
Jakina, asmatutako lurralde bateratu horretan azken iritsitako Aramaio Errauskin-i eskatzen zaio, naturaltasun osoz gainera, solidarioa, eskuzabala eta etsi onekoa izan dadila, berari omen dagokio-eta orain inplikaziorik handiena hartzea eta, besteak beste, biodibertsitatea, natura eta paisaia sakrifikatzea… “euskal ekonomiaren eta ingurumenaren mesederako”, noski.
Argudio horiekin berekin eraiki zuten bertan –eta harantxo oso bat hondatu– ekonomikoki EAE salbatu behar zuen AHT deritzona, eta argudio horiekin eta aerosorgailuen landaketarekin salbatu behar omen dituzte Aramaioko mendiek orain arazo ekonomikoak, energetikoak eta klimatikoak.
Zalantza-edo da, zalantza larria gainera, ea ez ote den beste zerbait izango industria-poligono eolikoaren aldezkariek salbatu nahi dutena.