Kantagintza ez dago modan

  1. egun igaro ditut Villoslada en Cameros-en (Errioxako herri galdu batean) skouteko gaztetxuekin. Hirugarren aldia da beraiekin noala udan eta urtetik urtera gehiago harritzen naute.Baina aurten, badago asko harritu nauen gauza bat: gaur egungo gaztetxuek (8-18 urte bitartekoak, horiekin egon naiz) ez dute kantuan aritzeko ohiturarik. Brometan hasi nintzen beste begirale batekin kantuan eta batzuk harrituta geratu ziren. Ez zituzten kantu asko ezagutzen eta hor hasi zen beraien galdeketa: non ikasi ditugun, nork idatzi ditu, zein da doinua… arratsalde oso bat euskal kantuan inguruan berbetan! Benetan, mamitsua izan zen.

    Hau ikusita, tartetxo bat neukanean hasi nintzen kantuak paperean idazten: Itziarren semea, Lepoan hartu, Markesaren alaba, Behin batian Loiolan, Aita-semeak, Insumisioarena, … bururatu ahala papereratu nituen. Batzuk ezagunak zituzten, beste batzuk lehen aldiz entzunak. Kanpamendu osoa pasatu dugu kantuan eta batzuk ikasi dituzte.

    Enkargatu zidaten kantutegi bat idaztea, fotokopiatu eta skoutean edukitzeko kantuak aritzeko. Hortan nabil egun hauetan: kantuak biltzen eta ordenagailuz pasatzen. Ia “ezarri” didaten lan hau zerbaitetarako balio duen eta urte batzuk barru buruz dakizkigun guztiak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

25 urte, bertsoa bitarte

Hori da Algortako Bertsolari Eskolak “ALBE”k ( www.albegetxo.net ) aukeratu duen leloa bere 25.urteurrena ospatzeko. Bide oparoa egin du bertso-eskolak gure herrian. 25 urte bertso-eskola batentzat asko da, batez ere eremu erdaldun batean kokatuta badago.

Euskaltegiko ikasleak, euskaltzaleak, inguruko ikastoletako ikasleak izan dira bertso-eskolako bezero bere ibilbidean. Euskaltegiko ikasleei esker mantendu zen bertso-eskola bere garai gogorrenean, orain berriz, “ikastola kumeak” gara nagusi. Jende ugari pasa da gure eskolatik, era eta pentsakera desberdinekoak, baina hala eta guztiz ere, familia handi bat gara.

Lan handia egin da bertso-eskola aurrera ateratzeko eta egindako lanak bere ordaina eduki du Algortako jaietan: aurten txupina jaurti dugu bertso-eskolako kideok. Herria bertsozaletu dugu: bertso-saioak, bertso-poteoak, bertso-tramak, bertsolaritza irakatsi herriko eskoletan, herri ekimenetan parte hartu, … Saltsa guztietan gaude.

Nork esango zien Andoni eta Trinori bertso-eskola honarte helduko zela? Hastapenetan duda barik sinatuko zuten gaur egun bertso-eskolak duen osasuna!

Urte askotarako ALBE!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

27a arte!

Bihar goizean banoa. Gogo handirik gabe, badakit ederto pasatuko dudala, baina ez dagoenean gogorik… Nahiko erreta noa, errudunak badakite nortzuk diren.

Gaur joan behar nintzen umeekin kanpamenduan, baina atzeratu dut lan batzuk lotu gabe nituelako. “Jai” eman didate egun bat eta bihar joango naiz umeekin borrokatzera. Beraz, 27a arte hemen ez da berrikuntzarik izango. Hortik aurrera kontatzeko asko egongo dela suposatzen dut.

Ondo igaro egun hauek eta bueltararte!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Guztiz alfertuta

Alfertuta nabil. Zail egin zitzaidan oporren martxa hartzea. Urte guztian zehar unibertsitatera, lanera, batzarrak, liadak, … Ezer ez edukitzeak egiteko nahiko estresatu ninduen.

Uste dut martxa ederto hartu diodala, aste makala pasatu nuen,baina beno, gaindituta dago. Goizetan Berria hartu eta terraza batean irakurtzen dut kafetxuaren konpainiaz. Goitik behera irakurtzen dut, ez dakit zeozertaz enteratzen naizen, baina ordu bete egoten naiz adi-adi. Ondoren bueltazka bat ematen dut auzotik eta inspiratuta banago hondartzararte noa pasioan.

Bazkaldu eta arratsaldean Algortara. Larunbatean umeekin noa akanpaldian eta hor gabiltza guztia prestatzen. Goizeko lasaitasuna arrastian zapuzten da bronka edukita bata eta bestearekin. Zer egingo diogu, kirioak dantzan ditugu guztiok larunbatean goazelako eta gauza asko lotu gabe daudelako. Ganorabakoak gara…

Bloga jarraitzen baduzue, konturatuko zineten egun hauetan ez daukadala idazteko gogorik. Kontatu behar dudan guztia badirudi kontatu dudala. Ez dakit, sentsazio arraroa daukat. Ordenagailu aurrean jarri eta ez zaizkit hitzak ateratzen. Bestalde, txarra den zerbait idazteko ez dut idatziko… Ai ama, zelako buruhausteak!

Jarraituko dut nire lasaitasun udatiar honekin, merezita daukat ez? Ez baldin badaukat merezita ere… horrela jarraituko dut!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Kriston martxa dabil!

San Fermin eguna, gaur hogei urte betetzen dira Joseba Sarrionandia eta IƱaki Pikabeak alde egin zutela Martuteneko kartzelatik bafle batzuen barruan.

Euskal Herriarentzat egun berezia izan zen, soilik 3 urte nituen gertatu zenean, baina askotan azaldu dit aitak gertatutakoa. Imanolek kontzertua eman zuen kartzela barruan eta hortxe sartu ziren bafleetan Sarri eta Piti, polizia aurrean ihes egin zuten askatasuna lortuz. Euskaldunak harrituta geratu ziren ihesaldiaz, oso ondo pentsatuta zegoen eta ederto atera zitzaien jokaldia. Biba zuek!

Erreboluzioa piztu zen Espainia aldean. Nola zitekeen bafle batzuetan ihes egitea? Kargudun asko bere postuetatik kendu zituzten. Atxiloketak egon ziren eta aipagarrienak Josu Landa eta Imanol kantariarenak. Euskal kultura eta gizartea beraiekin murgildu zen eta lortu zuten hauen askatasuna. Zaplasteko ederra espainiarrentzat!

Ihesaldi horren harira abesti bat sortu zen. Nork ez du dantzatu eta abestu Kortaturen Sarri, Sarri abestia? Beste abesti askorekin bezala Euskal Herriko ereserki bihurtu da. Oso ondo isladatzen da abesti horretan Martutenen gertatutakoa egun horretan.

Gaur egun, oso zaila da kartzelatik alde egitea. Dispertsioa puri-purian dago, orain urte batzuk bezalaxe. Espetxe politika geroz eta okerrago eta preso politikoak zer esanik ez… Baina beti edukiko dute euskaldunon babesa denaren gainetik. Herri hau guztiz aldrebestuta dago, baina… Ferminek zioen moduan: kriston martxa dabil!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Esait Eguna

Atzo Esait Eguna ospatu zen Algortako Portu Zaharrean “Euskal Herriko federazio nazionalak sortu, kirolariok prest!” lemapean. Giro bikaina egon zen, euskaltzale eta kirolari asko bildu ziren euskal selekzioen alde egiteko.

Saltsa guztietan nagoenez, hemen ere tokatu zitzaidan lan apurtxu bat egitea. Algortako Esait Taldeko kide bat ezagutzen dut, Enano, eta berak liatu ninduen. Goizean ikurriƱaren igoera aurkezten eta megafoniatik “txapada” botatzen. Nola ez, bertso-saioan hor ibili nintzen gai-jartzaile moduan, saio ederra.

Jende asko hurbildu zen Euskal Herriko txoko desberdinetatik beraien babesa ematera Esait-eri. Gehien harritu ninduena jende askok zeramala soinean hain ezagunak egin diren kamiseta zuri, gorri eta berdeak. Denak batera helburu bakar batekin: gure selekzioak ofizialak izatea.

Egun zoragarria atzokoa. Zorionak antolatzen ibili zinetenoi, badakit lan itzela egin duzuela jai hau ederto atera zedin eta lortu duzue!

BESTEAK BAI, EUSKAL HERRIA ERE BAI!
EUSKAL SELEKZIOAK AURRERA!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Urtea bukatu da

Urtea amaierara heldu da niretzat. Denontzat hasten omen da urtarrilean eta abenduan bukatu. Baina “ikasle” garenontzat, irailean hasi eta ekainean bukatzen da.

Urte gogorra izan da zentzu askotan, baina uste dut nota altuarekin gainditu ditudala bizitzaren gorabeherak, behintzat horrela helearazi didate bizitzaren katedratiko asko eta askok. Bizitzaren gorabeherak ikasgai zaila da, askok eramaten dute lur azpira gainditu gabe, beraz, suziriak botatzeko moduan nago.

Lanari dagokionez chapeau ! Oso gustora egon naiz eta helburuak soberan bete dira. Ikasketak, ingelesez esaten den bezala no comment , nire buruari agindu diot irailean gogotsu hartuko ditudala. Badakizue, ez dena urtean zehar egiten udan egin beharra dago. Irailean azterketak egingo ditut eta apurka-apurka aurrera aterako ditugu.

Ikasten hasi baino lehen egun batzuk hartuko ditut atseden. Hamabi egun joango naiz begirale nagoen gaztetxuekin mendira. Abuztuan, gauzak ondo badoaz, niretzat oso berezia den pertsona batekin igaroko ditut egun batzuk hemendik kanpo, deskonektatzeko.

Kurtsoa bukatuta, oporretaz goza dezagun, merezita daukagu eta!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Agur minbiziari

Ekainak 23, hamar hilabete bete dira amari esan zionetik minbizia zeukala bularrean. Gogorrak izan dira: ebakuntza, kimioterapia, radioa, froga desberdinak, …

Niretzat gogorregia, uste nuen askoz gogorragoa nintzela, baina kontrakoa ikusi dut. Egoerak gainditu nau, ordu asko pasa ditut negarrez pentsatzen zein izango zen ditxosozko gaixotasun honen amaiera.

Gaur joan da ama ginekologoarengana. Behintzat berri onak ekarri ditu: minbizia desagertu da eta urte bete barru bueltatu beharko da. Bost urte pasa arte onkologoak ez dio altarik emango, baina ez du axola. Gaitza joan da, guda irabazi du amak. Asko kostatu zaio, agian aita eta nik ez diogu eman behar beste laguntza. Ez gaizki pentsatu, baina askotan berarekin egon baino negarrez pasatu dugu denbora, berak ez ikusteko zeinen txarto pasatu dugun.

Amak berria eman digunean hirurok hasi gara negarrez, pozagatik. Orain momentua aprobetxatu beharra dago: carpe diem. Orain badakit ama ondoan izango dudala eta ez dagoela arriskurik galtzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 7 iruzkin

Eskerrik asko!

Aste osoan zehar bertso-saioak egiten nabil bertsolaritza ematen dudan zentroetan. Azken klasea izanda, zerbait berezia egiteko. Leku batzuetan agurtzea oso gogorra da eta hori gertatu zitzaidan ostiralean.

San Nikolas Ikastolara joan ginen saioa egitera. Nire buruari agindu nion ez nuela negarrik egingo, baina sentimenduek pertsonak gailentzen dituzte eta hori gertatu zitzaidan.

Saioa egin eta gero guztiak hasi ziren oihukatzen “Nahikari bota bertsue!” (bai bai “bertsue”, ez bertsoa!). Beraz, bertsoa bota behar… ona izan zen eta umeak pozik. Xabi Paiak hartu zuen gero bertsoa botatzeko parada, saioa ikustera etorri zen eta Algortan famatua eta ikastolako ikasle ohia denez… abestu behar!

Orduan etorri zen une kritikoa. Eskerrak ematera joan nintzen bi urte hauengatik eta ezin izan nion negarrari eutsi. Ume guztiak txaloka, oihuka… Ordu asko pasa ditut eurekin, gainera ikastolako horretako askoren begiralea naiz skoutean. Ez dakit, bereziak dira niretzat. Konfiantza asko dago gure artean. Bertsotan gozatu dute, zerbait ikasi dute eta niretzat garrantzitsuena: lagun berriak irabazi ditut.

Bertsolariek barre egiten zuten negar egin nuelako, baina urte batzuk barru irakasle hasten direnean, berdina gertatuko zaie. Beraie eskerrak eman nizkien, malko artean, baina hemendik ere eskertu nahi dizkiet bi urte hauetan bizitakoa. Apostu handia izan zen niretzat eskola hauek hartzea, baina uste dut gainditu dudala erronka. Batzuetan horrelakoak behar izaten dira, aurrera jarraitzeko. Bolada txarra pasatzen nago azkenaldian, baina horrelako oxigeno baloiak ondo etortzen dira.

Milesker San Nikolas, Zubileta, Erromo, Zabala eta Gobela! Zuek egin nauzue irakasle, zuek sentituarazi nauzue lehen aldiz bertsolari. Pena merezi izan du zuekin egoteak, zuek ikasi duzue, baina nik askoz gehiago.

ESKERRIK ASKO!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Bejondeizula Karmona!

Atzo irratian entzun nuen eta gaur egunkari desberdinetan irakurri dut: Karmona erretiratuko da.

Euskal futbolak utzi duen jokalaririk xumeenetakoa da Karmona. Inoiz ez dut ikusi hedabideetan berari buruz hitz egiten, beti taldeari buruz, taldearen helburuak, … Alavesekin lortu zuen 1.mailara igotzea eta UEFAko finala jokatzea. Sestaorekin ere igo zen 2.mailara, Eibarrekin hortxe-hortxe dauka erronka 1.mailara igotzeko.

37 urterekin erretiratuko da, baina oraindik badauka kemena eta indarra jolasten jarraitzeko. Bere erabakia da eta errespetatu beharko dugu.

Milesker euskal futbolari eman diozunagatik!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1