Asteburua Bakion

Asteburua Bakion pasatu dut skouteko umeekin. Ostiralean atera ginen Algortatik zazpietan eta zortzietarako bageunden aterpean guztiarekin antolatuta.

Garai honetan, urtero egiten dugu irteera hau. “Pase de ramas” deitzen diogu.Froga batzuk egiten dizkiegu eta horrela hurrengo adarrera pasatzen dira. Umeak banatuta daude adinari dagokionean:

– Koskorrak: 7-12 urte bitartekoak.

– Oinarinak: 12-14 urte bitartekoak.

– Azkarrak: 14-16 urte bitartekoak.

– Trebeak: 16-18 urte bitartekoak.

Ostiral gauean, afaldu, joku batzuk egin eta goiz joan ginen lotara, larunbata egun gogorra izango baitzen.

Goizean altxatu eta pista jokoa prestatzen hasi ginen. Istorioa egina zegoen eta geratzen zitzaigun bakarra zen begirale bakoitza zein tokitan jarriko zen froga desberdinak egiteko.

Errekan tokatu zitzaidan egotea. Kainabera batzuk egin genituen erratzen makilekin eta hor ibili ziren guk egindako makilekin arrainak arrantzatzen. Gauza da, arrain bakoitzak kolore bat zeukala. Urdina zeukanak arraultz bat eramango zuen buruan (ilearentzat oso ona da), horia zeukanak pista bat jasoko zuen eta moreak, berriz, txiste bat kontatu beharko zidan. Arraultzak bota nituen nahi beste!Jokua bukatu eta gero, denak bustita, ume zein begirale. Batzutan umeak baino txarragoak gara, zer egingo diogu!

Arratsaldean eta gauean jokuak egin genituen, baina onena etortzear zegoen. Begiraleak itxartuta geratu ginen eta hor hasi zen gure parranda partikularra. Errotulagailuak hartu eta umeei margoztu genien aurpegia. Zapatila denak hartu, bata besteari lotu eta balkoi batetik zintzilikatu genituen. Hurrengo goizerarte ez ziren konturatu.

Igandean guztia batu, froga batzuk egin adarrez pasatuko zirenei eta esan genien zeintzuk izango ziren urtean zehar beraien begiraleak. Aurten Oinarinetan egongo naiz Haizea eta Josurekin begirale moduan. Ia nola doan urtea!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Kaixo Goiena!

Gaur estreinatzen dut blog berria Goienan. Euskaraz idazteko hautua egin nuen aspaldi eta zer hoberik blog komunitate euskaldun bat baino?

Aurreko bloga, Nire begietatik, itxi dut. Aro berria hasten da, hemendik aurrera nire berri izango duzue hemen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 4 iruzkin

Egun handirarte, Jagoba!


Gaur Udalaitzen egon behar nintzen, ez pantalla honen aurrean, baina tendinitis batek etxean utzi nau.

Bi urte betetzen dira lagun bat galdu nuela Udalaitzen, Jagoba. Arrasaten hasi zen injenierutza ikasten astelehen baten, eta ostegun batean mendiak eraman zuen gure artetik.

Oraindik gogoratzen dut nola deitu ninduten berria emateko. Ez duzu onartu nahi gertatu dena, pentsatzen duzu Sanikora joango zarela eta kaletik topatuko duzula barrezka, oihuka, kontu kontari, … bera zen bezalakoa. Tamalez, ez dugu inoiz topatuko Algortako kaleetatik.

Nire asmoa bertso bat botatzea zen bere omenezko plaka jarrita daukagun lekuan, pasa den urtean bezala (Udalaitzera joaten bazarete, gurutzan azpian dago jarrita). Ezin izan dudanez, joan direnei olerki bat idatzi diet, han irakurtzeko.

Jada bi urte utzi gintuzunetik, bi urte, ez dugula elkar ikusten. Udalaitzen magalean, patuak eroan zintuen; oharkabean, ezbeharrez. Halare, badakigu, eguzkiak dis-dis egiten duenean Sanikon, Usategin, Arrigunagan,… gure herriko edozein txokotan, keinu horren bitartez, gu agurtzen zaudela. Jakintsuek, aspaldi esan zuten, benetako lagunak, ez direla sekula ahazten. Zurekin berdina gertatzen zaigu, Jago. Betiko egongo zara gurekin. Egun handirarte, lagun! Ez naiz olerkari iaioa, baina sentitzen dudana da. Zuretzat Jago! (Argazkia 2003ko Algortako jaietan ateratakoa da, txoznetan. Goiko lerroan hirugarrena da Jagoba ezkerretik hasita, elastiko gorria duena)

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 6 iruzkin

Udako Kanpamenduko argazkiak


Badakit nahiko berandu nabilela, baina badakizue informatika kontuetan ez naizela batere iaioa. Nahikoa kostatu zait flickr-en kontu bat irekitzea eta argazkiak igotzea apur-apurka. Ez daude guztiak, baina gehienak bai.

Tamalez, tarjeta bat izorratu da eta asko falta dira, baina zer egingo diogu! Askotxo daude eta asko eta asko barre egitekoak.

Aurtengo uda Villoslada en Camerosen igaro dugu, Errioxan. Uztailaren 16tik 27ra. Bero gehiegi izan dugu, baina uste dut pena merezi izan duela hara joateak. Ez ginen ume askotxo joan, 30 bat edo. Giroa bikaina eta nagusiak oso ondo portatu ziren (badakigu 16-18 urterekin nola ibiltzen diren batzuk).

Argazkiak ikusteko, hementxe klikatu: www.flickr.com/photos/nahikari

(Ikusten duzue argazkia, Aste Santu honetakoa da, Zugastietan)

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Animo Iñigo!

Asko erabiltzen dut messengerra adiskideekin hitz egiteko. Lagun batzuk ikustea ezinezkoa egiten zait eta gauetan beti hartzen dut tartetxo bat “mundua konpontzeko”.

Badakizue irakaslea naizela. Aixerrotako instian nabil DBH 3ko ikasle batzuri bertsolaritza irakasten. Teknologia berandu iritsi zitzaidan, baina gaur eguneko gaztetxoei nahi baino lehenago, nire uste apalean. Hango ikasleekin msn bidez hitz egiten dut sarritan. Beste egunean Iñigorekin hasi nintzen hizketan, 15 urte ditu eta hauxe izan zen elkarrizketaren zatitxo bat:-

-Gauza bat kontatu diezazuket?
– Ona ala txarra?
– Kontatu diezazuket?
– Bai, esan.
– Zure amak minbizia dauka ez?
– Bai, badauka.
– Ba nire ama atzo hil zen minbiziak jota.

Zuri geratu nintzen, ez nekien zer erantzun. Saiatu nintzen tipoa lasaitzen, baina uste dut ni urduritu nintzela bera baino gehiago. Ama bat galtzea gogorra da, baina 15 urterekin are gogorragoa.

Saiatu nintzen esaten niri esan zizkidatenak amari berria eman ziotenean. Barrua husteko esan nion, ez gordetzeko ezer, saiatzeko orain arteko bizitza berdina egiten, ez aldatzea. Badakit erraza dela esatea hau guztia, agian ez zion ezertarako balio.Behintzat badaki nire laguntza daukala nahi duenerako. Atzo egon nintzen berarekin hiletan eta berriro esan nion, hor nagoela nahi duenerako. Bere irakaslea naiz, baina laguna ere bai. Animo Iñigo!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Doktor Do Re Mi eta Benedizebra

Getxok zerbait ona badauka, bere eskaintza kulturala da. Kultur Etxeak oso ondo funtzionatzen du, gauza asko txarto egiten ditu (dena onartu behar da), baina beste gauza asko ederto.

Iraileko lehen egunetan Folk Festibala ospatzen da Areetako kaleetan eta karpan. Mundu guztiko eta punta-puntako artistak etortzen dira gure herria alaitzera. Beste urte batzutan, ia kontzertu denak “irensten” ditut, baina aurten bakarrera joan naiz: Oskorriren espektakulu berrira: Doktor Do Re Mi eta Benedizebra.

Kontzertua eguerdiko 12etan zen, baina 11.30etan kola egiten jarri behar izan nintzen, umez beteta zegoen ingurua. Toki ona hartzen saiatu nintzen, erdialdetik eta eserita lasai-lasai. Ikasle asko aurkitu nituen: “Bertsoren bat botako duzu, ez?” Falta zitzaidana! Ume hauek… badirudi joaten naizen leku bakoitzean bertso bat bota behar dudala!

Kontzertua hasi zen, eta gauza batek harritu ninduen: gurasoak umeak baino okerragoak dira. Bai, bai benetan nabil. Eszenatoki aurrean toki zabala jarri zuten umeak Kukubiltxoko partaideekin kanta eta abestu zezaten. Zer egin zuten gurasoek? Lasai-lasai eseri aulkietan, eta kontzertu osoan zehar altxatzen ibili ia zer egiten zebiltzan seme-alabak. Beste guraso asko behean egon ziren umeekin jolasten eta dantzatzen. Badakigu gizartea nolakoa den, beraz, hobe ez ematea garrantzia handirik.

Ez neukan entzunda disko berria, baina gustatu zitzaidan. Hori bai, abesti batzuk zail iruditu zitzaizkidan umeek ikasteko, baina umeak uste duguna baino azkarragoak dira. Kukubiltxo, beti bezala chapeau! Harrigarria egiten zituztenak sokatik zintzilik! Umeen artean ibili ziren zirikatzen, dantzatzen, jolasten, … Oso ondo lotu zituzten abestiak antzerkiarekin.

Beste urte batzuetan egiten zituzten ume txikientzako kontzertuak egunero, baina aurten bakarra egin dute. Hori bai, potentea, baina bakarra. Pena da ez egitea egunero, baina arrazoiren bat egongo da.

Umeek gozatu zuten euskaraz abesten eta dantzatzen. Nagusitxoagoak garenok, ume garaiak ekarri genituen gogora… Euskal Herrian euskaraz, Aita semeak, Furra-furra ikasi genituenekoak ikastolan. Nire garaikoak Xixupika, Txirula Mirula, Oskorri eta Txirri, Mirri eta Txiribitonekin hazi gara. Orain askoz aukera gehiago daude, baina lehen ez.

Izugarria izan zen kontzertua! Zorionak Oskorri eta Kukubiltxori!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Eraztunaren benetako balioa

Egun hauetan Jorge Bucay-ren liburu bat irakurtzen egon naiz: “Déjame que te cuente”. Ipuin desberdinak daude bilduta, baina badago bat bereziki gustatu zaidana: Eraztunaren benetako balioa izena daukana.

Gazte bat maisu batengana doa, aholku eske. Ez omen du ezer ondo egiten, jendeak baldarra dela esaten du, kaikua, ez duela ezertarako balio… Maisuak esaten dio, ezin duela lagundu, berak ere bere arazoak dituela. Mesede baten truke laguntza emango dio. Eraztuna kentzen du, zor bat ordaintzeko saldu beharra dauka. Herrira bidaltzen du gaztea, gutxienez bere truke urrezko bi txanpon lortu behar ditu. Herritik bueltan, nahiko atsekabetuta dator: bakarrik eskeini diote zilarrezko bi txanpon. Maisuak bitxigilearengana bidaltzen du, berak jakingo baitu zein den benetako balioa.

Handik itzultzean, gaztea pozez txoratzen dator. “Jauna, urrezko 58 txanpon eskeini dizkidate!”. Honakoa erantzun zion maisuak: ” Eseri zaitez. Eraztuna bezalakoa zara zu: balio handiko bitxia, bakarra. Eta horregatik, bakarrik aditu batek baloratu ahal zaitu. Zergatik erakutsi nahi diozu kalean ibiltzen den edonori zenbat balio duzun?”

Hausnarketarako ipuin polita.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Orain urte bete dena aldatu zen

Egun seinalatuak apuntatzen ditut agendan: urtebetetzeak, urteurrenak, … horrelakoak gehien bat. Baina gaurkoa egun berezi bat, agian ahaztu beharko nukeena. Abuztuak 23: orain urte bete esan zioten amari minbizia zuela.

Ginekologotik etorri ziren gurasoak eta gogoratzen dut nola esan zidaten negarrez gertatzen. Zertarako ukatu, mundua erori zitzaidan gainera minutu bakar batean. Pentsatu nuen lehen gauza izan zen ama galduko nuela. Uste dut, jende guztiari gertatzen zaiola berdina une horietan. Ez nekien zer gertatuko zen, beldurra neukan.

Urte bete pasa da eta jada ama sendatuta dago. Errebisioa egitera joan behar da urtero, prebentzio gisa.

Bi ondorio atera ditut azken urtetik: bizitza bizi behar dela eta maite nuen jende askok kale egin didala. Tristea da esatea, baina hala da. Familia beti izan da lehena niretzat, baina kasu honetan begiak itxi ditu eta norbera bere bizitzarekin jarraitu du.

Denborak bere lekuan jarriko du bakoitza.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Iraun duen bitartean ederra izan da

Gauzak hasten diren bezala bukatzen dira. Hori esaten zuen Zuriñe andereñoak ikastolan: “hasitakoa bukatu behar da”. Hori gertatu da, bukatu da.

Pozik sentitu naiz bere ondoan, esperantza berreskuratu dut, etorkizunerako plan asko zeuden mahai gainean eta gure buruan. Azkenean amets soil batean geratu da dena, nahi baino arinago itzali da gure arteko garra. Luzatu nahi nuen zoriontasuna, baina berak ez. Batek ez duenean nahi, bestea izorratu behar.

Beti geratuko naiz une goxoekin, zure ferekekin, zure muxuekin, zure irribarrearekin, … Nire buruan beti egongo zara, agian ezabatuko zaitut egunen batean (ez dut uste), baina nire bihotzean toki handia izango duzu. Eskerrik asko eman didazun guztiagatik hilabete hauetan.

Mila muxu zuretzat!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Gero arte, Mikel!

Atzo Mikel Garmendiak utzi gintuen. Euskal aktore esanguratsuenetakoa izan da eta jendearen maitasuna irabazten zuen horietakoa.

Nork ez du ikusi aktore hau ETB-1ean inoiz? Bi eta bat telesailean ertzainaren papera egiten, hor ibiltzen zen ardoa edaten coca-cola botila batean. Jaun eta Jabe n mayordomo papera egiten zuen, beti Lehendakariaren aurka bere alderdiak boterea lortu zezan. Goenkale n zer esanik ez, Joxe Mari. Joxe Mari gauero sartu izan da nire etxera. Maria Luisaren erretolikak aguantatu beharra, Martin anaiarekin liskarrak, Leonorrekin edukitako amodio istorioa, … Maite filmean eta telesailean mila aldiz entzun beharra gallego! nazkagarri hori. Florido Pensil -en apaiza zein ikaslearena egiten, …

Mila paper bete ditu Mikelek, zein baino zein hobeto. Joan egin da, baina bere lana eta bere pertsona beti egongo da euskaldun guztion bihotzean.

Ondo izan Mikel!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina