MUNDIALAREN HASIERA

img_jun_10_2006_36_30

“Gaztea” nintzenean futbolera jolasten nuen. Bai, hanka ondo neukanean, txoriburu bat nintzenean, … orain urte asko!

Athletic-ekoa betidanik, futbolzale sutsua, baina aspaldi itzali zait futbolaren garra. Halere, Mundiala zita berezia da. Hortxe batzen dira munduko selekzio onenak, jokalaririk ezagunenak, entrenatzaile finenak, …

Gogoan dut Italiako mundiala, 90ean ospatu zena. Nire buruan bakarrik sartzen zen futbola. Zortzi urterekin eta urte bete futbolean eramanda galdu ezinezko zita zen hura. Italiako selekzio hura indartsua zen, oker ez banago, finalerdietara heldu ziren.Schillaci izan zen harritu ninduen jokalaria. Italiak gola sartzen zuenean nor eta Schillaci, Mundial horretan ezagun egin zena.

Mundial hura Alemaniak irabazi zuen: Klisnmann, Matthaus, Voller, … Jokalari oso onak eta nire ustez merezita irabazi zutenak.

Atzo, ez neukan ezer egiteko eta Alemania eta Costa Ricaren arteko partidua ikusi nuen. Ez zitzaidan gustatu. Costa Ricari abiadura falta zitzaion, alemaniarrak nahiz eta lau gol sartu ez ziren fin ibili. Nahiko partidu arraroa. Alemaniako atezaina… bi baloi heldu eta bi gol! Kahn historikoa kendu du selekzionatzaileak, eta ez dakit asmatu duen Lehmann-ekin. Bere arrazoiak izango ditu.

Cuatron ikusi nuen partidua. Asko gustatu zitzaidan partidua baino lehen egin zuten programa. Partiduan ibili zen komentaristak itzelak! Nahiz eta partidua ona ez izan, gozatu nuen kazetariak entzuten, tartean, Maradona.

La Sextan ere, partiduak ematen dituzte. Asko galtzen dute, komentatu baino, oihuka ibiltzen dira eta horrela ezin zaitezke enteratu zelaian gertatzen denarekin.

Ziurrena da Brasilek irabaztea, baina aurten Ingalaterra alde egingo dut. Ez dute kopa eramango, baina itxura ona emango dutela bai. Azken urteetako talderik indartsuena daukate.

Alea jacta est!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

HISTORIAKO ASMAKIZUNIK ONENA

img_jun_07_2006_13_18

Hortxe daukazuen marrazkiak dena esaten du. Asmakizunik onena liburua omen da. Danetarik dauka. Hori bai, gero eta liburu gutxiago irakurtzen ditugu. Euskaldunok bakarrik bihurtzen gara irakurle Durangoko Azokan, abenduan.

Zein izango ote da liburuaren etorkizuna?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

FEMINISTA OMEN NAIZ

Aspaldi komentutatu zidaten Aixerrotan, ia ausartuko nintzen Emakumea eta bertsolaritza izenburupeko hitzaldia ematen. Ez nuen birritan pentsatu eta baiezkoa eman nien. Xenpelar Dokumentazio Zentroan informazioa eskatu nuen eta Xabik ere eskema bat eman zidan. Horrekin hasi nintzen ikertzen eta hitzaldiaren nondik norakoak zehazten.

Gaurko geneukan hitzordua eta hara azaldu naiz. Power Point bat egin dut (Ainhoaren laguntzaz, nola ez!), gauzak hobeto ulertzeko.

Historia, gaien tratamendua, emakumezko bertsolari ezagunak, bertso desberdinak, …

Hitzaldi osoan zehar, une batean ere ez, ez ditut gizonezkoak gutxietsi. Burutik ere ez zait pasatu. Baina, dirudienez, baten batek ez du horrela ulertu.

Bukatu dudanean esan beharrekoa, galderak heldu dira. Hortxe altxatu du mutiko batek eskua. Ia zergatik ez dudan hitzaldi osoan zehar gizonezkoak aipatu? Aupa hi, begiratu zein den izenburua eta gero esango didazu! Nik dakidala, behingoagatik, emakumezkoek izan dute protagonismoa, merezi dutelako.

“Baina bueno, zergatik aukeratu duzu gai hori?” Proposatu zidatelako, ez nik aukeratu nuelako, baina oso interesgarria iruditu zitzaidan: erronka bat eta gehiago ikasteko aukera.

Uste dut, txarto utzi nahi ninduela, baina ez zekiela nondik bideratu iraina. Gauzak bere senetik atera ditu. Emakumezkoak dena eginda nahi dugula, beti kexatzen garela, gizonezkoek badituztela sentimendu asko, …

Ez diot kontrakoa, sentimendu asko izango dituzte, baina gai batzuen aurrean beste sentsibilitate puntu bat dugu emakumezkook.

Aipatu dudanean janzkerarena, askotan gonarekin joanda saioko zurrumurrua zarela, ez zitzaion buruan sartzen. Lehenik eta behin inoiz ez delako saio batean egon eta ez dakielako zer nolako giroan dagoen.

Gero futbola aipatu dit, guk errezago dugula Athletic-era heltzeko. 82an jaio nintzen (Naranjitorekin batera), nire helburua futbolean jolasten nuenean Sondikara heltzea zen. Orain, aukera gehiago dituzte neskek, agian beste batzuek bidea egin dutelako.

“Baina niretzat Athletic-era heltzea ezinezkoa da”. Zer egingo diogu gizona, entrenatu gehiago! Nire helburua bizitzan ez da elitera heltzea. Ez dut nahi puntako bertsolaria izan, ez munduko irakaslerik onena ezta filologirik azkarrena. Pertsona bezala jo nahi dut goia, nire lagunen artean, familian.

Berrogeitabost minutu emakumeei buruz hitz egiten, agian berarentzat gehiegi. Apostu egingo nuke, batzuek luzeagoa izatea espero zutela. Datorren urtean agian, baina hori bai, nire ondoan gizonezko bat, biok batera hitzaldia emateko. Ikus dezan, nahiz eta sexu desberdinekoak izan, berdin pentsatzen dugula. Errealitatea kontatzen dugula.

Portzierto, ez dakit feminista naizen edo ez, baina bakarrik nahi dut emakumezkoen oinarrizko eskubideak errespeatzea: bertsolaritzan, kirolean, edozein esparrutan.

PD: Laura, galdetu iezaiozu Beñateri ia hau zer den: femenismoa, henbrismoa, matxismoa, … Azalpen bat behar dut!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin

FINALEKO ATARIAN

Atzo Ipar Uribeko Txapelketako azken kanporaketa izan genuen Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean. Afari ederra eta ostean saioa.

Epaile gisa jardun nuen bigarrenez eta ederto, uste dut gustokoa dudala. Nork jakin, agian errepikatzen dut bi urte barru.

Atzo zazpi bertsolari izan ziren lehian: Peru Vidal, Itxaso Paia, Miren Ibarluzea, Jagoba Pereda, Asier Legarreta eta Beñat Vidal.

Mirenek irabazi zuen kanporaketa, baina uste dut atzo irabazle asko egon zirela. Sentsazio horrekin joan nintzen etxera.

Atzo jakin genuen nortzuk izan ziren finalerako txartela lortu zutenak: Miren Loizaga, Miren Ibarluzea, Itxaso Paia, Peru Vidal, Katxo eta Olatz Ibarluzea.

Uste dut finala ona izango dela, gogoz ikusten ditut eta lehiatua izango da.

Baina atzo, une batez bada ere, hunkitu nintzen. Peruren azken agurrarekin. Bere irakasle guztiak aipatu zituen eta hortik zehar nire izena agertu zen. Garai batean beraien irakasle izan nintzen. Ez dakit zerbait erakutsi nion. Ziur nago ez niola ezer berririk erakutsi. Saioetara bai eraman nituen. Asko eskertu nuen nire izena entzutea.

Nire garaian bertsotan ibili nintzen, orain irakasle naiz. Asko pozten nau nirekin ibilitako “umeak” (gaur egun, gizonak eta emakumeak)bertsolari izatea.

Hurrengo zita: maiatzaren 20an, Andres Isasi Musika Eskolan. Hantxe elkartuko gara!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

28 URTE ELKARREKIN

Mertxe eta Sabin

Mertxe eta Sabin

1978ko maiatzaren 6an bizi osoa elkarrekin pasatuko zutela zin egin zuten. Hainbat urte batera ibili ondoren ezkondu ziren. Lau urteren buruan ni heldu nintzen euren bizitzetara. Nik esaten diedan bezala, izan duten oparirik onena!

Une polit asko bizi izan dituzte elkarrekin eta tamalez, gogorra izaten ari den gaixotasun bat. Elkar maite dute, asko gainera. Badakite hau batxe bat dela, gaindituko dutela.

Badakite asko maite ditudala, nahiz eta askotan eztabaidatzen dugun, baina bizitzaren legea da gurasoekin eztabaidatzea.

ZORIONAK biori!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

IPAR URIBEKO TXAPELKETA HASI DA

Atzo Mungiako Matxin txokoan batu ginen Ipar Uribeko Txapelketako lehen kanporaketa egiteko. Zazpi bertsolari finalerako txartelaren bila. Giro ederra zegoen, 40 bat pertsona batu ginen afaltzeko eta ondorengo saioa entzuteko. Aurten ezin izan dut saioaz nahi nuen bezala gozatu, epaile izatea tokatu zait. Ni epaile izatearen erruduna nor den ez dut esango, berak badaki eta.

Bederatzietan geneukan hitzordua jarrita, baina ordu eta erdi beranduago hasi ginen afaltzen. Berandu hasi zen saioa, barikua izanda jendea nekatuta, … agian hori izan zen saioa borobila ez ateratzearen arrazoietako bat.

Saioa ez zen oso ona izan, nahiz eta bertso batzuk onak izan ziren. Goizaldeko 3etan bukatu zen saioa, guztiok nekatuta eta etxera joateko gogoz.

Badaukagu lehen finalista: Miren Loizaga. Beste bertsolariek puntuei itxaron beharko diete. Hurrengo kanporaketa datorren barikuan Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean. Hantxe erabakiko nor helduko den finalera.

  1. D: Ostegunean ez nuen mezurik idatzi, baina pertsona bat zoriondu behar nuen. Ez dago gure artean,ustekabean alde gin zuen, baina badakit dagoen tokitik gure martxa jarraitzen duela. Zorionak hi!
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

AMOROTO KONKISTATU DUGU!

Oinarinak

Oinarinak

Begiraleak

Begiraleak

Aste Santuro bezala skouteko “tropa” bost egun joan gara kanpamenduan. Urtarriletik genuen hartuta Amorotoko aterpea. Zergatik Amoroto? Galdetu nirekin begirale dagoen Josuri. Txikitan han pasatzen omen zituen asteburuak familiarekin eta oroitzapen politak ditu.

Podium-a

Podium-a

Lau urte daramatzat eta agian hau izan da ondoen pasatu dudan kanpamendua. Beno bi: 2004ko udakoa eta Amorotokoa. Errepikatzeko modukoa izan da. Gogo barik joan nintzen, betikolez, baina ondo pasatu dut.

Telebistako “El conquistador del fin del mundo”-ren kopiaketa egin dugu eta “EL CONQUISTADOR DEL FIN DE AMOROTO” egin dugu. Bi talde egin, kapitain bana eta hortxe ibili ginen frogak egiten, kontseiluak, kanporaketak, dueloak, …

Finalera bi iritsi ziren: Imanol eta Markel. Azken froga orienting bat zen herrian zehar. Berezitasun batekin: gabean izango zen. Justu gau horretan euritan hasi zen eta horrek ikaratu zituen.

Imanol atera zen garaile, aldea atera zion orienting-ean Markeleri. Berezia izan bukaera: garailea antortxa batekin etorri zen gugana. Gerturatu arte ez genekien nor zen. Jakin zutenean nor zen denak hasi ziren oihuka eta txaloka.

Beldurra neukan ez ote ziren euren artean haserretuko txapelketa moduan planteatuta zegoelako. Ez da egon pikerik eta uste dut ederto batean pasatu dugula. Hurrengoan hobeto!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

BERTSOLARITZAREN ATZEAN

Deustuko Unibertsitateko Zientzien eta Letren astearen barruan Bertsolaritzaren atzean izeneko hitzaldia eman zuten Bernardo Mandaluniz, Amaia Jauregizar eta Gorka Intxaurbek.

Gauza askotaz hitz egin zen: gai-jartzailearen papera, bertsolariaren prestaketa, zenbat jende mugitzen den bertsolaritzaren munduan, …

Bi bertsolari eta gai-jartzaile bat. Bertsolariak gai-jartzaile ibilitakoak eta gai-jartzailea bertsotan ibilitakoa. Bi ikuspegi desberdin bertsolaritzaz jarduteko.

Oso interesgarria izan zen, batez ere, mundu honetan gabiltzanontzat.

Hizketagai nagusia txapelketan izan. Aurten Txapelketa Nagusia berezia eta garrantzitsua izan da. Lan handia egin da, batez ere komunikazio aldetik, eta hortxe daude emaitzak. Euskaldun zein erdaldunen artean, mintzagai izan da.

Bernarrek ederto azaldu zigun nola prestatzen dire saio baterako gaiak. Nondik hartzen diren gaiak, nola formulatu behar den, … Askotan esaten den esaldi bat errepikatu zuen Bernarrek: “saio bat txarra denean, gai-jartzaileari botatzen zaio errua”. Askotan gai-jartzaileek dute errua, eta beste askotan, bertsolariek. Badakizu noiz asmatzen den eta noiz ez.

Bakoitzak azaldu zuen zer sentitu zuen BEC-eko finalean. Gorka zein Amaia lanean ibili ziren ateetan. Ni ere hantxe ibili nintzen. Goizeko 8etan hantxe geunden lekua ezagutzen, jendea lekuetara gidatzen, … Goiz altxatu behar izan genuen, baina merezi izan zuen. Aurreko gauean, 12etan heldu nintzen BEC-etik panfleto batzuk jartzen ibili ginelako. Horren truke, soinu frogak egin genituen. Bai, BEC-en abestu dut!

Jaiaren parte ginen. Azken batean, txikitatik bizi izan dugu bertsolaritza. Niretzat behintzat, nire bizitzaren zati handi bat hartzen du.

Mundu honetan gabiltzanak, badakigu bertsolaritza ez dela bertsoak botatzea eta etxera bueltatzea. Lan asko dago. Batez ere norberak bere bertso-eskolan egiten duena, bere auzoan, bere herrian.

Hiru hizlariek, argi utzi zuten bertsolaritzak asko eman diela, eta gehien bat lagunak. Ados nago horrekin. Une txar asko pasatzen dira bertsotan, baina jasotzen duzuna askoz gehiago da.

Zer dagoen bertsolaritzaren atzean? Mundu oso bat. Badakizu, murgildu zaitez!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

EUSKAL BLOGOSFERA

Joxeren liburua sinatuta

Joxeren liburua sinatuta

Atzo Deustuko Unibertsitatean, Zientzia eta Letren astearen barruan, Euskal Blogosferari buruzko mahainguruan izan zen.

Hizlari honako blogari hauek ibili ziren:

Blogariek euren esperientziaz hitz egin zuten. Zergatik, nola, zertarako sortu zuten bloga. Julen Gabiria eta Joxe Aranzabalen esanetan, gehien bat erakarri zituena mundu honetara, elkarrizketa/erantzun jokoa izan zen. Blogak daukan azkartasuna publikatzeko,azken batean, ematen duen askatasuna.

Euskal blogintzaren aintzindari bezala, Sustatu eta Eibar.org aipagai izan dira. Hortxe hasi ziren Joxe zein Julen
lehen pausuak ematen.

Beste blogariak, berriz, unibertsitateko ikasleak izaki, Litteran eman zituzten pausuak, “ondo jakin barik zer zen”. Littera proiektua orain hiru urte jarri zuen martxan Joseba Abaitua irakasleak, gaur egun arrakasta handia duena.

Eztabadaigai izan da, blogetan gehien jorratzen diren gaiak. Guztiak ados egon dira esaterakoan, gutxien jorratzen den gaia politika dela. Bestela ere, blogariek gizarteaz idazten dute, beren bizitzaz, afizioak, literatura, kirola, …

Aipagarria da esatea, behingoagatik, euskaldunok ez dugula galdu teknologia berrien trena. Behingoagatik garaiz gabiltza eta blogintzaren aspektu askotan aintzindariak gara. Patxi Gaztelumendiri askotan entzun dut esaldi bera, eta arrazoia du. Oraingoan ez gara azkenak izango!

Gai asko jorratu dira mahainguruan, baina ez zaituztet aspertu nahi.

Aukera izan nuen Julen (espero dut berriro bueltatzea blogintzara) eta Joxerekin hitz egiteko: blogei buruz, bakoitzaren bizitzari buruz, proiektuez, … Plazer bat izan da zuekin solastea, unetxo bat izan bada ere.

Eta nola ez, Janire eta unibertsitateko beste blogariekin. Ilusioa egin dit adibide bat jartzerakoan, nire blogaren irudi bat ikustea. Milesker, benetan! Ez dut uste eredu bat naizenik, baina beno, eskertzekoa!

Bestalde, Joxek bere liburua sinatu dit, milesker zuri ere!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 5 iruzkin

Ezagun batekin topatu nintzen. Bakoitzaren gorabeherez hitz egin genuen eta betiko esaldia bota zuen: “¡Siempre salís los mismos eh!

Azkeneko UK aldizkarian nire izena agertzen da, Irakurzaleen Txokoko dinamizatzaile nagoelako beste pertsona batzurekin. Kartel askotan agertu izan naiz, ezaguna naiz herrian, … Baina zergatik? Zergatik da pertsona bat ezaguna bere herrian edo bere inguruan? Zergaitik ez dute hausnartu hori?

Esaldi hau entzutean, beti moskeatzen nintzen, baina uste dut ez duela merezi. Jendea gaiztoa izan nahi duenean, maltzurkeriaz jolasten du.

Agian talde desberdinetan lan egiten duzulako. Askorentzat hauek “marroi” itzelak dira. Beti hartu behar dira beste batzuek hartu nahi ez dituzten marroiak.

Ziuraski horregatik herriko laupabost pertsona egoten gara herriko saltsa guztietan, beste inork ez dituelako hartu nahi.

Pertsona guzti hauek ez daukate denborarik gustoko gauzak egiteko. Beti agenda beteta! Askotan, beste batzuek ondo pasatzeko jaietan, ekitaldietan edota kontzertu batean.

Nola konpondu daiteke hau? Guztion artean gauzak egiten, elkarlaguntzaren bidez. Asko eta asko gabiltza belaunaldi berrian erreleboaren zain, baina ez daukat fede asko hauengan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1