Eta… 26!!!

Denbora nahi baino
arinago pasatzen da eta gaur 26 urte betetzen ditut.

Gazte-txartela kendu
didate, Metroko gazte-txartela,… Zer egingo diogu!

Saiatuko gara ondo
pasatzen, hori bai: lanean eta unibertsitatean! Hori bai egun ona!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 5 iruzkin

PAPERA, PAPERA ETA PAPERA!!!

Igandean aukeratu beharko dugu nor izango den Espainiako “errege”. Erregea badaukate, baina politikariek monarka baino gehiago agintze dute.

Onartu beharra daukat e-maila erabiltzen dudala posta arrunta baino gehiago. Nostalgikoa izango naiz, baina poz-pozik altzatzen naiz goizetan nire etxeko postontzia begiratzeko: aldizkariak, gutunen bat,.. beti dago zeozer.

Hauteskunde kanpaina heldu denetik, kaka! Bakarrik propaganda eta iganderako papeletak. Alderdi guztietako gutunak, asko errepikatuta!

Batzuetan ireki ere ez! Hartu eta birziklatzera. Hainbeste paper irakurri barik, batzuk badaukagu argi zein den gure bozka. Batzuk baino, guztiok.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

KARMELE MITXELENA ABRA SARIAN NAGUSI

Atzo bertan VII. Abra Saria ospatu zen Getxoko Andres Isasi Musika Eskolan.

Sei bertsolarik abestu zuten: Aimar Karrika, Alazne Untxalo, Karmele Mitxelena, Itxaso Paya, Eñaut Uruburu eta Gillen Hiribarren.

Nahiko parekatua joan zen saioa, akatsen bat tarteko, bakarkako saioen ondoren, jakin genuen zeintzuk izango ziren bigarren zatira pasatuko ziren bi bertsolarien izenak: Gillen Hiribarren eta Karmele Mitxelena.

Ofizio bat, sentsazio bat transmititu eta gai bati hiru bertso abestu behar izan zizkioten. Ez nintzen adi ibili argazkiak atera nituelako, baina nahiko parekatua ibili zen gauza. Hiribarren gehiago gustatu zitzaidan, baina bakarko gaian ez zuen guztiz asmatu.

Hurrengo urtean gehiago!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

HARRY POTTERren UNIBERTSOA

Gaur Bilbon izan naiz. Lehenengo unibertsitatean eta ondoren Corte Inglesean. Motxila, maleta,… horrelako zerbait behar nuen portatila sartzeko eta hara zer aurkitu dudan: ume andana ilara batean eta tipo bati entzuten! Harry Potter omen zen.

Bai, gaur Harry lagunaren azken liburua atera da kalera (erderaz, euskaraz apurtxu bat gehiago itxaron beharko dugu): Harry Potter y las reliquias de la muerte (euskaraz ez dakit nola izango den eta ez naiz ausartzen itzultzera, badaezpada…).

Banekien gaur ateratzen zela, baina ez nuen espero hainbesterainoko jendea: umeak, gurasoak, ez hain umeak, gazteak,…

Ez dakit zer egin duen Rowling-ek, baina asmatu du. Behintzat umeengan irakurzaletasuna zabaldu du.

Pena azken liburua dela, baina ziuraski beste zeozerrekin harrituko gaituela egileak.

P.D: Onartzen dut ez ditudala liburu guztiak irakurri, baina onartzen dut euskaraz bakarrik irakurri ditudala. Iñaki Mendigurenen itzulpenak oso onak dira! Chapeau!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

5 URTE EGUNKARIA BARIK

Gaur bost urte, adierazpen askatasuna ukatu ziguten (beste esparru askotan bezala.

Gaur bost urte, euskarazko egunkari bakarra itxi zuten: Egunkaria.

Gaur bost urte, herriak Egin, Egin Irratia, Ardi Beltza,… eta beste komunikabide euskaldunekin gertatutako berdina gogoratu zuen.

Gaur bost urte, Donostiako manifestazioan erakutsi genuen zein mailararte heldu zen gure gorrotoa eta elkartasuna adierazi genien atxilotu eta langileei (eta oraindik dirau).

Gaur bost urte, herriak antolatu ziren eta herri batzordeak sortu genituen egunkari berri bat sortzeko. Kamisetak, pinak,… denetarik saldu zen ametsa egin bihurtzeko. Ekainaren 21ean, BERRIA egunkaria sortu zen, euskaldun guztien laguntzarekin.

Gaur bost urte bezala, gure herriko plazetan kontzentratuko gara gertatutako guztia salatzeko.

ADIERAZPEN ASKATASUNA!

EGUNKARIA AURRERA!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

ORAIN EDO INOIZ EZ

Atzo arratsaldean zinemara joan nintzen Ainhoarekin “Ahora o nunca” filma  ikustera.

Morgan Freeman eta Jack Nicholson dira protagonistak. Urte bete eman diete gehienez bizitzeko. Minbizia dute.

Carpe diem! Geratzen zaien denbora apurra aprobetxatzea erabakitzen dute eta horretarako zerrenda bat egiten dute eta apurka-apurka betetzen dituzte.

Gauza bat ikasi dut filma honekin: denbora aprobetxatu behar dugula, gozatu behar dela, ardurak alde batera utzi behar ditugula eta gutaz kezkatu behar garela.

Askotan pentsatu dut hau egitea, baina ez dakit gai naizen hori egi bihurtzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

EZ DIRA BATERAGARRIAK

Etxean betidanik izan dugu asteburuetan egunkari gehienak erosteko ohitura. Batzuentzat dirua botatzea da, beste batzuek hortaz aprobetxatzen dira (ez duzu izango atzoko egunkaria gauza bat begiratzeko?), beste batzuentzat ideologia definitua ez izatea da.

Berriako harpideduna naiz (Egunkaria zen garaitik) eta egunero hartzen dut kioskoan (nahiko arriskutsua da etxean hartzea, ziur nago buzoitik eramango lukeela baten batek, nahiz eta tutik ere ez ulertu).

Gara astelehenetan eta asteburuan erosten dut. Oraindik ez dut ulertu zergatik ez duten Berria astelehenetan argitaratzen, falta botatzen dugu. Aitak Deia erosten du egunero eta asteburuetan El Correo. Igandeetan El Pais erosten dut.

Nire prentsa saltzailearen ustez, egiten dudana ez da batere ulergarria, egunkari guzti horiek ez dira bateragarriak. Ez dut uste bakarra naizenik hau egiten duena. Gustokoa dut jakitea zer idazten den Madril aldean, nola aldatzen den berri bat Berriatik Garara, Garatik El Correora,… “dibertigarria” da jakitea nola aldatzen dituzten berriak, nola aldatzen duten zentzua batetik bestera,… Bakoitza geratzen da gehien gustatzen zaionarekin.

Bateragarria bada hauek guztiak erostea. Informazioa ezinbestekoa da herri honetan. Albisteekin bonbardeatzen gaituzte, gezurrekin, egiekin,… Aukeratuko dugu zein den egiazkoa eta zein komeni zaigun.

Hori bai: ez naiz euskaldunagoa Berria erosteagatik, ez espainolagoa El Pais erosteagatik. Nire ideologia eta pentsamendua argi daukat zein den, egunkariek ez didate aldaraziko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

3 URTE BLOGEATZEN

Lanpetuta ibili naiz, banekien nire blogaren “urtebetetzea” urtarrilan zela, baina konturatu ere ez naiz egin…

Ba bai, Nire begietatik bloga 2005eko urtarrilaren 27an ireki zen. Blogspoten hasi eta gero Goienara pasatu nintzen, plataforma euskaldun batera.

Nire bizitza isladatu dut blogean: irakasle kontuak, bertsolaritza, kezkak, hausnarketak,…

Askok zuen mezuak utzi dituzue: batzuk animoak emateko, okerrak zuzentzeko, iruzkinekin ados ez zaudetela esateko,…

Eskerrik asko tartetxo bat eskeini diozuonei blogari!

Urte askotarako!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 9 iruzkin

IKASKETAK…

Gaur irakasle batek esan dit, arreta gehiago jarri behar diodala nire karrerari. Arrazoia eman diot. Norbaitek arrazoia duenean eman behar zaio, hala esan izan didate etxean.

Apurtxu bat pentsatu eta gogoratu naiz pasa den igandean irakurri nuen artikulu batekin El Semanalen: “Mileuristas con matrículas de honor. ¿Qué fue de los mejores de clase?”

Bertan azaltzen da promozioko lehenak izan zirenak, ohorezko matrikulak atera zituztenen gaur egungo egoera. Gehienak erdi-purdiko lanetan bukatu dute.

Horrek ez du esan nahi ikasketak utzi behar ditudanik, jarraituko dut (ze erremedio…). Askok galdetzen didate ia noiz bukatuko dudan, ia ez daukadan gogorik, balio dudala (nik dudatan jartzen dut balio dudan filologoa izateko), denbora gehiago eskeini behar diodala,… Guztiek arrazoia.

Lasaitasunez hartu dut. Ez du esan nahi geldi nabilenik ezer egin barik, lanean nabil eta beste mila gauzetan. Karrerarako gogoa eta animoak aspaldi joan zitzaizkidan, orain erronka da, bukatu behar dudan zerbait.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

TXIKITAKO OROITZAPENAK (IV)

Zapatua, goizeko 9ak. Ez neukan arazorik goiz altzatzeko, nahiz eta asteburua izan eta lo egiteko aukera paregabea izan.

Partidua neukan nire taldearekin. Jende gutxik daki, baina 14 urte izan arte futbolean  nenbilen (hanka guztiz izorratu arte). Irrikitan nengoen larunbatak heltzeko eta baloiari ostikadak emateko, lagunekin egoteko, ondorengo hamaiketakoa egiteko,… berezia zen.

Hasieran mutilekin hasi nintzen, baina geroago nesken taldea sortu genuen. Neskekin egon nintzen lau urte horietan, birritan irabazi genuen liga eta birritan geratu ginen azpitxapeldun.

Txarrena? Aita gure entrenatzailea zela… Onena? Lagun giroa eta nesken futbolari gure bultzadatxoa eman geniola.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1