TXAPELA ALGORTARA! ZORIONAK XABI!

Atzo Euskaldunan entzule egon ginenak une hunkigarriak bizi izan genituen. Bertsolariek hunkitu gintuzten, negar malko ugari isuri ziren. Gozatu nuen saioarekin, di-da batean pasatu zitzaidan.

Txapelketa irekia zen oraingoa. Durangaldeko bi monstruek uko egin zioten parte hartzeari, beraz “bidea libre” besteentzat. Bai, nik bi faborito nituen: Xabi eta Fredi. Lagunak, bertso-eskolako kideak, …

Saio osoa urduri pasatu nuen. Nire bihotzak esaten zuen Xabi eta Fredi buruz burukora pasatu behar zirela, baina Fredik ez zuen zortea bere alde izan eta Paiatar batekin konformatu behar izan nintzen. Hala ere, zorionak Alfredo! Lagunak dituzunean oholtza gainean beste era batera bizitzen da saioa. Jakin badakit, Xabi urduri ibili zela, baina askotan ematen zuen besteok urduriago geundela.

Bakarkako gaian bota zituen bi bertsoak, antologikoak izan ziren. Semea gose greban, Iñaki de Juanaren amaren paperean ederto sartu zen. Txalo zaparrada izugarria jaso zuen bertsoekin. Buruz burukoan, agian ofizioetan behera egin zuen, baina ederto baten. Kartzelako bertsoak ederrak!

Eta unea heldu zen: Zuriñe Iarrituk irabazlearen izena esan behar zuen. “2006ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapelduna… XABIER PAIA!” Izugarria! Txaloka, oihuka, negar, … Hunkitu nintzen eta nire ondoan zeuden bi sorginak askoz gehiago. Nire aita zer esan! Abots barik gelditu ginen hainbeste orru bota eta gero, merezi izan zuen.

Euskaldunberri bat Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapelduna. Euskaraz ikastolan ikasitakoa. Gure eskolan eta gure eskualdean, Fredirekin batera, erreferente. Getxon bizi gara, euskara ez da nagusi gure herrian. Euskaraz gutxi batzuk egiten dugu. Hogeitasei urte dituen bertso-eskola bat daukagu, Euskal Herri osoan eredugarria dena. Denon artean handi egin duguna. Txapel hau oso garrantzitsua da.

Amari botatako agurra izugarria. Badakigu zer den guraso erdaldunak izatea, zelako esfortzua egin zuten egun batean seme-alabak ikastolara bidaltzen euskaraz ikas zezaten. Zorionak Mari Carmen, zuk ere merezi duzulako!

Ez dakit zer esan, asko pozten nauela lagun batek txapela irabaztea. Asko pozten naizela garai batean sartu zidan tabarrarekin bertso-eskolara bueltatzeko bertsotan.Ohorea dela bere laguna izatea. Lan handia egin du hona heltzeko. Momentu onak eta txarrak egon dira. Orain bakarrik dauka gozatzea. Sinistea berarena dela txapela eta meritu handiarekin irabazi duela.

BIBA ZU, XABI!

P.D: Ezinezkoa da kabareterak ahaztea. Zorionak zeueri be!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude