Atzo jardunaldi batzuetara joan nintzen Leioara: Gaztea izan eta euskara ahoan. Orain aste batzuk ikusi nuen programa eta gustatu zitzaidan, baliagarria izango zela uste nuen.

Kultur Leioako Auditorium zoragarrira sartu nintzen, leku erosoa bilatu eta eseri nintzen. Ingurua begiratzen hasi nintzen. Bat, bi hiru, … zortzi agian? Zortzi gazte egongo ziren entzuleen artean? Badakit zaila dela izendatzea gazteen adin tartea. Nik 29 urtetan utziko nuke (Gazte Txartela 26rekin kentzen dute, baina beno).

Gazte gehiago topatuko nituela uste nuen, baina kontrakoa izan da. Gazteen artean sustatu nahi dute euskara, baina horretarako gazteen iritzia jakin beharko dute, ez? Euskara Teknikariz beteta zegoen aretoa, guztiak 30 urtetik gorakoak. Ziuraski askok sekula ez dute gazteekin lan egin, edo behintzat iritziak entzun. Zer egiten zuten hor?

Oso polita da estrategiak ematea, ikerketak aurkeztea, Eusko Jaurlaritzako andre baten iritziak entzutea, … baina zer egiten dugu hezitzaileok horrekin? Talde bakoitza mundu bat da, eskualde bakoitza desberdina, … Niri horrelakoak ez zaizkit balio. Euren jesarlekuetan eserita dauden horiek ez dute euskararen egoera konponduko.

Entzuleen artean gazteak behar ziren. Galderak egiteko, kezkak azaltzeko, beraien esperientziak kontatzeko, … Gaur gazte batzuk hitz egingo dute, ia zer gertatzen den.

Datu interesgarri bat nire alde: matrikula 76,5 €-koa zen. Gazte gutxik daukate diru hau eskuragarri. Beharrezkoa izango zen dirutza hau ordaintzea, baina gehiegi iruditzen zait. Heldu gutxi eta gazte gehiago behar ziren. Gazteon kezkak entzunda, konponbideak bilatu daitezke.

Ia gaur zer aurkitzen dugun…

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

3 erantzun -ri

  1. egilea: ptx

    Konturatu zara zu ere.
    Horrela egiten dute politika politikoek.
    Gazte plana, gazteak eta euskara… baina gazteekin kontatu barik.

    Hipersubentzionatutako jardunaldiak antolatzen dituzte eta gainera, dirutza bat eskatu jardunaldian parte hartzeko.

    Txarrena da, euskalgintza deitzen diogun horretakoak ere, orain jardunaldi antolatzaile moduan hasi direla. Oso profesional. Eta UEU, eta Topagunea, eta soldatapeko mordoa dituzten ente euskaltzaleak, atrako berriak asmatzen hasi dira.

    Subentzioa subentzioaren atzetik, porrota porrotaren gainean.

    8 gazte. Horren arabera emango nieke nik gero laguntza. Eraginaren arabera, emaitzen arabera.

    Eskerrik asko Nahikari, hain kronika ederra egiteagatik.

  2. egilea: Joxe

    Izango da soldatapeko bidelapur horietako bat naizelako, baina erabat mingarria eta lekuz kanpokoa iruditzen zait zure iruzkin hori. Ez dut ulertzen nola ibil zaitezkeen egin batean esaten “Euskararen alde lan gutxi egiten da, eta euskaraz teknologian ari garenean, ez genuke horrelako mesfidantzarik sortu behar”, eta jarraian aurrekoaren moduko perla bat bota. Ez dut ulertzen. Hori baldin bada azken boladan aldarrikatzen zabiltzan jarrera 2.0, uste dut ñabarduraren batek ihes egin didala bidean.

    Nahikariren iritziaren inguruan, ezer gutxi, ideia interesgarriak plazaratu ditu. Ez dakit zelan joango zen gaurko saioa, baina espero dut kontatzen duena baino zertxobait hobeto behintzat!

  3. egilea: Janire

    Nik uste esan dozun guztia ondo esanda dagoala. Neu be gaztea naz eta
    uste dot gazteen iritzia hemen ezinbestekoa dala. Umeei eta gazteei
    ulertu eta lagundu ahal izateko eurekin bizitzea, berba egitea,
    “esperimentatzea” ezinbestekoa da. Animo Nahikari, zuk bai egiten dozu
    eta lan ona euskararen alde! ZORIXONAK neure partez!

Utzi erantzuna Janire(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude