“GAZTEA IZAN ETA EUSKARA AHOAN”: NON DAUDE GAZTEAK? (eta II)

Bai, bigarren eguna iritsi zen. Ez nintzen oso motibatuta joan, baina beno. Ikusita ordaindu nuen dirutza joan beharra zegoen. Hantxe paratu nintzen goizeko bederatzietan puntual-puntual.

Asko interesgarriagoa izan zen eguna, behintzat probetxugarria. Iñigo Fernandez Ostolazak erakutsi zigun nola saldu euskara gazteei era erakargarri batean, zer egin behar dugun eta zer ez. Topaguneko lagunek euren ekimenaren berri eman ziguten: “asteburuetan.com”. Polita iruditu zitzaidan ekimena, gazteek gazteentzat eginiko tailerrak eta euskara hutsean.

Egia esateko, hitzaldi edo ponentziarik garrantzitsuenak (beti ere nire iritzi apalean) lau gazteen mahaingurua eta Gorka Juliorena izan ziren.

Lau gazte euskararekin izan duten esperientzia kontatzen: Egoitz Unamuno, Eneko Gorri, Aitziber Kanpion eta Xabier Paia. Gauza asko ezagunak egin zitzaizkidan, batez ere “militantismoarena”. Zergatik egiten dugu gazteok euskaraz? Zergatik ez dugu erabiltzen ligatzeko? Zergatik…? Hainbeste zergatik. Lau ikuspegi desberdin izan ziren, oso aberasgarriak guztiak. Ez dakit hango euskara teknikari guztiak gustora geratu ziren, ez zituzten estrategiarik eman, ez metodologiarik, …

Gorka Juliok internetek euskaraz dituen aukera guztiak erakutsi zizkigun era dinamiko batean (eskerrik asko Gorka, horrelako aurkezpen bat eskertu nuen). Interneten dauden tresnak, informatikari ez diogula beldurrik izan behar, … Baina hor ere gure euskara teknikariak ez ziren gustora gelditu…

Gazte gehiago aritu ziren hizketan, beraien ikuspegia eman zuten, hori da nik entzun nahi nuena. Nik bilatu beharko ditut estrategiak eta trukoak umeekin euskaraz hitz egiteko, euskara erakargarri bihurtzeko. Saiatuko naiz erreferente hori izateko beraientzat. Askok nire egunerokotasunean ditudan arazo berdinak zituzten. Behintzat ez nago bakarrik!

Nire hausnarketa pertsonala egin dut, baina orain euskara eta gazte teknikari horiek egin beharko lukete.

Gaztea izan eta euskara ahoan? Noski!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

1 Response to “GAZTEA IZAN ETA EUSKARA AHOAN”: NON DAUDE GAZTEAK? (eta II)

  1. egilea: Teketen

    Esker mila bota dizkidazun loreengatik eta zure bi kronika interesgarriengatik. 😛

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude