Bakartasunaz bi hitz. Hau da Filipe Bidart-en (IK-ko preso politikoa) lehen liburua. Gogorra, baina era berean samurra, goxotasunez betea.
Txalapartako bazkidea naiz eta atzo heldu zitzaidan etxera. Autobusean hasi nintzen irakurtzen lanerako bidean, baina itxi nuen. Liburu hau lasai irakurtzekoa da, etxeko besaulkian edota ohean mesanotxeko argia lagunduta. Askoz gehiago gozatzen da horrela eta halaxe egin nuen atzo gauean.
Bere alabak eskatu zizkion bi hitz idazteko, ikastolan azaltzeko zer den bakartua egotea. Azkenean, bi hitz horiek liburu bilakatu dira. Ez da oso mardula, ehun orri pasatxo ditu. Ehun horri horietan ikasten duzu zer den bakartua egotea Frantziako kartzela bateko ziega batean, eta are txarrago: mitard batean (Frantziako kartzeletako zigor ziega).
Asko hitz egiten zuen bere buruarekin, abestu euskara ez ahazteko, pasio amaigabeak ziega barruan… Bitxikeria asko kontatzen ditu. Badago bat niri irribarre bat sortu zidana. Beti galdetzen omen zioten ia patiora irten nahi al zuen. Berak nahiz eta euria egin baiezkoa ematen zien funtzionarioei. Presoak baietz esaten badu, funtzionarioak izorratu behar dira eta kanpoan egon presoarekin. Horrelako garaipen txikiekin esaten digu Filipek aguantatu zituela hainbat eta hainbat hilabete bakartuta. Bazkaria ere ekartzen ziotenean, ahal zuen denbora guztia galtzen zuen funtzionarioak haserrerazteko. Hainbat istorio, gatibu egon den oro bizi izan dituena.
Tamalez, beste liburu bat espetxe politikari buruz. Hori bai, ederra eta hunkigarria. Desiatzen nago Filipen hurrengo liburua askatasunaz mintzatzea.
Kaixo. Bada liburua hain hunkigarria dela esaten baduzu liburuak zer esaten duen jakiteko zirrara sartzen zait. Beraz zure iritzia jakinda erostea erabaki dut. Aio majote