Indibidualisten inkoherentziaz

p { margin-bottom: 0.21cm; }

Aspaldi nabilkio ezinegona sortzen
didan gai eztabaidatsu bati bueltaka buruan, eta zalantza horiek
elikatzera etorri da atzo irakurri nuen artikulu bat. Bertan,
banakotasunaren defentsa sutsua egiten da, Max Stirnerren berbak
abiapuntu edo inspirazio, eta batasunaren aldeko jarrerak
ezkertiartasunari (ezkerkoikeriari seguruenik, haren ikuspuntutik)
egotzi. Ez diot artikuluari berari eta are gehiago egileari heldu
nahi, horrek islatzen duen diskurtso indibidualistari baino.
Indibidualismo horrek banakako, norberarengandik, norberaren
askatasun eta burujabetza erabatekotik ateratako ekintzak hobetsi ohi
ditu, afinitatearen araberako elkarketa kasualak (eta kausalak) ere
onartuz, batzen gaituzten oinarri finkoen (edo aldakorren)
bilaketaren gainetik. Eta, ikusi dudanaren arabera, banakotasunaren
apologia hori erabili ohi da matxinadagintzaren baitan kokatzen diren
banakako ekintza bortitzen zuribide. Gai labainkorra da, ondo dakit,
eta horregatik da hain zaila horren aurrean jarrera definitua izatea.
Horregatik, ikuspegi bitatik begiratzea komeni delakoan nago:
banakako ikuspegia eta taldeko ikuspegia. Aurretik doa, ohikoena
ikuspegi biak uztartuta joate dela, batzuentzat batek pisu handiagoa
hartuta, eta beste batzuentzat bestea, eta gutxitan agertzen dela
ikuspegietako bat bere bakarrean.

Anarkismoak tradizioz eduki du banakako
ikuspegiari garrantzi handia emateko joera. Hortxe dago aipatu Max
Stirner bera, kontzeptua muturrera eramanda, baina baita beste
korronteetako egileak ere. Etorkizuneko balizko gizarte anarkista
irudikatzerakoan beti egin da ahalegina banakako askatasunari ahalik
eta lekurik handiena uzteko eta, batzuek, banakako erabateko
askatasuna baino ez dute onartzen oinarri. Luze hitz egin genezake
banakako erabateko askatasun hori benetan ba ote den eta batzuek
proposatzen dutena banako batzuen ustezko askatasunaren ezarpena ez
ote den, beste batzuen kalterako. Zer den aske izatea. Nire
askatasuna besteek mugatzen duten ala, Bakuninek zioen legez, eta
hala uste dut neuk ere, nire askatasuna besteen askatasunean hazi eta
hedatzen den. Kontuak kontu, banakoa baino kontuan hartzen ez badugu,
matxinadagileen diskurtsoa eta ekintzak, honaino, koherenteak dira.
Ni neure buruaren jabe naiz, neure hautua askatasunez egiten dut, eta
nire kontzientziak ekintza jakin hura egitera eraman nau. Neugan hasi
eta neugan bukatzen den afera da. Nire bide iraultzailean, gizarte
ereduari aurka egiteko nire bidean, etengabeko gerran aldarrikatzen
dut neure burua eta ekintzetan bertan ematen diot zentzua nire
iraultza horri. Beste eztabaidarako emango luke suntsipena
proposatzen denean suntsitutakoa ordezkatzeko zer eraiki pentsatu
dudan ala suntsitzeak berak ematen dion zentzua nire ekintzari,
suntsitu dudanaren ordez zer eraikiko den zerikusirik ez daukan
kontua izanik, beste norbaiten lana. Edozelan ere, honaino ekintza
matxinadagileak koherenteak lirateke indibidualismo horrekin eta ez
legoke horrela jokatzen duenari zer leporatu.

Era berean, anarkismoak tradizio zabala
izan du (nire aburuz are zabalagoa), banakotasuna taldetasunari
batzeko. Proudhon, Bakunin, Kropotkin edo Malatesta, bakan batzuk
aipatzearren, har genitzake hori egiaztatzeko. Ikuspegi horren
arabera, banakotasuna taldean, gizartean baino ez da eraikitzen eta
askatasunak berak gizartean baino ez du zentzurik hartzen. Ikuspuntu
horren arabera, norberak bere banakotasunaren zati bat utzi behar du
ordainean taldetik utzi duena baino askoz gehiago hartuz. Horri
jarraituz, modu batean edo bestean, elkartzea, talde lana egitea
bilatu da, ez elkartze hutsagatik, helburu batzuetarako baizik.
Horrek ez du esan nahi izan irauteko asmoz sortzen direnik taldeak.
Aitzitik, anarkosindikalismoa alde batera utzita, gehienetan berezko
eta behin-behineko elkartzeak bilatzen dira, helburu jakin baten
araberakoak, ondoren desegiteko eta beste zerbait sortzeko, pertsona
berberen edo beste batzuen artean, bilatzen denaren arabera. Taldeko
ikuspegia nagusitzen den elkarteetan, mesfidantzaz begiratu izan zaie
banakako ekintza suntsitzaileei, horiek errepresioa areagotzeko
aitzakia eman eta euren urteetako lan neketsua hankaz gora jar
dezaketelakoan. Hala ere, talde kontzientziak berak eraman ohi ditu
halakoetan dihardutenak besteekiko elkartasunera eta datorkiekeen
kaltea bere egitera. Alde batetik, ulertzen delako disidentziaren
aurkako errepresioak aitzaki gutxi behar izaten dituela indargabetu
nahi dituenen aurka jotzeko, eta bestetik, banakako ekintzen
arduradunen banakako askatasuna ulertzeko eta errespetatzeko joera
dagoelako. Ikuspegi ez hain erromantikoak adieraz lezake berez txikia
eta indar txikikoa den mugimendua (dagoen anarkismoari mugimendu esan
badakioke, behintzat) barneko gatazkek eta borrokek are ahulagotzeko
edo jarduera bateratu askotan kidetzat izandakoen eraso pertsonala
jasateko beldurra ere badela barnean pentsatutakoa jendaurrean ez
kanporatzeko. Dena dela, banakotasunaren bidea hautatu dutenak ez
dira taldeko jarduera hobetsi dutenen patuaren erantzule sentitzen
eta, honaino, beraz, haien koherentziak ba omen dirau.

Balizko inkoherentzia non dago, beraz?
Irakurri berri dudan artikulu horretan banakotasunaren defentsa
sutsua egiten da, batasunerako jarrera ezkertiartasunari leporatuz.
Defendatzen duen ikuspegitik uler daiteke eta errespetatu ere bai.
Aukera bat da. Inkoherentzia, ordea, elkartasunaren erabilerari dago
lotuta. Ea adibide baten bidez azaltzerik daukadan. Demagun
matxinadagilea naizela, nire ekintzak neure egiten ditudala, neure
burua etengabeko gerran aldarrikatzen dudala. Hori, datozkidakeen
ondorio guztiekin egiten dut, hautu kontzientea da, inguratzen anuen
testuinguruaren jakitun. Demagun anarkismoaren aurkako giro
errepresibo itogarria dagoela eta nik jakin badakidala. Demagun
zenbait taldek lan handia eta neketsua egin dutela luzaroan,
agintarien, komunikabideen, polizia eta fiskalen presioari aurre
eginez, eta horien guztien gainetik ere, auzo batean, esaterako,
talde batek auzokoen konfiantza lortu eta auzoaren funtzionamendua
beste oinarri batzuen arabera apurka eraikitzen ari dela. Hala ere,
talde horren lana ez da nire ardura, nire ustez haiek egiten dutena
eta nik egingo dudana ez daude elkarri lotuta, bide subirano bana
dira. Nire ekintzak haien lana koloka jarri ahal izatea eta haiek
ekintza horrekin ados ez egotea ez dira arrazoi nik neure ekintza
burujabean amore emateko. Errepresioaren erantzule bakarrak, egia da,
errepresioa darabiltenak dira. Demagun edozein anarkistak uler
dezakeen jomuga bat hautatu, banku bat, eta kalte material txikiak
-bankuarentzat erabat onargarriak- eragiten dituen lehergailu txiki
bat jarri dudala. Azken finean, Estatuari bakerik izango ez duela
adierazi nahi diot, harekin gerran nagoela, eta nire etsaiak zein
diren identifikatzen dudala. Bideratuko den errepresioaren benetako
zioa ez da ekintza isolatu hori izango, argi dago, horrek Estatuari
gehienez ere kili-kiliak egiten dizkiolako. Balizko ekintza hori
aitzaki hartuko duen errepresioak, beste askoren artean, emaitza bi
ekar litzake, labur adieraziko ditudanak: fiskaltzak, sakabanatutako
lehenagoko beste “froga” batzuk erabili eta auzo horretako
talde horren lanaren aurka jotzea, haien lokala miatuz eta hango
jendea atxilotuz, edo, kasualitate handiz eta agian nahi gabe ere,
benetako egilea harrapatzea. Hona galdera: holako banakako ekintza
hautatu duenak, hura prestatzerakoan, talde harekiko elkartasuna izan
du burua? Bere burujabetzan, solidarioa izan da beste ikuspegi bat
daukaten anarkistekin eta haien bidearekin? Norberak erantzun
diezaiola galderari. Seguruenik, pertsona horren aburuz ez zuen
inorekin solidarioa izan behar, bere buruarekin baino. Horraino ere,
koherentea litzateke. Baina gehienetan, holako ekintza burujabea
burutu duena, zoritxarrez, errepresioaren eskuetan jausten denean,
zelan jokatuko du pertsona horrek eta haren inguruak? Elkartasuna
inguru jakin bati, bere bidearekin bat egiten duenari, ala anarkismo
eta antiautoritarismo osoari eskatuko dio/te? Eta gehienetan,
gainera, anarkismo eta antiautoritarismo osoak aho batez elkartasun
hori eman, banakako hausnarketak alde batera utzita, batzen omen
gaituenari garrantzia emanda. Hots, taldeko ikuspegia, batasunaren
premia sentitzen dutenen elkartasuna gauzak txarto doazenean gogoratu
ohi da, lehenago haien lanarekiko agertutako elkartasuna gorabehera.
Onean indibidualista, txarrean batasunaren aldekoa. Koherenteena,
txarrean ere, indibidualismoari eustea litzatekeenean, nire ustez,
behintzat, eta elkartasuna dei zabalen bidez bideratu nahi izan
beharrean, banakako erabaki burujabeen mende utzi.

Hori da gaur etorri zaidan hausnarketa,
gauzak asko sinpletuz eta topiko bihurtuz, egoera bakoitzak beti
dauzkalako mutur bi baino gehiago eta taldeko zein banakako egoerak
beti direlako askoz korapilatsuagoak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Punka, azken kultura mugimendua?

Gaur lagun batekin ari nintzen musikaz. Gaiari kontrako ikuspuntuetatik heldu badiogu ere, eta argindarraren gorabeherek gure skype bidezko solasaldia berehala eten, abiapuntu banatatik antzeko ondorioetarantz gindoazela ohartu naiz, hari esateko paradarik eduki ez arren.

Azken urteotan Euskal Herritik urrun egoteaz gain, onartu behar dut duela urte batzuk enpatxu moduko bat hartu eta euskal musikari jarraitzeari utzi niola. Orain, etxean berriz, Hamaika telebistan pasatu ohi dituzten bideoklipak ikusiz, teknikoki eta kontzeptualki gurean zenbat talde on eta sendo dagoen ohartu naiz eta, poltsikoa labur dabilen honetan, CDak dozenaka erosten nituen garaiak urrun, mandotxoa jarri dut martxan topatutako diskografia guztiak jaitsi eta lan egin bitartean entzuteko.

Hori izan da nire abiapuntua solasaldian. Nire lagunak, aldiz, egungo musika eszenak odola berotzen ez diola zioen, apur bat etsita. Dena antzekoa egiten zaiola. Eta, ordenagailuak huts egin ez balit, harantz joango nintzen neu ere. Irudipena dut Euskal Herrian, onerako zein txarrerako, euskaraz egiten den musikak, gutxi gorabehera, mundu mailan bizi denaren pare diharduela. Onerako eta, batez ere, txarrerako. Eta hitz moldakaitzak, deserosoak, matxino itxurakoak, desadostasunekoak ugari badira ere, momentu batean formula huts eta errepikakorra begitantzen zaio bati. Hitzak hitz, ekintzak ez direlako haien parean ikusten.

Eta ideia hori buruan, atzera begiratu eta ondorio batera iritsi naiz: punkak eztanda egin zuenetik, hots, 70eko hamarkadatik eta, gurean, 80ko hamarkadatik, ez da beste mugimendurik egon. Mugimendu erabatekorik, esan nahi dut. Pentsatzen hasi naiz: punka protagonismoa galtzen hasi ondoren, zer taldek, zer mugimenduk lortu dute ni harritzea edo odola irakiten jartzea? Taldeei dagokienez, Nirvana, Rage Against the Machine eta, azkenak, Marilyn Manson eta Rammstein aipa ditzaket, agian. Euskal Herrian, behar bada, PILT eta Berri Txarrak. Baina benetako mugimendurik egon da haien inguruan? Esango nuke, horiek denak gehiago izan direla punkaren bultzadari jarraituz, rockean beste oinarri eta uztarketa batzuk jarriz, haren maldan beherakoari galga apur bat jarri diotenak, 80ko mugimenduak utzitako ondareari arnas apur bat eman diotenak, mugimendu berrien sortzaileak baino. Estetikari, mezuei, jarrerari zer berri ekarri diete? Ezer gutxi. Kurt Cobainek punktzat zeukan bere burua eta haien estetika eta jarrerak AEBko punkak finkatutako berberak ziren. Rammsteinen kontzertu bakarrean egon naiz eta kantariak arra beteko gandorra eta bota militarrak zeramatzala, Clawfingerrekin batera Ramonesen “Pet Sematary” kanta abestuz itxi zuten kontzertua. Marilyn Mansonek erabilitako probokazio estetikoak ez daude hain urrun Erresuma Batuko punkek, Sid Viciousek berak, kasurako, agertzen zituztenetatik, svastikak, esaterako. Eta gaur egun zer? Calle 13, reggeatona barrutik leherrarazi duen talde probokatzailera joan behar dut zertxobait topatzeko.

Baina punka, gainera, mugimendu erabatekoa zen, ez zen musikara mugatzen, dena inarrosi zuen, lehenago beste mugimendu batzuek ere egin zuten bezala. 80ko hamarkadari begiratu eta bazter guztietan sentitzen ziren gazte kultura estilo probokatzaile eta iraultzailearen aztarnak. Erabat aktiboa izan zen hark iratzarritakoa. Eta oraindik ere, geratzen direnak eztanda haren errautsetatik bizirik irtendakoak baino ez dira. Zenbat fanzine, gaztetxe, irrati libre, disketxe… agertu ziren gar hark piztuta? Asko agertu legez desagertu ere, orduko asmoa ez zelako edozein preziotan irautea, are gutxiago egindakoari etekin ekonomikoa bilatzea. Bizimodu osoa zen, bat-batekotasunaren balioa. Ez gelditu begira, egin, orain, hemen, gaur, eskura dauzkazunekin. Egindakoak berez izango du balioa. Ereduak ez ziren gora begira bilatzen, norberarengan baino. Fanzineetan, esaterako, mota guztietako sorkuntza biltzen zen, estetika eta filosofia eredu batzuei jarraituz: marrazkigintza, politika, gizarte, ingurumen… hausnarketak, umorea, literatura, musika, argazkilaritza… Orduko musikariak harro, pozik zeuden euren kaseteak eskuz esku ibili eta kopia piratak ere mugitzen baziren, jabetza intelektuala zer zen ere kezkatu gabe. Jabetza ororen aurka ez zegoen, bada, mugimendua bera? Ez zen kultura ekoizpen oro gizarte emaitzatzat hartzen? Mezuak, mugimenduak, korrontearen kontrako zerbait egiten jarduteko sentipenak, kontzientziak zeukaten garrantzia. Mugimendu horren itzalpean edo harekin batera, haren baitan, atera ziren desobedientzia zibilerako eredurik irudimentsuenak, intsumisioaren aldeko kaleko antzerkiak, prozesio paganoak, hainbat gaztetxetan jorratzen ziren mota guztietako tailerrak… Eta horizontaltasunerako sena. Punk kantariei batez ere euren burua izartzat jotzea ez zitzaielako barkatuko. Taldeak eta entzuleak maila berean, gaur zu zaudelako taulan eta ni behean, baina bihar neu egon naitekeelako goian eta zu behean. Zu eta biok gauza bera garelako. Kontzertu txikietan, jendez lepo egoten ziren haietan, gertatzen zen guztien arteko bategite modukoa. Makrokontzertuek ez zeukaten zentzu handirik, kausa baten alde izan ezean. Haietan, musikatik harago, merezi zuen zerbaiten parte izateko sentipena nagusitzen zelako. Musika bera zabalagoa zen, esperimentazio esparrua, hura, garaiekin batera, estandarizatu arte. Nina Hagen, The Stranglers, The Clash, The Damned, PIL, The Cure, Paralisis Permanente, Bad Brains, Crass edo gurean Hertzainak, Zarama, Jotakie, Delirium Tremens, BAP!!… gogoratzea baino ez dago zertaz ari naizen ulertzeko.

Agian harrezkero sortu den gazteriaren izaeran dago koska. Kapitalismoaren erabateko garaipena delako dena kontsumo bihurtzea, gauzek salgai jartzeko baino ez badira baliorik ez izatea eta, batez ere, goikoei begira zain egoteko joera. Beraz, egia da, nire lagunak dioen legez, gaur egun euskal musikak zerbait falta duela. Kalitatea ez, seguruenik, ugaritasunik ere ez. Musika joz zerbait apurtzeko, gizarte eta kultura mugimendu zabalago baten parte izateko zentzua, agian? Baina ematen du rockak, luzarorako, bere onenak eman dituela eta zaila dela formula horretatik jendea piztuko duen ezer ateratzea. Denbora pasarako formulak berak ere iraultzaile den ezer eskaintzen ez duen bezalaxe. Kapitalismoak erabaki du zelan xahutu behar ditugun gure ordu “libreak”, Ibilaldia, Herri Urrats, Kilometroak, eta antzeko guztiek urtero gogorarazten digutenez: kontsumitu, horditu, ez pentsatu, kausa “onetarako” ere zure dirua behar dugulako, horretarako gazteen artean alkoholismoa bultzatu behar badugu ere. Garrantzitsuena eredua zuk zeuk ez egitea da.

Dena dela, gure denbora pasa da eta orain gazte horien lana da odola berriz irakiten jarriko digun zerbait asmatzea. Gure belaunaldiak jorratu zuen formula agortuta dago eta haren gorpu baltsamatua kiratsa erion arte paseatu dugu. Berriz ere Londres edo New York inguruan zerbait lehertu arte itxaron beharko da? Bide berriak esperimentatzen jarraitu dutenak, hain zuzen ere, garai hartako mugimendutik baitatoz, adibidez, Fermin Muguruza eta Manu Chao, baina ez du ematen berpiztea, jendea mugiaraziko duena, hortik etorriko denik.

Itxaroten dugun bitartean, musika mugimendu oso baten atal bat baino ez zeneko irudi batzuk utziko ditut, ea iragan hori gainditzeko pizgarri balio duen…

Eskerrak, argia enegarren aldiz joan arren hemen idatzitakoa salbatu da, mirariz edo, bestela ez nuen honakoa berriz idazteko kemenik izango… Do it yourself bai, baina birritan…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Posible al da banku greba?

Ez
da ezer berria hemen aztertuko dudan aukera (eta azterketa ez da
munduko sakonena ere izango); iaz ere, konbentzimendu handirik gabe,
aitor dut, lagunarte txikian proposatu nuen, orduan neukan Facebookeko
lagun batzuen artean, oker ez banago. Orduko erantzunetatik, besteak
beste, argi geratu zitzaidan honako ideiak “lehen munduan” baino ez
duela bere benetako ahalmena hartzen, erraz ulertuko denez. Azken
boladan CGT abenduaren 21erako kontsumo greba ari da proposatzen.
Kontzeptuarekin bat etorrita baina holako ekintza isolatu batek eduki
dezakeen eraginkortasunari buruzko zalantzak handiak izanda, mota
horretako deialdietan harago joaterik ez ote dagoen nabil bueltaka. Une
honetan, gainera, egun jendea gehien mugiarazten duen arloko, hots,
futboleko, aurpegi ezagun baten bultzada balia liteke. Izan ere, Eric Cantonáren proposamenak freskatu du nire buruan hona ekarriko dudan ideia.

Uste dut inork gutxik jarriko duela zalantzan kapitalismoaren oinarri
eta euskarri nagusiak bankuak direla. Orain, merkatu “libreak”
aspaldiko krisialdirik sakonena eragin (edo hori saldu digute,
behintzat) eta mundu osoko gobernuek batez ere bankuak salbatzeko jarri
beharreko guztia jarri dutenean, horretarako langileei azken urteetako
bide sozialdemokrata erreformisten “aurrerapen” apurrak kendu behar izan
badizkiete ere, inoiz baino argiago eduki behar genuke gerra honetan
haiek aurrera egiteko gu azpiratu behar gaituztela, eta alderantziz, guk
aurrera egin nahi badugu haiek azpiratu behar ditugula. Hortaz,
zergatik ez zabaldu kontsumo grebarako deialdia nazioarteko banku greba
erraldoi batera? Seguruenik ondo hausnartu eta denboraz jokatzeko kontua
da baina, posible litzateke euren burua antikapitalistatzat daukaten
mundu osoko gizarte mugimendu, sindikatu, elkarte, alderdi… guztiek,
edo mendebalde aberastukoek behintzat, horretarako, ez egun bat, aste
pare bat finkatzea? Egun interneten bidez inoiz baino errazagoa izan
behar luke bat egin lezaketen mugimendu guztiak konektatzea, ideia
taldez talde zabaltzea, eta internazionalismoa berba hutsa baino zerbait
gehiago dela agertzea.

Mendebalde aberastuaz hitz egiteak badauka bere zergatia. Argentinar
lagun batek oso ondo ohartarazi zidanez, herri askotan horretarako prest
leudekeen gehienek ez daukate ezer bankuetan, edo hutsaren hurrengoa.
Gurean, ordea, onartu behar dugu anarkista gehienok ere daukagula lotura
bankuekin, eguneroko bizimoduak irentsarazten dizkigun beste kontraesan
askoren artean. Eta gainera, banku horien basatzazko oinei geuk
pilatutako aurrezki apurrek eusten diete.

Pentsa dezagun ondo: zer gertatuko litzateke data jakin bat finkatu,
demagun abenduaren 21 hori bera edo aipatu albistean proposatu den
abenduaren 7a, eta astebeteko epean horretarako prest gauden guztiok
bankuetan daukagun dirua aterako bagenu? Batzuek, hasteko, esango didate
askorentzat hori ezinezkoa dela, gure Europa burges honetan
proletarioenek ere dauzkatelako hainbat faktura -elektrizitatea,
telefonoa, hipoteka…- kontu korronte horietan helbideratuta eta,
zenbat leudeke gertu zenbaki gorritan geratu eta egoera larriari holako
zorrak eransteko arriskuari aurpegi emateko? Beharbada bakoitzak ikusi
behar luke, ahaleginean hiltzeko prest ez badago, zenbat litzatekeen
utzi beharreko zuhurtziazko kopurua. Baina, bestalde, banku greba
horretan hipotekak ordaintzeari uko oldea ere sar liteke. Agian
ametsetan baino ez nabil edo kafeak kalte egin dit, baina pentsa
dezagun: zer egoera ekonomikotan geldituko lirateke bankuak oso egun
gutxitan milaka lagunek euren kontuetan daukaten diru gehiena atera eta
gainera hipotekak ordaintzeari uko egingo baliote? Gaitasuna leukakete
bat-batean milaka ez ordaintzeri aurre egin eta horiek denak
ordainarazteko? Higiezinen merkatua hondoa jota dagoen unean
errentagarria, are bideragarria edo desiragarria litzateke bankuentzat
etxe horiek guztiak bere egin eta pisu mortu hori salgai jartzea?

Ipin gaitezen emaitzarik onenean, Europatik irten gabe: herri
guztietan prest gaudenok deialdiari kasu egin eta oso egun gutxitan
milaka euro hasiko ginateke bankuei eskatzen. Ekonomiaz ikasitakoa
nahiko ugertuta daukat baina dakidan pixka horren arabera egun mugitzen
den diru gehiena ez da materiala, birtuala baizik. Alegia, merkatuan,
kontuetan, transakzioetan dagoen dirutik oso gutxi dago paper edo moneta
benetan eginda, %10 inguru txarto ez banabil (eta zenbakietarako zelako
burua daukadan jakinda seguruenik txarto nabil, baina ideia bat
egiteko). Horrek esan nahi du, bankuei gurea den diru guztia edo gehiena
eskatuz gero ez legokeela likideziarik eta bankuek ezinezkoa luketela
horri erantzutea. Horretarako, derrigorrez, banku zentralek, gurean
Europakoak, diru material gehiago sortu behar luke, horrek ekonomian
dauzkan ondorioekin. Ez litzateke zaila kapitalismoaren aldekoak ere
izuak jota ibiltzea, diru barik gelditzeko beldurrez. Zer egingo lukete
bankuek, argentinar gisako “korralito” bat? Izan liteke. Horri espero
dituzten hipotekak kenduz gero, bankuen arazo finantzarioak areagotuko
lirateke, eta erabakia hartu behar lukete: dirutza gastatu hipoteka
ordaintzen ez duten milaka horien hipotekak egikaritzeko, auzitegietara
jotzeko…? Horren ondorioz, eta kasurik onenean jarraituz, bankuek,
batzuek behintzat, porrot egingo balute, noren ardura litzateke
hipotekak ordainaraztea? Agian, eta hau seguruenik ezjakintasunak
bultzatutako ameskeria baino ez da, bankuen gatibuak garenok etxeak
benetan geure egiteko bidea ere izan liteke. Edozelan ere, kapitalaren
aurkako benetako matxinadarako giroa piztu edo, leku batzuetan,
areagotzen lagunduko luke. Itota omen dauden gobernuek zer baliabide
edukiko lukete bankuak berriz salbatzeko? FMIren mafia eta
gobernuentzako mezua, gainera, argia litzateke: zuen burua salbatzeko
gure dirua behar duzue eta gu ez gaude zuen eskuetan uzteko gertu, zer
eta gure aurka erabil dezazuen.

Kasurik txarrenean, jende gutxik erantzun eta eraginik ez baleuka,
aste pare bat pasatuta nahi duenak dirua bankuan berriz jar dezala eta
galdutakoa ez litzateke asko. Gihar matxinoa apur bat astintzeko balioko
zukeen. Eta kapitalismoa amildegira eramateko prest benetan zenbat
gauden, gure benetako indarrak zein diren jakiteko. Porrot eginez gero
errua geure buruari baino ezin geniezaioke egotz. Baina saiatzeko prest
gaude?

Egitekotan eguna jarri eta serio joka dezagun, etsaiari prestatzeko
astirik eman barik baina gu benetan prestatuta egon aurretik presaka eta
ondo antolatu gabe jokatzeko arriskuak ere saihestuz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Iruzkin 1

Bakearen prezio politikoa

Barra-barra entzuten zaie hainbat politikariri bakeak ezin duela
prezio politikorik izan. Beraz, Espainiako armada berez desegin behar
da, luzaroan ordainarazi diguten prezio politikoa buka dadin:

Artículo 8

1. Las Fuerzas Armadas, constituidas por el Ejército de Tierra,
la Armada y el Ejército del Aire, tienen como misión garantizar la
soberanía e independencia de España, defender su integridad territorial y
el ordenamiento constitucional.

(Espainiako Konstituzioa)

Espainiako armada da, hain zuzen ere, bidean zegoen gizarte iraultza
eten eta urte askotako terrorismorik basatiena zabaldu zuen taldea,
inoiz desartikulatu ez dena, armak inoiz utzi ez dituena. Gu guztion
bakearen prezioa ezin da izan Espainia Estatu legez zalantzan ez jartzea
edo indarrez ezarritako haren batasunari men egitea. Eta jakina,
terrorismoaren apologia egiten duen Konstituzio orok geratu behar du
legez kanpo eta hura goretsi dutenak auziperatu. Mehatxuaren bidez bakan
batzuen ideiak eta interes ekonomiko-politikoak bermatzeko sortutako
talde terrorista orok desagertu behar du, inongo prezio politikorik
gabe, berez eta negoziaziorik gabe. Orduan baino ez du herriak aukera izango
askatasunez hitz egiteko eta erabakitzeko (batzuei hainbeste gustatzen
zaien “demokrazia“,
haiei demokraziaz hitza baino ez gustatu arren, eta ez benetako
esanahia), inolako mehatxu armaturik gabe. Bihoa gogoeta bera
nazioarteko talde terrorista guztientzat, besteak beste, eta bereziki,
CIA, Mossad, CNI, eta abarrentzat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Garapenkeriaren aurkako ahotsa ixil ez dadin (edo ixilarazi ez dezaten)

Hemen uzten dizuet Mondraberrin zabaldutako albistea. Informazioa ukatzen badigute, geuk sortu behar ditugu bide irudimentsuak. Eta indarkeria, nahi badute, haiek, haren monopolioa dutenek, jar dezaten…

AHTaren aur kako pankarta erraldoia eskegi dute Portaloian

300.2 (id: 7982481)


Ezezagun talde bate k AHTaren aurkako ekimena eraman du aurrera herriko erdialdean, Portaloian. Eskailera batez lagunduta, ekintzaile bi atearen goiko aldera igo eta pankarta bat eskegi dute bertatik.


Mondraberri- 2010/11/11

Ezezagun talde batek Abiadura Handiko Trenaren aurkako ekimena egin du beste behin ere herriko erdigunean. Arratsaldeko 20:00ak inguru, ezezagun batzuk, kamisetetan AHTaren aurkako lemak eta aurpegia maskara eta bizarrez estalita zeukatela Portaloian agertu dira eta panfletoak banatu dituzte herritarren artean.

Ostegunetan herriko zenbait tabernatan izaten den Pintxo Potea dela eta, jende ugari zebilen kalean eta hauen, eta kasualitatez Portaloitik pasatzen ziren herritarren begiradak eurenganatu dituzte momentu horretan ekintzaileek. Hala, ezezagun taldeak eskailera luze bat Portaloiko atean jarri eta hauetako bi gora igo dira Guztiok gara katetuak, mugitu gaitezen denok. AHTrik ez! lema idatzita zeukan pankarta atetik eskegitzeko. Jarraian zuzi bi piztu dituzte ekintza sinboliko honetan.

Zenbait herritarrek protesta honekiko adostasuna erakutsi dute txaloka.

Pankarta eskegi ostean, desagertu egin da ekintzaile taldea.

Jarraian idatzita daukazue ekintzaileek banatu dituzten panfletoek idatzita zekartena:

GUZTIOK GARA KALTETUAK. HERRIAK DU HITZA. AHTrik EZ!!!

Hemen gaude beste behin ere. AHTak eragiten digun kezka lau haizetara zabaltzeko asmoz. Urteak dira elite ekonomiko eta politiko murritz batek, gure etorkizuna beraien nahira planifikatzeko erabakia hartu zuela, eta horretan ari dira. Sekula ezagutu gabeko makroproiektu suntsitzaile bat egiten: Abiadura Handiko Trena.

Jada begi bistakoak dira munstro horrek eragindako kalteak. Dena dela, aurrerantzean sortuko dituen kalteen dimentsioa, oraindik orain, imagina ezina da. Lurraren suntsiketaz gain, arlo ekonomiko, sozial eta kulturalean ere izugarrizko eragina izango du.

Agintarien arduragabekeria izugarria da. Krisiaz (berau sufritu gabe) mintzo diren horiek, 10.000.000.000 € xahutu nahi dituzte euskal herritarron poltsikotik AHTa egiteko. Dirutza. Europatik ere dirua murriztu dute eta konstruktoreek obren zati handiak bertan behera utzi dituzte, diru faltan direlako.

Inongo ardurarik erakusten ez duten agintari ustelak ditugu, aurrerapenaren izenean, gure diruaz nahi dutena egiten dutenak. Beraien patrikak beteaz eta herritarren gehiengoarenak hustuaz mintzo dira aurrerapenaz. Korrupzioak ateak zabalik ditu herri honetan, eta bide horietan sakontzen dabiltza AHTaren abiadura berdinean.

Tren hau ez dabiltza zuretzat egiten ari. Zure diruaz bai, baina ez zuretzat. Gutxi batzuek soilik izango dute honen erabilpenerako aukera. Izan geltokien eskasiagatik edo prezioagatik. Gainera, merkantzien garraiorako ere ez du balio.

Proiektu honenganako aurkakotasuna ehuneko handi batekoa da. Ziur izan guztiok mugituz gero geldituko dugula. Ez zaitez ixildu. Herriak du azken hitza. AHTrik Ez!!!

ETA GAINERA…

ASIER AGIRRE ARAMAIOKO ALKATEA, HERRIAREN AHOTSA ENTZUTEAGATIK, 7 URTEKO INHABILITAZIORA ZIGORTU DUTE.

GURE BESARKADARIK BEROENA ASIERRENTZAT.

HERRIAK DU AZKEN HITZA, AHT GELDITU!!

595.3 (id: 8128600)

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Errepresioak ez dauka mugarik, elkartasunak are gutxiago

Errepresioak ez dauka mugarik, baina are muga gutxiago dauka elkartasunak. Mozorroak, aitzakiak, diskurtsoak, gezurrak… asko izan arren, estrategia orokor eta bakarrari erantzuten dio Estatuen indarkeriak. Hortik ikasi behar dugu geuk ere, banantzen gaituzten distantzia geografiko edo ideologikoen gainetik, enpresarien munduko diktaduraren agerpen guztiei erantzun orokorra ematen. Azken finean, ñabardurak ñabardura, guztion etsaia berbera bada, etsai horri batera egin behar diogu aurre. Hura garaitutakoan egongo da ñabarduretarako asti nahikoa.

Euskal Herrian errepresioaren azken biktimak Askapenako kideak izan dira. Haien delitua, komunikabideek zabaldutako zaborrari erratza pasatu ondoren, internazionalismoa egunero bizitzea, Euskal Herritik mundura zabaltzea eta ezagututako munduak Euskal Herrira ere ekartzea da. Mundu estatalizatu honetan Estatuak dira “errealitateak” ezagutarazteko eskubidea daukaten bakarrak, edo, bestela, haiek ezarritako gidoiari zintzo jarraitzen diotenak (demagun, azken Literatura Nobel Sariduna). Hots, enpresa interes gorenek negozioetarako ontzat jotzen duten informazio trukea baino ez da onargarria. Horregatik da arriskutsua, eta Estatuaren arma guztiekin saihestu beharrekoa, herriek eurek elkarri bitartekaririk gabe hitz egitea. Herriek azkar ikusten dutelako negozioetarako asmatu diren muga artifizialen gainetik gehiago direla batzen dituzten ezaugarriak, egoerak, arazoak, kezkak, borrokak, ametsak… Eta agian, eta hori litzateke arriskutsuena, estrategia bateratuak erabili eta askatasunaren bidean irabazteko beste indar ere badaukatela jabe daitezke. Hortaz, ñabardurei erreparatuz gero alde ideologikoak egon daitezkeen arren, bihoa hemendik nire elkartasun osoa Espainiak espetxeratu dituen Askapenako kide guztiei. Internazionalismoa ez delako delitua.

Era berean, Txilen oraindik daude kartzelan edo badaezpadako zenbait neurriren pean, abuztuaren 14an muntaia komunikatibo-polizialean atxilotutako azken 14 biktimak. Haien delitua libertarioak, antiautoritarioak edo anarkistak izatea. Ez ditut ezagutzen eta ez dakit haietako bakoitzak zertan ziharduen lehenago. Ez da garrantzitsuena. Estatu indarkeriaren historia honetan izenak eta egoera pertsonalak gutxienekoa direlako. Dirudienez, fiskalaren arabera “legez kontrako asoziazioa” osatzen zuten horiek, kasu batzuetan, ez zuten elkar ezagutzen ere, baina horrek ere ez du garrantzirik, kokaina zale izatetik narkotrafikoaren aurkako fiskala izatera igaro den fiskal showman horren teoria guztiek ez hankarik ez bururik ez izateak ere garrantzirik ez daukan bezalaxe. Estatuek etsaiak behar dituzte, kanpokoak zein barnekoak, segurtasunaren gezurra saltzeko, kartzelen negozioa elikatzeko, polizien soldatak justifikatzeko, gizartearen kohesioa estutzeko, abertzalekeria elikatzeko eta “herritar zintzoen” kontzientziak lasaitzeko. Noizean behin kalte material txikiak eragin, kristal bakan batzuk apurtu edo despistaturen bati sustoren bat ematen dioten leherketek ez dute Estatua ikaratzen, are gutxiago orain arteko biktima bakarra ekintzailea bera izan denean (Mauri, ez zintudan ezagutu baina zure mina bihotzean daroat). Aitzitik, aitzakia ezin hobea dira benetan beldurra ematen dioten mugimenduei oldartzeko. Banakako batzuen ekintza isolatuak baino askoz arriskutsuagoak direlako azpitik, horizontalki, buruzagirik eta hierarkiarik gabe, egunero herri boterea sortzen duten mugimenduak, komunikabide ofizialen hesia apurtzen duten blogariak, auzoko irratiak edo telebistak izan, liburutegiak izan, auzoan antolakuntza autonomoa sortzen duten elkarteak izan, eztabaidarako eta esperientziak trukatzeko esparru irekiak eskaintzen dituzten lokalak izan, kultura autokudeatua zabaltzen duten okupak izan… Beraz, nor ere diren, zertan ere jardun duten, bihoa 14entzat nire elkartasun osoa.

Haiek denak, bai han bai hemen, kalean behar ditugu, haien guztien ekarpena garrantzitsua delako eta hobe askatasun osoz kalean, auzoan, elkarteetan, blogetan, munduan… egin ahal izatea, espetxean baino.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Calle 13, eztanda barrutik egiten duen lehergailua

Arraroa egingo zaio bati baino gehiagori nik hemen reggaeton talde baten berri ematea. Ez nioke lekurik egingo hain matxista izan ohi den musikari, baina ikusiko duzuenez, Calle 13 ez da ohiko reggaeton taldea. MTV eta Grammy sariak irabazita, ospe handia lortuta, Calle 13 sistema barrutik eztanda egiten duen lehergailua da. Hori dela-eta, apurka-apurka zentsuraren zaporea ezagutzen joan da (esaterako, Grammy sarietan “Micheletti rima con Pinochetti” edo “Uribe paramilitar” bezalako esaldiak erakusteagatik). Euren azken diskoan asmoak mozorrorik gabe biluztu dituzte, Latinoamerikan ereserki bihurtzen ari den kantan, “Calma pueblo”…

Ez esan ez zuela hemen bere tokia merezi!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Euskal Herritik Wallmapura

Honakoa Txileko komunikabideei
bidalitako adierazpenaren euskararako moldaketa da (lantxo hau hartzea
zor nizuen). Eskerrik asko Euskal Herrian, Argentinan, Uruguain, Txilen
eta Wallmapun bertan…, zein ere den bultzatu zaituzten arrazoia,
hainbeste eman didazuen guztioi.

Asko dira gizon eta emakumeak bidaiarazten, errealitate
batzuei hurbildu eta besteetatik urrunarazten dituzten zioak. Ez dira
gutxi orain arte munduan hara-hona eroan nautenak, gehienetan buruan
asmo bera neukala: interesatzen zitzaizkidan errealitateak ezagutu
ondoren etxera itzultzea. Beste garai batean nire etxea bakarra zen,
hemen Euskal Herrian. Txilek, ordea, hori dena aldarazi zuen. Hango
lurretara hurbiltzeko erabakia harrezkero nire neskalaguna (inoiz
imajina nezakeen onena) izango zenarenganako maitasunak eragin zuen.
Han, Wallmapuko bihotzean, lehenengo aldiz eduki nuen neure etxetzat,
neure beste etxetzat, sentitu nuen beste leku bat. Eta, guztiaren
gainetik, beldurrak utziarazi zidan zoriontsu sentitzen nintzen tokia,
hango errealitatea, aurreko bizipenetan aurrekaririk ez zeukan jazarpen
politikoa, gertutik ezagutu arte sekula bizi izan ez nuena. Neure gogoz
alde egin ahal izan nuen, behintzat, hasieratik nahi zuten kanporatzea
gauzatu baino lehenago.

Orain etxera, bestera, itzuli naiz, eta azkenean seguru
sentitzen naiz. Orain erlaxatu, lasai lo egin, sentitu eta nahi dudan
bezala hitz egin, are han nor sartu eta zer eroan edo utziko duen buruan
izan barik etxea zaintza barik utz dezakedala sentitzen dut. Izan ere,
2009ko abenduaren 31 harrezkero poliziak, agintari batzuen esanetara,
ideien eta hitzaren munduari emana bizi zen idazle baketsu bat, delitu
izugarriak, hots, euskal jatorrizkoa, pentsaera anarkistakoa, punka eta
maputxe herri jazarriarekin solidarioa izatea egotzita, terrorista
bihurtzea erabaki zuenetik, Barja komandanteak koordinatutako polizia
indar haiek, Labocar-eko Victor Hugo Blanco kapitainaren jakintzaren
bidez, bulegoren batean erabakitakoaren benetako zioak nire gelako
armairuaren gainean inoiz ikusi ez nituen frogak jarriz mozorrotu
zituztenetik, Txileko komunikabide leialek behin eta berriz herrian
lehen aldiz sartu baino lehenago gertatutako leherketei lotuta egotea
leporatu zidanetik, lasaitasuna, segurtasun sentipena berreskuratzea
ezinezko bihurtu zen handik urrun izan ezean. Are gehiago, ebidentzia
guztien gainetik, hiru epailek normaltzat jo zutenean Victor Hugo Blanco
kapitainak tokian hartutako argazkiak
manipulatzea, batez ere polizia sartu aurretik leporatutako gauzak ez
zeudela frogatzen zuena; baita polizien kontraesan eta gezur ugariak
ere, bereziki Sipolcar-eko Marcos Gaetek asmatutakoak, berak egun batzuk
lehenago existitzen ez zirela zin egin zuen bideoen
bidez agerian utzitakoak. Nire errugabetasuna agerian utzi zituzten
lekukotasunak, aldiz, ez zituzten aintzat hartu. Ezta Fiskaltzak
akusatuaren eta leporatutako gauzen arteko loturarik ezartzeko gai ez
izatea ere. Frogatutako lotura bakarra gauza haiek, hiru polizien
hitzetan, “bertan zeudela” izan zen, haiek izan baitziren espezieak
armairuaren gainean ikusi zituztela aitortu zuten bakarrak. Halaber, ez
zuen garrantzirik izan, hiru epaile haientzat, agenteen euren
lekukotasunek agerian uzteak segurtasun protokoloari ez zitzaiola inoiz
jarraitu, batez ere, kontuan izanda lehergailua izan daitekeela uste den
objektu ustez ezezagun bat aurkitzerakoan protokolo hori derrigorrezkoa
dela (dirudienez, objektu hura ez zuten, ez, hain ezezagun). Horiek
guztiek ez dute axola xede bakarra pertsona bat kondenatzea denean,
horrela kanporatua izan eta dena bertsio ofizialen araberakoa izan
dadin. Fiskaltzak eskatutako bost urteen aurrean (gogoratu behar da
hasieran hamar urtetik gora eskatu zutela, Terrorismoaren aurkako Lege
malapartatua ezarri nahi zidatenean), emandako 220 egun horiek berez
hitz egiten dute epaileek benetan susmatu arren ebazteko kemenik izan ez
zuten inozentziaz.

Antzeko zerbait gertatzen da kontua maputxe komuneroak
kriminalizatzea denean. Victor Hugo Blanco kapitainakberak, bere ohiko
eraginkortasunez, sortuko ditu miaketetan topatu beharreko frogak.
Seguruenik, Santiagon ere haren parekoak dauzkate, gidoiak anarkisten
eta okupen buruak eskatzen dituenean. Garrantzitsuena “gizartearentzako
arriskuak” giltzapean egotea da. Lortuz gero, geroago dagozkien muntaiak
agerian geratu arren, denak aske utzi behar badira ere, ez du axola,
jendeak azkar ahazten du eta aurrerantzean ere pentsatuko dute, antzeko
kasuren bat gertutik ezagutu badute, salbuespenak direla, ez ohiko
jarduna.

Seguruenik, Txilen idaztea lanbide arriskutsua dela
ikusita, batez ere egia islatzen tematzen diren burugogorrentzat, ez dut
berriz izango hango lurretan bizitzea. Zoritzarrez, txiletar herriak,
egiazko gizarteak, egunero lan egiteko inoren izerdiaren ordez berea
darabilen horrek, bere odolean eguneroko sufrimendua ezagutzen duenak,
guztiaren gainetik irribarreari, abegi onari, umoreari eta maitasun
gaitasun itzelari eusten dionak, utzi didaten baino denbora gehiago
merezi duelako. Zoritxarrez, Wallmapun urte eta erdiz bizi ondoren, ez
dudalako maputxe komunitaterik barrutik ezagutzerik ere, jatorrizko
herri horren errealitatea hurbiltzen den atzerritar orok berehala,
terrorista ez bada, gutxienez susmagarri bihurtzeko arriskua daukalako.
Maputxeen abegi eskerga garesti ordain daiteke.

Bidean dagoen helegitearen emaitza zein ere den (logikak
aginduko balu aldekoa behar luke), askea naiz orain. Lehen baino apur
bat gutxiago, zenbait pertsonak erabaki dutelako jaberik behar ez lukeen
lur honetako zatitxo bat debekatuta daukadala, baina askea, azken
finean. Beharbada, egunero bere barroteak hautatzen dituen herri eder
hori baino askeagoa; izan ere, haiek ematen diete boterea maitasunaren
eta askatasunaren handitasuna ezagutzen ez dutenei, diruarekiko
maitasuna eta zapaltzeko askatasuna baino ezagutzen ez dituztenei. Eta
askatasuna, besteak beste, urte eta erdi honetan gertatutakoaren egia
ezagutarazten jarraitzeko erabiliko dut. Balio dezala egia horrek
maputxe anaiei euren bizia bidezkoa dutenaren alde arriskuan jartzera
eroan dituzten kasuei ere argi apur bat jartzeko, Santiagoko 14
atxiloketen atzean benetan ezkutatzen dena, Txilen ideiek egunero
pairatzen duten errepresioa argitzeko.

Hau dena idatzi diet ez entzunarena egin duten Txileko
komunikabideei. Zorionez, Euskal Herrian hainbat belarri, hainbat bihotz
egon dira hasieratik egia ezagutu eta ezagutarazteko prest. Belarri eta
bihotz horiek ahots ere bihurtu dira mezua ozen helarazteko. Berriz
ere, zuen belarriak, bihotzak eta ahotsa baliatu nahi ditut gose greba
luzeari aurre egin dieten peñi-ei, kartzeletan dauden preso maputxe eta
anarkista guztiei, lagun on batek esango lukeen bezala, osasuna,
maitasuna eta xamurtasuna helarazteko. Egunero irentsi nahi gaituen
sistemak gutako azkenaren ahotsa isilarazten ez duen bitartean munduak
itxaropena izango du.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | 2 iruzkin

Los Prisioneros, diktadura bitarteko ahots lotsagabea

Aspaldi ez dut musikarik ekarri nire txoko honetara. Gaur apurtuko dut isilaldi luze hori benetan merezi duen Txileko talde bat jarriz. Los Prisioneros txiletar rock talderik handienetakoa izan da. Diktadura garaian sortu zen, jarrera punketik edanez baina zenbait estilotan murgiltzeko lotsarik gabe. Hemen kanta handi horietako bat utziko dizuet, Euskal Herrian 80ko hamarkadan bizi genuena ere gogoratzeko balio dezakeena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Batasuna eta autonomia

(Castellano)

Mugimendu libertarioen baitan ia anarkismoa bera bezain zaharra den
eta mugarik errespetatzen ez duen eztabaida bat dago, batasunaren
bilaketaren eta banakako eta taldeko askatasun eta autonomia premia
osasuntsuaren arteko etengabeko tentsio bat. Ez da nire asmoa formula
magikorik ematea, baina hemen agian ekarpenen bat egin dezaketen
hausnarketa batzuk utzi nahi ditut. Kasurik txarrenean idatzi edo esaten
den beste gauza asko legez hemen ahaztuta geldituko dira. Beren-beregi
norbaitek Txile deitzea erabaki zuen lur zati luze honetan mugimendu
libertarioek bizi duten unea buruan daukadala idatzi dut, baina
seguruenik munduko beste edozein tokitako anarkistek eta libertarioek
ere ulertu ahalko dute.

Horretara bultzatu nauen zio nagusia berezkoa bezain osasungarri eta
aberasgarria behar lukeen anarkismoaren ikuspegi desberdinen arteko
eztabaidak batzuetan hartzen duen deskalifikazio maila da. Gauzatzen
ditugun ekintza, logika, taktika, estrategia eta abarri buruz pentsatzen
dugunean ez dakit erdietsi beharreko xede bat, emaitza bat edo
gutxienez noranzko jakin bateko aurrerapenen bat buruan daukagula egiten
dugun. Horrela bada, eta hori litzateke logikoena, beti eduki behar
genuke gogoan benetako garrantzia daukana nahi dugun xede hori dela eta
ez xede hori lortzearren darabilgun ekintza, logika, taktika edo
estrategia bera. Horrela, bigarrenak, ekintzak, taktikak , aldiro
ebaluatua, birpentsatua, lagaezintzat, dogmatzat, helburutzat ez jotzera
irekita egon behar luke beti. Hortaz, aldaketetara zabalik egon behar
luke, denboran estrategia horren bidez lortutako emaitza nahi genuena ez
balitz, xedera batere hurbilduko ez bagintu edo are hartatik urrundu
edo ezinbestean geldiarazten gaituela ikusiko bagenu. Edonola ere,
horrek gutxienez malgutasun handiagoa eman behar liguke teorikoki xede
bera bilatzen duten beste talde batzuen ekintzak edo estrategiak
baloratzerakoan (eta horixe egin behar genuke, baloratu, epaitu barik,
horretarako teorikoki desagerrarazi nahi dugun estamentu bat baitago);
izan ere, ulertuko genuke guk geure metodoekin egiten dugun berbera
egiten dutela haiek ere eurenekin, dena dagoela kritika eraikitzailera
eta, batez ere, autokritikara zabalik, metodoan ez dagoela ezer
absoluturik eta estrategiak praktika zehatzean eta denboran baino ez
direla egoki edo desegoki agertzen, ez aldez aurretik idatzitako paper
edo gidaliburu batean. Metodo batzuk egoera egoki batean erabilgarriak
izan daitezkeela eta beste batzuetan, ordea, aurrera baino gehiago
atzera eragin dezaketela, oztopoa izan.

Libertario ororen ametsa, gutxi gorabehera eskematikoki esanda,
autoritaterik ezean, elkarrekiko laguntzan, kontsentsuan eta
horizontaltasunean oinarritutako gizarte errotik desberdina bada, zaila
da pentsatzea amets horretarantz  goazela lubaki berean daudenak, beste
logika bat erabilita teorikoki xede bera dutenak, gupidagabe iraintzen
ditugunean. Gure artean horrela jokatzen badugu, anarkisten arteko
adostasuna hain zaila bada, zelan pentsa dezakegu etorkizuneko gizartean
egun beste muturreko parametroen arabera bizi direnak gurekin ezer
adosteko gai izango direla? Bihotzean daroagun gizarte hori bihotz
horretatik bertatik eraiki behar dugu egunero, geure baitan bizi behar
dugu. Horrela baino ez da posible bihurtuko eta besteentzat sinesgarria
izango. Eta inork ez beza hemen uler nik neuk metodo guztiak, logikak
denak, estrategiak oro ontzat ematen ditudanik. Nik ez dut uste
helburuak bitartekoak zuritzen dituenik. Baina ez deritzot honi ez lekua
ez unea neure jarrera finkatzeko. Nork bere praxiari eta haren emaitzei
buruzko gogoeta egin eta horren arabera jokatu behar du, oso urrun
nago asmatzeko edo okertzeko, egunero bere burua berrausnartzeko, bere
hausnarketaren, ideiak, bizitza eta ekintza sentitzeko moduak ontzearen
arabera bide bat edo bestea hartzeko eskubide berbera daukan inoren
epaile sentitzetik.

Hori dena esanda, noan itzulinguru gehiagorik gabe heldu gura nion
gaira: batasuna eta autonomia. Betiko arazo horri bueltak emanda, nire
ikuspuntutik akats ohikoenetako bat gaia aurkakoen arteko kontutzat
hartzea da. Batasunak autonomia ezeztatzen duela edo autonomiak batasuna
galarazten duela pentsatzea. Uste dut bizi garen unean, bai
Latinoamerikan bai Europan, errealitateek oso urrunak eman arren,
batasuna inoiz baino beharrezkoagoa dela, hainbat zio direla-eta.
Lehenengoa, mendeetan menderatu gaituen ekonomia, politika eta gizarte
sistema betiko konorterik gabe utz litekeen une historikoaren aurrean
gaudela, eta zaila dela hori zentzu bateraturik gabeko ekintza isolatuen
bidez  lortzea, batez ere helburu eta proposamen argirik gabe. Baina,
batasun hori autonomia, askatasuna, banakako edo taldeko bat-batekotasun
osasungarria giltzaperatzearen truke? Ez dut uste hori hain beharrezkoa
denik eta, izan ere, horri txirotzea, anarkismoaren oinarriari berari
uko egitea neritzoke.

Kontua da posible dela zentzu bietan jokatzea. Uste dut argi eta
garbi direla beharrezkoak koordinazioa, elkar ulertzea eta elkarrekiko
laguntza, norabide bateratua; eta, horretarako, langile, ikasle,
langabetu, ekologista, emakume (nik neuk emakumea gizonarekiko benetako
berdintasunean behin betiko kokatuko duen borrokari premiazkoenetakoa
deritzot), okupa, jatorrizko herri eta menderatuta edo borrokan
diharduten giza talde edo sektore ororen arteko bestelako giza, lan,
familia, auzo, bizi harremanak amesten ditugun guztion arteko ekintza,
taktika eta estrategia bateratuak; hausnarketa bateraturako,
kontsentsurako eta indar batzeko esparru bat, guztion artean borroka
beharrezkoa den, gizartea, ekonomia eta politika interesdunentzat
eurentzat, herriarentzat, bizitzako benetako aktoreentzat berreskuratzea
ezinbestekoa den arlo guzti-guztietan aurrera eragiteko. Horretarako,
nire hausnarketaren arabera, aurrerapen handia litzateke nortasun
ezaugarri bateratuen peko esparru bateratua izatea (nolabait esateko,
izen eta nortasun ezaugarri bateratuak, “marka” bat); nahi duten
erakunde, kidetasun talde, elkarte edo banako guztientzako aterkia izan
liteke eta haren izenean, guztien artean adostutako helburu zehatzen
bila eta denok finkatutako norabidean, bertan sartzen diren guztiek bere
egingo lituzketen ekintzak baino ez lirateke egingo. Halaber, logikoa
litzateke borroka esparru bakoitzean zuzenean eragiten dien eta arazo
zehatzak eta eremu horretan egokia edo kaltegarria izan daitekeena
sakonago ezagutzen dituzten taldeen ahotsa nagusitzea. Zaila da
Zuzenbideko ikasle batek metalgintzako langile batek baino hobeto
ezagutzea metalgintzan komeni den estrategia, eta alderantziz, adibide
bat jartzearren, baina seguruenik biek eman diezazkiokete ideia
erabilgarriak elkarri, nork bere jakintzatik.

Aldi berean, erakunde, kidetasun talde, elkarte edo banako bakoitzak
autonomoki, bere izenean eta multzo bateratu horren estaldurarik gabe
jokatzeko eskubidea gordetzeko aukera izan behar luke, adostasun
horretan sartzen ez diren eremuetan edo metodoen bidez. Aske eta
autonomiaz jokatzeko eskubidea ez ezik, zenbait arrazoi direla-eta
zabaldu behar ez direla uste den ekintzen edo estrategien berri ez
emateko eskubidea ere bai. Jakina, ekintza, estrategia edo logika
autonomoak kritikatzeko esparruak ere beti geratu behar luke zabalik,
guztiei onurak edo oztopoak sortzen dizkienari buruz etengabe
eztabaidatzea, xedeari begira eta ez bitartekoak xedetzat hartuta
betiere, ezinbestekoa baita beti eta inork, norberaren jardueraren
kilikak eta batez ere maiz elikatzen den egoak, inkontzienteki bada ere,
jarduera batzuek ematen duten protagonismoa dela-eta, itsututa,
zerumuga bistatik ez galtzen laguntzen baitu.

Koska honakoa da: nork hartuko du ardura egun hain sakabanatuta eta
sarritan elkarri bizkarra ematen dioten borroketan murgilduta dauden
erakunde, elkarte, kidetasun talde eta banakoei batasun horretara
deitzeko? Borondatea egonda dena lor daiteke.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina