Errepresioak ez dauka mugarik, elkartasunak are gutxiago

Errepresioak ez dauka mugarik, baina are muga gutxiago dauka elkartasunak. Mozorroak, aitzakiak, diskurtsoak, gezurrak… asko izan arren, estrategia orokor eta bakarrari erantzuten dio Estatuen indarkeriak. Hortik ikasi behar dugu geuk ere, banantzen gaituzten distantzia geografiko edo ideologikoen gainetik, enpresarien munduko diktaduraren agerpen guztiei erantzun orokorra ematen. Azken finean, ñabardurak ñabardura, guztion etsaia berbera bada, etsai horri batera egin behar diogu aurre. Hura garaitutakoan egongo da ñabarduretarako asti nahikoa.

Euskal Herrian errepresioaren azken biktimak Askapenako kideak izan dira. Haien delitua, komunikabideek zabaldutako zaborrari erratza pasatu ondoren, internazionalismoa egunero bizitzea, Euskal Herritik mundura zabaltzea eta ezagututako munduak Euskal Herrira ere ekartzea da. Mundu estatalizatu honetan Estatuak dira “errealitateak” ezagutarazteko eskubidea daukaten bakarrak, edo, bestela, haiek ezarritako gidoiari zintzo jarraitzen diotenak (demagun, azken Literatura Nobel Sariduna). Hots, enpresa interes gorenek negozioetarako ontzat jotzen duten informazio trukea baino ez da onargarria. Horregatik da arriskutsua, eta Estatuaren arma guztiekin saihestu beharrekoa, herriek eurek elkarri bitartekaririk gabe hitz egitea. Herriek azkar ikusten dutelako negozioetarako asmatu diren muga artifizialen gainetik gehiago direla batzen dituzten ezaugarriak, egoerak, arazoak, kezkak, borrokak, ametsak… Eta agian, eta hori litzateke arriskutsuena, estrategia bateratuak erabili eta askatasunaren bidean irabazteko beste indar ere badaukatela jabe daitezke. Hortaz, ñabardurei erreparatuz gero alde ideologikoak egon daitezkeen arren, bihoa hemendik nire elkartasun osoa Espainiak espetxeratu dituen Askapenako kide guztiei. Internazionalismoa ez delako delitua.

Era berean, Txilen oraindik daude kartzelan edo badaezpadako zenbait neurriren pean, abuztuaren 14an muntaia komunikatibo-polizialean atxilotutako azken 14 biktimak. Haien delitua libertarioak, antiautoritarioak edo anarkistak izatea. Ez ditut ezagutzen eta ez dakit haietako bakoitzak zertan ziharduen lehenago. Ez da garrantzitsuena. Estatu indarkeriaren historia honetan izenak eta egoera pertsonalak gutxienekoa direlako. Dirudienez, fiskalaren arabera “legez kontrako asoziazioa” osatzen zuten horiek, kasu batzuetan, ez zuten elkar ezagutzen ere, baina horrek ere ez du garrantzirik, kokaina zale izatetik narkotrafikoaren aurkako fiskala izatera igaro den fiskal showman horren teoria guztiek ez hankarik ez bururik ez izateak ere garrantzirik ez daukan bezalaxe. Estatuek etsaiak behar dituzte, kanpokoak zein barnekoak, segurtasunaren gezurra saltzeko, kartzelen negozioa elikatzeko, polizien soldatak justifikatzeko, gizartearen kohesioa estutzeko, abertzalekeria elikatzeko eta “herritar zintzoen” kontzientziak lasaitzeko. Noizean behin kalte material txikiak eragin, kristal bakan batzuk apurtu edo despistaturen bati sustoren bat ematen dioten leherketek ez dute Estatua ikaratzen, are gutxiago orain arteko biktima bakarra ekintzailea bera izan denean (Mauri, ez zintudan ezagutu baina zure mina bihotzean daroat). Aitzitik, aitzakia ezin hobea dira benetan beldurra ematen dioten mugimenduei oldartzeko. Banakako batzuen ekintza isolatuak baino askoz arriskutsuagoak direlako azpitik, horizontalki, buruzagirik eta hierarkiarik gabe, egunero herri boterea sortzen duten mugimenduak, komunikabide ofizialen hesia apurtzen duten blogariak, auzoko irratiak edo telebistak izan, liburutegiak izan, auzoan antolakuntza autonomoa sortzen duten elkarteak izan, eztabaidarako eta esperientziak trukatzeko esparru irekiak eskaintzen dituzten lokalak izan, kultura autokudeatua zabaltzen duten okupak izan… Beraz, nor ere diren, zertan ere jardun duten, bihoa 14entzat nire elkartasun osoa.

Haiek denak, bai han bai hemen, kalean behar ditugu, haien guztien ekarpena garrantzitsua delako eta hobe askatasun osoz kalean, auzoan, elkarteetan, blogetan, munduan… egin ahal izatea, espetxean baino.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , . Gorde lotura.

2 erantzun Errepresioak ez dauka mugarik, elkartasunak are gutxiago-ri

  1. egilea: markos zapiain

    Eskerrik asko, Asel!
    Laudorio ederra nire testuari egin diozuna, gure eta edozein garaitan
    zentzunez bizitzeko moduetako bat baita anakroniko izatea, edo,
    Nietzscheren berbetan, desorduko!

    Ea Talako plana noiz gauzatzen dugun!

  2. asel egilea: asel

    ez horregaitik markos! zergaitik ez hartu lizentzia literario bat merezi dauanari leku egiteko 😉
    atzo deitu notsun. ea laster lortzen dogun alkar ikustea, emoten dau kontinente banatan bizi garala! kar, kar, kar.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude