Argentina, protestaren herria

Aste bi pasatxo dira Buenos Airesa iritsi nintzela. Hirira apur bat ohitu, kaleak, oinarrizko funtzionamendua, “kolektiboen” (autobusak) arriskua, enpanadak, Quilmes garagardoa eta beste gauza garrantzitsu asko ezagutu, eta prest nago noizean behin hemengo sentsazioei buruz idazteko.

Ikusi dudanagatik, argentinarrek dohain asko dauzkate, eta haien artean, interesgarrienetakoa protestarako gaitasuna da. Hemen inor ez da isilik geratzen, eta usoak dira manifak antolatzeko falta diren bakarrak.

Hura izan zen nire ongietorritako bat. Sergio iruindarrarekin Eusketxerantz joan, han barikuero egiten duten afarietara, eta Plaza de Mayon polizia mugimendu ikaragarria ikusi nuen. Benetan ikustekoa da zelan inguratzen duten dena burdinezko hesiz, atzean armada oso bat babesteko, Casa Rosadaren aurrean. Ur-kanoiak prest, eta telebista guztietako kamioiak inguruan dena jasotzeko pronto.

Berez, egun normal batean, Casa Rosadarantz hurbildu, eta lehen irudia honen modukoa izan daiteke…

Leku lasaia, etzateko ederra, boterearen eta ordenaren ikurra… Baina aurrera eginda berehala hasiko dira bestelako banderak, aldarrikapenak, bozgorailuetatik datozen ahotsak… lekua hartzen. Egun hartakoa ikasleen protesta zen, diru-laguntzak moztu behar dituztela-eta. Manifa itzela eta ondo antolatua, baina aldi berean, hemen ezkerrak bizi duen zatiketa itzelaren lekuko. Ikasle talde bakoitza bere alderdiaren banderatxoen gerizpean. Gorriak, gorri-beltzak, beltzak… Denak batera baina… nahastu gabe.

Atzokoa bezalako egun lasai batean ere, manifestazio handirik egon ez arren, Plaza de Mayon gora apur bat egin eta han topatuko dugu lehen protesta. Kasu honetan, Paraguayko preso politiko batzuen estradizioaren aurkakoa. Hego Amerikan, argi dago, lehen sektorean, nekazaritzan, dago lehen borroka frontea. Lurraren jabetza eta aberatsek mendeetan ezarritako sistema dira zalantzan ipini beharreko lehenak. Mikrofonoa hartu, pankartak nonahi jarri, eta itxurazko lasaitasuna beste kolore bat hartzen hasi da. Bandera ofizialen eta oroigarrien artean bestelako herria ageri da…




Ez dira giroan sumatzen diren kexu bakarrak. Hemen jubilatuak ere ikus daitezke Kongresuaren kontra harriak botatzen, eta atsekabea gutxitan gordetzen da norberaren baitarako. Denek daukate zer aldarrikatu eta leku sinboliko batzuetan egunero daude pankartak zabalik biltzen direnak. Bestela, espaloia bera izan daiteke bozeramailea…


Izan ere, Buenos Aires pintaden hiria ere bada, baina hormetako arteaz beste batean idatziko dut. Kioskoek itxita daudenean ere dakite mintzatzen, eta askotan umorea ere ez da falta.


Beharbada matea da hainbeste mugimenduren pizgailua…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Sex Pistols uste baino sasoikoago

Barikuan gutxien espero nuenean, Gasteiza joan eta Sex Pistols ikusteko bultzada eutsiezina piztu zitzaidan. Ez nekien zer topatuko nuen, zelan ibiliko ziren nerabezaroko mitoak. Sid Vicious gabe, halabeharrez, baina eskaini zutena paregabea izan zen. Itxaronaldiak merezi izan zuen, eta aurre-aurrean eta erdi-erdian gelditzeko aukera izan nuen.

Aho bete hortz geratu nintzen Rottenen amorru eta indarrarekin. Haren sen zirikatzaileak bizi-bizirik dirau. Horren erakusgarri kontzertuari ekiteko modua: “Goodnight, arriba España” edo antzeko zerbait izan zen lehen oihua.


Jendearen erantzuna berehalakoa. Berak ez entzunarena egin eta tai gabe errepikatzen zituen Spain, Spanish eta antzekoak. Bisen txanda iritsita, kexu, ez genuelako nahiko ozenki oihu egiten kanta gehiago eske. “You don’t look Spanish”. Madrilen eta Bartzelonan egon naiz eta han ozenkiago dakite garrasi egiten. Benetan zarete espainolak? Jendearen irainak, oihuak… Eta han etorri ziren “Bodies”, “Anarchy in the UK” eta beste kanta mitikoak.


Alde egin aurretik gaztigatu zigun gogorrago egin beharko genuela berriro aterako baziren. Eztarria urratu beharrean ibili ginen batzuk (“Anarchy in the UK” abestu ondoren geratzen zitzaigun ahots apurraz), eta orduan etorri zen ziriaren ordaina. Orduan hasi zen esaten Espainiaz hitz egin arren ondo zekiela gu euskaldunak ginela, Euskal Herrian zegoela… “I know you Basques have a dream. Because you have a dream, don’t you?”. Ez dakit jendeak gauza handirik ulertzen zion, baina berdin du. “This song is for your dream”.

Eta han etorri zen kanta berria, euskaldunoi beren-beregi eskainia. Kanta horren eta ondoren etorri zenaren doinuak, estiloak, antz handiagoa zeukaten Public Image Ltd. garaiarekin, abesteko moduak ere bai. Esperimentalagoa, psikotikoagoa. Kontzertua bikain bukatzeko eta guztiok gehiagorako gogoz uzteko modurik onena.

Kontzertuan bizi izan genuenaz ideiatxo bat egiteko, argazkiez gain gaur egungo Pistolsen bideo hau utziko dizuet, “Pretty vacant” itzela, Azkenari hasiera emateko aukeratutakoa. Bai, Rotten eta Jones nahiko lodituta daude, eta Matlockek beti bezain pijo jarraitzen du, baina hala ere… (Ematen du aldatu ez den bakarra Cook dela, morroiak berdin-berdin jarraitzen du!).
<

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 3 iruzkin

Utreratik mundura, zentsurarik ez!

Andaluzian, Utreran, hain zuzen ere, ez da dena sevillanak eta zezenak. Han ere badago egunero zentsurari aurre egiten dionik. Halakoak dauzkagu, behintzat, Los Muertos de Cristo talde itzeleko lagunak. Arazoak arazo eta oztopoak oztopo, errepidea eta  taulak uztekoak ei diren arren, ia hogei urte egin dute punk azido, ausart eta probokatzailea zabaltzen. Mezu anarkista militantea, musikarekin batera literatura, komikiak, helburu berberaren alde ipinitako bestelako adierazpen artistikoak helarazi dizkigute denbora honetan. Derrame rock jaialdiaren atzeko joko zikin diruzalea jaialdian bertan eta eszenatokitik salatzeko gai izan den talde bakarretakoa, bakarra izan ez bada, Su Ta Gar eta Soziedad Alkoholika taldeei, pairatzen zuten jazarpenagatik, elkartasuna adierazteaz gain.

Hemendik ere, zentsurari ez! Baina hitzek baino gehiago balio ei dutenez irudiek, bihoaz irudi horiek.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Bortxaketa

Hitz hori lagun dudala hasi naiz lanean gaur. Lehenago “sexu gehiegikeria” esan diote. Eskerrak handik gutxira benetako berba, bortxaketa, ahoskatu dute. Terrorismo matxistak, gehienetan terrorismo ez deritzogun arren, izen hori ematen zaion beste edozein indarkeria mota baino biktima gehiago uzten du urtero. Asmo politikorik ez ei du, eta horregatik ez du politikarien agendan toki handirik. Noizean behin adierazpen politiko zuzenen bat eta kito. Ez du biktimen elkarte oldarkorrik sortzen, ezta publikoki arbuiatzeko beharrik politikan jarduteko labela eskuratzeko. Agian terrorismo matxistak agintari, epaile, polizia zein herritar askoren kontzientzian, ezker zein eskuindar izan, oso errotuta dagoen ideia baten alde egiten duelako: gizonak emakumearen gaineko eskubideak dauzka. Gizarteak, astiro eta zalantzakor, berdintasunerantz jotzen duen heinean, publikoki gaitzesten diren terrorista matxista horiek dira askoren subkontzienteko heroi berriak, emakumeak “euren lekura” itzularazten dieten ekintzaileak. Matxista peto-petoari inork gutxik egiten dio aurre zuzenean eta era irekian. Gizarte harraren berezko bortizkeria gorputzen duelako eta beldurra, “terrore” hori eragiten digulako. Terrorismo mota hori salatzeko ez dira paparrak xingola adierazgarriz beteko, ez da modu adierazkorrik asmatuko denok ezagutaraz dezagun nazka ematen digula. Orain belaunaldi berriak dira matxista zaharren itxaropena, gure gaztetxoengan, arrazakeriarekin batera, matxismoa ere hazten ari delako. Inoizko gazterik atzerakoienak ari dira gure eskoletatik ateratzen. Kasualitatea ote?

Gizonon laguntza ez duten bitartean, emakumeek agian talde parafeministak sortu beharko dituzte eta ekintza barrabil-moztaileei ekin klandestinitatetik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Kuba

Asko idatz liteke Kubari buruz. Hainbeste non hobe baita ezer ez idaztea. Kuba ulertzeko eta maitazeko gai denak idatz dezala nire ordez. Irudi bildumatxo bat bai, berton utziko dizuet. Irudiok, ordea, ez dute azpian taupaka dabilen herria ordezkatzen.

Habana:



Tope de Collantes:

Trinidad:



Peninsula Ancon:

Valle de los Ingenios (Iznaga sasikumearen dorre ustela):

Cienfuegos:


Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

The Pogues, punka eta folka eskutik

Bihar Kubara noa, eta beraz, pare bat astez ez dut ezer idazterik izango. Joan aurretik, ordea, oparitxo bat utzi nahi dizuet. Gaur Violent Femmes entzuten nenbilen The Pogues burura etorri zaizkidanean. Atzo bertan, bidaiarako prestatzen nenbilela, haien disko pare bat sartu nituen mp3 gailuan.

Zer esan punka eta folk zeltiarra hoberen uztartu duen taldeaz? Zer Shane MacGowan mozkor itzelaz? Edariak berak MacGowan taldetik baztertu zuenean Joe Strummer bera ibili zen tarte batez The Poguesen kantari.

Gogoan dut omenalditxo hau bereziki gogoko izango duen lagun bat… Rum Sodomy & the Lash diskoa gogoratzea nahikoa da berak jakiteko nortaz ari naizen.

Hona hemen, beraz, The Poguesen kanta gogoangarri batzuk. Itzulera arte! Nik whiskya gogoko ez dudanez, hobeto moldatuko naiz han ronarekin…

Jakina, Siam aldetik hainbestetan ibili ostean ezin hau alde batera utzi…

Eta bukatzeko, Joe Strummerekin zein eta “London calling”!!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Guggenheim berriari ez

Garapen gose basatiak itsututa bizi gara herri puta honetan, argi dago. Oraindik ileak lazten dizkit Bizkaiko Foru Aldundiaren asmo handinahi izugarriak. Era berean lazten dizkit ETBk kontua aurkezteko darabilen arinkeriak. Lekuaren ederra, lasaitasuna… aipatu eta horrek guztiak desagertzeko daukan arriskuari bizkarra eman? Jakina, iritziak agertzeko orduan ez da kasualitatea izango guztiz alde daudenak edo aurka oso gogor agertzera ausartzen ez direnak hautatzea…

Zer izango da hurrena? Turista oldeak erosoago iristeko autobidea irekitzea Bilbotik Sukarrietara? Turistentzako ontzi dotoreak ugaltzea eta haiei bidaia errazago egiteko itsasadarraren ibilbide naturala hankaz gora uztea?

Badakigu norantz goazen? Pentsatu dugu zer etorkizun nahi dugun? Aukera ematen zaigu zer nahi dugun amesteko ere? Politikari orojakileek erabaki dute gure ordez, batzuek horretarako eman bide diete bozka, ezta? Eta betiko moduan, gizartearen bizkar, iritzirik jaso barik, eztabaida irekiari aukera eman barik. Horretarako ez da ez kontsultarik egingo. Badaezpada ere.

Erabat babestuta omen dagoen natura honen geroa dago kolokan…

BAP!!en aspaldiko kanta hartan legez, oraingoan honakoa abestu beharko dugu: tturrukuttukuttu Urdaibai ez ikutu, ttarrakattakatta Guggenheim a la kaka…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Suntsi dezagun Europa

Europa, bata bestearen atzetik, gure askatasun eta eskubideak suntsitzen ari da. Europan bizi garenok ez dakigu zer erabakitzen den, gure bizkarrean, ezkutuan, hartzen dituzte gure eskubideak murrizten dituzten erabakiak, etengabe. Hurrengo helburua: Internet. Zertaz nabilen jakiteko, Barrapunto-n irakur dezakezue zabalago.

Europak gu suntsitu aurretik, suntsi dezagun guk Europa. Ametsa amesgaizto bihurtu baino lehen (asko ez da falta, telebistak saltzen digun gezurrari esker jabetzen ez bagara ere).

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Idazle hantusteak

Hasieran arraroa egiten zitzaidan, barregarria batzuetan, negargarria besteetan, baina azkenean nazkante xamarra, lehenagoko belaunaldiko idazle batzuek hurrengoei ematen dieten/diguten trataera. Pentsatzen bide dute mundua ez dela aldatu, eta oraingo belaunaldiok euren ardura berberak behar ditugula. Zergatik ez diote kasu handiagoa egiten eurek idazten dutenari besteen idazteko arrazoietan eta mundua ikusteko eran etenbarik sartzeari utzita? Nigatik, uzkitik sar dezakete gutaz (holako gurik baldin badago, bederen) daukaten ikuspegi kexati-negartia. Haiek zer, zertaz eta zelan idatzi hautatzeko izan duten eta daukaten askatasun bera darabilgu geuk ere. Eskubide gutxiago guk? Zer legeren arabera? Ez dut ulertzen… dio batek. Ba, ez baduzu ulertzen, argi dago ez dakizula zertaz ari zaren ere. Ez da nirea esan hau: ulertzen ez dutenari beldurra diote, eta beldurra diotena suntsitzen ahalegintzen dira. Ez dituzte kritikatzen dituzten idazleak ezagutzen, ez dakite zer bizipenek, zer kezkak, zer ideologiak, zer nahik, zer ezinegonek bizi dituzten idazle horiek, eta hala ere ezezagun duten horretaz iritzi emateko hitz egiten dute euren idulkietatik. Zenbat handikeria eta tontakeria irakur daitezkeen gaur egun gure literaturaz, idazle berriek dakartzaten irakurle berriengatik poztu beharrean… Gurean orain dela hogei urteko gizartea ikusi nahi dutenek jai daukate, eta ez da besteon errua.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Zapatero espainiar ultranazionalismoaren buru (berriz ere)

Oraindik ere euskaldun epel-ergel zenbaiti entzuten zaie ez dagoela ezer txarrik Espainiako selekzioak irabaztea nahi izatean. Oraindik ez dute ulertzen Espainia gure arerioa, gure etsaia dela maila guztietan. Eta “gorria” deritzoten selekzio horrek azken Eurokopa, euskaldunoi ukatzen zaigun horretan, irabazi eta berehala Zapaterok erasoa jo du “euskal” usaina izan dezakeen ororen kontra.

Ez da lehen aldia eta ez da azkena izango. Egia esan PSOE eta espainiar ustezko ezker mugimenduek maiz hartu dute nazio sakrosantu banaezinaren defentsa sutsuenaren bandera. Internazionalismoaren lekuan ultranazionalismo orozapaltzailea. Eta holakoetan txiki-txiki uzten dituzte PPren joera faxista guztiak, lekutan, ezdeus. Fatxismo espainolaren txapeldun zer dira eta izan dira ba, psoekoak beti.

Oraingoan, garaipen “historiko” horrek berotuta edo, beharbada telebista aurrean hamaika aldiz isuri ondoren, ZPk argi utzi du edozein euskal talderi laguntza ekonomikoa ematea delitua dela. Euskal Herrian antola daitekeen edozein nazioarteko lehiaketari diruz laguntzeak “nazioa” apurtzen du. Espainiar nazio bakar eta zatikaezina. Francok zalantza egingo luke zein den utzi duen oinordekorik zintzoena. Tau Baskonia, Mundakako surf txapelketa… benetan beldurgarria ei dira, arriskutsuak Espainia bakar horren irudiarentzat.

Holakoen ostean nork egiten du zalantza bide bakarra independentzia dela, ez digutela beste aukerarik uzten? Haien legalitateari men eginez geure burua ukatu besterik ez dugula egiten? Desagertuta nahi gaituztela, urtuta azukre koskor baten antzera? Umiliatuta eta otzan, haien ipurtzuloak miazkatzeko pronto? Eta hori ikusita noiz hasiko dira Xabi Alonso eta haren moduko guztiak ukatzen gaituen selekzioekin parte hartzeari uko egiten? Zer behar dute konturatzeko zeren partaide, zeren laguntzaile, zeren bultzatzaile diren uniforme hori janzten duten bakoitzean? Kirolari batzuek erantzukizunari egingo diote ihes, jakina, arazoa politikariek konpondu behar dutela esanez, haiek kirolariak baino ez direla. Hain zuzen, kirolariak baino ez direlako, asko da egin dezaketena. Eta egin egiten dute, bai horixe, zoritxarrez…

Holako argazkiak ez daitezela gure urteroko folklorearen parte…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina