Sex Pistols uste baino sasoikoago

Barikuan gutxien espero nuenean, Gasteiza joan eta Sex Pistols ikusteko bultzada eutsiezina piztu zitzaidan. Ez nekien zer topatuko nuen, zelan ibiliko ziren nerabezaroko mitoak. Sid Vicious gabe, halabeharrez, baina eskaini zutena paregabea izan zen. Itxaronaldiak merezi izan zuen, eta aurre-aurrean eta erdi-erdian gelditzeko aukera izan nuen.

Aho bete hortz geratu nintzen Rottenen amorru eta indarrarekin. Haren sen zirikatzaileak bizi-bizirik dirau. Horren erakusgarri kontzertuari ekiteko modua: “Goodnight, arriba España” edo antzeko zerbait izan zen lehen oihua.


Jendearen erantzuna berehalakoa. Berak ez entzunarena egin eta tai gabe errepikatzen zituen Spain, Spanish eta antzekoak. Bisen txanda iritsita, kexu, ez genuelako nahiko ozenki oihu egiten kanta gehiago eske. “You don’t look Spanish”. Madrilen eta Bartzelonan egon naiz eta han ozenkiago dakite garrasi egiten. Benetan zarete espainolak? Jendearen irainak, oihuak… Eta han etorri ziren “Bodies”, “Anarchy in the UK” eta beste kanta mitikoak.


Alde egin aurretik gaztigatu zigun gogorrago egin beharko genuela berriro aterako baziren. Eztarria urratu beharrean ibili ginen batzuk (“Anarchy in the UK” abestu ondoren geratzen zitzaigun ahots apurraz), eta orduan etorri zen ziriaren ordaina. Orduan hasi zen esaten Espainiaz hitz egin arren ondo zekiela gu euskaldunak ginela, Euskal Herrian zegoela… “I know you Basques have a dream. Because you have a dream, don’t you?”. Ez dakit jendeak gauza handirik ulertzen zion, baina berdin du. “This song is for your dream”.

Eta han etorri zen kanta berria, euskaldunoi beren-beregi eskainia. Kanta horren eta ondoren etorri zenaren doinuak, estiloak, antz handiagoa zeukaten Public Image Ltd. garaiarekin, abesteko moduak ere bai. Esperimentalagoa, psikotikoagoa. Kontzertua bikain bukatzeko eta guztiok gehiagorako gogoz uzteko modurik onena.

Kontzertuan bizi izan genuenaz ideiatxo bat egiteko, argazkiez gain gaur egungo Pistolsen bideo hau utziko dizuet, “Pretty vacant” itzela, Azkenari hasiera emateko aukeratutakoa. Bai, Rotten eta Jones nahiko lodituta daude, eta Matlockek beti bezain pijo jarraitzen du, baina hala ere… (Ematen du aldatu ez den bakarra Cook dela, morroiak berdin-berdin jarraitzen du!).
<

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , . Gorde lotura.

3 erantzun Sex Pistols uste baino sasoikoago-ri

  1. egilea: Anonimoa

    Ez nuen asko beharko, ba, Aritzi deitu zeuntsonean neu nindoala esateko…
    (Zapaturako txanda eskatuta neukan eta hoba gauzak ez nahastatzea)
    Han entzundakoagatik Sex Pistols-enerako mota guztietakoak entzun nituen. Pozten naiz azken momentuko zirt-zartean haraino joan eta ondo pasatu ebenetakoa izan zinelako.

    Españaren adar jotzea, oso-osorik entzun ez ebelako be izan daiteke, sinistu ebanik be ikusi neban. Zirika ebilen, orduan, kabroi halakoa! Biharamuneko Los Lobos-ek benetan sinistuta iñoen, ba!

    Zapatuan ikusitakoetatik John Cale-na eta, batez be, Gutter Twins-ena gustatu jatazan itzel. Zuk ez zenduan besterik ikusi?

  2. egilea: Asier

    Neu izan naz, Asier, goikoa. Komentarioak idazten be ahatuta daukat ja.

  3. egilea: asel

    nik ray davis ikusi neban, pistolsen aurretik jo ebalako, baia ez notsan kasu handirik egin, burua pistolsentzako baino ez neukan. urten eta espainari bibaka hasi zanean, ta ganera holan ekinez: “I said viv españa!”, ondo azpimarratuz ta eskua belarrian ia jendearen erantzuna zein zan, imajinatu neban zirikatzeko zala, baia bukaera arte ez ebanez zuzendo (dana ondo pentsatuta eroan eban), ta ganera gero euskaldunei buruz luze berba egin ebanez, oso luze, pentsatu neban seguruenik jende askok ez ebala ulertuko haren ingelesa ta bardin lotuko zirala. kriston detailea izan zan, baia benetan pentsetan dot askok ez ebela piperrik be harrapatu.
    Beitu hau, irakurri kredituak 😉
    http://www.philjens.plus.com/pistols/pistols/2008_spain_azkena_pix1.htm (Webguneak daroanak ez dost kasurik egin ta Spain itzi dau, baia tira).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude