Bortxaketa

Hitz hori lagun dudala hasi naiz lanean gaur. Lehenago “sexu gehiegikeria” esan diote. Eskerrak handik gutxira benetako berba, bortxaketa, ahoskatu dute. Terrorismo matxistak, gehienetan terrorismo ez deritzogun arren, izen hori ematen zaion beste edozein indarkeria mota baino biktima gehiago uzten du urtero. Asmo politikorik ez ei du, eta horregatik ez du politikarien agendan toki handirik. Noizean behin adierazpen politiko zuzenen bat eta kito. Ez du biktimen elkarte oldarkorrik sortzen, ezta publikoki arbuiatzeko beharrik politikan jarduteko labela eskuratzeko. Agian terrorismo matxistak agintari, epaile, polizia zein herritar askoren kontzientzian, ezker zein eskuindar izan, oso errotuta dagoen ideia baten alde egiten duelako: gizonak emakumearen gaineko eskubideak dauzka. Gizarteak, astiro eta zalantzakor, berdintasunerantz jotzen duen heinean, publikoki gaitzesten diren terrorista matxista horiek dira askoren subkontzienteko heroi berriak, emakumeak “euren lekura” itzularazten dieten ekintzaileak. Matxista peto-petoari inork gutxik egiten dio aurre zuzenean eta era irekian. Gizarte harraren berezko bortizkeria gorputzen duelako eta beldurra, “terrore” hori eragiten digulako. Terrorismo mota hori salatzeko ez dira paparrak xingola adierazgarriz beteko, ez da modu adierazkorrik asmatuko denok ezagutaraz dezagun nazka ematen digula. Orain belaunaldi berriak dira matxista zaharren itxaropena, gure gaztetxoengan, arrazakeriarekin batera, matxismoa ere hazten ari delako. Inoizko gazterik atzerakoienak ari dira gure eskoletatik ateratzen. Kasualitatea ote?

Gizonon laguntza ez duten bitartean, emakumeek agian talde parafeministak sortu beharko dituzte eta ekintza barrabil-moztaileei ekin klandestinitatetik.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude