Kulturak mugitzen du jendea

<![CDATA[
Xabier Mendigureni irakurri diot artikulu interesgarri bat. Bertan esaten da Goierri aldean oso gutxi mugitzen dela jendea herri batetik bestera. Egia izango denik ezin ukatu. Eta horretan lagunduko du Erandiotik Bilboko alde zaharrera erosoago heldu ahal izateak eta herri arteko 10 kilometro egiteko autoa hartu beharrak.

Baina artikuluak dioenarekin ados egonda ere, sortu dit ba zer pentsatua… Espaloia Kafe Antzokira jende asko etortzen da ondoko herrietatik. Eta egiten ditu 8-15 kilometro inguru. Normalean gauez eta portuan gora eta behera. Eta jende asko da bai. Ekitaldiaren tipoak agintzen du normalean.

Mendigurenek dioenaren kontrara, aste bitan, 1.000 lagunetik gora etorri da Elgetara I. monologo mostra ikustera. Jendetza da hori, eta jendetza gaztea izan da gehienbat. Klaro, etorri dira espektakulu mota hori ikustera eta ez beste batzuk. Zer pentsatua eman digu, euskaraz ez delako, euskarazko kalitatedun hainbat gauza programatzen ditugulako urtean zehar eta horrelako betekadarik izaten ez delako…

Ez dakit zer egiten gabiltzan, baina dena ondo ez, euskal artistak entzutera gutxiago gerturatzen direlako, esaterako.

Beste salbuespen bat hurrengo astean: Peter Pan musikala. Mila lagunetik gertuago egongo da ikusle kopurua 500etik baino. 120 aktore inguru, denak euskaraz eta espektakulu txukun baten.

Zalantzak.

Hori bai, Mendigurenen hitzak ekarrita: Gonbidapena, irakurle guztioi, Debagoiena osoko kultur eskaintza kontuan
hartu, eta beldurrik gabe joateko batera eta bestera, nahiz zeuen
herrian ez izan, nahiz zeuek bereziki menderatzen duzuen alorrekoa ez
izan. Muga horiek hautsiz, seguru deskubrimendu ederrak egingo
dituzuela, eta zuen bizitza zabaldu eta aberastu, gauza gutxi izango
baitira kultura bezain gutxi kostatzen direnak eta horren poz sakona
ematen dutenak.

]]>

Protesta: Azenario bat erosi eta antzezlanerako sarrera doan

Antzerkira joateko %21 ordaindu behar dela BEZ?  ba… belarriak jaitsi eta… Euskal Herrian protestarik ere ez dut sumatu. Ez gara antolatu ezer egiteko… eta kultura kaltetua, aretoak kaltetuak eta sortzaileak kaltetuen.

Begiratu zer egin duten Katalunian. Hemen irakurri dut notizia:

BESCANO-ko antzeztokian azenarioak saltzen dituzte antzekirako sarrerak beharrean

Kataluniakoek beti izan dute ba diruarekin lotutako hainbat adjektibo laguntzaile… baina nik jarriko nieke imaginatiboarena ere. Imaginazioa izan dute teatre bescano-koek.

“Suicidas” deitzen den antzezlanerako egin dute ekimena. Egia esan, %8tik %21era igotzea kulturako BEZ-a… Eta zelan barazkiena %4koa den… justuagoa, kulturarako ere.

Antzeztokikoek ez dute sarrerarik salduko! azenarioa erosi Internet bidez eta sarrera opari. Eta Azenarioa antzeztokiko sarreran jaso ahal izango du bezeroak…

Ene… SGAE ere ez da ba pozik egongo…

Gure musikarien historia minorizazio historia da

“Klase ertaina desagertu da euskal musikaren zirkuitutik” gogoratzen zigun Jon Eskisabelek (segi idazten, Sam) Anariren hitzak hartuta. Jende asko edo gutxi joaten ei da kontzertuetara eta neurririk ezin hartu. Garairik onenak pasata dituzten musikariak aipatzen zituen: “Joseba Tapia, Jabier Muguruza, Mikel Urdangarin, Anje Duhalde, Txuma Murugarren edota Mikel Markez”. Eta dezente luzeagoa da zerrenda, oso gutxi libratzen dira. Esango nuke musikari-sortzaileak garai onean daudela; gutxiago, baina antolatzen direla kontzertuak eta kale egitekotan jendeak egiten duela kale. Baina zer egiten dugu jendeari errua botata?

Formatu txikira eta tabernetara bueltatu behar duela iradokitzen zen artikuluan eta ez dakit ba. Uste dut kalte egiten diogula sorkuntza lanari horrelako irtenbideetara makurtuz. Sortzaile handi horiek kultura errota moduko ekimenetan ikusi behar ditugu Euskal Herriaren luze-zabalean? Hori da “orain dagokiguna”? Kultura errotan parte hartu behar ez denik ez dut esango, baina harantzago begiratu behar dugu, tabernetatik eszenategietarantz.

Krisia kultura kontsumo aldaketetan badago, gazteenek eta ez hain gazteek nahiago dute zinema komertzialetan Super Combo handiarekin Coca Cola edan, lokaletan play batekin jolas egin edo telebistari mozolo-mozolo orduak eskaini. Entzun berri diot Literaturian Gotzon Barandiarani bizitzeko behar dugula kultura, “jatea edo edatearen parean” eta “jendartearen ongizatea bultzatzen badugu kultura bultzatu behar” dugula. Ados, baina nago ez dugula euskal kultura (literatura, kantagintza, antzerkigintza…) gozamen moduan saltzen. Bai, ez da nahikoa egitea, SALDU ere egin behar da. Zinean gozatu dut “Gazta zati bat” politikoa ikusten eta ondoren filmaz berba egiten, gozatua izan da Morau eta Balerdi Balerdiren kontzertuaren parte izatea, ederra Xabier Montoia norberari kantatzen entzutea. Baina zein da saltzen dugun irudia? beharbada deitu geniezaioke: irudi kultureta. Eta positiboa behar lukeen kultureta hitza hain urrun dago Combotik, Wii-etatik…

Saldu aipatu dut, baina nork saldu? Hedabideek asko lagundu dezakete honetan, baita kontzertuak mimatzeaz gain zabaltzeaz edo ageriko bihurtzeaz arduratzen diren antolatzaileek (kartelak, webak, sare-sozialak…)… Baina musikariek? saldu behar dute beraien burua musikariek? non ikusi dira elkarrizketa bat proposatzea “marroitzat” duten musikariak? Herri batera joan eta antolatzaileekin zein ikusleekin harremanak izatea putadatzat dutenak? Twitterren perfil bat zabaltzea eta kontzertua non duten tuiteatzea frikien kontua dela uste dutenak? Blog baten iritziak idatzi, argazkiak erakutsi, edo zaleei kasu egitea planteatu ere egiten ez dutenak? Harreman osoa managerraren esku uzten dutenak?
Sortzaileak saltzaileago izateak ekarriko luke hedabideetan ere leku zentralagoa eta sakonagoa izatea. Sortzailea bera hasi behar da lantzen euskal musika, eta kultura oro har, agerikoak izan daitezen eta jende gehiagorengana heldu. “Izan media”

Ez dakit zeinen eskutan utzi duten sortzaileek komunitateak sortzea, baina beraien egitekoa ez dela pentsatzen badute ez diote hausporik ematen euskal kulturari. Noski, orokortzea… Esaterako, Berri Txarrakek zelan mimatzen duen bere jendea ikustekoa da; edo talde-lan bat aipatzearren, herriz herri lagunak eta lagunak dituzten bertsolariak. Adibide hau aipatu nuen lehen ere. Hauek ez dute administrazioen esku utzi komunitateak sortzearen langintza, izan ere, ikusten dihardugu zer egiten ari diren herri-administrazioak, Aldundiak… Inork bereizi dezake EAJk egiten duen politika, PSErena edo Bildurena? Ez dut bereizketa handirik sumatzen. Nola liteke euskara eta kultura oinarri duten taldeei jaitsierak aplikatu eta udaltzainei ez aplikatzea, edota Aldunditik %10 jaistea zinemaldiari eta kultura departamentu osoari %40? Ez digute “euskal” marka indartzen laguntzen eta tamalgarria da. Irtenbidea ez da etorriko politikatik, baina gutxienez euskal kultura zentroan jarri eta laguntzak biderkatzea dagokie berba loratuetatik haratago eginez.
 
Gure kulturara publiko gehiago ekarri behar dugula pentsatzen dutenetakoa naiz ni. Jakina da hizkuntza dugun letxe gure musika ere minorizatua dagoela, baina jokatu beharko genuke egoera orekatuagoa bailitzan. Hau tranpa dela usteko duenik ere bada, baina musikak eskatzen du argi koloretsu eta distiratsutik, dezibelio egokitik, eszenategi zaindutik… Distira ere behar dugu euskal musika minorizaziotik ateratzeko, eszena mimatzea eta akaso sortzaileek egiten dituzten disko landu horiek bere osotasunean defendatzeko tabernak baino gehitxoago ere beharko da.
 
Noski, Urretxuko Fox (ez dut ezagutzen…) moduko antolatzaileendako biba! Fox, hainbat Gaztetxe, kulturgune txiki… behar dira eta duin egiten duen jendeak laguntza ere behar luke beren (askotan borondatezko) lanari txispak ateratzeko. Asko dira sortzaileak etxean bezala sentiarazten dituzten antolatzaileak, dituzten baldintzarik hoberenak luzatuz, musikarien larruan jarrita eta emanaldiarekin gozatzen dutenak. Eskerrak.

Bingen Mendizabal: ‘Agintariek kulturak ez duela piperrik balio ebatzi dute’

Bingen Mendizabalen elkarrizketa gustura irakurri dut. Hertzainak-ekin ere zarata handirik ez zuen ateratzen eta orain ere “neurria” aldarrikatzen du Argiako elkarrizketa honetan. Gauza interesgarri asko, baina hau ateratzea pentsatu dut, agintariek kulturak ez duela piperrik balio ebatzi dute, mundu
artistikoa izugarri desprestigiatu da, eta inori ez zaiola axola dirudi
esaten duen parrafoa:

Niretzat Internetek industria diskografikoa hondoratzen eta
zine-aretoak husten lagundu du, baina erabiltzailearen ikuspegitik
primerako aukera da. Bai, erabiltzaileentzat sekulako asmakizuna dena,
azken labankada izan da profesioarentzat. Telefonia konpainiek dirutza
egin dute gure lepotik, eta bideoak zein musika jaisteko atariek
patrikak bero-bero dauzkate. Aitzitik, disko dendak apenas geratzen
diren, saltokietan diskoentzat gordeta zegoen lekua murriztuz doa, eta
neurri batean, ongi iruditzen zait horren aurka egin eta produktu
artistikoa babestea. Musikak, zinemak edo arteak orokorrean,
jendearentzat inongo baliorik ez dutela iruditzen zait, dohainik dena ez
dela baloratzen. Politikariek hori garbi daukate, eta murrizketak ez
dituzte hezkuntzan edo osasungintzan egiten. Ados nago osasun sistemari
eustearekin, baina agian liburu batek botikak baino gehiago sendatzen
du, musika pastillak baino onuragarriagoa izan daiteke. Baina ez,
agintariek kulturak ez duela piperrik balio ebatzi dute, mundu
artistikoa izugarri desprestigiatu da, eta inori ez zaiola axola dirudi.
Ez dakit nola egiten zaion horri aurre. Nola mantendu errebeldia
bizitzak arrastoan sartzen zaituenean? Nola transformatu sistemaren
atzaparretan ez erortzeko? Batetik ez bada bestetik hipnotizatzen
gaituzte, eta gu etxean geratzen gara telebista ikusten eta etengabe
burutik behera egiten diguten kaka irensten.

Gune euskaldun gehiagoren alde

Sortu behar ditugu gune euskaldunak. Euskararen mesedetan dira guneok. Kirol guneak, arte guneak, gaztetxeak, literaturarako guneak… Nik gertukoen kultura gunea dut. Ereduak ez du balioko akaso edozein eskualderendako, baina esango nuke edozein lekutan ere ez legokeela gune euskaldun bat sobera. Gune euskaldunak izan behar du:

Prestigio leku

  • Guneak kalitatezko programazioa badu hori euskararekin lotzen da. Ez da inporta beste hizkuntza batzuetako ekitaldiak antolatuta ere. Horietan detaile txikiak zaindu eta ahal delarik euskarazko sorkuntzari lekua egin.  
  • Euskarazko programazio duina antolatu. Ez euskaraz izate hutsagatik eta bai kalitatekoa delako. Euskaraz kultura eskaintza zabala da musikan, antzerkian, hitzaldietan…
  • Euskaraz bizi naturaltasunez eta euskararen gune izatea ere lortu. Jendea erakarri eta erakutsi euskaraz bizi den mundu bat badagoela, merezi duen mundu bat.

Kalitatezko espazio

  • Izan dadila erosoa, atsegina, errespetuzkoa kultura guztiekin, adin guztietara heltzen dakiena, plurala ideologiekin… eta Madrilen, Parisen edo New Yorken dagoen edozein areto duinek dituen ezaugarri guztiak gehi bat: euskalduna.

Ohitura sortzaile

  • Kultura guneek (berdin izango da, esaterako kiroletakoek… ) ohitura landu behar dute. Kulturaz gozatzeko ohitura batetik eta nagusiki, baina bide batez, ikusleak ohitu behar du: euskara hutsezko oharrak entzutera, sarreren txartela euskara hutsez irakurtzera, sarreran dagoenari “gabon” entzutera…
  • Ohitura gune horretako propaganda guztia euskaraz irakurtzera, gu gaztelera hutsez irakurtzera ohitu garan letxe.

Adibide pare bat asteburukoak: Lennar Green magoaren emanaldia eta bertsolaritza

  • Green: 300 kartel egin dira euskara hutsean nahiz eta jakin Euskal Herritik zein kanpotik etorriko zela jendea. Webgunean euskara hutsez azaldu da zein den Green, nolatan datorren Elgetara… lotura batzuk eman dira, adibidez ingelesezko wikipediara. Prentsara euskara hutsez bidali da prentsa-oharra (Garan ere euskara hutsez agertu da…) Gehienek sarrera gorde dute telefonoz eta deitutakoan lehenengo berba euskaraz izan da “Espaloia bai esan?”. Berdin sarreretan, taberna zerbitzuan, sukaldean… euskaraz ondo artatzen duen jendea dago, euskalduna. Aretoko kartel guzti-guztiak euskaraz daude. Musika euskalduna entzutea oso erraza da (bestelakoekin tartekatua, zelan ez), magoak ingelesez jardun du eta gaztelerara itzultzen zuen mago bat izan du alboan (ez dago itzultzaile euskaldunik magian aditua denik). Emanaldia hasi baino lehen aurkezpen txiki bat egin da eta hau ere euskara hutsez. Emanaldia amaitu, txalo zaparrada artean magoen maisua agurtu eta trago bat bafleetatik kantautore euskaldun bat entzun bitartean. Laburtuta: mundu mailako emanaldi bat euskararen mesedetan.
  • Gipuzkoako bertsolari txapelketako finala. Gunea finkoa ez izanagatik jarduna bai badela hizkuntza bakarrekoa. Horrelako adibide gutxi ditugu tamalez. Bertsolaritzak ematen dio prestigioa hizkuntzari, ohitura sortzen du entzulearengan, euskara ikasteko gogoa sortzen duela ere esango nuke… borobila da bertsolaritzaren adibidea hizkuntzaren ikuspuntutik. Mundu mailako emanaldi bat hau ere.

Kultura guneak gehiago lagundu beharko lirateke

Herriz herri sortzen dituzte udalek kultura etxeak. Eta herriak 10.000 biztaleko tamaina-edo badu etorriko da jarleku finkoak jartzeko gonbita. Zineak dira aukerarik zabalduena.
Espazio hilak ez badira ere espazio gaixoak sortzen dituzte jaiotzetik beretik, jendearen haruntz-honuntza larregirik ez dutenak. Konparatzen ditut herriz herri dauden belarrezko futbol zelaiekin. Futbol zelaiak hamabostean behin erabiltzen dira eta kultura etxeak ere… Gainontzeko egunetan eraikin hutsak dira, metro karratu hotzak.

Zalantza: udalek kultura sortu behar dute edo kultura lagundu?

Dudarik ez, bigarrenaren aldekoa naiz. Kulturari gagozkiola gehiago ikusten ditut Udalak herrian ez dauden ekimenak sortzen eta ahal delarik egiten edo ematen dituenari laguntzen eta animatzen. Hau da, herri batean gazte kolektibo indartsu bat badago ez dauka zentzu handiegirik Udalak dirua xahutzea gazteendako kontzertuak antolatu eta horrela ekintzak bikoizten. Beste herri batean jubilatuen elkartea bada herriko dinamika markatzen duena Udalak ez luke bikoiztu behar, baizik eta ekimena duten herritarrei lagundu. Margolari elkarte bat badago erakusketa egiten dituena zertarako Udala sartu erakusketak antolatzen? Antolatu beharrean espazioa txukundu, laguntzak eman triptikoak ateratzeko, argiztapen egoki bat izan dezaten inbertsioren bat egin, komunikazioan lagundu…

Lau eredu oker:

  • Okerra da Udala bakarrik eta inor baino gehiago bailitzan jardutea kultura egin guran. Kultura herriak sortu eta bideratzeko ahalegina egin beharko luke, akuilu lana egin. Ez daude alperrik udal askotan kultura dinamizatzaileak. Zer da bada dinamizatzea? Hitzari izana ematen saiatu beharko luke kudeaketa hutsetik harantzago.
  • Okerra da kultura talde eta elkarteak mundutik aparteko sateliteak letxe ibiltzea, bakarrik. Ekintzak antolatu eta antolatu, koordinazio barik eta gainontzeko herri-eragileen berri jakitzeka. Getoak ez dira ez onak.
  • Okerra da proiektuak etorkizuna izan dezan dabilen harriari ibili dadin laguntzarik ez ematea. Lagundu behar zaio ekimena duenari eta autogestioan aurrera egin dezan eskatu.
  • Okerra da Udala eta herria ados jartzen ez diren ekimenez betetzea herriko kultura agenda. Eskutik ebatuta behar lukete kultura guneek eta udalek: batak kultura ekintzak sortzen eta ematen modu independentean; besteak zer lagundu behar den eta zer ez erabakitzen herritarren ordezkari diren heinean.

Kultura elkarlanarekin estuki lotua ikusten dut, zelan bestela?