Gure musikarien historia minorizazio historia da

“Klase ertaina desagertu da euskal musikaren zirkuitutik” gogoratzen zigun Jon Eskisabelek (segi idazten, Sam) Anariren hitzak hartuta. Jende asko edo gutxi joaten ei da kontzertuetara eta neurririk ezin hartu. Garairik onenak pasata dituzten musikariak aipatzen zituen: “Joseba Tapia, Jabier Muguruza, Mikel Urdangarin, Anje Duhalde, Txuma Murugarren edota Mikel Markez”. Eta dezente luzeagoa da zerrenda, oso gutxi libratzen dira. Esango nuke musikari-sortzaileak garai onean daudela; gutxiago, baina antolatzen direla kontzertuak eta kale egitekotan jendeak egiten duela kale. Baina zer egiten dugu jendeari errua botata?

Formatu txikira eta tabernetara bueltatu behar duela iradokitzen zen artikuluan eta ez dakit ba. Uste dut kalte egiten diogula sorkuntza lanari horrelako irtenbideetara makurtuz. Sortzaile handi horiek kultura errota moduko ekimenetan ikusi behar ditugu Euskal Herriaren luze-zabalean? Hori da “orain dagokiguna”? Kultura errotan parte hartu behar ez denik ez dut esango, baina harantzago begiratu behar dugu, tabernetatik eszenategietarantz.

Krisia kultura kontsumo aldaketetan badago, gazteenek eta ez hain gazteek nahiago dute zinema komertzialetan Super Combo handiarekin Coca Cola edan, lokaletan play batekin jolas egin edo telebistari mozolo-mozolo orduak eskaini. Entzun berri diot Literaturian Gotzon Barandiarani bizitzeko behar dugula kultura, “jatea edo edatearen parean” eta “jendartearen ongizatea bultzatzen badugu kultura bultzatu behar” dugula. Ados, baina nago ez dugula euskal kultura (literatura, kantagintza, antzerkigintza…) gozamen moduan saltzen. Bai, ez da nahikoa egitea, SALDU ere egin behar da. Zinean gozatu dut “Gazta zati bat” politikoa ikusten eta ondoren filmaz berba egiten, gozatua izan da Morau eta Balerdi Balerdiren kontzertuaren parte izatea, ederra Xabier Montoia norberari kantatzen entzutea. Baina zein da saltzen dugun irudia? beharbada deitu geniezaioke: irudi kultureta. Eta positiboa behar lukeen kultureta hitza hain urrun dago Combotik, Wii-etatik…

Saldu aipatu dut, baina nork saldu? Hedabideek asko lagundu dezakete honetan, baita kontzertuak mimatzeaz gain zabaltzeaz edo ageriko bihurtzeaz arduratzen diren antolatzaileek (kartelak, webak, sare-sozialak…)… Baina musikariek? saldu behar dute beraien burua musikariek? non ikusi dira elkarrizketa bat proposatzea “marroitzat” duten musikariak? Herri batera joan eta antolatzaileekin zein ikusleekin harremanak izatea putadatzat dutenak? Twitterren perfil bat zabaltzea eta kontzertua non duten tuiteatzea frikien kontua dela uste dutenak? Blog baten iritziak idatzi, argazkiak erakutsi, edo zaleei kasu egitea planteatu ere egiten ez dutenak? Harreman osoa managerraren esku uzten dutenak?
Sortzaileak saltzaileago izateak ekarriko luke hedabideetan ere leku zentralagoa eta sakonagoa izatea. Sortzailea bera hasi behar da lantzen euskal musika, eta kultura oro har, agerikoak izan daitezen eta jende gehiagorengana heldu. “Izan media”

Ez dakit zeinen eskutan utzi duten sortzaileek komunitateak sortzea, baina beraien egitekoa ez dela pentsatzen badute ez diote hausporik ematen euskal kulturari. Noski, orokortzea… Esaterako, Berri Txarrakek zelan mimatzen duen bere jendea ikustekoa da; edo talde-lan bat aipatzearren, herriz herri lagunak eta lagunak dituzten bertsolariak. Adibide hau aipatu nuen lehen ere. Hauek ez dute administrazioen esku utzi komunitateak sortzearen langintza, izan ere, ikusten dihardugu zer egiten ari diren herri-administrazioak, Aldundiak… Inork bereizi dezake EAJk egiten duen politika, PSErena edo Bildurena? Ez dut bereizketa handirik sumatzen. Nola liteke euskara eta kultura oinarri duten taldeei jaitsierak aplikatu eta udaltzainei ez aplikatzea, edota Aldunditik %10 jaistea zinemaldiari eta kultura departamentu osoari %40? Ez digute “euskal” marka indartzen laguntzen eta tamalgarria da. Irtenbidea ez da etorriko politikatik, baina gutxienez euskal kultura zentroan jarri eta laguntzak biderkatzea dagokie berba loratuetatik haratago eginez.
 
Gure kulturara publiko gehiago ekarri behar dugula pentsatzen dutenetakoa naiz ni. Jakina da hizkuntza dugun letxe gure musika ere minorizatua dagoela, baina jokatu beharko genuke egoera orekatuagoa bailitzan. Hau tranpa dela usteko duenik ere bada, baina musikak eskatzen du argi koloretsu eta distiratsutik, dezibelio egokitik, eszenategi zaindutik… Distira ere behar dugu euskal musika minorizaziotik ateratzeko, eszena mimatzea eta akaso sortzaileek egiten dituzten disko landu horiek bere osotasunean defendatzeko tabernak baino gehitxoago ere beharko da.
 
Noski, Urretxuko Fox (ez dut ezagutzen…) moduko antolatzaileendako biba! Fox, hainbat Gaztetxe, kulturgune txiki… behar dira eta duin egiten duen jendeak laguntza ere behar luke beren (askotan borondatezko) lanari txispak ateratzeko. Asko dira sortzaileak etxean bezala sentiarazten dituzten antolatzaileak, dituzten baldintzarik hoberenak luzatuz, musikarien larruan jarrita eta emanaldiarekin gozatzen dutenak. Eskerrak.

Kerik ez kontzertuetan; ke makina erosi behar?

Harrituta nago zelan jendeak errespetatu duen legea. Asko eta asko dira atera irtetzen dutenak erretzera.

Eta kontzertuetan? Berez ezingo da erre, baina baditu ez erretzeak bi kalte:

1) atean atzera-aurrera handia egongo da. Kontzertu batera joatea ez da hegazkinean bidaia luze bat egitea. Jendeak erretzeko gogoa izango du eta kanpora aterako da behin eta berriz. Uffff, txarteldegian egon behar denarendako…

2) Ezin atera horrelako argazkiak ze horrela ikusteko jendeak sortzen zuen kea beharrezkoa zen. Ez dakit zer egin beharko dugun… ke makina erosi?
BerriTxarrakElgeta
Argazkia: Aitor Higuerarena. Abenduaren 10ean ateratakoa: Berri Txarrak Espaloia Kafe Antzokian