Iban Arantzabal
(Elgeta, 1975) da urria ezkero Goienako zuzendari nagusia, Inazio
Arregiren ordez. Era berean, oraingo eguaztenean hedabideen aurrean
aurkeztu den Herri Ekimeneko Euskarazko Hedabideen Elkarteko (Hekimen)
presidentea da. Goienaren eta euskarazko hedabideen orainaz, etorkizunaz
eta erronkez egin dugu berba harekin.
Goienako sortzaileetako bat izan
zinen, Elgetako Goibeko elkarteko buru zinela; telematikako ardurak izan
dituzu Goienan, baita ikus-entzunezkoen atalarena, antolaketa zuzendari
ere izan zara. Orain zuzendari nagusi…
Goienako sorreratik nago bai, proiektuak izena ere ez zuen
egunetik. Oso gogoan ditut eta ilusioz gogoratzen ditut Bergarako
kultura etxearen mahai borobilean egiten genituen bilerak. Txosten
horiek urrea balira bezala gordetzen nituen, besteak beste, gure herriko
aldizkariaren jarraipen naturala, jarraipen hobetua eta
eraginkorragoaren printzak zeudelako idatzita txostenotan. Orduko
lantaldean ikasi genuen mugimendu bakoitza adostasunez egiten eta han
ikasitakoari jarraitu behar diogu orain. Adostasunean oinarritautako
kudeaketa egiten saiatu naiz beti, eta ez dut aldatzeko asmorik.
Izan ere, Goienak bertako langile bat promozionatu du enpresako buru izateko. Hori garrantzitsua da, ezta?
Buru izatearekin baino gehiago identifikatzen naiz bazkide
izatearekin. Kooperatibista konbentzitua naiz. Goienan orain dela 12
urte genuena baino lan-talde sendoagoa dugu. Ikasi egin dugu eta aitortu
behar dut Inazio Arregirengandik asko ikasi dugula. Hori konplementatu
dugu kanpo ikasketekin eta horren garapen naturala izan da aldaketa.
Bazkide pribilegiatu sentitzen naiz, bazkide mota guztiek aho batez
onartu dutelako zuzendari nagusi izatea. Jaso ditudan zorionak eta
animoak zenbaezinak dira eta esan diet eskertzen ditudala animoak, baina
aholku beharra dudanean joko dudala beraien atea.
Mikel Irizar eta Inazio Arregi izan dira orain
arte Goienako zuzendari nagusiak. Ardura handia duzu orain zure gain,
haiek egindako lan onari jarraipena ematen, ezta?
Biak ezagutu ditut ondo. Bien estiloa gustatzen zait,
nahiz eta oso estilo ezberdinetakoak diren. Espero dut bietatik
jasotakoak balioko duela estilo propioa izateko. Hori bai, dagoeneko
talde lanak garrantzi handia du Goienan, eta, hain justu, estiloa horrek
markatuko du.
Zein da, une honetan, zeure eta Goienaren erronka nagusia?
Zuzendari nagusi izendatzeaz bat sortutako erronka batekin
erantzungo dizut. Michel Collonek zioen mendebaldeko kazetaritzaren
helburua “neutraltasuna” mantentzea zela, baina hori iruzurra zela.
Astean irakurri dut Txillarre baserriko Pello Rubiori Barren
aldizkarian egindako elkarrizketa eta zioen “beti erdibidetik jotzen, bi
aldeak elkarrengana gerturatzen-edo” saiatzen zela. Neutraltasuna
gaitza edo iruzurra izan baliteke, erdibidetik jotzea helburua dugu
Goienan. Gure helburua etekin soziala da; eta ez etekin politikoa. Eta
lan talde osoaren egitekoa bideratuko dugu hedabideen esparrua euskaraz
izan dadin.
Eta informazio orekatua eskaintzeaz gain?
Teknologia berriak, berrikuntza, enpresaren egiteko
soziala, eraginkortasuna, aurrean egotea… asko dira, baina aipatuko
dut Bart Bijenens-i ikasitakoa: hiperlokaltasuna. Oker dabiltza
gertutasuna txokokeriarekin nahasten dutenak, oker dabiltzen moduan
euskalkiak txokokeria direla diotenak. Euskalkia eta estandarra dira
beharrezkoak euskara biziko bada eta hedabideok biziko bagara
beharrezkoak ditugu tokikoa eta gertukoa uztartzea. Guk ez dugu arazorik
Aldundiko kontuez jarduteko, Legebiltzarreko hauteskundeez edo dorre
bikiez. Guk lantzen dugun informazioak gertutasuna du oinarri, baina ez
derrigor modu ertsian ulertutako tokikoa. Gure bezeroek ere horixe
baloratzen dute gehien, bertakotutako informazioa edo gertukoa.
Hiperlokaltasunarekin batera kazetari
dinamizatzaileak izango dira hurrengo urratsa, ondo bidean. Hedabideak
debagoiendarrekin batera egiteko baliabideak jartzea, informatzaile izan
gura duenarendako gero eta leku gehiago uztea eta ez bakarrik zutabeak
edo kartak idazteko, baita informazio orriak osatzeko ere.
Ez da erraza kazetaritza…
Kazetaritzari eskatzen zaio kazetari izatea baino gehiago.
Eskatzen zaigu ikastolakoago edo eskolakoago izatea, eskatzen zaigu
bosgarren kontenedorea edo atez atekoaren aldeko aukera egitea,
politikari honen menera edo bestearen besotik helduta joatea… Eta guk
lagundu gura dugu eta lagun izan, baina profesionaltasunez jokatzeak
eskatzen digu honekin edo harekin ez ezkontzea gure lan jardunean. Denok
dugu gure idearioa, baina erredakzioko atea gurutzatzen dugun aldiro
profesionalaren buzoa jantzita egiten da lan Goienan. Hori balio handia
da kazetariarentzat, eta baita irakurle, ikusle eta entzuleendako. Bide
zailena aukeratu dugu, Intereconomiako kazetariek badakite zer esan eta
errazago egiten dute lan, sinesgarritasunaren kaltetan izan arren. Gure
parrokia askotariko debagoiendarrek osatzen dute.
Hedabideen mundua etengabeko aldaketan murgilduta dago, bereziki, azken hamarkadan. Ondo moldatu da Goiena aldaketa horietara?
Goienan, gure lurraldeko beste hedabide batzuen aldean
arkakuso edo eltxo garen arren, handien presio, kalamitate, ezintasun
eta larritasun antzerakoak bizi ditugu. Hori bai, arkakuso izanagatik,
ez pentsa kikilduta bizitzeko sortuak garenik euskaldunok. Gure txikian,
baina gure komunitateari zerbitzu ona eman gura diogu, komunitateko
parte izan, eta horretarako aldaketetara moldatzen jakin dugula esan
genezake. Hori bai, sasoi hau ez da gora begira egoteko, aurreko
tropelean joateko pedalak ematen jarraitu behar da. Egingo dugu.
Hedabide tradizionalak, bestalde, krisi gogorrean sartuta daude. Testuinguru horretan, zela murgiltzen da Goiena?
Krisia sumatu genuen unetik beretik egin ditugu etxeko
lanak, eta horrek lagundu digu. Gerrikoa estutu dugu eta gure
egitekoa denez, efzienteagoak gara orain. Azkeneko urteotan, %23
murriztu da udaletatik jasotzen duguna, esaterako, baina zerbitzua
handitu eta hobetu dugu urte hauetan, digitalera salto
telebistan, Interneten eta eskuko telefonoetan aurrean jarri, paperean
astean bi aldiz publikatu… Eta hau dena euskara hutsean eta
gertuko informazioa emanez. Gainera, Aldunditik eta Jaurlaritzatik
bultzatzen duten eredua da Goienarena, 2012an nekez jardun daiteke herri
hedabideekin… eskualdekora pasata asmatu genuen.
Berria ere ziztada eske. Goiena?
Guk ere, Berria-ko lagunen antzera, erabaki dugu ez egitea cocorico eta ez quiquiriqui.
Guk kukurruku kantatuaz egiten dugu lan eta hautu konzientea da
Goienaren sorreratik bertatik, nahiz eta lehiatzeko muga batzuk ditugun.
Gainera, hor daude gure jabeak, euskara elkarteak, gure jardun
euskalduna ziurtatzeko. Euskal hedabideok apal gabiltza, eta, erleen
moduan lan egin dugun arren, ziztadak ere eskatu beharrean aurkitzen
gara.
Debagoieneko udalak ere ez daude egoera onenean. Zela eragin du horrek Goienan?
Badakit herriak aukeratu dituen politikariek gizarte
laguntzetan-eta egingo dutela indarra, eta behar-beharrezkoa da gutxien
dutenei lagundu eta krisiari aurre egiteko politikei preferentzia
ematea, baina esperotzekoa da euskarari euro bakar bat ere gutxiago ez
ematea. Beheranzko joera jasanezina izateraino heldu da, marra
gorriraino. Madrilen edo Debagoienean egiten dugun hedabide estiloa ez
da bera eta identitatea, euskaltzaletasuna edo komunitatea zaintzeko
behar dugu udalen laguntza egonkorra.
Zenbateraino da garrantzitsua Goienarendako beronen komunitatea osatzen dutenak?
Komunitateko kideak dira gu bizitzeko arrazoia. Enpresa
sozio-enpresarialeko misio eta balioak horretara bideratuak daude,
komunitate horren beharrak asetzera: euskararen normalizazioa, parte
hartzailea izatea, eskualdeko kohesioa, esparru ezberdinak
euskararendako irabaztea… Aurrera begirako jokabideek balio behar
dute bazkide mota guztien asebetetasuna lortzeko, eraginkortasunean gora
egiteko… eta hori guztia komunitatetik da posible. Unai Iturriagaren
hitzek zioten moduan: “Gure baitan betiko premia bat dabil: komunika
komunikatzea, komunika komunitatea”.
Zela irudikatzen duzu hemendik urte batzuetako Goiena?
Ahots propioarekin eta debagoiendarrengandik sekula baino gertuago. Grinn anaien Edurnezuri edo Txanogorritxu interesatzen
zaizkit, baina Walt Disneyren filtrorik gabe. Guk debagoiendarrek
diotena izaten jarraitu behar dugu, gure errealitateari muzin egin
barik. Horretarako, Alberto Barandiaranen liburu baten irakurri nion
Lorea Agirreri “gure arma ez da armada, gure arma kultura, euskara eta
hedabidegintza dira, eta gure etorkizuna hizkuntzari lotuta dago”.
Gustatu zitzaidan.
Gaur inoiz baino garrantzitsuagoa da Interneteko atala Goienan?
Bai, eta zentzurik zabalenean ulertuta. Gure enpresa kazetari multimediaz osatuta dago eta horren ardatza Internet da. Ez Goiena.net bakarrik,
baita sare sozialak, esaterako. Bestetik, eta joera Interneten
goranzkoa eta balaztarik gabekoa bada ere, papera oso maitatua da
Debagoienean eta animatzen ditut irakurleak Goienako klubeko bazkide
egin eta abantaila askoren artean asteleheneko Goiena papera etxeko buzoian jaso dezaten.
Goienako hedabideak osasuntsu daudela erakusten dute beren irakurleek eta ikus-entzuleek ematen dieten sostenguak?
Bai, dugun jarraipen zabalarekin oso pozik gaude.
Erantzukizuna dugu arlo sozialean eta transformazio sozialean sinisten
dugu eta egindakoa babestua dagoela sentitzen dugu audientzia neurketak
egiten dugun aldiro. Audientziok lortzeko oso garrantzitsua izan da
enpresa hau autoeratua izatea eta pertsonak jartzea enpresaren
oinarrian.
Goienaren gaineko azterketa egin du aurten Aztiker enpresak. Zeintzuk izan dira ondorio nagusiak?
Ondorio birekin geratzen gara: batetik, hamar lagunetik
zazpik dio Goienako hedabideak pluralak direla; hau da, ez direla hara
edo hona lerrokatzen; bestea, Goiena eta bere hedabideak beharrezko edo
oso beharrezko dira hamar debagoiendarretik bederatzirendako.
Euskarazko hedabide lokalen elkartea indartu egin da berriki. Sektorea ari da mugitzen eta Hekimen sortu da…
Tokimomeko parte aktibo da Goiena eta sinistuta nago
elkarte berriak lagunduko duela hedabideak dauden lekuetan sendotzen eta
ez daudenetan berriak sortzen. Mugimendua sektorean ere bada eta
adibide berriena da Hekimen. Batu gara euskara hutsez funtzionatzen
dugun herri ekimeneko hedabide ez publikoak. Asko dugu konpartitzeko,
elkarrengandik ikasteko… eta erakundeetatik askotan eskatu zaigun hori
bete dugu: solaskidetza bat badute lurralde edo nazio mailako
erakundeek, estatutu batzuekin, zuzendaritza batzordearekin etab. Orain
lanerako denborak datoz, elkar ulertzekoak.