PUBLIKOA vs PRIBATUA

Jose Inazio Basterretxea lagunak badaki zertaz diharduen. Elkarrizketa zintzoa da eta berarekin konpartitzeko aukera izan dudan foroetan argi berba egiten duen irakaslea da. Estimuan dut. EITBz ezin jardun nik, etxean ere nahikoa lan badugulako denona den etxeko hautsak harrotzen hasi barik. Hala ere, deigarria egiten zait PRIBATU us PUBLIKO zelan erabiltzen duen elkarrizketan. Basterretxearena adibide bat gehiago da, eta nago, ezkerrak (luze-zabalean) kontzeptu hauen gaineko hausnarketa egiteko daukala. Edo orain herri ekimena ez da hain guaia? Edo publikoa da edo bestela “beste gurdi bat”?

Hauxe dio Iñazio Basterretxeak Urtzi Urkizuk egindako galderari erantzunez:

Desoreka bat badago Eusko Jaurlaritzak ETBrentzat ematen duen dirua eta tokiko euskarazko kateentzat ematen duenaren artean. Aurten ETBrentzat 124 milioi eta euskarazko tokikoentzat milioi erdia (zazpi kate). Nola baloratzen duzu desoreka hori?
Desoreka diozu… lasai hitz egiteko gaia da. Telebista publiko bati buruz eta zazpi telebista pribaturi buruz ari zara… ez dut uste gai hori horrela planteatu daitekeenik… Bi gurdi dira horiek, eta gurdi bakoitzak bere atoia behar du. Laguntza behar dutela telebista pribatuek? Dudarik ez. Beste inork ematen ez duen edo eman ezin duen zerbitzu publikoa ematen duten heinean, gainbegira eta diru publikoa zor zaizkie, noski. Lan handia egiten dute euskararen alde, euskaldungoa kohesionatzearen alde. Beraz, arbitratu behar da moduren bat telebista pribatu horiek gehiago jaso dezaten, baina ez telebista publikoaren diru-sarrerak oztopatuta. Ez da hori bidea. Niri, behintzat, ez dit barrenak hala agintzen. Aipatzen dituzun zenbaki horiek ez dira inoren gustukoak, ez dira euskaldunen gustukoak, ez dira nire gustukoak. Ez ditut nik erabaki, ezta EiTBk berak ere… baina, ez dezagun ahaztu bat erakunde publikoa dela; eta besteak, pribatuak direla.

Beste gurdi bat… Seguruenik ados egongo gara gaian sakonduz gero ze ezer baino lehen erantzunean esaten da “luze hitz egiteko gaia” dela. Eta bada. Ez bakarrik telebista publikoarena, baita beste hainbat alorrena ere. Ekartzen dut elkarrizketa hau gaiari heltzeko, aitzakia moduan.

Edo publikoa da edo ez da?

Nik Goienan egiten dut beharra. Goiena irabazi asmorik bariko kooperatiba da, euskara elkarteak oinarrian eta jabetzan dituena, erakunde publikoekin eta lan-bazkideokin jabetza konpartituz. Pribatua? bai. Enpresaren nolakotasun juridikoaz gain besterik begiratu beharko genuke? esaterako: euskara oinarria den, irabazirik balego non inbertitzen den, nondik datorren, norantz doan, nondik ateratzen den dirua, herritarrek zein onarpen ematen dioten… Edo enpresa hau publikoa balitz onarpen hobea, euskara hobeto mimatua, irabaziak hobeto inbertituak, jendearengana heltzeko baliabide egokiagoak izango lituzke izaera juridikoa beste bat balitz?

Berdina gertatzen zait barrutik bizi dudan beste proiektu batekin, Espaloia Kafe Antzokiarekin. Herriko hainbatek eta ingurukoek ere batzuetan esaten digute: “zuek pribatuak zarete”. Eta bai, egia da. Baina publikoa balitz ekitaldi gehiago legoke? euskarak leku duinagoa luke? posible litzateke proiektu hori? helburuak beteko lituzke orain moduan? proiektu batzaileagoa litzateke? parte hartzaileagoa?

Uste dut eztabaida zintzoa egin beharrean gaudela eta ez dela eskuina vs ezkerra, ez ikastolak vs eskolak, ez AEK vs HABE, ez…: PRIBATUA vs PUBLIKOA. Ez pribatu guztia da on ezta publiko guztia ere. Eta nik neuk pribatua, berez, kontzeptuz, ez dut alde makurrean ikusten. Zuek bai?

Behar ditugu ekimen pribatuak eta publikoak. Eta txarra ez batak bestearen igurtzi handiagoa balu, seguruen. 

One comment on “PUBLIKOA vs PRIBATUA

  1. Oier A.(e)k dio:

    Oso ondo ekarria Iban.

    Ikastolen inguruan horixe bera entzun izan diot gure aitari, eta ni konforme nago erabat. Orain badirudi bi ikastola mota ditugula, publikoak eta pribatuak. Gure aitak behin eta berriz gogorarazten digu, orain pribatutzat jotzen diren ikastola horiek, gurasoen eta herri osoaren bidez eraiki zirela, kooperatiba ereduaren bidez jabetza publikoa izan zezaten lotu zutela.

    Kooperatiba erako ikastolen legezko jabeak gurasoak eta langileak dira, eta seme-alabak hazi eta ikastola uzten dutenean, guraso horiek beren jabetza zatia hurrengo gurasoei pasatzen diete, trukean ezer jaso gabe.

    Interes orokorreko helburuak eta jabetzaren kontzeptu konpartitu hori duten proiektuak pribatutzat jotzea zuzena da?

    Badirudi publiko kontzeptuak “administrazioaren zuzeneko jabetza duena” adierazi nahi duela orain, baina nik nahiago dut jatorrizko esanahiari heltzea, alegia, publikoa “herriari dagokion jabetza” dela defendatzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude