Ahotsak.com izan da aurtengo Argia saria

Ahotsak.com Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea jasotzeko atariak jaso du Sareko 2011 Argia Saria. Euskal Herriko Ahotsak egitasmoa 2003an lantzen hasi eta 2008an aurkeztu zuten Ahotsak.com webgunea.
Ordutik hona 3.000 hizlari baino gehiagoren ia 25.000 pasarte jaso
dituzte Euskal Herriko 180 herritan eta 5.765 bideo-pasarte ere sareratu
dituzte, libre eta doan, euren webgunean. (Sustatu.com-etik hartua)
10 minutuko bideoa azalpenarekin

Zorionak Badiharduguko langileei, laguntza eman daben Udal guztiei (eta jarraitzen dabenei, zelan ez) Bereziki Gipuzkoako Aldundixari eta KUTXAri. Apustu garbixa egin dabe lan-modu honengatik eta ekipo honengaittik. Eskertzekua, benetan. Eta 3.000 hizlarittik gora… horrek dira benetako artistak! ahotsak.com-eko izarreik eskerrik asko eta ZORIONAK!

Zelako hasierak. Akordau naiz blog honetan idatzi nebala mezutxo bat proiektuana, Koldo Mitxelenan aurkeztu zanekua: kriston proiektua! Eta baitta gure herrixan aurkeztu zanekua be Elgetako ahotsak.

Bronka bota didate gaur Arte Ederren museoan

Argazki hau ateratzeagatik bota didate gaur bronka Arte Ederretako museoan. Aluzinatua geratu naiz. Ez nengoen Lazkanoren kuadro ederrei (benetan ederrak) argazkiak ateratzen (eta hau ere ez uztea…) ezta jendeari ateratzen, ezta bertako poliziari, ez… Ez! Testua interesatu zait eta gura nuen testu hori izatea. Ba demaseko azalpenak eman dizkit bertako zinpeko zaintzaileak. Eta saiatu da logika aplikatzen ere debeku txatxu eta funtsbakoari. Hemen atera dudan argazkia zeuek juzgatzeko.

IMG_0988
Hori bai, telefonoak ahotsa ere grabatzen du eta hori egiteko ez dagoela debekurik… ingurukoak molestatuz testua altuan irakurtzea ontzat, argazkia ateratzea ez… gggggggggrrrrrrrrrrr. Ordua da museoetan agintzen dutenak ere 2011n sartu garela ohartzeko. Hango zaintzaile batek esan didanez Lazkanoren aginduak omen dira, baina museo guztian dago debekatua argazkiak ateratzea. Ez dakit nik…

Kerik ez kontzertuetan; ke makina erosi behar?

Harrituta nago zelan jendeak errespetatu duen legea. Asko eta asko dira atera irtetzen dutenak erretzera.

Eta kontzertuetan? Berez ezingo da erre, baina baditu ez erretzeak bi kalte:

1) atean atzera-aurrera handia egongo da. Kontzertu batera joatea ez da hegazkinean bidaia luze bat egitea. Jendeak erretzeko gogoa izango du eta kanpora aterako da behin eta berriz. Uffff, txarteldegian egon behar denarendako…

2) Ezin atera horrelako argazkiak ze horrela ikusteko jendeak sortzen zuen kea beharrezkoa zen. Ez dakit zer egin beharko dugun… ke makina erosi?
BerriTxarrakElgeta
Argazkia: Aitor Higuerarena. Abenduaren 10ean ateratakoa: Berri Txarrak Espaloia Kafe Antzokian

Aurkezpena: Euskal kulturgintzaren estrategiak

Euskal Kulturaren oinarriez-eta jardun zuten atzo Koldo Mitxelenan. Formatuaz ere berba egin daiteke, baina hori beste baterako. Kasu honetan, eta edukia zelan eman behar den garrantzitsua bada ere, edukiak zuen garrantziarekin geratu nintzen. Zelako eduki sakona dagoen atzo aurkeztu zuten horretan. Taula gainean bost lagunetik lau gertukoak: Iñaki, Nekane, Julen eta Jon. Lorea Agirre ere bazen, baina ez dut tril egin berarekin atzoko aurkezpenera arte. Ezagunak gehienak eta zer esango zuten irrikaz nengoen, entzuteko prest, ikasteko prest. Bostak MU-ko sorguneak ikertegikoak.

Serio egin dute lan eta aurkeztu zuten Aldundiko kultura eta euskara departamentuak enkargatutako txosten bat: “Euskal kulturgintzaren estrategiak”. Azterketa kualitatiboa, subjektiboa eta aberatsa. 127 elkarrizketaturi hitza eskatuta eta 200 orduko transkribapenarekin mamitutako txostena.

Niri gustatu zitzaidan “euskaldun” berbaren pisua mahai-gaineratzea “euskal”, “vasco” eta abarrekoen ondoan. Magisteritzako garai haietan ere nahikoa lan eman zidan euskaldun definizio zorrotzeko horrek. Ikaskideren baten ama euskalduna ez zela eskola orduan esateak ere ekarri zituen buruhausteak. Gustatzen zait hain basikoa dirudien hori entzutea: euskarak egiten gaitu euskaldun.

Berriz entzun nuen Bagaran zein lehenago ere entzuna nuen “merkatua, gizarte zibil autoeratua eta administrazio publikoek” osatzen dutela kulturgintzak bizi duen eremua ere. Eta guztiz ados nago gizarte zibil autoeratuak duen garrantzia azpimarratzean. Gustatzen zait eta bizi dut hori egunerokoan bertan. Bat egiten dut, baita ere, euskal kulturgintzak eskain dezakeen onena gertutasuna, berezkotasuna eta benetakotasuna direla.

Hamasei oinarriren gainean egin zuten berba eta bat edo beste gehitxoago aletu ere bai. Aletzeok izan ziren interesgarrienak entzule honendako. Gero etorri ziren kulturgintza biziberritzeko estrategia batzuk hamabi puntura ekarriak. Gehienekin egiten dut bat. Txostena (papera) ekarri dut etxera eta birpasatuko ditut, gogoz irakurriko dut kultur bizitzaren azterketa kualitatiboan elkarrizketatuetatik atera dena ere. Egon ez zinetenok non irakurri? ez dakit sarean jarri duten. Gustura emango nuke lotura bat eta horrela kanpo-hedapena mimatu. Ez dut topatu.

EuskalKulturgintzaEstrategiak

Kuriositate bat: txostenean internet “I” txikiarekin idazten dute Sorguneakeko lagunek eta bagara batzuk “Internet” idazten dugunak 2010ean 🙂

**Argazkia: Maite Goñi: http://plixi.com/p/62953063

Azokako elkarrizketa on bat eta kontzertu eder bat

Elkarrizketa honek denok harritu gaitu. Lehenengo eta behin kazetaria, Julen Iriondo. Gero errealizatzailea, soinu teknikaria… eta ikusi ditugun denok geratu gara ahozabalik. Horregatik ekarri dut blogera. Eskerrik asko, Oihan.

Oihanek dio:

Eta bigarrenez, azoka honetan komentatzeko kontzertu on bat, ileak tente jartzen dituen horietako, emozionatu ninduena eta Leteren “ni naiz” bertsioneratzera ausartu zirena. EITB-k pasatako bideoko kantu bat, “atsegin ditut”:

Xabier Lete hil da

Xabier Lete orain urtebete egon zen gure herriko kafe antzokian Josean Goikoetxea lagun zuela. Jendez beteta zegoen eta poemak irakurtzera etorri zen, errezitaldi musikatua egitera iazko azaroaren 29an. Orduan ere pattal zebilela zioen berak afaritan eta urtebetean…
Oso gogorapen ona dut egunaz. Poesia entzuten belaunaldi askotako jendea eta taula gainean orduko poeta, hasiera haietako poeta eta kantaria, Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetakoa. Guretako luxua izan zen gure etxean tamaina horretako lagun bat izatea eta berarekin afaloste goxo bat konpartitzea. 

Emanaldia bera sakona eta hunkigarria izan zen eta jende askoren malkoak ikusi genituen errezitaldi ostean. Ikaragarrizko indarra erakutsi du Letek errezitaldia
interpretatzen eta jendearen galderak-eta erantzuten, Liburuak sinatzen, elkarrizketan, antolatzaileokin eta lagunekin afaltzen jardun zuen. Horrekin geratuko naiz eta duela bi urte argitara eman zuen  “Egunsentiaren esku izoztuak” liburuarekin.

Ordukoa da argazkia (goiena.net):
XabierLete

Eta Espaloiko argazki eder gehiago atera zituen Atauri blogean Jose Felix Diaz de Tuestak.

Xabier Leteri kantuan egin diote domeka eguerdian kantu-jiran. Beste omenalditxo bat.

                        XX

Azken oihurik gabe aldenduko naiz
argia gandutu zen menturazko lurraldean barrena,
ez diot nehork itzalari abegirik eskainiko
baina itzalaren erresuman itzaliko gara,
zer pena bizitza galtzea diozu ilunabarrean
maite dituzunak gogoeta xehe iheskaria direnean
eta ibaiarekin batera aldenduko zarela jakitean
nehork mintzirudikatu ez zuen
haraindiko ibar urrunera,
hala ere, ederra zen bizitza eta bizi izatea
azkenik galeraren zerrenda ankerretan
idatzia utzi bagenuen ere
gurutza ditzagun elkarrekin, maite
azken belazea, azken loredia.

                               III

Eskatu, dena eskatu genion bizitzari

argia, gozamena, jakituria,

paradisuetako hondartzetatik

erbesteratuak zian ginen arte…

baina trenek gauerdietan

xixtuz iragarritako bidaia

helmuga harrigarrietara egitean

ni ere bidaiari izanen naiz

bizidun ororen edalontzia hondarreraino ustuz…

baina birlotua orain uneari, orduei

urruneko hiri ederren itxaropenik gabe

larrosen urrinaz oroitzen naiz

eta gorputz jainkotuen erakartasunaz…

Hor jardin isila baratzondoaren ezkutuan

etxearen ibilgune beti berrasmatuak

oihan hezearen abaroa mendi hegaletan

eta palmondoen itzalean

dohain eta amaitzen ekialdeko itsasegiak…

haruntz noakizue betirako, ametsen galbidetik

adiskide maitatu gaur ia ahaztuok.

Oh.: “Egunsentiaren esku izoztuak” liburuko Vulnerant ommes kapituluko hogeigarren eta hirugarren poemak.

Tuiten gainean sortutako iritzi-trukea: ondorio batzuk

Hainbat ondorio atera ditut CodeSyntaxek antolatutako iritzi trukaketatik. Neure ondorioak, eta ez han geunden guztion artean adostuak.

http://eu.umap.eu/n/ bada hedabide bat. Robot batek kudeatutakoa da eta bere alde on eta txarrak ditu. Niri gustatzen zait produktua eta gustatzen zait batez ere ez delako mugatzen 140 karakteretara. Tuitak oinarria dira, baina ez azken produktua. Flipboard gogorarazten dit eta asko gustatzen zait iPad-eko aplikazio hori.

– Tuit gehiago balego hobeto funtzionatuko luke umap moduko robot batek. Seguru baietz. Baina horretarako idazleen denbora inbertsio handiagoa behar da robotak bere lana hobeto egin dezan.

– Jarraitzen dut pentsatzen Twitter badela izan sorkuntza garaturako kapagailu.

Twitterrek jende gehiago jarriko badu euskaraz idazten: ondo etorri. Hori ona da euskararendako. Hala ere, seguruenik gero eta lotura gutxiago egingo dira euskarazko testuetara testu gutxiago egongo direlako. “Egunak 24 ordu, halaxe ikasi nuen nik”.

Sustatu dut maiteago ze hor bai, hor kazetari lana dago, editore lana…  robotek egin ezin duten horrek balioa ematen dio Sustaturi. Sustaturi, adibidez. Eta eguneko lauzpabost albiste horiek iragazi dizkidan pertsonen hedabide hori nahiago dut erabiltzaile modura. Besterik da profesional modura, ze tuitak jarraitzen ditut eta oso baliagarri zaizkit. Beraz umap + sustatu +… darabilzkit.

– Twitter ez da hedabide bat. Eta arrakasta, hain zuzen, horretxek ere badakar. Hedabide mailan kokatuko ez nituzkeen tuit asko daude Twitterren, gehienak. Twitter “what´s happening?” galdetzen hasi zaigun arren asko dira “what are you doing?” galderari erantzuten geratu direnak.

– Niri, interesatzen zaizkit nire lagunen mezuak nahiz eta ez izan landuak, serioak, informazio funtsezkoak daramatenak, lotura barik… Gustatzen zait jakitea laguna etorri dela X kontzertutik, edo gaur jaiki denean bururatu zaion hau edo beste, edo halako herrixketan egon ostean bueltatu dela etxera, edo kontrolean geratu dutela autobusean zihoala… Hain zuzen ere, horrek balio bat du eta da GERTUTASUNA. Eta bada, kontrara, motibo bat tuiterlari gehiago ez jarraitzeko ze horrelako asko zarata izatera ere heltzen da. Jarraitzen ditudanak oso gustura jarraitzen ditut eta hala ez balitz ez jarraitzea oso erraz jartzen du Twitterrek.

– Pertsona batek ikusi dezake eta bakarrik ikusi besteek egiten-esaten dutena. Libre da, noski. Hori jasotzaile hutsa da eta ez da ezinezkoa hori egitea. Hori bai, denek hori egingo balute… umap makalago bat, adibidez.

– 190.000.000 erabiltzaile dira. Horri ez dago bizkarra ematerik eta horiek ere badira jokatzeko moduak markatuko dituztenak. Profesioan gabiltzanondako oso kontuan hartu beharreko errealitatea da Twitterrek ekarri duena.

– Twitterreko erabiltzaileek botatako mezuen edukietan %4 dira albisteak. Hala ere, informazioaren ikuspuntutik oso interesgarriak dira elkarrizketak (%38). Lotura interesgarriak lortzeko modu oso ona ere bada (%9). Eskerrik asko Joxe Aranzabali datuok ekartzearren.

– Twitterrek ez du papera hilko. Borobila da esaldia, baina ez dago hori pentsatzeko arrazoirik.

– Amaitzeko, “Tuit hauek” libreago idatzi ditut, batzuk luzeago edo motzago. Ui, ez dira tuitak, puntuetako batzuk 140 karaktere baino gehiago dute, gehienek. Ez da zailagoa muga barik idaztea, 140 karakteretan sartu beharrak ez du errazten (quark-eko kaxa gogorarazten dit batzuetan)
Mezu hau argitaratu dut blogean. Eta batzuk irakurriko duzue goiena.net-eko portadan dagoelako, beste batzuk RSS jarioei esker, beste batzuk blog hau bisitatzen duzuelako noizbait, beste batzuk tuit batetik etorriko zineten honaino ze tuitok izan badira zabalkuntzarako erreminta ona, gero eta jende gehiagorengana heltzen dena, portzierto.
CS10Urte
Eta ahaztu barik: zorionak Codesyntaxi. 10 urte Getariako baxu hartatik Kantoi gasolindegi parera (han ezagutu nuen nik hiru laguneko enpresa) eta orain Azitainera. Uste askotarako!

NABAI dala eta ez dala tertulixan

Gaur kuadrilliakin afaldu dogu eta mahai gaiñian NABAI berbagai. Eta baitta gure elkartian egoten diran lau periodikuen (papera) titularrak be. Honetxek:

– BERRIA: EA eta Aralarrek jarrera onez hartu dute ezker abertzalearen proposamena

– GARA: EA también desea “construir nuevos puentes” en Nafarroa.

– NOTICIAS DE GIPUZKOA: Aralar y EA descartan otra marca electoral con Batasuna

– DIARIO VASCO: Aralar y EA responden a Batasuna que sea ella quien se sume a Nafarroa Bai

Ba ez dakit zer esan… egunkari bakoitzeko irakurliak etarako dau ondorixo bana.

Hona ez dot ekarri, baina mezularian Maiorga Ramirezi Jaime Otamendik eta Aritz Arregik egindako elkarrizketia be… Galderak egittia ez da nahikua erantzunak lortzeko, antza. Ez dakit mp3 hori sarian dagon, baina entzutekua zenbat buelta.