Gertukoan murrizketak? gertukoan inbertsioak behar ditugu

Onda Cero irratian kendu dute gertuko informazioari eskaintzen zioten arratsaldeko tartea. Berdina egin berri dute Ser kateak eta Copek. Murrizketak eta murrizketak besterik entzuten ez diren momentu hauetan kentzea erabaki dutena lokala izan da. Euskadi Irratian jarraitzen dute “Gertukoak” deitzen den tartearekin. Noski, gertukoak dira Gasteiz, Bilbo eta Donostiatik gerturatu gura dizkiguten notiziak, eta izan litezke gertuko, baina nago ez dela asmatzen sarritan. Telebistan ere gertukotzat saltzen dizkigute hiriburuetakoak eta gertukoak badira, baina askotan hiriburu horietarako bakarrik…

Gertukoaz baino lokalaz jardun zuen Tokikomeko jardunaldietan Bart Bijnens-ek. Goienan izan genuen bisitan aurreko egunean eta haren esanak oso kontuan hartzekoak izango dira eskualdeka funtzionatuko dugun hedabideetarako. “Are lokalago, are gertukoago, are hobea” zioen berak eta esango nuke datuek laguntzen digutela horrela pentsatzen. Muzin eginda herrietatik eta eskualdeetatik kanpokoez? bai zera! Interesez jarraitzen dugubaita Euskal Herriaz kanpokoa ere eta badu interesik gure bezeroendako.

HetBelangVanLimburg.jpg

Bere eskualdean liderra den tokiko egunkariak 100.000 ale saltzen ditu
egunero, ia hiru laurden harpidetza bidez. Duela hilabete batzuk,
egitasmo hiperlokalari ekin diote, irakurleak ere egunkariaren parte
bihurtuz. Badugu zer ikasia, asko dugu ikasteko, baina erronka handiena ez da izango orokorra lantzea eta bai gertukoen den horretan sakontzea.

Jaitsi dut iPad-era http://www.hbvl.be
Lokalean ere gero eta gehiago dira smartphoneetan eta tablet-etan irakurtzen dutenak… Goienan ere baduzu aukera:

Gure musikarien historia minorizazio historia da

“Klase ertaina desagertu da euskal musikaren zirkuitutik” gogoratzen zigun Jon Eskisabelek (segi idazten, Sam) Anariren hitzak hartuta. Jende asko edo gutxi joaten ei da kontzertuetara eta neurririk ezin hartu. Garairik onenak pasata dituzten musikariak aipatzen zituen: “Joseba Tapia, Jabier Muguruza, Mikel Urdangarin, Anje Duhalde, Txuma Murugarren edota Mikel Markez”. Eta dezente luzeagoa da zerrenda, oso gutxi libratzen dira. Esango nuke musikari-sortzaileak garai onean daudela; gutxiago, baina antolatzen direla kontzertuak eta kale egitekotan jendeak egiten duela kale. Baina zer egiten dugu jendeari errua botata?

Formatu txikira eta tabernetara bueltatu behar duela iradokitzen zen artikuluan eta ez dakit ba. Uste dut kalte egiten diogula sorkuntza lanari horrelako irtenbideetara makurtuz. Sortzaile handi horiek kultura errota moduko ekimenetan ikusi behar ditugu Euskal Herriaren luze-zabalean? Hori da “orain dagokiguna”? Kultura errotan parte hartu behar ez denik ez dut esango, baina harantzago begiratu behar dugu, tabernetatik eszenategietarantz.

Krisia kultura kontsumo aldaketetan badago, gazteenek eta ez hain gazteek nahiago dute zinema komertzialetan Super Combo handiarekin Coca Cola edan, lokaletan play batekin jolas egin edo telebistari mozolo-mozolo orduak eskaini. Entzun berri diot Literaturian Gotzon Barandiarani bizitzeko behar dugula kultura, “jatea edo edatearen parean” eta “jendartearen ongizatea bultzatzen badugu kultura bultzatu behar” dugula. Ados, baina nago ez dugula euskal kultura (literatura, kantagintza, antzerkigintza…) gozamen moduan saltzen. Bai, ez da nahikoa egitea, SALDU ere egin behar da. Zinean gozatu dut “Gazta zati bat” politikoa ikusten eta ondoren filmaz berba egiten, gozatua izan da Morau eta Balerdi Balerdiren kontzertuaren parte izatea, ederra Xabier Montoia norberari kantatzen entzutea. Baina zein da saltzen dugun irudia? beharbada deitu geniezaioke: irudi kultureta. Eta positiboa behar lukeen kultureta hitza hain urrun dago Combotik, Wii-etatik…

Saldu aipatu dut, baina nork saldu? Hedabideek asko lagundu dezakete honetan, baita kontzertuak mimatzeaz gain zabaltzeaz edo ageriko bihurtzeaz arduratzen diren antolatzaileek (kartelak, webak, sare-sozialak…)… Baina musikariek? saldu behar dute beraien burua musikariek? non ikusi dira elkarrizketa bat proposatzea “marroitzat” duten musikariak? Herri batera joan eta antolatzaileekin zein ikusleekin harremanak izatea putadatzat dutenak? Twitterren perfil bat zabaltzea eta kontzertua non duten tuiteatzea frikien kontua dela uste dutenak? Blog baten iritziak idatzi, argazkiak erakutsi, edo zaleei kasu egitea planteatu ere egiten ez dutenak? Harreman osoa managerraren esku uzten dutenak?
Sortzaileak saltzaileago izateak ekarriko luke hedabideetan ere leku zentralagoa eta sakonagoa izatea. Sortzailea bera hasi behar da lantzen euskal musika, eta kultura oro har, agerikoak izan daitezen eta jende gehiagorengana heldu. “Izan media”

Ez dakit zeinen eskutan utzi duten sortzaileek komunitateak sortzea, baina beraien egitekoa ez dela pentsatzen badute ez diote hausporik ematen euskal kulturari. Noski, orokortzea… Esaterako, Berri Txarrakek zelan mimatzen duen bere jendea ikustekoa da; edo talde-lan bat aipatzearren, herriz herri lagunak eta lagunak dituzten bertsolariak. Adibide hau aipatu nuen lehen ere. Hauek ez dute administrazioen esku utzi komunitateak sortzearen langintza, izan ere, ikusten dihardugu zer egiten ari diren herri-administrazioak, Aldundiak… Inork bereizi dezake EAJk egiten duen politika, PSErena edo Bildurena? Ez dut bereizketa handirik sumatzen. Nola liteke euskara eta kultura oinarri duten taldeei jaitsierak aplikatu eta udaltzainei ez aplikatzea, edota Aldunditik %10 jaistea zinemaldiari eta kultura departamentu osoari %40? Ez digute “euskal” marka indartzen laguntzen eta tamalgarria da. Irtenbidea ez da etorriko politikatik, baina gutxienez euskal kultura zentroan jarri eta laguntzak biderkatzea dagokie berba loratuetatik haratago eginez.
 
Gure kulturara publiko gehiago ekarri behar dugula pentsatzen dutenetakoa naiz ni. Jakina da hizkuntza dugun letxe gure musika ere minorizatua dagoela, baina jokatu beharko genuke egoera orekatuagoa bailitzan. Hau tranpa dela usteko duenik ere bada, baina musikak eskatzen du argi koloretsu eta distiratsutik, dezibelio egokitik, eszenategi zaindutik… Distira ere behar dugu euskal musika minorizaziotik ateratzeko, eszena mimatzea eta akaso sortzaileek egiten dituzten disko landu horiek bere osotasunean defendatzeko tabernak baino gehitxoago ere beharko da.
 
Noski, Urretxuko Fox (ez dut ezagutzen…) moduko antolatzaileendako biba! Fox, hainbat Gaztetxe, kulturgune txiki… behar dira eta duin egiten duen jendeak laguntza ere behar luke beren (askotan borondatezko) lanari txispak ateratzeko. Asko dira sortzaileak etxean bezala sentiarazten dituzten antolatzaileak, dituzten baldintzarik hoberenak luzatuz, musikarien larruan jarrita eta emanaldiarekin gozatzen dutenak. Eskerrak.

Paperean eta telebistan ere tuit

@font-face {
font-family: “Times New Roman”;
}p.MsoNormal, li.MsoNormal, div.MsoNormal { margin: 0cm 0cm 0.0001pt; font-size: 12pt; font-family: “Times New Roman”; }table.MsoNormalTable { font-size: 10pt; font-family: “Times New Roman”; }div.Section1 { page: Section1; }

Aurreko baten hemen idatzi nuen nola notizia
bat hasi daitekeen tuit bat botata
. Tuita, argazkia, lokalizazioa… gero bideoa…
eta telebistarainoko edo paperean argitaratzerainoko bidea. Baina uste dut
zirkulua isteak gure bezeroaren gogobetetasuna asetzen lagunduko lukeela. Zer da zirkulua istea?

Aste honetan egin ez dugun baina posible
litzatekeen adibidea: Mundumira jaia.

  • Asteburuan Mundumira jaialdia izan dugu
    Debagoienean. Tuitak, aurrez elkarrizketak, agendak, erreportajea paperean, telebistan… denetik egin
    dugu ze jai garrantzitsua da Debagoienerako. Aurre-lan polita.
  • Asteburuan tokatu zaigu jaialdiaren berri
    luze eta zabal lantzea. Sarean momentuan bertan, eta paperean azalean joan da, telebistan magazine berezi bat egin dugu…
  • Goiena paperan genioen: “Eguraldiak lagundu izan balu,
    festa borobila” Mundumirako antolatzaileak “oso gustura” daude
    Eskoriatzan eta Gatzagan ospatu den jaiarekin, euria oztopo izan arren”.

Hori lortu dugu zapatu-domekan lana eginda: antolatzaileen iritzia eta kalean aliritzira hartutako lauzpabost lagunen iritzia. Hau da, galdetu diegu antolatzaileei ea zer
moduz egon den jaia. Zer erantzungo digute? “oso gustura”,
“jende asko”, “eguraldi txarra baina giro ona”… hau da,
edozein herriko jaietan jasotzen ditugun erantzunak. Beti dago giro ona eta
jende asko. Eta esan dezadan, aspaldian, parte hartze handia. Beti dena on. Baina beti da ON?

Uste dut jai guzti-guztiak ondo joan direla
aipatzen jarduteak muga bat duela. Eta hedabideok jarri beharko genieke muga
hori sinesgarritasunaren izenean. Zelan baina? Proposamenetako bat da sare sozialei kasu egitea.

Mundumira jaiarekin astelehenean atera genuen
hau:

GoienaAzalaMundumira.png 

Eta hori berori horrela atera arren ahots
diskordanteren bat-edo sartu izan bagenu? edo sare sozialetan denak pozik
baleude ere beste ikuspuntu hori? Nire ustez asko irabaziko luke artikuluak eta
kazetariaren firmatik haratago ere irakurriko litzateke. Jaien kroniken
amaieran tuit bat sartzearen aldekoa naiz. Tuit sinatua, 140 karaktere… batzuetan
graziosoa, besteetan ildo ofizialaren kontrakoa, besteetan antolatzaileen esana
babestuko duena, besteetan kuriosidade txiki bat…

Hiru adibide, tartean nik botatako bat:

Komentario kurioso ba (nik ere flipatzen dut honekint:
TuitMundumiraJoseba.png

Jendez lepo zegoela zioen Eskoriatzako tuit bat:
TuitMundumiraJosu.png

Kritikak sumatu ostean idatzitako tuita domeka arratsaldean:TuitMundumiraIban.png

Pistak lor genitzake sare
sozialei kasu eginda eta 2012ko kazetariak uste dut begiratu beharko liokeela sarean mugitzen dena. Batzuetan dagoenetan emateko eta lekua egin paper eta telebistan, bestetan jendearen iritzia gurearekin bat datorrela jakiteko, etab.  

Nire proposamena, artikulu luzeetan,
jaietakoetan eta abarrekoetan aukeratutako tuit bati lekua egitea informazioa
osatze aldera bai telebistan eta bai paperean. Tuitarekin hasitakoa tuitarekin itxi.

Gure bezeroak eskertuko luke edo ez? horixe baita gakoa…

Gaur, astebete pasata, beste mundumira baten berri ere emango dugu, izan ere kazetariek egun gehiago izan dituzte lana egiteko eta badakigu gatzagarrak ez daudela oso gustura… Tuitean triste genioena disgustu izango da biharko papereko, sareko eta telebistako notizian.

Hertzainak

Untitled

Bizi genuena ez da erraz blog honetan
kontatzeko. Hainbat bideo ikusi ditut han eta hemen, eta ez, ez dute adierazten
han bizitakoa. Edo bai. Baliteke nik bizi nuena ez ikustea bideo horietan ze
hori hain da norberarena… Gaztetua eta kontzertuan sartua sentitu
nintzen. Lehenengo kantuan tuiteatu ere egin nuen, baina utikan aparailuak
bigarrenerako. Harrapatu egin ninduten.

Orain pare bat aste hasi zen zurrunbiloa.
Orduan enteratu nintzen ni Tito joan zela. Josu Zabalaren berri ere izan nuen,
bazebilela ikus-entzunezko bat gertatzen omenaldi txiki bat egiteko… Argazki
eta grabazio pilo bat zituen, baina bere izatean dago gauzak ondo egitea eta
gureganaino ere heldu zen galdezka. Guk, Goienan, bagenituen Arrasaten
egindako kontzertu grabaketa batzuk. Tito bera zen bezalako agertzen diren
WHS-ak. Ikus-entzunezko landua egin zuen Zabalak, egiten duen edozerrek izaten
duelako “Zabala” marka. Tonoan jarri gintuen denok eta ezagunago egin
zuen Tito Aldama hango gehienondako. Beragatik elkartu ginen eta elkartu ziren.

Egun berezia zenean hasi zen guztia, 00:00ak
pasatakoan, apirilak 29an. Egun horretan hil zen Johnny Brusco eta baita Tito
Aldama jaio ere. Gaueko lehenengo taldeak, Gobeo Bayk pare bat bider gogoratu
zigun zertarako geunden han.  Arnasten zen giroa bazen
Titoren gertukoa eta edadeari begiratuta argi ikusten zen han zeudenak
ingurukoak zirela. Aretoa lepo beteta. Lehenengo taldearen eta mimo minututxo
batzuen ostean…

“Kaixo lagun guztiok, gu gara Hertzainak”

Kantatzen hasi zen Txanpi eta adrenalina gora
Garik esan zuenean: ¡que viejos estais, cabrones! propio jarri zioten
hanka-zurruneko mikrotik.

Emozionatu egin ginen hango gehienok eta
seguruenik baita Hertzainakeko taldekideak ere: Txanpi, Kike, Bingen, Gari
eta Josu ziren taula gainean, pare bat sasofoijotzailek lagunduta eta hasierako
kanturako Urdangarinek panderoa jota. Azken kantuan igo zuen Ruper Ordorikak
“ta ezer ez da berdin” kantatzen laguntzeko.

Bost kantu

Sei disko eta hainbat singletatik aukera
zabala zegoen ba jotzeko, baina badirudi saxoa entzun zitezkeen kantuak izan
zirela aukeratuak. Aspaldi entzun barik genituen kantuak Josu Zabalaren
gidaritzapean eta Gari frontman indartsuaren ahotsera:

  • Hertzainak
  • Eh txo!
  • Rock&Rolla Batzokian
  • Egunero
  • Ta ezer ez da berdin.

Hertzainak bueltatuko den? Beti dago galdera
bera askoren buruetan…: “Isilik inola ez, hobe da abestu” kantatzen
hasi ziren, baina, nago, “ta ezer ez da berdin” izatea azkenengo
kanta ez dela ausazkoa izan. Ez, ezer ez da berdin, baina erakutsitako indarrak
hogei urte eta gero ere funtzionatuko lukeela ez dago dudarik. Hori talde onei
bakarrik gertatzen zaie. Besterik da momentu konkretu eta sentitu hautatik
kanpora kontzertuen zurrunbilo neketsuan hastea, hala ere. Gogor daude, topean, emateko
gogoarekin, osasuntsu… baina ez, ez dut ikusten aukera bat denik ere. Agur.
Untitled

Eskerrik asko Aianai elkartekoei hau dena
antolatzeagatik, Helldoradokoei eta bereziki Josu Zabala eta Hertzainak-ekoei urrezko minutu horiek
erregalatzeagatik. Gogoan izango dugu apirilaren 19koa eta baita Tito Aldama ere

TitoHertzainak

Militarrak lotsabako-lotsabako etorri dira herrira

Lotsabako-lotsabako eta egun seinalatuan egin dute bisita. Autobuskada bat goizeko 06:30ean heldu da San Romanera, Bizkaiakin daukagun muga ingurura. Handik Elgetako erdigunera, kataira, hau da, Elgetako kultura etxeko arkura etorri dira arma eta guzti.

Memoria aldarrikatu genuen domeka honetan, kolore askotako politikari eta pertsonak batu ginen orain 75 urteko sarraski justifikaezina salatzeko, errespetua eskatzeko, oroimena eta kalte ordainak eskatzeko. Zein da erantzuna? ba berdez jantzitako armatuek maniobrak egitea. Fan Intxortatik, fan Elgetatik.

Goienak albistea egin du:

Maskaradak 2012 Hokin (Shoüta), ederra

Herri biziaren seinalea. Horixe da Maskarada gaur. Sumatzen zen gu heldu ginenean. Ordurako hiru barrikada eginak eta eguraldiaren treguarik ez. Hala ere, aroztegi baten teilatupean leku paregabea. Jende uholderik ez, baina giro goxoa goizean.

Han ikusi genituen, arribadaren soinuan hogeikote bat: Txerreroa, kantiniersa, lau txorrotx eta ez bi, buhame biziak, kestuak, zamaltzain, bi enseñari edo bandelari dantzari: eskarmentuduna eta gaztea, Pitxu ondo, Kabana bikain, jaun eta andrea, marexalak, mediku andrea… Ez pentsa, ez da erraza pertsonaiok nobereganatzea.

Gorriak ibili ziren fin eta beltzak pertsonaian sartuta. Ze buhame narras buhame-erreginaren esanetara, lehenengoz! ze itxura ematen duen autoen ihes-hodien beltzarekin pintatutako aurpegiek, potzuen gainean eta lokatzetan egindako giza-piloek… Demasa beltzen jokoetan pertsonai bakoitzak ematen dion kolorea Maskaradari. Gorrietan, berriz, fin. Ahalegin handia egin dute prestatzeko asti gutxi izan duten gazteek.

Zorionez, maskaradaren zirrikituak nork azalduko ere izan genuen ondoan eta hegoaldeko momolook behar ere bai. Inor animatuko balitz, komeni da aurretik zertxobait irakurtzea edo… Hurrengo emanaldiak apirilaren 15ean Urdiñarben goizez eta arratsaldez Muskildin, apirilaren 22an Barkoxen, apirilaren 29an Lexantzün eta azkena maiatzean Gamere-Zihigan, maiatzaren 6an.

Hizkuntza bizia herri bizia. Maskaradak jarraitzen eta egiten erabilitako euskara bizirik dago. Pena Zuberoako ikastoletako ikasle ohien arteko jolasean gehitxoago ez entzutea. Zer gertatzen da ba hegoaldean? gauza bera!

Hokin ateratako argazkiak:

Bingen Mendizabal: ‘Agintariek kulturak ez duela piperrik balio ebatzi dute’

Bingen Mendizabalen elkarrizketa gustura irakurri dut. Hertzainak-ekin ere zarata handirik ez zuen ateratzen eta orain ere “neurria” aldarrikatzen du Argiako elkarrizketa honetan. Gauza interesgarri asko, baina hau ateratzea pentsatu dut, agintariek kulturak ez duela piperrik balio ebatzi dute, mundu
artistikoa izugarri desprestigiatu da, eta inori ez zaiola axola dirudi
esaten duen parrafoa:

Niretzat Internetek industria diskografikoa hondoratzen eta
zine-aretoak husten lagundu du, baina erabiltzailearen ikuspegitik
primerako aukera da. Bai, erabiltzaileentzat sekulako asmakizuna dena,
azken labankada izan da profesioarentzat. Telefonia konpainiek dirutza
egin dute gure lepotik, eta bideoak zein musika jaisteko atariek
patrikak bero-bero dauzkate. Aitzitik, disko dendak apenas geratzen
diren, saltokietan diskoentzat gordeta zegoen lekua murriztuz doa, eta
neurri batean, ongi iruditzen zait horren aurka egin eta produktu
artistikoa babestea. Musikak, zinemak edo arteak orokorrean,
jendearentzat inongo baliorik ez dutela iruditzen zait, dohainik dena ez
dela baloratzen. Politikariek hori garbi daukate, eta murrizketak ez
dituzte hezkuntzan edo osasungintzan egiten. Ados nago osasun sistemari
eustearekin, baina agian liburu batek botikak baino gehiago sendatzen
du, musika pastillak baino onuragarriagoa izan daiteke. Baina ez,
agintariek kulturak ez duela piperrik balio ebatzi dute, mundu
artistikoa izugarri desprestigiatu da, eta inori ez zaiola axola dirudi.
Ez dakit nola egiten zaion horri aurre. Nola mantendu errebeldia
bizitzak arrastoan sartzen zaituenean? Nola transformatu sistemaren
atzaparretan ez erortzeko? Batetik ez bada bestetik hipnotizatzen
gaituzte, eta gu etxean geratzen gara telebista ikusten eta etengabe
burutik behera egiten diguten kaka irensten.

Gertukoa ez da beti tokiko eta bai tokikoa gertuko; gertukoa bai, beti da notizia gertukoa

Aspalditxoan nabil bueltaka gertuko berbari. Eta horrenbeste kontu somatzen ditut gertuko… Niretzako oso gertukoa
da Unai Iturriagak asteazkenetan ateratzen duen Berriako artikulua, edo Anjel
Lertxundik
egunero dioskuna; gertuko ditut Argiako hainbat blog eta gertuko
(oraindik gertuko 🙂 sumatu ditut Gaztezuloko hainbat atal. Gertukoak ere
Twitter bidez jarraitzen ditudan hainbat lagun. Denek dute lekua nik irakurri edo ikus-entzun gura nukeen hedabidean.

Tokikoari garrantzia ematen pasa dugu hainbat
urte. Horrela sortu genuen guk geuk “Tokiko telebisten elkartea”,
esaterako, edo “Tokiko hedabideak” kontzeptua erabiltzen dugu takian potian… eta sortzera
goaz orain Tokikom deitzen den enpresa, Topaguneak bultzatu eta tokiko
hedabideok jabe izango garen enpresa. Izena asmatua eta bide zati bat eginda
dago eta horrek ez du atzerabuelta errazik, baina orain espazio edo
esparruetarako baino gehiago gaude bihotzari begiratzeko.

Bihotza da gertukoa eta esparrua tokikoa

Horregatik, behar dugu inoiz baino gehiago gertuko informaziotik tokikotik
baino. Emozioak mugitzen gaituzte gaur lur zatiek baino. Guk, Debagoieneko
informazioa ematen dugu sarri, tokikoa, baina aterik itxi barik gertukoari.
Gertuko dugu Gipuzkoako Foru Aldundian gertatzen dena, edo gertuko dugu
kontra-azalean atera dugun Gorka Urbizuri egindako elkarrizketa. Gertuko ditugu
berez, eta gertukoago egiten saiatzen gara gure hedabideak erabiliz. Tokikoak
direlako? ez horrenbeste, baina bai gure bezero ikus-entzuleentzat erakargarri
direlako eta gustuko dituztelako. Gertuko direlako azken batean. Badago zerbait
tximeletak mugiarazten diguna, eta hori, gaur, inoiz baino gehiago, gertukoa
da.

Kazetaritza zelan aldatu den! Adibidea

Gaur lanera nentorrela ikusi dut auto batek harrapatu duela lagun bat. Albistea dago.

  • Ez zegoen laguntza beharrik, hiru-lau lagun zeuden istripua izan duen laguna artatzen eta nirekin batera heldu da udaltzaingoa. Erredakziora deitu dut albistea gertatu dela kontatuz.
  • Argazkia atera dut.
    IstripuaMuxibar1.png

  • Tuiteatu dut poltsikoko telefonotik: Istripua Muxibarren. Mutil gaztea lurrean etzanda, anbulantzia bidean. Kontuz gidatu. pic.twitter.com/okLAQPjh  Tuita geolokalizatuta bidali dut.
  • Beste tuit bat, ze beste argazki bat ere banuen: Udaltzainak, Ertzaintza… Ez dirudi oso larria, berbetan dago mutila, kontziente. pic.twitter.com/gUr3EdFB
    IstripuaMuxibar2.png
    Gure erredakzioan martxan zeuden, ni han nengoela bideo-kazetaria eta kazetari-argazkilaria heldu dira. Haiek geratu dira lanean.
  • Tuiteatutakoak erantzun bat izan du. @aurbietak erantzun du. Elkarrizketa sortu da: @iarantzabal Arrasaten horrelako istripu gehiegi ematen ari dira azken urteetan: diariovasco.com/v/20110830/alt…
  • Lotura bat eman du eta hor badago aztergaia, antza… Arrasaten antzerako istripu asko gertatzen omen dira… EAE-ko hirugarren herria omen, zerrenda honetan… 
  • Bulegotik Ertzaintzara deitu dugu, baina beraiek ez zekitela ezer ze Udaltzainak eman dutela zerbitzua. Udaltzainei deitu diegu, baina orain komunikazio arduradun bat dute eta handik bueltan heldu behar informaziora. Ezin itxaron, hala ere. 12:30ean emango ei dute horren berri… 🙁
  • Istripuan bertan egoteagatik, hau da, kale-kazetaritza egiteagatik, hainbat datu jaso ditugu. Bertatik, bertara, albiste izan direnek emanak.
  • Datuak jasotzeaz bat egin dugu albistea eta zast! argitaratuta: http://goiena.net/albisteak/gazte-bat-harrapatu-du-auto-batek-arrasaten
  • Argazki galeria bat ere egin dugu, 13 argazkirekin.
  • Ez diogu bideoari itxaron. Bideoa editatu dugu 5-10 minututan eta gero igo dugu artxibora eta artxibotik goiena.net-era. Lehenengo albistea argazkiarekin eta gero bideoa gehitu. Sarean dago.
  • Tuit batekin erantzun diot @aurbietari: @aurbieta badago nondik tiratu. Egia esan, Arrasateko zebrabideetatik inor aterako den edo ez asmakizuna da, normalean ez da ikusten!  Eman dut iritzi bat, niri batzuetan gertatu zaidana, ze autoan noala, zebrabidetik gurutzatzea gura duena ez da erraz ikusten. Autoak aparkatuta daude (legez) zebrabidearen marraraino bertaraino…
  • Beste tuit bat bota dut aurbietari datu gehiago emanez eta baita twitter bidez jarraitzen nautenei ere: @aurbieta Albistea: http://tinyurl.com/7qhcad7 Akaso sakonduko dugu paperean albistea. Gaur gauez 12 autotan ere lapurtu dute Arrasaten. Bide batez, albistea lantzeko pista eman didala jakinarazi diot eta eman diot beste albiste bat gaur gauean lapurketak egon direla bere herrian, dozena bat autotan. Oraindik landu barik dugun albiste bat, baina erredakzioan dagoena dagoeneko.

Zertarako kontatzen dut hau dena? Kazetaritza asko aldatu dela esateko eta 2012n kazetaria izan gura duenak horrelakoei ezin diela muzin egin argitzeko.

Monologoak: ‘Bodologuak’

BodologuakEspaloian

Bariku iluntze hotza. Jende bat etxean geratu
izana erraz ulertzekoa. Hala ere, lagun dezente Elgetako Kafe Antzokian. Elgetarrak
eta gazteak asko, gehienak. Bergaratik, Antzuolatik, Arrasatetik… eta aipatuak izan ziren
eibartarrak ere bai
🙂 Aurrean,
kartel ezaguna osatzen duten hiru lagun: Mikel Pagadi, Egoitz Lasa eta Nagore
Aranburu. Ederra hirukotea!

Ez naiz bereziki monologo zalea. Izango da telebistako
Club de la Comedia
rekin ez dudalako gozatzen, ez ditudalako ikusten esaten
dituztenak, ez dudalako umore gertukotzat… ez dakit zein den arrazoia zehatz,
baina, esaterako, nahiago dut talde eskas baten musika entzun ontzat jotako
monologari horiek ikusi baino.

Ezberdina izan da hirukote honekin. Ni ez
nengoen umorez bor-bor eta saioa etxean izanda ez dut izaten askotan aukerarik
aulki batean jarri eta oso-osorik ikusteko ere. Betekadarik ez, eta aulkiren
bat ere bazen libre eta aukera ederra ia monologoek euskaraz zer ematen duten
jakiteko. “Euskaraz monologoak zer?” galdera erantzuteko jarri nintzen
gozatzeko baino gehiago eta emaitza bikaina izan da ze gozatu nuen, asko gozatu
eta galdera ahazterainokoa izan zen ordubetea. Algaraka egon nintzen. Oso merke,
12 euroan ordubete pasatxo algaraka. 


Bodologuak2.JPG

Euskaraz nola ez dira ba monologoak egin ahal
izango! Hizkuntzak kulpa izango balu moduan! Edozeini gomendatzeko gaua izan
zen. Egoitz Lasak apurtu zuen izotza (barkatu erdarakada baina gauaren
lizentziaz egin dut). Aitzakia da Boda batetik datozela eta hango demasiak egin
osteko haria erabiltzen dute hiru lagunen txandak osatzeko. Minutu bakarra
behar izan zuen Lasak irribarrea ateratzeko Elgetan. Eta beste pare bat
minututan bakarrizketa eten eta txaloak ere atera zituen. Txalo horiek eskertu eta
jarraitzeak ekarri zuen irribarrea, algarak eta txaloak tartekatzea. Lasa oso
sinesgarri eta “tenplau” banketa bakarraren laguntzaz. Eskarmentua balio.

Lasa eta Pagadi ikusi ditugu gehiagotan ere
elkarrekin. Ondo moldatzen dira taula gainean eta baita azpian ere.
Gidoigintzan ondo eta idatzitakoa defendatzen berdin. Pagadik baditu, taulara
atera orduko aldeko puntuak irabazita. Atzoko ikus-entzule batzuk komentatu
zidaten txikia gustatu zitzaiela, handi ikusi zutela berriz ere (eta “berriz
ere”k argitzen digu badituela zaleak). Kapaza da hitz joku ebidenteekin barrea
ateratzeko edo “erresistentziaren balioeza” aipatzen ausartu eta barreak
lortzeko. Asko esaten du bere alde.

Eta Aranburu? Urteberi
on, amona
ikusitakook gogoratuko zarete han erabili zuen erregistroaz. Txukun orduan, ba
“Bodologuak” monologoetan asko gozatu dut bere eszenaratzearekin. Eguberri
off
bat nuen gogoan, atera eta barre hori.. barre minutuetan sartzeko
erraztaile zena eta izan dena Espaloian. Aupa Etxebeste, Eutsi… irudi horiek
etorri zitzaizkidan burura, baina monologoak amaitu ostean ze tarte horretan
harrapatuta izan ninduen, lelotuta eta barrez. Aretoak husten zeudela galdetu
ziotenean erantzun hau bota zuen “Ez gara preokupatu behar, okupatu baizik.”
Onartu dagidan ordutik hasi zela ni lelotzen.

Baiña zergatik harrapatu naute hiru hauek? Ba
gertuko sentitzen ditudalako, gertuko sentiarazten dutelako ikus-entzulea,
monologoak oso bisibleak direlako eta esaten dutena ikusi egiten dugulako,
edonork bizi dituen gertaera eta erretratuak deskribatzen asmatzen dutelako,
bizi jarduten dutelako baina antxitxika egin barik, gidoian asmatu dutelako,
gorputz eta arima defendatzen dutelako sinisten dutena eta hori trasmititu
egiten dutelako…

Espero ez nuen gaua: ederra! Ibilbide luzea
duen emanaldia. Programatzaileek ez lukete dudarik izan behar beraien
antzeztokietara eramateko, ezta euskaraz bizi ez diren programatzaile horiek
ere. Merezi dute antzeztokietara joaten diren ikus-entzuleek horrelako emanaldi
batekin gozatzea. Nire ustez, taberna-girorako ere izango den arren,
antzeztokian irabazi egiten baitu hirukotearen monologo sortak.

Eskerrik asko gurera etortzeagatik eta eutsi horri!