Gaur Trump izendatuko dute; gaur egun ona da Mastodon hautatu eta kontua irekitzeko

Maila pertsonalean errazagoa izan daiteke, izan ere X eta bestelako “sare sozial” batzuen kiratsa aguanta-ezina da. “Toxikoak diren sareei utikan!” esatea egiteko modu bat da, eta bakoitzak jakingo du noiz eta nola. Hala ere, eta egiteko garrantzitsuagotzat dut fedibertsoa hautatzea. Badut ustea (eta gertatzen ari da), han ikusiko, irakurriko, eztabaidatuko eta informatuko garela modu sanoagoan. Bai, behintzat, algoritmo kakaeragileetatik kanpo! Behar da fedibertsoan modu ezberdinetan pentsatzen duen jendea, bakoitzak beretik emango duena eta fedibertso gero eta handiago eta koloretsuagoa osatuko duena. Aurretik ibili dira eta antolatu dira ekonomia sozialeko entitateak pausoa ematerakoan; norbanakoek jarraitu diote bideari; hedabideak badabiltza pausoak ematen (Tokikomeko hedabideek egin dituzte etxeko lanak, esaterako) eta beste hainbatek egingo dituztela ez dut zalantzarik. Denbora behar da, ikasi behar dugu, jauzia eginda ere ikasten jarraitu beharko dugu… baina eraikiko duguna dagoena baino gozagarriagoa izango da.

Adostasun handia dago diskurtsoan, adostasun handia dago norberak kudeatzen dituen sareak behar ditugula eta deszentralizatua izan behar dela derrigor. Orain, horren alde esan baino horren alde egiteko momentua da.

Ez da euskaldunon erabaki solte bat

Mundu mailako milaka eta milaka lagunek egin dute Mastodonen alde. Euskaldunok kapazak izan gara tren digitalak azkar hartzeko eta seguru nago aldaketa (hasiera) hau ere azkar egingo dugula. e-posta taldeak izan ziren haien balioa azkar ikusi genuen, blogen trena azkar harrapatu zuen euskarak, euskal hedabideek azkar ikusi zuten Interneten indarra, euskarazko Wikipediaren adibidea eredugarria da… Uste dut tokatzen dela tren hau pasatzen ez uztea.

Gaurko egunean hainbatek egingo dute salto. Erabakiko dute Mastodonen kontua zabaltzea: Alemanian, Frantzian, Espainiar estatuan, Euskal Herrian… Astelehen hau egokia da. Europako kazetari elkargotik ere argia da mezua eta salto egin dute askok.

Euskaldunok ere badugu zeregina

Euskaldunok behar dugu gure eredu propioa eraikitzea, munduarekin konektatua egongo dena eta euskaratik konektatuko dena. Hiztun komunitatea erdigunean jarrita egin behar dugu. Antolatu behar dira entitateak (elkarteak, hedabideak, enpresak, kultura, kirola…) eta salto egin; norbanakoek kontuak zabaltzea izango da modu on bat AEBko informazioa inbutu batetik pasata jan ez dezagun. Ezin dugu pasibo izan, ezin dugu gora begira egon eta inertziak eraman gaitzan utzi. Aspalditik gabiltza jolasean kontrolatzen ez ditugun jostailuetan, eragin politikorako jostailuen jabeek nahi gaituzte pasibo, nahi gaituzte ardi. Gaur egun ona da salto egiteko, jostailuen kontrola guk geuk hartzeko, guk sortutako agenda agerikoagoa egiteko.

“Goazen lagunok”

Bagoaz. Eta joan zaitezen erraz erraz jarri dute Goazenlagunok.eus webgunean. Etxe berri batera joateko egun ona da. Gizatiarragoa da; libreagoa; kolaboratigoagoa. Ez da algoritmoen menpekoa; ez da ezkutuko esku beltzik; zurea da, nirea, gurea. Denok sartzen gara fedibertsoan, lekua dago eta konpartituko dugu ahalik eta sanoena den giro bat.

Irati Iciar Fedibertsora gonbidatzen. Oso erraza da, ez dago erro karraturik edo ekuazio animalekorik (memegilea: Xabier Soto)

Hainbat norbanakok eman dugu urratsa, entitateek ere bai. Zuk ere ikuspegia partekatzen baduzu: https://goazenlagunok.eus/about

Kontaktua: goazen@fedibertsoa.eus

Mastodon: @fedibertsoa@mastodon.eus

Repo: https://codeberg.org/kyva/vamonos-juntas

Laguntza behar baduzu hemen hainbat erreminta-eta: https://goazenlagunok.eus/help


————-
Iban Arantzabal Arrieta

Goiena Komunikazio Taldea Koop. E.
iarantzabal@goiena.eus/ 943 25 05 05 / Albisteak: goiena.eus

Ziortza Martin gogoan

Ez da inoiz samurra heriotza bat, ez da inoiz momentu ona gazte hiltzeko, ez da erraz onartzea, ezta agur esatea ere, sikiera. Gaur ere ez zen eguna.

Denbora beharko dugu gure lankide estimatua telefonoari itsatsita ez dugula berriz ikusiko onartzeko. Memoriak egingo du bere lana, gutako bakoitzak emango dio leku txukun bat ez ahazteko, eta denbora eta lekua gurutzatuko dira izen batekin: Ziortza. Ziortza lankidea, lankide ona, zintzoa, ekina, bazkidea, konprometitua, euskaltzalea.

Ziortza kolore bat balitz izango litzateke… edo animalia bat balitz… edo zuhaitz bat balitz, izenaren jatorri duen Zihaurria, akaso. Ziortza herri bat balitz izan zitekeen… herri bat balitz, ba: Ziortza-Bolibar bera, edo Zaraitzu, edo Ziburu, Zizurkil, Zalgize, Zerain. Edo Z eta R, eta TZ eta A letrekin Zarautz, beharbada. Malekoia gogor astintzen duen herri horixe bera, esaterako. Bizitzak eman dio itsasgora gogorrik, nahiz eta Ziortza izan den kapaza, pazientzia izanda, itsasbeheraren ederraz jabetzeko. Olatu handiak bizi izan ditu gertu-gertuan, eta, hala ere, jakin du olatu horiei moila jartzen. Beti altxatu da, beti ikusi du zirrikitu bat, eta burugogorra ere izan behar izan du batek, ezin izango bailieke bestela inork aurre egin behin eta berriz tematu diren marea biziei.

Beharbada, itsasoaren kontra nekez egin daitekeela jabetu da. Deskantsua behar izan du. Topatu du behin eta berriz borrokatu behar ez izatea. Lasaitasuna. Bat egin du itsaso barearekin. Naturarekin. Bat lurrarekin. Zihaurria lur sakon eta onean hazten dela jakina da. Gozo bekio lurra.

Zenbateraino daude lotuta euskal hedabideak sare sozialei?

Norberaren kontrolpekoak ez diren plataformen mendekotasun-maila da hedabideen kezka handienetako bat, eta beren estrategiaren gakoetako bat, zentzu batean edo bestean. Eta iritziak, kasu honetan, erabat banatuta daude baita Euskal Herrian ere.

Grafiko hau esanguratsua da 51 herrialdetako 326 liderri egindako inkestatik atera dutenez ere. Gaia lantzen da hemen: “Periodismo, medios y tecnología: tendendias y predicciones para 2025”. Grafikoan argi ikusten da eta esaten dute norberarenak ez diren sare sozialez “Antzeko proportzio batek loturak moztu nahi ditu ( % 31) eta sendotu ( % 30). Eta % 36k aurreikusi du dauden loturak mantentzea “.

Bitartean, entzuten ditugu hedabide batzuetan zein udal batzuetako komunikazio arduradunetan eta baita enpresa munduko hainbatengan: nire Instagrama, nire Twitterra, nire Facebook-a… Zerbait ikasi badugu da ez direla gureak. EZ DIRA GUREAK.

Kontraesanak denok ditugu. Gai honetan ezingo da iraultza egin derrepente, baina poliki-poliki ez ote ditugu pausoak eman behar? Esaterako X plataforma kakaztutik aterata? Ez da hasiera txar bat. Eta kakatza gero eta handiagoa da. Emmanuel Macron ere konturatu da eta!

Zein da gutako bakoitzaren lekua? Eta batez ere, gure jarduerak zein ehunekotan kokatzen gaitu?

Grafikoa:

Oñatiko labankadaz: ondo kazetaritza; txarto Whatsapp-a

Gaia jarraitu da gertutik Goienan. Atera genuen azkar notizia eta azkartasunak ez du desinformazioan eragin. Eta jorratu dugu gerora ere gaia, datu gehiagorekin eta adierazpen ofizialekin. Interesekoak diren datuak eman ditugu: zenbat zauritu, non, erasotzailearen adina (izen-abizenik ez, jatorririk ez), testuingurua… Eta jarraipena ere egin diogu hurrengo egunean ikerketak zabalik jarraitzen duela esaten, Bergarako ertzain etxean dagoela atxilotua epailearen zain, etab. Oinarrizko datu guztiak jasota, kontrastatuta eta publikatuta. Nire ustez lan ona egin dute lankideek.

Oñatiko alkateak Musken plataforman atera zuen mezu labur bat eta ondoren Goienari ere egin zizkion adierazpenak. Uste dut Goienak zerbitzu hori ere eman behar duela eta herriko ordezkari gorenari mikroa jartzea Goienaren egitekoetako bat dela. Ez dago beste gairik Oñatin, eta arraroa ere izango litzateke adierazpen publiko horiek gabe geratzea. Ohiko moduan adeitsu hartu zuen alkateak Goiena. Herritarrek eskertu dituzte hitzok. Hitzok Euskadi Irratian eta Euskal Telebistan ere entzun ahal izan dira, hedabide publikoetan.

Horra arte ondo, kazetaritzaren ikuspuntutik ondo. Ze erredakzioan badago eraso momentuko soinu grabazio bat, badago atxilotuaren argazkia, zurrumurruak hamaika, etab. Baina zer eragingo luke horiek argitaratzeak (zurrumurruak ez, argazkiak-eta)? ze on egiten dio norbaiti? Eta onik ez eginda ere ekarpena ote litzateke hauek publikatzea? Ba ezetz erabaki dugu. Ez dugu argitaratu ez argitaratuko. 

Jakina, Whatsapp taldeetan edo norbanakotik norbanakora dabiltzan argazkiek-eta ere ez dute onik egiten. Ez dago kontakizunik, ez dago testuingururik, ez dago filtrorik, ez dago kazetaritza irizpiderik, ez dago formaziorik, ez dago bi aldiz pentsatutako bidalketarik, ez dago… eta ez dagoenez, ba ez litzateke elkarbanatu behar. 

Oinarria da ez dutela ekarpenik egiten. Eta gutako bakoitzak zer egiten du odoldutako argazki hori jaso ostean? beste bati bidali? Benetan? Badago zer pentsatu. Whatsappez bidaltzea publikatzea da! Ez da ekintza pribatua. Erantzukizunak baditu eta ez da pentsatu barik egin beharrekoa. 

Kazetaritzarako ere badago zer pentsatua, baina badago zer pentsatu, bereziki, whatsapparen erabilerari buruz. Ez bakarrik Zuckerberrek ere argazki horren jabetza duelako, baizik eta bolbora zabaltzen egoteak sua pizten duelako. 

Gai honen jarraipena? ba ondo legoke zaurituak ondo eta etxean daudela publikatuko bagenu. Ez da posible momentuz.

Egiteko modu berri bat: euskal idazleak oinarri

Goienak erabaki du informatzea baino harantzago joatea. Antolatu egingo ditugu solasaldiak liburuak aurkezteko. Jarriko ditugu gure medioak euskal sortzaileen eskura. Eta horretarako, eskualdeko euskara elkarteekin batera izango gara antolatzaile. Helburua? euskal idazleei haizea ematea. Lehen saioa egin dugu. Ondo joan da.

Marko honetan egingo dira aurkezpenak:

  • Oinarria: Kultura sorkuntzaren katabegi bat gara hedabideok. Gure kasuan tokikook.
  • Eman nahi diogu euskaraz idazten duen horri plaza publikoa: fisikoa eta digitala.
  • Plaza publikoa ez da bakarrik hiriburua. Batzuetan ez da hiriburua plaza publikorik onena ere.
  • Argitaletxeekin egingo dugu berba liburuak merkeago eskura ditzaten Goienakideek eta euskara elkarteko kideek.
  • Informatuko dugu hitzaldia dagoela, hitzaldiaren tartean eta hitzaldi ostean. Horri deritzogu haizea eman.
  • Ez derrigor argitaratzeaz bat. Idazleari komeni zaionean antolatuko dugu aurkezpena.
  • Idazleak liburuak sinatuko ditu aurkezpen guztietan. Baita argazkiak atera ere eskatuz gero.
  • Entzuleak galderak egin ahal izango ditu aurkezpenean, eta hartu-emana bilatzen da.
  • Kazetari batek egingo digu aurkezle lanak.
  • Spoilerrik ez, baina liburuaren nolakotasunaz printzak bai.
  • Hau ez da irakurle talde bat. Liburu aurkezpena da.
  • Lekua hautatzerakoan baloratu: gertutasuna, jendea eroso egoteko lekua.
  • Goienak ez du diru irabazirik bilatzen. Gure egitekoen barruan sartuko dugu. Salmentetako dirua argitaletxera joango da edota zuzenean idazleengana. Kasuan kasu.
  • Idazleak beti jasoko du, gutxienez, dendetako liburu salmentatik jasotzen duen kopuru hori bera.
  • Kartelak egingo dira aurkezpena iragartzeko. Baita mezuak helarazi Goienakideei aurkezpenera joatera gonbidatuz.
  • Euskal idazleek beraien burua “saltzen” ere jarduten dute. Eta ibiliko dira, baina gainontzekook ere egin genezake zerbait.
  • Albiste edo artikulu eske sortzailea bera… ejem. Badakigu norberarena norberak “salduko” duela ondoen. Hala ere, nahi izanez gero, gure laguntza izango dute (kontaktatu Goienarekin guk ez badugu kontaktatu).
  • Urtebete atzeragoko lanekin ez dugu aurkezpenik egingo. Ulertzen dugu dagoeneko egina duela bere ibilbidea.

Albistea egunean bertan egin zen Goienan, aurkezpena amaitzeaz bat: https://goiena.eus/arrasate/1733340888193-eskutiz-bidez-idatzitako-eleberria-aurkeztu-dute-john-anduezak-eta-asel-luzarragak

Ez dut argitaratuko Twitterren

  • Higiene kontu bat da Twitterrri jaten ez ematea. 
  • Algoritmoek desinformatzeko edukiak ematen dituzte nahita.
  • Publizitate engainagarrietara eramaten dute erabiltzailea. Bideratu egiten dute.
  • Ziriak eta gorroto-diskurtsoa biderkatu egiten da bertan. 
  • Konspirazioen erresonantzia kaxa bat da.
  • Ezin da “egiaren” aldekoa izanik burua atera xake-taula manipulatu horretan. 
  • “Beste batzuek okupatuko dute plaza publiko hori” diote. EZ! plaza pribatua da eta okupatua dago. Eta zeinek, gainera! 
  • “Intoxikatzen eta difamatzen aritzen direnei lekua uzten zaie” diote. EZ! badute. Eta ez duzu maila berean egoterik. Zapaltzen gaituzte ahal dutenero. Hor jarraitzerik ez dago.
  • Nazismoa eta faxismoak ateak irekita ditu Twitterren. Bizitza errealean onartzen ez diren jokaerak bultzatzen dira inpunitate osoz. Europa ez da kapaz horri aurre egiteko ere.
  • Gutako bakoitza oso txikia da, eta legitimatu ere ezingo dugu egin ezer gertatuko ez balitz moduan jarraituta txikia izanagatik. 
  • Egoa eta audientzia altua dutenendako zailagoa da erabakia, ulertzen dut. Ez da nire kasua. Gainera, audientzia altuenekoak mesedegarriak zaizkio Muski, duten erakarpen indarragatik eta berak esateko duena haiek ere entzun dezaten. 
  • Audientzia handia zein txikia izanik ere inguruak zuri jarraitzea nahi duzu. Hori da joku-legea. Zu jarraitzea eta zuk haiek jarraitzea, edo aldrebes. Baina hor jarraitzea? toxikoa den leku horretan? 
  • Twitterzalea izan naiz. Gustatzen zitzaidan. Oraindik ere interesekoak diren gauzak ditu, baina ez dago aguantatzerik horko zarata. 
  • Demokraziaren kontrako jostailua da. Ez dut nahi hor egoterik, sinisten jarraitu nahi dut demokrazian. 
  • Zientziaren kontrakoa da Twitter. Goratzen ditu anti-ekologikoak diren mezuak, esaterako. 
  • Eraldaketa energetiko eta ekologikoa baztertzen ditu Twitterrek, baina ez dirudi arraroa jabea espaziora turismoa bultzatzen dabil-eta.  
  • Abusua konstantea da: Palestinarrei, gizon zuria ez denari, aurrerakoia denari, pobreenei… Ezin dut gertatuko ez balitz moduan jarraitu.
  • Diruak dio inporta. Eta are gehiago botoreak (botere eta botoak). 40.000 milioi ordaindu zituen jostailuagatik eta Trumpek irabazita amortizatuak leudeke dolarrok. Jarraitu nahi du hasi zuena, dirudienez. Nik ez. 
  • Tranpaldoan Trump eta Musk dantzan ikustea ezin dut aguantatu.
  • Ez du egiak inporta. Egia baztertu arren audientziak du balio, bihoztxoari klik egiteak ematen dio jaten algoritmoari. 
  • Albiste faltsuak du zabalpen handiagoa egia kontrastatuak baino. Nik maite ditut zero kilometroko hedabideak, kontrastea ematen dutenak, testuingurua, objektibo izateko nahia dutenak… Hortik urrun dago gune hau, nahiz eta egiaren aldekoak ere badiren bertan, jakina.
  • Polemikak, zurrumurruak eta manipulazio zakarrak gobernatzen dute eztabaida Twitterren. Eta dena Musken agindupean, algoritmoaren menera. 
  • Linkak edo loturak jartzen dituzula Twitterreko mezuetan? ba zigortu egingo zaitu eta agerikotasuna kendu. 
  • Nire perfila ez dela nirea argi eta garbi esan berri du. Bagenekien, baina hain da autoritarioa eta goitik beherakoa gizon hau ez duela ezkutatzeko lanik ere hartzen. Eskertzen diot gardentasuna, hori bai. 
  • Soseguz egindako eztabaida zail dago. Elkarrizketa eraikitzailea eragozten du zaratak. Kontu anonimo horiek guztiak eta troll tropela, taberna honetako bezeroen kontrakoa da. Ez da gaurkoa gai hau ere, baina orain helburu jakinekin ere erabiltzen da. 
  • 7.500 lagile izatetik 1.700 izatera pasa da. Lehen ere zaila zen moderazioa, ba orain… Segurtasuna eta sinesgarritasuna bermatzeko 20 lagun daude bakarrik! 
  • Musk-ek utziko du berandu baino lehen, nire ustez. Baina jostailua matxuratuta dago, biziatua eta herdoildua ere bai. Zaila izango da bertara bueltatzea. 
  • RAP neurriak neure egiten ditut:
    • Erabili promozionatu gabe: norbere espazioa eduki. Leku horretara bideratu eta ez eraman bueltan sare pribatuetara.
    • Eduki esklusiboa saihestu: eta hori egitea ikusten baduzu (hariak…), sare libreetan izan bedi.
    • Ez eman dirurik: ez eman dirurik sare pribatuei, Muskek ez du behar gure dirua.

Errespetu kontu bat da. Errespetatzen eta txuleatzen gaituzten lekuetan egotea ustezko ekarpena egiten dugula pentsatuta ez dut ikusten. Han idatzita, han sortuta feedbacka eta edukia han emanda kaka-lapiko hori gizentzen laguntzen dut. Kontua borratzea? momentuz ez. Munduaren zati bat kakatzan mugitzen da, mugitzen den guztia kaka ez den arren. Ez dago ezkutatzerik interesatzen zaidala hango jende bat, hango informazio batzuk, han ezagututako batzuk estimuan ditut… Eta informazio gune kutsatua den arren, tamalez, han bakarrik dagoen jendea badago. Errespetatzen ditut eta ez dut nahi diotenaz ahaztea. Asko ikasi dut, balio izan dit sare horrek, pertsona interesgarriak badaude… Eta ez-interesgarriek zer dioten jakitzea ere ez dut baztertzen. Hori bai, dosifikatu behar da azken hauetatik jasotzen dena.

Ni isildu egingo naiz, hala ere. Mastodonen jarraituko dut. 2018tik dut kontua bertan eta, aktiboago orain, bertan saiatuko naiz sarea sortzen, lagunak ditudanak jarraitzen, interesgarria den jendea ezagutzen… BSKY-n ere zabaldu dut, ez badut idatzi ere. Erabaki dut lehentasunez erabiltzea Mastodon, Euskal Herritik kontrolatzen diren zerbitzarietan dagoena eta deszentralizatua dena. Besterik da zabalkundea-eta. Joango naiz ikasten eta erabakitzen. Gaurkoa erabakitzen eta biharkoa diseinatu edo imajinatu nahian. Aldatzeko prest, hanka sartzeko prest eta erabakiak hartuz. Ahal bada beldurrari izkin eginez. Nire (Musken) Twitterreko kontuak ez du deus balio, eta badakit erabaki txiki honek ez duela ezer aldatzen, baina neure erabakia da eta balio dit trankilago egoteko, koherenteagoa izateko eta libreagoa ere bai. Ez da gutxi. Meloia zabaldu zen FB utzi nuenean, X deitzera ohitu ez naizen hau uztea gehiago kostatu zait, Instagram, Whatsapp (zenbatek “behartzen” gaituzten erabiltzera!)… 

Erabaki pertsonala da, eta baita gonbidapena ere beste taberna baten trago bat hartzera. Algoritmoetatik kanpo. Osasuna ere bada, ez pentsa!

Alkatea dut akorduan

Ez zegoen onenean. Ez du nahi izan joatea, baina kanpoan lo zela emandako ezbeharrak eman dio azkenengo bultzada. Ez zuen nahi joatea ez, eta ulertzekoa da bera ezagututa.

Umetatik ezagutu dut. Bera zen alkatea. Alkate ere bazen, eta bera zen alkatea. Beste alkaterik egon zitekeenik ere pentsatzen ez nuen garaian izan nuen harremana alkatearekin. Taberna-umea ni; bezero ona Patxi.

Seguruenik ume haren elkarrizketak haizatzen jakin zuen alkateak eta laster nintzen herriko jai batzordean. Ordurako, tia Abelinak oparitutako jazbana makilakada galantak hartua zegoen aspaldi, eta Borxa Arrillaga ez nintzela izango ere argi zegoen. Borxa eta gainerakoak ezagutzera joan ginen Alberto Arotzena eta biok Patxi Basaurik zuzentzen zuen jai batzordearen aginduz. 1990. urtearen bueltan izango zen. Ezin zehaztu urtea, baina holakoren bat. Hilbera tabernara jaitsi, nik kafea-edo hartuko nuen (15-16 urte), eta han lotu genuen Zarama taldearen teloneroa: Su ta Gar. Gaur kopla horrekin esnatu naiz, akordu horiekin, ze zerbait geratzen bada edozein heriotzaren aurrean horixe da: akordua.

Herrigintza kontzeptu moduan zer zen ere ez nekienetik ikusi dut zer den herrigintza. Askotan lotzen dugu, nire ustez oker, herria eta administrazioa banatzen duen termino moduan. Ondo dakite herri txikietako zinegotzi eta alkateek, esaterako. Patxi alkatea bera ere banaketa hori apurtzera dator. Herrigintzarekin lotzen dut. Asko ez dela, hogei bat egun, herriko hiruzpalau gairekin kezkatuta zebilen: Jubilatuak ondoen Ozkarbin daudela, etxe hutsenak ez duela konponbide errazik Elgetan, politika herritarrekin egonda egin daitekeela bakarrik, Elgetaren proiekzioa egiten ez duela ikusten inor…  Ni entzule. Inoiz, baita zirikatzaile ere. Gustatzen zitzaion bai eztabaida giro hori eta izan zuen alkatetza zer den badakienarekin jarduteko abilidadea. Herria ordenatu-desordenatu ostean: “atsaldeko telenobelia ikustera najoiak, honezkero hasiko zuan-eta” izan zen azkenengo berbaldia berarekin. Kafea zuen gustuko eta baita anisa ere. Sekula ez dio utzi txupito bat hartzeari ezta alkate izateari ere. Telenobela tarte horretan akaso, eta izan daiteke adibide bat adierazten duena ulertu zuela beste belaunaldi baten txanda zela. Hala ere, beti zuen herri-gogoa, kale-giroa, eta baita eztabaida giroa ere. Makal zebilenean ere bai. Horixe da egia. Bere modura, baina alkate izan da hil arte. Ezin izan duenera arte ez da falta izan herrian egindako eta herria kanpora erakusteko ekitaldietan.

“Kontrario” ere izan zen guretzat. Gaurtik begiratuta kontra egin bai baina kontrario definizioa merezi ez duen alkatea. Gazteago gu eta lokala aldarri. Ez zuen ikusi gazteen mugimendua ona izan zitekeenik, hasieran; hala ere, heldu zen Gaztetxean berogailua jartzera ere. Malgutasun hori bazuen. Oso gogoan dut Kultura-gunearen kontra hainbat herritar egon arren, Espaloia Kafe Antzokia izan zen horretan ere zein ahalegin egin zuen. Pentsa, gurekin batera ez zen joan ba Ondarroako Kafe Antzokiaren inauguraziora! 2002ko apirila zen eta antzokiko Larrañagak erakutsi zizkigun zirrikitu guztiak sukalderaino sartuz. Hark ere flipatu zuen alkate batekin joan izanaz. Ez dit sekula aipatu, baina seguruenik ondo konpontzeko ahalegin horretan bazkaldu genuen bueltan Mekolalden hiru lagunek, bide ertzean. Bazkari hura dut akorduan gaur. Alkatea dut akorduan.

Sortzaileak praka parea erosteko lanekin

Ez dago ukatzerik. Kultura zalea ez denak ere ikusten ditu euskal kantariak fraka parea erosteko nahikoa lanekin. Kantutik edo idaztetik bizi? bizi, bizi… Nekez. Orokortzeak duen arriskuarekin, esan daiteke kulturatik bizitzea nekez bizitzea dela: nekearekin eta zailtasunez. Euskal sortzaileak ez du luxurik, bistan denez. Ez luxurik ezta duin bizitzeko modurik ere! Begiratu nahi duenak erraz ikus dezake sortzaileen egotera makala dela, eta, era berean, behar beharrezkoa zaiguna ez dugula duin zaindua. Balio du kritikak administrazioetarako eta baita sarrera bat 10 euro ordaintzea oso garestia dela pentsatzen duten guztiendako. Zenbat jende petrilean edo terrazan 5-8 euroko tragoarekin eta lau pausotara artistatzar bat onena ematen sarrera ziztrin horrekin. Sarri kantuan dagoena errespetatu ere egin gabe berba eta berba.

Ez, ez da sanoa horrela egotea sortzaileak gure herrietan. Eta ez, ez da sanoa kulturari eta euskal sorkuntzari ematen zaion garrantzia eskasa.

Horrelaxe zioen berriki Ruper Ordorikak Abadia saria eskuetan zuela:

Hegoaldean, baina, ene ustez gero eta gehiago piramide inbertitu baten itxura hartu du euskararen munduak. Goiko alde zabalean laguntza jasotzen duten komunikabideak, teknikariak, bitartekariak, aretoak eta abar luze bat legoke…beste muturrean, oinarria behar zukeen tokian, bertize mendrean, euskaraz sortu nahian duinki iraun ezinik dabilen egilea…Guztion lanak beharrezkoak izanik, ez ote da piramidea, poliki poliki eraldatzen hasteko unea? Bistan da piramide horrek ez duela orekarik eta sortzaileari behar duen lekua eman behar zaio herri honetan.

Bat egiten dut Ordorikarekin. Sortzaileek ez dute ez behar duten lekua gizartean. Eta sortzaileen tartean sartu genitzake kultura ekosistema osatzen duten eta zerbitzu publikoetatik kanpo dauden musika aretoetako langileak, hainbat hedabidetako kazetariak, zenbait teknikari… Hauek ere oso urrun erakunde publikoetako baldintzetatik. Pankartetan ez daude gehien behar dutenak soldata igoerak eskatzen. Ematen du zer pentsatua.

Ruperren predikuaren zati hau 33. minutuaren bueltan. Merezi du emanaldi osoak.

Entzuteko kontzertu bat jaietan

Ez da erraza jaiei amaiera emango dien ekintza erabakitzea. Imajinatzen ditut teknikariak zein zinegotzia eta kordakoak gaiari bueltaka. Ez da erraza jai-egitaraua osatzea eta ginda jartzea. Ez dihardut Bitorianatxo igotzeaz, Antzuolako Ontzaz, “zerbait” erretzeaz, sardinak lurperatzeaz eta abarrekoak. Azken aurreko ekintzaz dihardut, zehatzago. Zer da azken aurrekoa: kirol-jokoren bat? antzerki bat? erromeria bat? haurrentzako halako edo bestelako? Izan litezke, baina nago entzuteko musikak baduela jende askoren arreta bereganatzeko erakargarritasuna, baita ehuneko ehunean atentzioa jarri barik bizi diren herritarrendako ere. Jai-amaiera on bat da euskal musika programatzea. Herritarrak jartzen ditu erdigunean, euskal sortzaile baten bueltan eta adin tarte zabalarendako (transmisioa…).

Domeka izaten da sarri azkenengo eguna. Aurreko egunak ondo joan badira, eta normalean ondo joaten dira, ba izaten da egun “xelebrea”. Jaiak dira, baina gorputza jai-ostean dago dagoeneko; jaiak dira eta zapia dugu lepoan, baina hurrengo egunean lan-eguna da; jaiak dira, baina tabernetako dezibelioak eta alkohol kopuruak utzi die lekua terrazei, jartzeko lekuei, ogitartekoei… Izan daiteke domeka arratsalde bat telebista pantailaren aurrean jarri eta begi bat zabalik eta bestea itxita izatekoa. Astelehen aurreko domeka domekago bat da. Edo izan daiteke jaiak zelofan polit batekin ixteko modu on bat.

Gari eta maldan behera: Azpiroz teklatuan, Lauroba gitarran eta koruetan eta Alonso baterian.Antzuolako plazan, 2024ko uztailaren 21ean.

Antzuolako Udalak asmatu duelakoan nago zelofanarekin. Uztailaren 21ean Gari eta Maldan behera izan ziren herriko plazan. Izan zitekeen Anari, Intziarte, Ordorika, Mice, Lertxundi, Petti, Janus Lester, Urdangarin, Izaki gardenak, Ines Osinaga, Don Inorrez, Etxart, Jon Gurrutxaga, Maite Larburu, Olatz Salbador, Murugarren, Urbizu, Arzuaga, Audience…,  Gustuak gora-behera, euskal sorkuntzaz gozatzeko sortzaile gutxi batzuren zerrenda luzea dugu.

Zaila ez da taldea edo bakarlaria aukeratzea. Zailak ziren: eguna eta ordua, domeka eta 21:00ak. Zaila zen zapidunen aurrean jotzea; Zaila zen ume dezente buelta zeudelako; kontzertuetara ohitu gabeko asko; Gari ezagutzen ez zutenak ere bai, Hertzainak ezagutzen zuten hainbat baina ez proposamen hau; zaila da hotza, beroa, euria… Hala ere, arriskatu du udalak eta programatu du kontzertua. Udalaren alde: soinu oso zaindua, ume zein helduak taula aurretik ez ibiltzeko heziak, aulkiak kontzertu patxadatsua entzuteko, taula egokia alturan, argiak… Eta taldea: esperientziaduna, euskalduna, kantari ezagunarekin, musikari profesionalekin, doan, lasaia eta kalitatekoa.

Ez dakit larregi inporta den hango denei gustatzen zaien edo ez. Ez dakit beti masiboak edo oso ezagunak diren kontzertuak behar diren. Baina ausartzen naiz esatera euskaraz kantuan eta profesional dabiltzan artista dezente daudela hurrengo 20 urtean kontzertu onak egiteko lain. Lasai entzuteko, gozatzeko, daudela jakiteko, euskal kulturari lekua egiteko, haizea emateko, sortzaileengan pentsatzeko, herritarrengan pentsatzeko, Sorian edo Benidormen ez gaudela antzemateko, ohiko jan-edanez gain bestelako elikagaia jasotzeko, bagarela nor berresteko, jai egitarauan leku aproposa emateko kondizio egokian.

Udal handi zein txikietara zabal daitekeen egiteko modua. Behar ditugu antolatu musika tarteak artistak artistago izateko eta euskal herritarrak euskal herritarrago.

Asko sortzetik hobeto sortzera

Sortu eta sortu, sortu eta sortu. Sorkuntzari emanak ibili gara zirimola zoroan. Sortu da asko literaturan, sortu da asko musikan, sortu da asko artean. Eta hizkuntza ez-hegemonikoan konplexutik ere sortu dugula iruditzen zait: hau ez dago euskaraz eta sortu, hura ere ez eta sortu, sortu eten barik.

Sortu eta sortu da jasotzaileek behar dutena? Kazetaritzan ez. Paperaren garestitzeak ere lagundu du, baina ez horregatik bakarrik, “sortu eta sortu”-k utzi behar dio lekua pausatuagoa den edukiari. Digitalean ez dago leku arazorik, paperaren prezioa ez da arrazoia digitalean eta, hala ere, edozein lekutan edozein prentsa-agerraldi izan da notizia. Edo bihurtu dugu notizia. Edo ohitu dugu notizia izan dadin. Baita 2024an ere? Horrela behar du?

Gakoa, beharbada, ez da eduki gehiago sortzea. Eduki sortzaileak ez dira hedabideak bakarrik eta aisialdi formako eta mezu-arin formako mega asko jasotzen ditugu eskuko telefonoan. Horretan beharko genuke gehiago euskaraz, ze hor ere zalantzarik ez kantitatea inportantea dela. Hasi lagunen mezu uholdeetatik eta sare sozialetan amaitu. Zarata honek guztiak ere izango du egunen baten bolumena jaitsi beharra, baina ez euskaraz, seguruen. Eta jaitsi beharko du norberak, ze zarata eten bakoa eta scroll amaigabeak dira zaratatsuenen mahatsa.

Gure komunitateak konektatuko dituen edukiak behar ditugula uste dut. Mimoz landutakoak, denbora bat eskaintzen zaionak egiterakoan eta kontsumitzerakoan. Agerpen hutsetik haratago, “hau egon da” edo “hau gertatu da”-tik pauso bat gehiago. Agerpen hutsak agendetarako eta iragarpenerako izan daitezke gehiago (hauen beharra ez dago zalantzan, noski).

Bi bide daude kazetaritzan baldin eta eduki esanguratsuagoa argitaratu nahi badugu, eta dira:

  1. Lan-taldeak bikoiztu.
  2. Dena jaso beharrean: hautatu. Barrako pintxoetatik bizpahiru hartu, ez dozena bat eta tripa (orria) bete.

Bistan da bigarren aukera izango dela etorkizunean landuko dena. Seguru nago. Ze pintxo jan erabaki beharko dugu bai, baina baita noiz eta non jarri jangai ere. Argitalpen-plan zurrunagoak egin beharko dira eta kazetari lana bideratu esperientzia hobeak sortzera. Esaterako: kontzertu bat izan dela esan eta erakutsi bai, baita kontzertu horren bizipenez galdetu eta kontakizun bat egin ere, beharbada. Une egokian, sorkuntza landua eta esperientzia bakarra. Beti? ez. Ahal denean, baina gero eta gehiagotan. Badirudi badatorrela kazetaritzara edukiak birpentsatuago emango diren garaia, sekula ere ahaztu barik bezeroak ohituta daudela azkar, motz eta mini-pintxo dezente hautatzen eta euskarak behar duela hortik ere.