Inteligentzia eta pentsamendu kritikoa

Linkedinen irakurri diot Jose Manuel Puente-ri hona ekartzen dudan testua. Ekonomista da bera, UCV. PhD Oxford. Berak dioenetik tiraka eta nire apunteak gehituz:

Jende gehienak uste du oso azkarra edo inteligentea dela. Baina ikerketek diote 10etik 1 bakarrik dela benetan inteligentea. Hau da, normalean, besteak dira inteligenteak 🙂

Batzuetan nahasten dugu inteligentea izatea eta pentsamendu kritikoa, eta pentsamendu kritikoak ez du zerikusirik adimentsua izatearekin. Prozesu adimentsuago bat erabili behar da pentsamendu kritikorik harantzagokoa norbait inteligentetzat hartzeko.

Pentsamendu kritikoa da informazioa angelu guztietatik aztertzen denean. Irakurtzen eta entzuten duzuna zalantzan jartzen duzunean. Kazetaritzan egiten da sarri (ez beti). Egin beharko litzateke zorrotzago, ze inoiz ez da behar besteko zorrotz jarduten, seguruen. Helburua? edozein erantzun topatzea, ez aurretik pentsatua dugun hori. Egia aurkitzea da helburua, ez norbere inguruak dioen hori konfirmatzeko bideak topatzea bai ala bai.

Zergatik da garrantzitsua pentsamendu kritikoa? Pentsatzeko modu eskasak erabaki eskasetara garamatzalako. Eta erabaki txarrek emaitza txarrak ekartzen dituzte, bistan denez. Kazetaritza artikulu eskasak idazteko modu onena da kritikoa ez izatea.

Benetako pentsamendua lantzeko bost pauso:

  1. EBIDENTZIAK BILTZEA: Egiaztatu fidatu aurretik. Egiaztatu datak eta iturriak. Galdera: Nondik dator hau?
  2. USTEAK ERDI USTEL Zalantzan jarri ebidentea dirudiena ere. Identifikatu zure sinesmenak; baita hain identifikatuak ez dituzunak ere. Galdetu norbere buruari: Eta oker banago?
  3. AZTERTU PERSPEKTIBAK: Irten zure burbuilatik, irten lagun kuadrilla pentsamendutik, inguru ideologikotik… Ikusi ikuspuntu desberdinak. Galdetu norbere buruari: nor ez dago ados honekin?
  4. ALTERNATIBAK SORTU: Pentsatu, pentsatu eta pentsatu. Ideiak nahastu, lotuneak topatu eta ondoren galdetu: Zer gehiago izan liteke?
  5. PLANIFIKATU INPLIKAZIOAK: Pentsatu etorkizunean. Jarraitu pentsatu eta idatzi duzunak izan ditzakeen ondorioetan. Galdetu: zer gertatuko da gero?

Gakoa, beharbada da lehen pausoan ez geratzea. Bost urratsetatik pasatzea tokatzen da. Baita atzera egitea ere, zalantzak izatea… Zer da ba jakinduria zalantza egitea ez bada?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude