Ikastetxeei emango die hainbat mezu ezabatzeko aukera. Pilotu batean dabiltza oraindik. Non izango da ba! AEBn. Baina badakigu errazegi etortzen direla hango jardunak honantz… Jendea kalera kolore laranjarekin ateratzerainoko inozoak ere izan gaitezke-eta!
Bueno, harira: Eskoletako irakasleei ematen zaizkie irakaskuntzaz gaindiko hainbat gauza. Eskolatik hastea irudikatzen dugu hau eta bestea. Izan euskaltzaletzea, izan maritxulokeria neurtzea, izan arazo psikologikoei aurre egitea, izan herriko halako edo bestelako talderen helburuetan inplikatzea, izan… Baina AEBn nahi dutena lartxo iruditu zait. Zer eta Instagramek dirua irabazten jarraitu dezan! Zerbitzu publiko bat bailitzan! Utikan!
Zertan ari naizen: Instagramek berezko eginbeharrak ditu: kontu faltsuak detektatu, adin txikikoek ez ditzatela kontuak ireki, faltsukeriak antzeman, irainak ezabatu… Baina zer nahi du orain? ba programa berri honetan sartzen diren eskolek aurrelana egitea nahi du! “Instagram school partner” izendatuko ditu pilotu honetan sartzen diren ikastetxeak. Irakasleak jarri nahi ditu kontu arriskutsuak antzematen, eta horiek Instagrami jakinaraziz gero, Instagramek lehentasuna emango ei die horiek moderatzeari. Eskolak izan dezakeen “School partner” kontu horretara jakinaraziko dio META multinazionalak arriskutsutzat markatu duen kontu horrekin zer egingo duen.
Falta zitzaiguna! Benetan uste du norbaitek derrigorra dela Instagram kontuak behar-beharrezkoak balira moduan funtzionatzea herritar guztiek eta baita eskolek ere?
Oh. Notizia jakin dut hemendik: Eta erantzunetan hau irakurri: “Oso interesgarria da eskolak online moderatzaile bihurtzea. Eskerrak eskola publikoko langileak ondo finantzatuta dauden eta denbora gehiago duten.” Zer den gero AEB! Zirrikitu txiki bat? ba egurra publikoari!