San blas opilak egin ditu amak

Eta gastatzen doaz! Bedeinkatzeko astirik barik! Bueno, gure amak beti bedeinkatzen ditu. Eta San Blasak egindako azukrea iaztik bedeinkatuta egotea ere posible da. Argazki batzuk jaso ditut hemen.

Errezeta gurean, masa bat egiteko (guk bi egin ditugu bi dozenarekin):

  • Dozena bat arrautza.
  • 2 kilo irina.
  • 36 kutxarakada azukre.
  • 36 anis tanta.
  • Royal, hiru sobre.
  • 250 gramo gurin edo margarina.

Zuringoa egiteko:

  • 3 zuringo (aurreko dozenari kendu dizkiogunak).
  • 400 gramo azukre. Fin-fina. Guk Thermomixean haustu dugu.

Eta kontuan izateko aholku ez zientifikoak. Geure gauzatxoak:

  • Orea egiterakoan ez urtu gurina. Hotza ere ez. Ikusi irudia, zatiak ikus daitezke.
  • Arrautzak hozkailutik aterata? ez. Epelak hobeto, bestela anis tantak gogortu daitezke.
  • Arrautzak ez nahastu batidorarekin. Ez ei du laguntzen.
  • Behin opila eginda eta puntak markatuta, sardexkarekin zulotxoak egin oreari.
  • Beroan nahastu zuringoa eta azukrea.
  • Labara sartu 200 gradutan dagoenean (goi eta behe berotu).
  • 15 minutu labean (begiratu noiz doan kolorea hartzen, gustuen arabera…)

Errezeta argazkitan (eskerrik asko, Lili):

Sumendira botatzeko laba prestatzen. Gorringo dozena, zuringoak (hiru gutxiago, erreserbatu ditugulako) hauts-legamia, anisa, azukrea…
Irina edo urunarekin sumendi bat egiten da. Eta sumendi horren parte gurina ere, hobeto ez egotea urtuta. Irudian ikusten da zatitan.
Masa egitean ei dago gakoa. Eta hori esan ostean: tamainuan, sendotasunean, zuringoan, labean, azukrean, esperientzian… 🙂
Eskuak. Inportanteenak esperientzia handiena dutenarenak, jakina. Gu, hurrengorako, Thermomixean pentsatzen… orea egingo luke? 🙂
Orea egonkortu, zabaldu, borobil bat edo gura den forma eman, labara sartu aurretik zulo txiki batzuk egin eta 200 gradura 15 min bueltan.
Zuringoa altxatzeko SUPERMIX bat! Oso koop geratu zaigu, e? Ez da parterik errazena. Zuringoa uniforme eta gogor nahi izaten da…
Hauxe dela emaitza jarri behar nuen, baina kia! Emaitza litzateke barre eder batekin kosk egin dion pertsonarena. Neu, kasu. 🙂 Edo Goienako lankideak, pare bat San Blas handi desagerrarazi dituztenak sits eta bits:-) San Blasak badu gauza on bat, opari ederra dela edonorako. Ezetz? Errezeta hau jartzen dut opila eskatu baino zeuok egin dezazuen kar, kar, kar.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude