Bergarako Orkestra Sinfonikoa: ingurumariaren garrantzia 

Goienako kazetariak jarri dion titulu zatia da “Entzuleak asebete ditu Bergarako orkestra sinfonikoak…”. Egia. Eta orkestrak ez du hutsik egiten. Talde handia, entseguak, gogoa, ilusioa, emana… ordubete ona. Gustura egon nintzen entzuten. Bueno, esango dut hain gustura ere ez nintzela egon irakurtzen baduzu luzatuko zaidan testu hau.

Aitortza lehenengo. 66 lagunekiko aitortza. Herri orkestra batek egin lezake mundu mailako halako edo bestelakoren lanak hartu, notak banatu instrumentista bakoitzari, eta: emanaldi ona egin. Ez da Bergarakoaren kasua. Ez da, behintzat, hori bakarrik. Oso txukun emandako pieza ezagunak izan ziren, mundu mailan ezagunak direnak eta bikain ekarriak, baina zigilu propioa jartzen du orkestrak hainbat pieza orkestraratuta. Horren kulpa badu zuzendariak. Enrike Txurrukak harritzen gaitu euskal kantuen hainbat konponketekin. Batzuetan orkestratze handiekin, besteetan karrankak kenduta, edo kantu mugitua apalduz, tonua aldatuz, alde instrumentalari ukituak eginez, gitarrak biolinengatik ordezkatuz… KANTUAK ditu langai, eta lan osteko emaitzak ez du eskuak poltsikoan sartuta uzten publikoa. Txalo zartak benetakoak izaten dira. Lagunak eta familiakoak askotan, herritarrak sarri, eta musikazaleak dezente.

Azkenengo emanaldia helburu honekin izan zen, Goienako notizian jartzen duenez “Orkestra herritarrei gerturatzea eta herritarrek orkestra ezagutzean zuen helburu kontzertuak eta San Martin plazan egiteko aukera eduki izanak asko lagundu du horretan”. Egia da. Lagundu zuen. Jende multzo handia izan zen ikusten eta gehien-gehienak edukazio handiarekin. Ile-apaindegitik pasatuta zeuden askok ere eutsi zion euri-lanbro makalari, esaterako. Kieto amaitu arte. Eta zelan eutsi! “Beste bat” ere eskatu zuen publikoak, baina instrumentuak zeuden arriskuan. Orkestra herritarrei gerturatzeak funtzionatu zuela esan genezake. Egia da, baina ez egia osoa. 

Publikoarengana gerturatzeko publikoan pentsatu eta mimatu

Orkestraren lanak, beraz, oso ondo. Zaintzen dira laurogei bat ikusle (izan zitezkeen 60 edo 100). Baina askoz herritar gehiago zeunden. 400en bat-edo. Eta egoten dira horrenbeste hilabetero-hilabetero. Eta horiek ez. Horiek ez dira zainduak izan plazan. Eta lehenengoa balitz, ba ulergarria litzateke, baina ez da. Bigarren aldiz, behintzat, bai. Lau detailek asko lagunduko lukete markatutako helburuan, hau da, “herritarrei orkestra gerturatzen”. Musikaz behar da gozatu berriz ere musika entzuteko. Ez dago magiarik. Edo bai, badago magia, baina magia eta ohitura sortu dadin behar da testuingurua sortu, ingurumaria zaindu:  

  • Musikariek sinistu behar dute egiten dutena eta ondo jo. Hortik ez dago makal orkestra. 
  • Zuzendariak transmititu behar du eta aukeraketa onak egiteaz gain landu eta emanaldian erakutsi. Oso ondo. 
  • Publikoa zaindu behar da. Eta honetan, honetan ez da asmatzen musikariek asmatzen duten beste. Ez da desastre bat, baina badago zer hobetu: 
    • Jendea hezi behar da isilik egon dadin. Kontzertuan ondoko bi laguni jo zion eskuko telefonoak. Hori, kultura kontu bat da. Eta komentarioak obra eta obra artean, mesedez. Bestela hautatu beste kale bat. 
    • Berbaroa: ez du etenik. Plazan denez, eta denona denez, izorra dadila musika entzuteko gogoz joan dena! Frontoian errespetu handiagoa dago. Askoz handiagoa. Hala ere, apustu ona da plazan egitea. 
    • Aulki falta barkaezina da. Zergatik ez daude beste 200 aulki? beste 300? Horrek berorrek asko lagunduko luke kontzentrazioan, asko isiltasunean, asko orkestran fokoa jartzen, asko entzulearen erosotasunean… Asko! Zer esanik ez adin bat duten guztiek behar lukete jartzeko aukera izan, eta ez edadetuek bakarrik. Aulkiak sobera geratu beharko lukete pila batean. Hori da aurreikuspen on bat. 
    • Umeak. Umeak erakartzea ere helburu izango du orkestrak, seguruen. Eta hori heziketaren bidez egiten da. Ez da nahikoa lehenengo ilaretara eraman eta norbera atzean berriketan egonda. Ez da parte onekoa. Laguntzen du guraso horrek umea eramanda kontzertura, baina ez lagundu lezakeen beste. Bestetik, errespetuaren mugan dago norbere umeak (ez umeak bakarrik…) atzera-aurrera ibiltzea musika jotzen dauden bitartean. Gerta liteke, umeak dira, eta barkatzen zaie. Gurasoena, zaintzaileena, zaindu behar dutenik uste ez dutenena, tragoa hartzera joan direnena, atzera joan eta deskonektatzen dutenena… Musikarekiko interesa ikasiko dute umeek edo ez. Ez dago dena norberaren esku, baina norberak desinteresa erakutsiz gero jai larai! 
    • Paso lekua da plaza. Paso libreko lekua. Ados. Ba paso hori markatu behar da. Udaleko arkupetatik pasatzea aldenik alde ordubetean asko eskatzea da? Orkestra eta publikoaren lekutik metro batzuetara egin behar da pasoa. Horretarako badaude moduak (zintak praktikoena?), baina batez ere hezia jarri behar da “orkestra + publikoa” osatzen duen bateratasunaren eremuan. Guztiz. Aldenik alde. Ez orkestraren lekuan bakarrik. 
    • Musika-egitaraua. Eman behar zaie denei. Eta horretarako modua topatu. Nahikoa kopia egin eta jende guztia musika eremura sartuko den leku(et)an jarri. Egon naizen kontzertu bietan izan da nekeza programak lortzea. Askorendako ezinezkoa.
    • Orkestra aurrean metro bete edo bi jenderik gabe. Ez da pasabidea ez umeendako ez teknikariendako ez inorendako. Leku hori hutsak betea da. Betea ze ehunka begi-pare daude tarte horretatik harantzago begira. Espazio gardena izan behar da kontzertua hasi eta buka. 
    • Plazaren ertz onean dago kokatua orkestra. Beharbada angelua mugitu daiteke erdigunera begiratzeko eta ikuskera eremu handiagoa irabazteko. Baina txikikeria bat izan daiteke, ez dakit. 

So bat

Niko Etxarten pieza opari bat izan zela esan barik ezin amaitu. Kantutzar xume baten interpretazio ona! Zuzendariaren konponketak, aho-soinua, aita-alabak kantuan… Orkestran zeuden askorendako ere izango zen “kantu berri bat”, eta baita entzule zeuden askorendako ere. Orkestrak izan behar du “herritarrei gerturatzeko” helburua, eta nik eskatuko nioke euskal kultura herritarrei gerturatzekoa ere. Errepertorio ona izan zen aukeratutakoa alde horretatik. Aipatzekoa orkestran dauden artista kantariak! Kantariak oro hasten dira kantan, bihotz-minak sendotzeko, Bergarako plazan. 

“So bat” kantuan grabatzen jardutea gozamen momentua galtzea litzateke. 25 segundo testuan esaten nabilenaren erakusgarri, doinu ezagunago batenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude