Nahiz eta une honetan Bilbon egon eta kriston euriteak ditugun, internet bidez honako berria irakurri dut, Hondarribiari buruz:
Hondarribiko Udalak hiria bisitatzeko beste gailu bat jarri du abian: tren berdea. Larunbatero Hondarribia ikusteko beste aukera bat izango du horrela hiritarrak eta bisitariak. Ekimen berri honen aurkezpena gaur goizean egin da Udaletxean, Gregorio Berrotaran Landa Garapeneko zinegotzia, Maite Pelaez Turismoko zinegotzia eta Juan Cruz Alberdi Behemendiko gerentea izan diren ekitaldi batean.
“Duela urte batzuk geunden horrelako ekimen baten atzetik” esa ndu Gregorio Berrotaranek. “Trenak garraiobide berri bat izan nahi du gure herria beste era eroso eta desberdin batean ikusteko. Larunbatero aterako da larunbata honetan hasi eta irailaren 11 arte. Portutik igaro ondoren La Muelan geldialdi bat egingo du, handik gora Higereko itsasargira. Guadalupera iritsi ondoren, beherunzko bidea hartuko du. Berriro Portutik pasa beharrean, Baserritar Etorbidetik joango da, Madalen Karrikako eskaileren gainekaldean geldialdi bat egingo da, eta handik berriz San Juan de Diosera bueltatuko da”.
Ordutegiei dagokienez, Maite Pelaezek argitu duenez, “goizetan 10.00etan eta 12.00etan aterako da San Juan de Dios-eko biribilgunetik eta arratsaldetan 16.00tan eta 18.00tan. Guadalupetik aldiz, 11.00tan, 13.00tan, 17.00tan eta 19.00tan aterako da. Igo eta jaisteak bi euro kostako du, baina euro bat ordainduta Guadalupera igo daiteke eta oinez jaitsi, edota han egonda behera jaitsi trenzan. 30 pertsona eraman ditzazke trenak bidaia bakoitzean”.
Poliki-poliki doaz gauzak Hondarribian baina ilusio handiz jasotzen ditut horrelako berriak, badirudi herria geroz eta “orlegiagoa” izango dela; baina nik martxan ikusi nahi dut trena, biztanleek erabil dezatela eta zergatik ez, asteburuetan datozen bisitariek ere. Baina ene buruari galdetzen diot, guzti hau herria hobetzeagatik edo dirua lortzeagatik egin ote dute? Ez dut gaizki pentsatu nahi.