Hileko artxiboak: ekaina 2010

FINANTZAK BLOGEAN

Unibertsitatean behin baino gehiagotan izan ditut finantzak lantzen dituzten ikasgaiak; hasiera batean ez nituen oso gogoko, beti nahiago izan ditut matematika edo ta programazioa jorratzen dituztenak.

Aurtengoan irakasle berri bat izan dugu eta berak proposaturiko programa guztiz ezberdina izan da, egunerokoak ikusi izan ditugu eta adibideak ere horrelakoak izan dira; azken batean ikasleengan nolabaiteko motibazioa eta interesa piztea lortu izan du; nire kasuan behintzat bai.

Azterketa egunean ez nuen azterketa borobilik egin, are gehiago ez nuen azterketa gainditu, baina irakaslearekin hitz eginez akordio batetara iritsi ginen, irakasgaia blog baten bidez lantzea. Berak hurrengo urtean sistema hau erabili nahi baitu, baina ikasle guztiekin probak egin baino lehenago, talde txiki batekin probak egin nahi zituen, horrela esperientzia izango du eta nik ere nahiago dut era honetan irakasgaia landu.

Badirudi 2.0 irakaskuntza geroz eta nagusiago dagoela gaur egun, horren adibide kontaturiko pasartea; ez hori bakarrik irakaslearekin lasai asko, twitter edo ta beste  web 2.0 baliabideen bidez hitz egin dezaket 🙂 Amaitzeko, hona hemen sorturiko bloga: FinanzaSocial nik uste gaiak nahiko argi azalduta daudela, baina nire helburua norbaiti informazioa baliozkoa izaterena da, nik behintzat zeinbait gauza ikasi ditut.

TREN BERDEA HONDARRIBIRA HELDU DA

Nahiz eta une honetan Bilbon egon eta kriston euriteak ditugun, internet bidez honako berria irakurri dut, Hondarribiari buruz:

Hondarribiko Udalak hiria bisitatzeko beste gailu bat jarri du abian: tren berdea. Larunbatero Hondarribia ikusteko beste aukera bat izango du horrela hiritarrak eta bisitariak. Ekimen berri honen aurkezpena gaur goizean egin da Udaletxean, Gregorio Berrotaran Landa Garapeneko zinegotzia, Maite Pelaez Turismoko zinegotzia eta Juan Cruz Alberdi Behemendiko gerentea izan diren ekitaldi batean.

“Duela urte batzuk geunden horrelako ekimen baten atzetik” esa ndu Gregorio Berrotaranek. “Trenak garraiobide berri bat izan nahi du gure herria beste era eroso eta desberdin batean ikusteko. Larunbatero aterako da larunbata honetan hasi eta irailaren 11 arte. Portutik igaro ondoren La Muelan geldialdi bat egingo du, handik gora Higereko itsasargira. Guadalupera iritsi ondoren, beherunzko bidea hartuko du. Berriro Portutik pasa beharrean, Baserritar Etorbidetik joango da, Madalen Karrikako eskaileren gainekaldean geldialdi bat egingo da, eta handik berriz San Juan de Diosera bueltatuko da”.

Ordutegiei dagokienez, Maite Pelaezek argitu duenez, “goizetan 10.00etan eta 12.00etan aterako da San Juan de Dios-eko biribilgunetik eta arratsaldetan 16.00tan eta 18.00tan. Guadalupetik aldiz, 11.00tan, 13.00tan, 17.00tan eta 19.00tan aterako da. Igo eta jaisteak bi euro kostako du, baina euro bat ordainduta Guadalupera igo daiteke eta oinez jaitsi, edota han egonda behera jaitsi trenzan. 30 pertsona eraman ditzazke trenak bidaia bakoitzean”.

Poliki-poliki doaz gauzak Hondarribian baina ilusio handiz jasotzen ditut horrelako berriak, badirudi herria geroz eta “orlegiagoa” izango dela; baina nik martxan ikusi nahi dut trena, biztanleek erabil dezatela eta zergatik ez, asteburuetan datozen bisitariek ere. Baina ene buruari galdetzen diot, guzti hau herria hobetzeagatik edo dirua lortzeagatik egin ote dute? Ez dut gaizki pentsatu nahi.

BILBO, IKUSIKO DUGU ELKAR

Ikasketak aurrera doaz, denborak ere aurrera egiten du eta honekin iritsi beharreko momentua heldu da; Bilbo uztekotan nabil.

Bilbora Errealak Txapeldunen Liga jolastu zuen garaian etorri nintzen, gogoratzen dut bai Unibertsitatean kale egindako lehen klaseak Greziara joan izatearen kausa; beranduago 3-0 galdu genuen San Mamesen eta beranduago Bigarren Mailara jeitsi zen Erreala. Orain, Lehen Mailara igotzekotan gaude eta nik Bilbo utziko dut; behintzat behar duen lekuan utziko dut.

Polita izan da Bilbon ikastea, pertsona eta lagun asko ezagutu ditut, baita leku bitxiak ere; Kafe Antzokia ederki asko ere ezagutu dut, haiek garaiak Azkunak itxi nahi izan zuenean, orduan konturatu nintzen zenbat maite nuen Kafe Antzokia. Bilbo asko aldatu da, iritsi nintzenean Tranbia egiten ari ziren, Unibertsitatera behintzat ez zen iristen, gogoratzen ditut Ria 2000 eta bertako lanak. Ez zegoen Zubiarterik, hau egiten ari zirela, zenbait okupa bertara igo ziren protesta moduan.

Olabeagako Gaztetxea itxi eta irekierak, FANT Zine Jaialdiko zenbait edizio, Doctor Deseok zenbait disko atera izan ditu Bilbon egon naizen bitartean, Athleticek ere bere gai on eta txarrak izan ditu, gogoan dut ia ia nola Errege Kopa irabazi zuten; a zer nolako eromena Pozasen; azken urtean Europe Leaguen izandako istiluak. San Mamesen bakarrik bitan izan nahiz, bata Erreala ikusten eta bestea Sevillaren aurka, Ligako partidan lasai, ez nuen Errege Kopako finalerdietara joateko aukerarik izan.

Bilbora iristerakoan ez zegoen Fever edo Santana27rik, baina hala ere ez dut asko maite; nahiago ditut Bilbi edo ta San Frantzisko kaleko tabernak, horixe baita Bilboko gaua. Bai, oraindik ez dut Bilbo utzi baina nolabaiteko nostalgia daukat jada, eramusa bukatzen zaion ikasle atzerritar bati amaitzen zaion moduan.

Hala ere oroitzapen onak gordeko ditut, hiri honetan bizi izan ditudanak liburu bat egiteko modukoak baitira, hala ere ez dut agurrik esan nahi, gero arte; besterik ez. Batzuetan garai batzuk bukatzen dira eta beste garai batzuk iristen dira, oraingoan Bilbori gero arte esango diot, baina seguru elkar ikusiko dugula.