Beste aldeko zubigileak

Radio Euskadin tertuliakide hasi nintzenean adierazi nuen zubigintza neukala helburu, alegia, nagusiki euskaraz eta soilik erdaraz bizi diren komunitateen artean elkar ezagutza sustatzea, ni lehenengoaren kide izanik.

Bide laburra egin dut oraindik baina Boulevard saioan dagoeneko aurkitu ditut beste aldetik zubigintzarako prest dauden pertsonak, saioaren zuzendari den Dani Alvarez bera nabarmen. Zintzo ikusten dut Dani ahaleginean eta asko estimatzen diot saiatzea, beti asmatuko ez badu ere, nik nirean beti asmatzen ez dudan bezala.

Igandeko Berrian Xabier Lasak kritika egiten zion Daniri, Yoyesen urteurrenean Elixabete Garmendia elkarrizketatzean erakutsi zuen aurreiritzi batengatik. Ados, baina nire ustez kritika osoagoa izango zen goraipatu izan balio Daniri Elixabete elkarrizketatu izana, bere aurreiritziak azaleratzeko arriskua hartu eta ohiko errazkeriak alboratuta.

Izan ere, beste aldeko zubigileak guregana abiatzen direnean ez da dena gurekiko harmonia izango. Baina komeni zaigu dakartzaten aurreiritzien edo jarreren kritika soiletik harago joatea, zubigintzan jarraitzeko animoa izan dezaten.

Euskaltzaleok daukagu irabazteko gehien.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude