Egun handien bezperan

Bihar Katalunian garrantzi handiko Diada ospatuko da. Eta atzo Bilbon parte hartu nuen Assemblea Nacional Catalanak deitutako ekitaldian, eta ondoren entzun erakundearen lehendakariorde den Jaume Marfanyren hitzaldia.

Ertz asko ditu Kafe Antzokian entzundakoak baina bereziki azpimarragarria iruditzen zait gizarte katalanak egin duen burujabetzarako bidea: bost urte eskasean zeharo aldatu dute alderdi politikoen agenda. Duela bost urte itun fiskalaren bila ari ziren alderdi katalanak, eta egun prestatzen dabiltza alde bakarreko independentziaren aldarria, baldin galdeketak edo hauteskundeek nahikoa babes ematen badiete.

Garrantzi handia ematen diot emantzipazio sozialari, gizartea bere helburuen alde antolatzeari eta aktibatzeari. Gizateriaren historian izan diren aldaketa erradikalak beti etorri dira gizartearen bultzadatik, ze alderdiek eta erakundeek -oro har- dagoena egonkortu besterik ez dute egiten. Frankismoaren irteeran gizartearen indarra erabakigarria izan zen erdibideko geltokietan aurrera egiteko.

Hain zuzen orduko hainbat zantzu ikusten ditut errepikatuta azken boladan. Orduko lehen urte demokratikoetan gizarte mugimenduek delegatu egin zuten ekimena erakundeetan eta alderdietan, eta urteen poderioz delegazionismo hori antzua eta kaltegarria bihurtu da, alderdietan barne interesak nagusitu bai zaizkio interes orokorrari, erakundeak ere menpean hartuta. Horregatik gizartea mugitzen hasi da dagokion burujabetza berreskuratzeko eta alderdien gehiegizko aginpideari dagozkion mugak berrezartzeko.

Bestalde, europar estatuak oso zaharkituak geratu dira batasuna garatzearekin, eta ez dago argi ea gizartea antolatzeko beharrezkoak ote diren ere. Esaterako, Europa egonda, zertarako behar dugu Espainia euskaldunok edo katalanek? Zertarako eskoziarrek Britainia Handia? Zertarako behar zuten Baltikoko errepublikek Soviet Batasuna edo Balkanetakoek Jugoslavia?

70. hamarkadaren hasieran –artean diktaduraren pean- ilusioz ikusten genuen hainbat tapoi kentzeko aukera eta indartsu sentitzen ginen askatasun berriak eskuratzeko. Farnco hil zorian zegoela, Ormaiztegiko jaialdi batean Eusebio Igarzabal bertsolari gabiriarrak honela amaitu zuen bere saioa:

 Aspaldi bialdu nahi gendun bat badoa beste larrera,

ia gauzan bat aldatzen zaigun bihar goizetik aurrera.

Berrogei urte beranduago, antzeko ilusioa pizten ari zait, egun handien bezperakoa.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude