Bi sarirekin (emakumezko aktore onenaren zilarrezko maskorra eta urrezko maskorra), Txinatik ekarritako I am not Madame Bovary filma izan da dudarik gabe gaueko irabazlea. El hombre de las mil caras eta Que Dios Nos Perdone filmak ere oso indartuta irten dira Kursaaletik.
Itxiera gala hasi aurretik, norbaitek Fan Bingbin ikusi du, hamar minutu geroago, Florecen Pugh Grosen omen zegoen… Zapatua zurrumurruen eguna izan ohi da Zinemaldian eta aurten inoiz baino txutxumutxu gehiago izan ditugu. Kazetariak prentsa gunean, jendea Kursaal aretoan eserita eta sariduna ezkutatuta. Minutu batzuen atzerapenarekin ekin diote Juana Acosta eta Edurne Ormazabalek itxiera gala aurkezteari.
Ofizialak ez diren sarien ostean iritsi da gaueko une garrantzitsuena. Sari txikietatik hasi eta urrezko maskorrarekin amaitu da gala. Kazetariok sari asko txalo artean hartu ditugu, aktoreen sariak gehien bat, baina I am Madame Bovaryk bi sari eskuratu izanak kazetari askoren oihu eta txistuak piztu ditu.
Nire ustez
Ez da nire kiniela bete, baina aurten ez naiz horren urruti ibili. Egia da zazpi pertsonen iritziarekin bat etortzea ez dela batere erraza. Orokorrean epaimahaiaren iritziarekin ados nago, baina aipatzeko moduko bi gauza ikusi ditut. Lehena Nocturama sarietatik kanpo lagatzeak pena handia eman dit. Bigarrena aldiz konplexuagoa da, urrezko maskorrarekin zerikusia dauka-eta.
I am not Madame Bovary film egokia den arren, ez da bikaina, horregatik urrezko maskorra jasotzea gehiegi deritzot. Askotan epaimahaiak filma baino, testuingurua saritzen duela iruditzen zait. Xiaogang Feng zuzendariaren lanak Txinako gobernuaren zentsura jasan du, filmean emakume bat eta Txinako administrazioaren arteko lehia erakustegatik, zorionez baina, badirudi arazo askoren ostean Txinan egun gutxi barru estreinatuko da.
Laburbilduz, ez da azken urteetako palmares okerrena, baina nire ustez politika eta testuingurua, filmak berak baino garrantzi gehiago izan du.
Palmares ofiziala
Film onenaren urrezko maskorra – I am not Madame Bovary
Xiaogang Feng (I am not Madame Bovary filmaren zuzendaria): “Miraria egi bihurtu da. 60 urte ditut eta esperientzia handia daukat, film honetan ikasitako guztia ahaztu eta opera prima bat izango balitz bezala landu gura nuen pelikula. Alboan izan dudan taldeak bultzatu nau filma egitera”.
Epaimahaiaren sari berezia – El invierno eta Jätten
Zuzendari onenaren zilarrezko maskorra – Hong Sang-soo (Dangsinjasingwa dangsinui geot)
Hong Sang-soo: “Nire aktore eta ekoizleei eskaini nahi diet sari hau”.
Emakumezko aktore onenaren zilarrezkoa maskorra – Fan Binbing (I am not Madame Bovary)
Fan Binbing: “Oso urduri nago. Zinemaldiaren lehen egunean nire urtebetzea ospatu nuen, eta bertan, maskor hau irabaztea amets egin nuen, orain ametsa egi bihurtu da”.
Gizonezko aktore onenaren zilarrezko maskorra – Eduard Fernandez (El hombre de las mil Caras)
Eduard Fernandez: “Hau oso potoloa da. Nire begirunea agertu nahi diet, herri honi, hiri honi eta Zinemaldi honi. Gezur ugari kontatuz, benetako film bat egin dugu”.
Argazkilaritza onenaren epaimahaiaren saria – Ramiro Civita (El invierno)
Gidoi onenaren epaimahaiaren saria – Isabel Peña eta Rodrigo Sorogoyen (Que Dios Nos Perdone)
Rodrigo Sorogoyen: “Zinea talde lana da, eta saria filmeko taldearekin konpartitu nahi dut”.
Beste sari batzuk
Pedaló Juan Palacios zuzendari gaztearen lehen film luzeak Euskal Zinemaren Irizar saria irabazi du. “Kriston ohorea hemen egotea” esan du zuzendariak.
Cannesgo Zinemaldiaren urrezko palma jaso zuen Ken Loach zuzendari beteranoak eskuratu du publikoaren saria I, Daniel Blake filmarengatik. Richard Gerek eman du saria, baina Loach ez da Donostiara etorri, eta bideo bidez eskertu du saria, publikoarekin konektatu izanak “asko pozten duela” adieraziz. Sari beraren Europako produkzio onenaren saria Ma vie de Courgette filmak eroan du.
Atzo Sebastiane saria lortu eta gero, Maysaloun Hamouden zuzendariaren Bar Bahar pelikulak Gazteriaren Eroski saria jaso du. Jaioterritik urrun, aske izan nahi duten hiru neska palestinarren bizitza kontatzen du pelikulak.